Iñaki Kijera Zelarain

Iñaki Kijera Zelarain (Donostia, Gipuzkoa, 1961eko apirilaren 30aDonostia, Gipuzkoa, 1979ko irailaren 1a) Espainiako Polizia Nazional batek tiroz hil zuen errefuxiatu eta preso politikoen aldeko manifestazio batean.

Iñaki Kijera Zelarain
Bizitza
JaiotzaDonostia1961eko apirilaren 30a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1979ko irailaren 1a (18 urte)
Hobiratze lekuaPolloeko hilerria
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista
Iñaki Kijerari eskainitako oroigarria.
Udaletxearen beste aldean dagoen kantoian hil zuten Iñaki Kijera.

Iñaki Kijera gaztea

aldatu

Iñaki Kijera gurasoekin bizi zen Antigua auzoko Aitzgorri kalean. 18 urte zituen hil zutenean.

Euskal iheslari politikoen aurkako jazarpena

aldatu

1979. urtean zehar euskal errefuxiatu politikoen aurkako atentatuek (ikus: gerra zikinaren kronologia ) eta Frantziako poliziaren jazarpenak erantzun zabala eragin zuen Euskal Herrian. Itxialdiak eta gose-grebak egin ziren errefuxiatuen estatutua aldarrikatzeko: Hendaia, Hazparne, Gasteiz, Bilbo, Durango, Donostia, Iruñea... Frantziak urte hartan Ipar Euskal Herrira ihes egindako euskal herritarrei errefuxiatu politikoen estatusa ukatzea erabaki zuen, Espainian jada demokrazia ezarri zela eta. Horren aurka, 1979ko irailean euskal iheslariak gose greba egiten ari ziren Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, Euskadin bizi nahi dugu lelopean. Hego Euskal Herrian, aldiz, elkartasun agerraldiak nagusitu ziren: hautetsien itxialdiak, gose grebak... eta manifestazio odoltsuak.

Manifestazioa Donostian

aldatu

1979ko abuztuaren 31n, ostiralez, HB, EE, LKI, PTE eta EMK-OICko berrogeitik gora hautetsik Gipuzkoako Aldundian itxialdia egin zuten Iparraldeko errefuxiatuen babes eskubidearen alde.

Biharamunean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek Hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak deitu zituzten.

Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak debekatu egin zuen Donostiako protesta. Ordena Publikoko Indarrek, "grisek", Donostia guztiz hartu zuten manifestazioaren egunean, irailaren 1ean. Manifestazioa jendetsua izan zen, ordea, 2000 lagun inguru edo, eta horiei Donostiako udaletxean eta Gipuzkoako Foru Aldundian itxialdian zeudenak gehitu zitzaizkien. Manifestazioa Boulevardetik hasi orduko Espainiako poliziak bortizkeria handiz jo zuen manifestazioaren aurka.

Iñaki Kijeraren hilketa

aldatu

Iñaki Kijerak lagunekin batera hartu zuen parte manifestazioan. Polizia Nazionalak manifestazioa sakabanatu zuenean Parte Zaharrean babestu zen, polizia mordoa kalearte hartan sartu arte. Orduan, neska batekin batera, Alderdi Ederreko lorategietara iristen saiatu zenean polizia batek tiro egin zion fusil batekin, hamar metrotik. Bala eskuin aldetik sartu eta bizkarretik atera zitzaion. Lurrera jausi zen bularretik odola zeriola. Udaletxe atzealdean gelditu zen, lurrean. Hamabost minutu egin zituen espaloian etzanda. Grisek Kijerarengana hurbiltzea kolpeka eta pilotakadaka eragotzi zieten horretan saiatu zirenei. Gurutze Gorriko mediku eta erizain bi hurbildu zirenean poliziek borrekin kolpatu zituzten, Gurutze Gorriko kideak zirela identifikatu ondoren ere. Borrokaldi baten ostean hilaurrean zen Iñaki artatu ahal izan zuten. Azkenean, lagunek pilotakada artean Iñaki auto partikular batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten. Ospitalera iritsi ondoren hil zen [1].

Egun horretan hainbat zauritu larri izan ziren. La Vanguardia egunkariak Jon Artola Lopez, Javier Atorrasagasti eta Oiartzungo bi zinegotzi aipatu zituen, bai eta ospitalera eramandako beste lau pertsona ere [2] [3] .

Greba orokorra

aldatu

Hurrengo eguna, estropada eguna zen Donostian. Ekitaldi guztiak bertan-behera utzi ziren, eta Jose Maria Alkain alkateak (PNV) dolu-egun ofiziala dekretatu zuen Donostian.

Astelehenean greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian. Gipuzkoa osorik gelditu zen. Gasolindegiak ere itxita egon ziren. Irratiek musika klasikoa eman zuten egun osoan. Donostian janari denda batzuk besterik ez zuten zabaldu, eguerdira artean zabaldu ere. Donostian, kalean ez zebilen ez autobusik ez taxirik ere. Ordena Publikoko Indarrak alde batetik bestera zebailtzan. Hiriaren erdigunea eta auzoetako sarbideak barrikadaz itxita egon ziren.

Donostiako alkate Jesus Maria Alkainek, Euskadiko Ezkerra, PSOE, UCD eta PNVko ordezkariekin batera, Gipuzkoako gobernadore zibilarekin hitz egin zuten, hileta eginkizunetan eta ondoko manifestazioan polizia ez oldartzeko eskatzeko.

Iñaki Kijera Polloeko hilerrian lurperatu zuten. Gero, hileta elizkizunak, Antiguako San Sebastian Martir elizan egin ziren. Eta 10.000 lagunez osatutako manifestazioa irten zen Donostiako hirigunera aldera. Polizia Legazpia etorbidean zegoen, manifestazioa galarazteko. Poliziak indarkeria handiz jo zuen eta istiluak Donostiako hainbat lekuetara zabaldu ziren. Zauritu eta atxilotu ugari izan ziren [4].

CCOO eta UGT sindikatuek grebarik ez egiteko ahaleginak egin arren grebak jarraipen zabala izan zuen Bizkaian, Nafarroan eta Araban ere [5].

Istiluak Euskal Herri osoan zabaldu ziren.

Donostian, Herrera auzoan, 21:30etan Espainiako Polizia Nazionala aurre egiten ari zitzaion barrikada bati. Guardia Zibil batzuk auto batetik jaitsi eta beste barrikada bat zabaltzen hasi zirenean pertsona batzuek irainak eta harriak bota omen zizkieten. Orduan guardia zibilek tiro egin zuten. Lisardo Cano (edo Calo, hainbat hedabideren arabera), 16 urteko gaztea, Bidebietako etxera zihoan une hartan, eta Guardia Zibilek botatako metraileta rafaga haietako bala batek jo zuen. Hogei minutu beranduago bertatik pasatu zen neska batek aurkitu zuen lurrean, poliziari abisatu eta inspektore bik Aranzazu erresidentziara eraman zuten poliziaren auto kamuflatu batean. Hiru orduko ebakuntza egin zioten. Hainbat egunez hilzorian izan zen, Erresidentziako arreta intentsiboen unitatean [6]. .

Kijera hil zuen polizia

aldatu

Iñaki Kijera hil zuen polizia identifikatu eta bederatzi urte beranduago epaitu zuten. Donostiako epaitegiak urte beteko espetxe zigorra ezarri zion Salvador Méndez Villatoro poliziari, zuhurgabetasunez Iñaki Kijera hiltzeagatik. Akusazio partikularrak 20 urteko espetxe zigorra eskatu zuen [7].

Epaiketan, akusatuak, Salvador Méndez Villatorok esan zuen konturatu gabe benetako bala sartu zuela fusilean, pilotak botatzeko balekin nahastuta. Manifestazioaren kontra oldartu zen istiluen aurkako konpainiako kapitainak lekuko gisa deklaratu zuen. Haren esanetan itsu batek ere bereiziko zuen benetako bala bat fogeokoen aldean. [8].

Oroitarriak

aldatu

Iñaki Kijeraren oroitarria dago Antiguako (Donostia) Miramar jauregiko parkean.

Igentea kalean, Kijera hil zuten lekuan, beste plaka bat dago. 2009ko apirilean ezezagun batzuek kendu egin zuten [9]. Irailean berriro jarri zuten.[10]

2018ko urriaren 6an, aste batzuk lehenago okupaturiko Donostiako Alde Zaharreko gaztetxeari Kijera Gaztetxea izena jarri zioten. Izan ere, gaztetxea Iñaki erail zuten Kanpandegi kalean berean dago kokatua.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu