Igartzako Monumentu Multzoa

XXI. mendeko lehenengo hamarkadan, Beasain zabaldu egin zen hirigintza aldetik. Igartza auzoaren urbanizatze lanak XX. mendeko 80.hamarkadan hasi ziren, baina aldi berean, Igartzako multzoa kontserbatu eta duen balioa aitortu zitzaion.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailaren eta Beasaingo Udaleko Gazteria Batzordearen sustapenari esker, Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1996. urtean zabaldu zuen Igartzaren inguruko ikerkuntza egitaraua.

Igartzako Monumentu Multzoak, besteak beste, honako monumentu hauek barneratzen ditu: gurutzea, Dolarea, zubia, jauregia, burdinola, errota eta ermita.

Historia aldatu

Hastapenak aldatu

1200. urtean Gaztelako erregeak (Alfonso VIII) Araba eta Gipuzkoako zonaldeak konkistatuko zizkion Nafarroako erregeari (Antso VII).

XIII. mendean zehar, Gaztelako erregeak zenbait aldaketa egingo ditu konkistaturiko eremu berrian, hiribilduak sortuz, adibidez 1256an Gaztelako Alfontso X.ak Tolosako, Ordiziako eta Segurako hiribilduak sortuko ditu. Hiribildu hauek lau ezaugarri nagusi izango dituzte: Harresia, udaletxea, plaza eta eliza. Udaletxea gune politiko berria izango da. Plazan, berriz, azokak eta feriak egiten hasiko dira merkataritza sustatzeko asmoarekin.

Merkataritzaren loraldi honekin Igartzako orubea gune estrategikoa bihurtuko da eta Lazkaoko jaunak erosi egingo du 1370-80 artean. Bertan ezarriko da Lazkaoko jaunaren semea, Garci Lopez, gerora Igartzako leinua izango dena sortuz. Igartza leku estrategikoa izanik Garci Lopezek bere betebeharrak ongi burutu zituen, produkzio-bideetatik etekinak lortu zituen, errenta eta senide gehiago ekarri zituen etxera, bere ingurura “ahaide” gehiago gerturatuz. Bere indarra areagotzeko itun, aliantza, zerbitzu, horniketa, prebenda, harreman, etab.-ez baliatu zen. Bere oinordeko, Juan Lopez Igartzakoak, eraginkortasun osoz jarraitu zuen lanarekin.

Leinuen arteko gudan Juan Lopez Igartzakoa, Juan Lopez Lazkaokoa (ahaidea) eta Lope Garcia Loiolakoa bando berean zeuden, Oñaztarrak ziren, Gaztelako koroaren aldekoak, ideologia bera elkarbanatuko zutela pentsa daiteke. Baina Juan Lopez Igartzakoak eta Lope Garcia Loiolakoak zalantzakotzat jo zuten Juan Lopez Lazkaokoaren burutza. Beraz, Juan Lopez Lazkaokoa Ganboarren bandora pasa zen. Ladron Baldakoarekin bat eginik, orain, Lazkao eta Igartza etsaiak ziren. 1420an Juan Lopez Lazkaokoa, bere bandokideekin, Loiolako dorretxea erasotzera joan zen Azpeitira (Lope Garciaren dorretxea). 120 - 200 lagun inguruko troparekin joan zen, baina dorretxearen hormak oso sendoak ziren eta ezin izan zuten menperatu. Lazkaoko jauntxoa etxera bueltan zela bere tropekin Igartza erasotzea erabaki zuen (kontuan izan urrutiko senitartekoak zirela). Erasoa Gabon Gauean gertatu zen, hildako ugari utzi omen zituen.

Igartza leinua aldatu

Garci Lopez Lazkaokoaren semeak, Juan Lopez de Yarzak (c.1400 - 1463) Altzaga eta Amezketako etxeak batu zituen, alaba, Maria Lopez de Yarza (c. 1420 - 1505) Martin Perez de Alçaga-rekin ezkondu zuenean.

Maria Lopez de Yarza alargun geratzean (1461), bikotearen semea, Juan Lopez de Alcega bilakatu zen Igartza, Altzaga eta Amezketako oinetxeen oinordekoa.

Idiaquez leinua aldatu

Maria Lopez de Yarzaren herenilobak, Maria de Yarzak ez zuen oinordekorik izan eta bere testamentuan senarrari berriro ezkontzea galarazi zion. Beraz, familia arteko liskar batzuen ondoren, Maria de Yarzaren amona, Doña Maria de Idiaquez (Petronila de Zuazola-ren ama eta Pedro de Zuazola-en alarguna) arduratu zen Igartza, Altzaga eta Amezketako ointxeak bereganatzeaz. Horrela Igartza Idiaqueztarren eskumenera pasa zen.

Azken urteak aldatu

Denbora igaro ahala Igartza jauntxo baten oinordetza txiki batean bilakatu zen, jauregiaren kasuan errentan jarri zen, maizter ugari izan ditu XX.mendeko azken urteetaraino.

Mende berean, jauntxoaren (Montcabrier-eko bizkondea) behar ekonomikoak zirela eta, errota saldu egin zuen beste jabetza batzuekin batera eta Irizar familiak erosi zuen. Familia honen okindegia 1983 arte egon zen irekita.

Ondarea aldatu

Bidegurutzea aldatu

Erdi Arotik aurrera garrantzi handia izan zuen bidegurutze honek, Beasaingo herrigunera trena iritsi zen arte. Orduan, Igartzak zuen garrantzia Barrendain plaza inguruak bereganatu zuen.

XIII. mendearen erdialdean, Aguraingo, Segurako, Ordiziako eta Tolosako udalek hiribildu-eskumena lortu zuten eta horrek komunikazio-bide horren garrantzia areagotu zuen. Gaztela edo Frantziako erreinuetara, Santiago de Compostelara, Urola bailarara edota inguruko hiribilduetara joan nahi zuen oro, bidegurutze honetatik pasa zen.

 
Igartzako bidegurutzean kokatua dagoen harrizko gurutzea.

Gurutzea aldatu

1599. urtean eraikitako gurutzea da. Espreski bidegurutzean kokatu zen, bertatik igarotzen ziren bidaiariei jainkoaren babesa eskaintzeko eta aldi berean kristautasunaren balioak goraipatzeko.

Gurutzearen alde batean Kristo gurutziltzatuaren erliebea dugu eta beste aldean, Ama Birjinarena. Oinarrian Loinatzko San Martinek esandako esaldi bat zuen idatzia "Igartzakoa naiz, Tolosatik 4 legoatara".

 
Dolarea, adreiluzko fatxada.

Dolarea aldatu

Jatorriz, Dolarea dagoen tokian Las Casillas del Lagar de Igartza deituriko dolarea zegoen. Etxe horretan sagardoa sortzeko makina aurkitzen zen, hau da, “(d/t)olare” bat. Tresna honek jarri zion etxeari izena, azken finean, tresna hau etxearen arima zen. Halere, Isabel de Lobianok beste funtzio bat emango zion eraikin honi,1611an. Eraikina erosi eta garaiko benta zahar batean bilakatu zuen.

Gaur egungo fatxadak neurri haundi batean jatorrizkoak dira, Isabel de Lobiano[1]k eraikitako bentarenak. Garaiko modari jarraituz adreiluzko fatxadak eraiki ziren, kasu honetan teila zein adreiluak egiteko lapurtar langileak ekarri ziren. Birgaitze lanetan, dularearen egurrezko abe batzuk agertu ziren, tabernan daudelarik ikusgai.

Zubia aldatu

 
Oria ibaia zeharkatzen duen harrizko zubia.

XVI. mende amaiera eta XVII. mende hasiera bitartean eraiki zen, aurretik egurrezko bat egon zen harrizkotik metro gutxitara. 2006. urtean harrizko zubi hau zaharberritua izan zen. Konponketak egiterakoan asfaltoa altxatu zen eta azpian jatorrizko lauzak agertu ziren. Gaur egun ikusten diren harrizko lauza horiek, jatorrizkoak izaten jarraitzen dute Aranzadi Zientzia Elkarteak burututako lanari esker. Falta ziren piezak Ataungo San Martin Parrokiatik ekarriak dira.

Erdi puntuko bi arkuen artean triangelu formako gorputz irtena du, Oria ibaiaren ur-korrontea bitan banatzeko eta horrela zubiaren erresistentzia areagotzeko.

Dorretxearen aztarnak aldatu

1370-80 urte inguruan, Lazkaoko jaunak Igartzako lurrak erostea erabaki zuen. Bertara bere semeetako bat bidali zuen Igartza birpopulatzeko asmoz. Igartzaren garrantzi estrategikoa eta bertan zeuden baliabideak zirela eta, dorretxe bat eraiki zen lur hauetan, ibaiaren ertzean. Horrela Igartzataren leinua sortu zen, Lazkaotarren ahaideak.

Bandoen arteko gatazkak zirela eta, dorretxea eraso bortitz batean suntsitua izan zen.

Jauregia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Igartza jauregia»

Igartzako leinuaren oinordekoek, Maria Lopez de Igartza eta bere semeak, errege-erregina Katolikoen bulda bati esker eraiki ahal izan zuten gaur egun zutik jarraitzen duen jauregia. 1494. urte inguruan eraiki zen, bertan bizi izan zen Maria Lopez de Igartza (c.1420-1505).

Oinplano karratuko eraikina da, patio baten inguruan antolatua. Beheko solairua harrizkoa da, ukuilu bezala erabiltzen zen, eta goikoa berriz haritz-egurrez eraiki zen, hau zen familiaren bizilekua. Egurrezko abe batzuetan apaingarriak ikus daitezke.

XIX. mendean, kakaoaren zabalkundea zela eta, patioaren ondoan, txokolate fabrika txiki bat sortu zen. Eraikinak errentan amaitu zuen, azken maizterrak 80.hamarkada arte egon ziren bertan bizitzen eta baserri bezala erabiltzen zuten.

Zurezko presa aldatu

Herritarren oroimenean harrizko presa geratu den arren, honen aurretik, ibaian gora, egurrezko presa bat eraiki zen XVI. mendean. 1983ko uholdeetan berragertu zen eta 1984an Aranzadi Zientzia Elkarteak bere ikerketak burutu zituen. Gaur egun jauregiko sotoan dago ikusgai.

Presa hauek beharrezkoak izan ziren Igartzaren garapen ekonomikoarentzat. Hauei esker ibaiko ura biltzen zen eta aldaparo baten bitartez errota eta burdinola bezalako lantegi hidraulikoak urarekin hornitzen ziren.

Presa hau haritz egurrez eraiki zen, egur-ingenieritza bikaina erakusten du. Ezaugarri berezi hauek dituen musealizaturiko presa bakarra da Europa osoan. Albaola Euskal Itsas Kultur Erakundearen laguntzari esker muntatu ahal izan zen sotoan.

Burdinola aldatu

Gaur egun Igartzan ikus daitekeen burdinola XVIII. mendekoa da. Edi Aroan bazen beste burdinola bat,baina XV. mende amaieran bota egin zen.

XVIII. mendeko burdinolatik oinarria bakarrik kontserbatu ahal izan da. Hidraulikoa zen, Oria ibaiko ura, ibaian gora zegoen presa bati eske bildu eta aldaparo batekin ura burdinola eta errotara desbideratu zen. Aldaparo berberak urez hornitzen ditu errota eta burdinola.

Mea harria Zerain eta Mutiloa ingurutik ekartzen zen. Burdinolaren kanpoalean zegoen kiskaltze-labean erretzen zen minerala, zepa kentzeko. Labe barruan minerala egur-ikatzarekin batera sartzen zen. Gero burdin kiskalia (mena) burdinola barruan lantzen zen.

Errota aldatu

XV.mendean errotak kontrolatzea eta erosteak, diru sarrera garrantzitsua eta baliabideen kontrola eskaini zien Igartzakoei. XVI.mende hasieratik, Igartza oinetxearen ondasunen artean “molino tres ruedas delante de la casa” bezala aipatzen da, datu honekin baiezta daiteke ordutik hiru pare gurpil edo ehotarri izan dituela. 1611an azpiegitura hidraulikoan berrikuntzak egin ziren, oraingoan harria erabiliz zuraren ordez.

XIX. mendean, industrializazioaren etorrerarekin, berrikuntza batzuk egin ziren errotan: egurrezko turtukien ordez burdinazkoak ipini ziren eta ehoketa sistema mekanizatu egin zen. Aldaketa hauek ordea xumeak izan ziren eta ondorioz errota gainbeheran zihoan.

Jose Domingo Mujikak (maizter errotan lanean zebilen) 1885etik aurrera hainbat inbertsio ekonomiko egin behar izan zituen eraikuntza eta makineria hobetzeko. 1911an turtukien bidez argi-indarra sortzeko sistema zuen errotak, lehen turbina hau errotapean instalatu zen, turtukiaren ondoan. Miguel Irizar Erausquin, maizter berriak, errotaren mekanizazioari benetako bultzada eman zion.

1933an Miguelen semeak, Luisek, hartu zuen lekukoa errotako zerbitzuak areagotuz.

1961ean Martina Irizar Gurruchagak hartu zuen errotaren kargua. Errotaren eginkizun nagusia ogia egitea eta saltzea zen, nahiz eta aziendentzako pentsua egiteko garagarra ehotu, artirina egin eta noizean behin Donostiako Etxeberria eta Herrerako Peña okindegientzako galirin integrala ere egiten zuten.

Errotako azken berrikuntza ekoizpenean Martinak egin zuen 1970ean, “Arcauz” markako labe elektrikoa ipini zuenean. 1982an errotak lan egiteari utzi zion.

Ermita aldatu

Igartzako jaun eta andreek eraiki zuten XVII edo XVIII. mendean. Ermita izan arren, familiarentzako kapera pribatu baten funtzioa zuen. Leku estrategiko batean eraiki zuten ermita, jauregiaren aurrean, galtzadaren ondoan. Familiaren elizkizunak ospatzeaz gain, bidaiariei Jainkoaren babesa eskaini nahi zitzaien, erromesek otoi egiteko tokia zen. Aldi berean, ermitaren jabeek euren boterea eta fedea bidaiariei garbi erakutsi nahi zieten.

Belengo Andre Mariari eraikitako ermitatxoa da. Aldarearen gainean Belengo Andre Mariaren eskultura barroko bat zegoen (gaur egun Beasaingo Andre Maria Zerutiarraren parrokian). Gerora aldarearen gainean, hormatik zintzilik Belengo Andre Mariaren irudi bat jarri zen, baina 1936an kaperak Frankoren soldaduek eragindako kalteak jasan zituen. Gaur egun horma hori Clara Gangutiaren margolan batek janzten du.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu