Hamarkada
Hamarkada (δεκάς (dekas) antzinako grezieratik eratorria: «hamarreko taldea») bat da jarraikako hamar urteko denbora bitarte bat.[1] Beraz, mende bat 10 hamarkadak osatzen dute. Hamarraldiek hamar urteko edozein aldi deskriba dezakete, hala nola pertsona baten bizitzarena, edo urte naturaleko talde zehatz bat.
Hamarkada | |
---|---|
Azpiklasea | mende |
Neurtzen du | iraupena |
Unitate estandarretan | 10 a |
Hamarkada edo hamarraldi?
aldatuTermino modernoa
aldatuHamar urteko denbora tarteak izendatzeko terminoa garai modernoetan hasi zen erabiltzen. Euskal literatura klasikoa 2000. urtera bitarte biltzen duen EHUren Corpus Historikoak[2] 1957an ematen du hamarraldi terminoaren lehen lekukoa,[3] eta geroago, 1971n, hamarkada terminoaren lehen adibidea[4]. Bi aldaerak 1990eko hamarkadan hasi ziren orokortzen literatura klasikoan.
Lehenespenak
aldatuEuskaltzaindiaren Hiztegiak ez du hobespen markarik ezartzen hamarraldi[5] eta hamarkada[1] hitzetan, baina bigarrenari eransten dio definizioa landua («Hamar urteko denbora-bitartea») eta lehenaren definiziotzat ematen du hamarkada bera.
Euskalterm datu base terminologikoak dekada terminoa ematen du meteorologian, baina ez hamar urteko denbora tarte bat definitzeko, baizik hamar eguneko tarte bat definitzeko: «Elkarren segidako hamar egunek osatutako tartea, elementu meteorologiko bat edo gehiago aztertzeko batzuetan erabili ohi dena».[6] Izan ere, etimologiari begiratuta, dekada latinezko decada, -æ hitzetik dator, hau da, «hamarreko multzo bat». Latinetik datorren frantsesez, adibidez, décade hitzak «hamar eguneko denbora tartea» esan nahi du, eta décennie erabiltzen da zehazki hamar urteko denbora tartea adierazteko. Aldiz, gaztelaniaz, decenio hitzak hamar urteko denbora tarte bat adierazten du, baina ez, halabeharrez, mende bakoitzaren hamarkadekin bat egiten duena.[7]
Zehazki hiztegiak hamarraldi, hamarkada ―hurrenkera zehatz horretan― ematen ditu gaztelaniazko década[8] eta decenio[9] hitzen baliokidetzat.
Erabilera
aldatuHamar urteko denbora bitartearen kontzeptua adierazteko bi hitzetan, badirudi hamarkada nagusitu dela, hamarraldia-ren aurretik. Izan ere, XXI. mendeko ereduzko prosaren corpusa biltzen duen EHUren Egungo Testuen Corpusak[10] 80.101 agerraldi ematen ditu hamarkada hitzaren sarreran[11] eta 3.356 agerraldi, berriz, hamarraldi hitzaren sarreran.[12]
Beste horrenbeste, EHUren Ereduzko Prosa Dinamikoak[13] 2.610 agerraldi ematen ditu hamarkada hitzarentzat,[14] eta 106 agerraldi hamarraldi hitzarentzat.[15]
Hamarkadak neurtzeko metodoak
aldatuHamar urteko edozein aldi izan daiteke hamarkada bat. Adibidez, «bere azken hamarkadan, Mozartek harmonia kromatikoa aztertu zuen garai hartan oso ohikoa ez zen mailan» esaldia Wolfgang Amadeus Mozarten bizitzaren azken hamar urteei buruzkoa da soilik, kontuan hartu gabe zein urte natural sartzen diren. Izan ere, pertsona baten bizitzako lehen hamarkada jaiotegunean hasten da, eta 10. urtebetetzean amaitzen da. Bizitzako bigarren hamarkada bere bizitzako 11. urtearekin hasten da, eta 20. urtearen amaieran amaitzen da, 20. urtebetetzean; eta horrela etorkizunean ere, hurrenez hurren, pertsona bizi den artean.
0-9 hamarkada
aldatuHamarkadak izendatzeko metodorik erabiliena da urteak zenbaki partekatuen arabera multzokatzea, 0z bukatzen den urtetik 9z amaitzen den urtera; 1960tik 1969ra bitarteko aldia 1960ko hamarkada da, eta 1970etik 1979ra bitarteko aldia, berriz, 1970eko hamarkada. Batzuetan, hamarrekoen zatia baino ez da aipatzen (60ko hamarkada edo 80ko hamarkada), baina formula hori nahasgarri izan daiteke, ez baitu zehazten zer mendetan ulertzen den; izan ere, 20ko hamarkada berdin uler daiteke 1920ko hamarkada edo 2020ko hamarkada.
Dena dela, hamarkadak taldekatzeko metodo hau ezin da aplikatu K.o. 10. urtearen aurreko hamarkadan, ez baitzen 0. urterik izan.
Hamarkada gisa hamar urteko periodoei buruz hitz egitea XIX. mendearen amaieran baino ez zen egin.[16]
Bereziki XX. mendean, zenbait ezizen sortu izan ziren, 0-9 bitarteko hamarkada bitarteko sisteman oinarrituta, hamar urteko denbora bitarte jakin batzuk izendatzeko, batez ere ingelesez, hala nola Swinging Sixties (1960), edo Roaring Twenties (1920ko Hamarkada Zoriontsua).
1-0 hamarkada
aldatuIkuspegi bitxiago batek urteak biltzen ditu Anno Domini egutegiaren garaia hasi zenetik, hamarkadak definitzeko 1ez bukatzen den urtetik 0z amaitzen den urtera; horrela, lehen hamarkada 1-10 bitartekoa da, bigarrena 11-20 bitartekoa eta abar. Aipatu ere letraz aipatu ohi dira, adibidez «XIII. mendearen bigarren hamarkada», «XVI. mendeko hirugarren hamarkada» edo «XX. mendearen azken hamarkada» (sic).[17] Hamarreko multzo hori ere esplizituki identifika daiteke; adibidez, «1961-1970»;[18] «2001-2010»;[19] «2021-2030».[20] Kristo aurreko egutegiaren aroa K.a.1. urtearekin batera amaitu zen eta K.o. egutegiaren aroa hurrengo urtean hasi zen, K.o.1. urtean, alegia, 0. urterik ez baitzen izan.
Urtea | 1. | 2. | 3. | ... | 9. | 10. | 11. | 12. | ... | 19. | 20 | ... | 2000 | 2001 | 2002 | ... | 2009 | 2010: | 2011 | 2012 | ... | 2019 | 2020 | 2021 | 2022 | ... | 2029 | 2030 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
0-9 hamarkada | 0ko hamarkada | 10eko hamarkada | ... | 2000ko hamarkada | 2010eko hamarkada | 2020ko hamarkada | ... | |||||||||||||||||||||
1-0 hamarkada | I. mendeko 1. hamarkada | I. mendeko 2. hamarkada | ... | XXI. mendeko 1. hamarkada | XXI. mendeko 2. hamarkada | XXI. mendeko 3. hamarkada |
Bi metodoen erabilera publikoa
aldatuYouGov nazioarteko inkesta etxeak galdeketa bat egin zen 2019ko abenduaren 2an, Estatu Batuetako 13.582 helduen artean. Zehazki, galdetu zieten: «Noiz uste duzu hasi eta bukatuko dela datorren hamarkada?». Emaitzen arabera, % 64k uste zuen «hurrengo hamarkada» 2020ko urtarrilaren 1ean hasi eta 2029ko abenduaren 31n bukatuko zela (0-9 metodoa); % 17k erantzun zuen 2021eko urtarrilaren 1ean hasi eta 2030eko abenduaren 31n bukatuko zela (1-0 metodoa); eta % 19k erantzun zuen ez zekitela.[21]
Kultura eta ospakizunak
aldatuNazio Batuen Erakundeak gai jakin batzuk jarri ohi ditu erdigunean hamarkada bakoitzean, munduko herrialdeen politika publikoetan norabide berean eragiteko helburuz. Adibidez, 2021-2030 hamarkadarako hiru gai hauek aldarrikatu ditu: Zahartze Osasuntsuaren aldeko Nazio Batuen Hamarkada,[22] Ekosistemak Lehengoratzeko Nazio Batuen Hamarkada,[23] eta Garapen Iraunkorrerako Zientzia Ozeanikoaren Nazio Batuen Hamarkada.[24]
Euskal kulturan, hamarkadarekin lotu daitekeen hamarrekoa dago. Bertsotan, hamarreko handia edo hamarreko txikia daude; mus karta jokoan, berriz, puntuak kontatzerakoan, hamarrekoa erabiltzen da. Harrigarria da, hala ere, bertsotan, batak zein besteak bost lerroko estrofak dituela, ez hamarrekoak, naiz lehenak 10-8 silaba izan, eta bigarrenak 7-6 silaba[25] eta mus karta jokoan ere bost puntu lortzerakoan kontatzen dela hamarrekoa.
Literatura eta artea
aldatuArteetan eta, bereziki, literaturan, ugari dira hamarkada jakin bat aintzat hartzen, aipatzen edo aztertzen duten obrak. Horien artean daude:
- La Décade philosophique frantses egunkari politiko eta literario bat izan, egutegi errepublikanoko II. urteko lilidunaren 10ean (1794ko apirilaren 29an) sortua. Dekada (hau da, hamar egun) batean behin kaleratu zen 1807ko irailaren 21era arte.
- Dekada bat izendatu ohi zen laiburuki askoz osatutako liburu baten hamar liburuko saila; adibidez, Tito Livioren Ab Urbe condita.
- La Décade prodigieuse Claude Chabrolen (1971) film bat da, Orson Welles, Michel Piccoli eta Marlène Jobert aktoreek jokatua, eta Ellery Queen idazlearen izenburu bereko eleberrian oinarrituta. Filmaren istorioa hamar egunez gertatzen da.
- Decade Neil Young kanadar musikariak 1977an argitaratutako bilduma baten izenburua da, hamar urtetako ibilbidearen laburpen gisa.
- Decade: Greatest Hits Duran Duran ingeles musika taldeak 1989an kaleratutako disko baten izenburua da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Euskaltzaindiaren Hiztegia > hamarkada» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Corpus Historikoa (EHU) - Iturburuak» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ Askoren artean. (1957). Euzko-Gogoa. .
- ↑ Maurice Dobb (Arantxa Urretabizkaiaren itzulpena). (1971). Sozialismoaren frogantzak. Lur.
- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia > hamarraldi» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Euskalterm > década» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «decenio | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2023-01-06).
- ↑ «Zehazki (EHU) > década» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Zehazki (EHU) > decenio» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-06).
- ↑ «Egungo Testuen Corpusa (EHU) - Iturburuak» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Egungo Testuen Corpusa (EHU) > hamarkada» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Egungo Testuen Corpusa (EHU) > hamarraldi» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Ereduzko Prosa Dinamikoa (EHU) - Azalpena» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Ereduzko Prosa Dinamikoa (EHU) > hamarkada» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Ereduzko Prosa Dinamikoa (EHU) > hamarraldi» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «Corpus Historikoa (EHU) > hamarkada» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) «French harpsichord music in the first decade of the 18th century | Early Music | Oxford Academic» web.archive.org 2023-01-05 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) «Consultants and Poets Laureate | Poet Laureate | Poetry & Literature | Programs | Library of Congress» web.archive.org 2022-12-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) «Milestones in UN History 2001-2010 | United Nations» web.archive.org 2022-06-01 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) «NASA - Solar Eclipses: 2021 - 2030» web.archive.org 2023-01-04 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) «Daily Question | 02/12/2019 | YouGov» web.archive.org 2022-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) UN Decade of Healthy Ageing. World Health Organization.
- ↑ (Frantsesez) «FAO - Nouvelles: La nouvelle Décennie des Nations Unies pour la restauration des écosystèmes offre une opportunité sans précédent pour la création d'emplois, la sécurité alimentaire et la lutte contre le changement climatique» web.archive.org 2022-12-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-06).
- ↑ (Ingelesez) «Ocean Decade – The Science We Need For The Ocean We Want» web.archive.org 2022-12-29 (Noiz kontsultatua: 2023-01-06).
- ↑ Hamarreko handia eta Hamarreko txikia — Euskal kultur erakundea (eke.eus)
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu