Gaur8 Gara egunkariaren euskara hutsezko gehigarri jeneralista da, larunbatetan egunkariarekin batera argitaratzen dena. Izan ere, Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea S.A. (EKHE) taldearen baitan dago Gaur8, Gara, Naiz, 7K, Mediabask, Kazeta eta Naiz Irratia hedabideekin batera. Hamaika TBren jabetzaren parte bat ere badu EHKEk[2]. Paperezko edizioaz gain, edizio digitala ere badauka Gaur 8-k.

Gaur8
MotaInformazio orokorreko gehigarria
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskara
Argitaratze lekuaDonostia, Gipuzkoa
FormatuaPaperezkoa eta digitala
KoloreaKoloreko eta zuri-beltzeko orriak tartekatzen ditu
ArgitaletxeaHerritar Berri S.L.U.
Banaketa
Banatze-eremuaEuskal Herria
MaiztasunaAstean behin
Salneurria0,50€ (Gararekin batera 2€)
Historia
ZuzendariaAmagoia Mujika Telleria
ZutabegileakAntton Izagirre, Miren Azkarate Badiola[1], Iñaki Altuna, Maite Ubiria, Iker Barandiaran, Koldo Sagasti
KomikigileakAmaia Ballesteros, Alai Zubimendi, Unai Gaztelumendi, Exprai
https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8

Donostiako Igara auzoan du egoitza, eta Amagoia Mujika Telleria da zuzendaria. Informazio orokorra eskaintzen du, eta bere ikuspegia nazionala da, Euskal Herrikoa. Bere ildo editoriala, bestalde, ezkertiarra, abertzalea eta aurrerakoia da. “Mila leiho zabalik” da bere eslogana.

Historia aldatu

2007ko martxoaren 10ean kaleratu zen lehenengoz Gaur8, Garakeuskararekin duen konpromisoan beste urrats kualitatibo bat emateko” asmoarekin[3]. Beraz, historia nahiko laburra du hedabide honek. Hasiera batean, papera eta Internet uztartzeko intentzioarekin jaio zen, webgune esklusibo eta guzti (www.gaur8.info)[4]. Hala, leiho bat ireki nahi zien teknologia berriei. Webguneak eguneko albiste nagusiak eta idatzizko edizioa bilduko zituen, gaurkotuta[3]. Era berean, tarte berezia eskainiko zien bere orduko blogariei Blogariak eta Blogosfera ataletan. Euskaraz idatzitako blogen eta horien egileen erreferente eta topagune izan nahi zuen lehenak; bigarrena, berriz, kolaboratzaileen eta blogarien ekarpenak argitaratzeko erabiliko zen[4]. Hala ere, moldatzen joan da denborarekin. Egun, ez dago blogik, baina kolaboratzaileek protagonismo berezia dute: eurek idazten dituzte testu gehienak, baita EKHE osatzen duten beste hedabideetako kazetariek ere. Amagoia Mujika zuzendariak eta beste bi langilek baino ez dute osatzen berez Gaur8ren lantaldea.

Edukiak aldatu

Gertaeren gaineko begirada pausatua eskaintzen du Gaur8 astekariak. Horretarako, lau sailetan daude banatuta edukiak, paperezko edizioan zein digitalean: Atzerria, Begirada, Herria eta Herritarrak. Horietan guztietan eduki informatibo, interpretatibo, analitiko eta iritzizkoak nagusitzen dira. Izan ere, erreportajeak, albisteak, elkarrizketak, analisiak, iritzi artikuluak, binetak eta zutabeak aurkitu daitezke proiektu komunikatibo honetan; denak, euskaraz. Edizio digitalaren kasuan, papereko eduki berdinak ageri dira gehienbat, baina badu sail berezi bat: Egunerokoa. Bertan, artikulu berri bat edo bi argitaratzen dira egunero. Gainerakoa larunbatetan eguneratzen da, aldizkaria kaleratzearekin batera[5].

 
2021eko apirilaren 24ko zenbakiaren azala.

Beste sailei dagokienez, Atzerria atalak Euskal Herriko mugetatik kanpoko informazioa jasotzen du. Adibidez, 2021eko apirilaren 24ko zenbakian, Brasilgo egoera aztertu zuen Martin Mantxo aktibistak, eta Ainara Lertxundi kazetariak erreportajea egin zuen, klima aldaketaren muturreko ondorioak pairatzeko arriskuan dauden herrialdeetan, fenomeno meteorologikoek haurrengan izan ditzaketen ondorioei buruz[6].

Herria eta Herritarrak sailek, aldiz, Euskal Herrian jartzen dute fokua: Herriak Euskal Herriko tokien, arazoen, iritzien, istorioen edota proiektuen berri ematen du, baita marrazkilari baten bineta jaso ere, Irritzia izeneko azpiatal batean. Herritarrak sailak, berriz, pertsonen gain jartzen du fokua elkarrizketen edo erreportajeen bidez. Kolaboratzaile desberdinen iritzi artikuluak eta zutabeak ere jasotzen ditu, horien artean, Behatxulotik azpiatala, gertaera historiko bati buruzko Juantxo Egañaren iruzkina argazki zahar bat oinarri hartuta. Batzuetan, sarean bolo-bolo ibili diren albisteen berri ere ematen du Sarean izeneko azpiatalean. Kasu horretan, albiste bakoitzari argazki bat, testu labur bat eta QR kode bat eskaintzen dio, irakurleak Interneten kontsultatu dezan albistea[7].

Begirada saila hiru testuz osatuta dago, eta bakoitza sail desberdinen artean dago tartekatuta. Iritzi artikuluak dira, baina badute kutsu dibulgatibo bat. Izan ere, arkitekturan, teknologian, osasunean edota hezkuntzan bezalako esparruetan aditu direnen begiradak jasotzen dira bertan[6].

Enpresa aldatu

Herritar Berri S.L.U. da Gaur8 gehigarriaren enpresa argitaratzailea. Enpresa honek Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea S.A. (EKHE) taldea osatzen du Tai Gabe Digitala S.L., Baigorri Argitaletxea S.A., Euskal Irrati Zerbitzuak S.L. edota Iparla Baigura Komunikazioa elkartearekin batera[2].

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria itxi ondoren, 10.000 norbanako baino gehiagok proiektu komunikatibo berri baten sorrera babestu zuten diruz. 1.000 milioi pezetako kapitalarekin sortu zuten azkenean EKHE enpresa, eta proiektua diruz babestu zuten norbanako horiek guztiak akziodun bilakatu ziren. Zeren, EKHE sozietate anonimo bat da, eta jabetza akzioetan banatuta du.

Hasieran, 1999. urtean, EKHEk Gara egunkariaren sorrera sustatu zuen, eta, gero, bultzatu zuen egun taldea osatzen duten gainerako hedabideen sorrera: 7K iganderoko gehigarria (1999), Kazeta Ipar Euskal Herriko hedabide digitala (2008), Naiz hedabide digitala (2012), Mediabask Ipar Euskal Herriko astekaria (2014), Naiz Irratia (2019) eta, beste hedabide batzuekin elkarlanean, 11TB (2006). Azken hau Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea S.A. enpresarena da, eta EKHEk akzioen %20 du.

Negozio eredua eta hedapena aldatu

Nahiz eta Gaur8 Gara egunkariarekin batera kaleratzen den, egunkaria erosi gabe ere lortu daiteke gehigarria kioskoetan 0,50 zentimoren truke (2021). Sarean, berriz, doan eskaintzen ditu eduki guztiak, inolako ordain hesirik gabe. Gainera, ez da beharrezkoa harpidetza egitea eduki digitalak kontsumitzeko[5].

Amagoia Mujika zuzendariaren arabera, hartzaile askok sare sozialen bidez edota edizio digitalari esker irakurtzen dute Gaur8. Twitterren, adibidez, 2.500 jarraitzaile baino gehiago ditu[8], eta Facebooken, 780 jarraitzaile baino gehiago (2021)[9].

Erreferentziak aldatu

  1. «"Torturen arduradun guztiek egin dutena onartzea nahi dut, besterik ez"» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-10-17).
  2. a b «naiz: nor gara» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  3. a b «GAUR8, 'Gara'ren informazio eta komunikazio proiektu berria» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Gaur 8, una iniciativa del diario Gara que pretende compaginar versión en red con versión semanal en papel» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  5. a b SLU, Herritar Berri. «GAUR8» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  6. a b «naiz: hedabidea zara» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  7. «naiz: hedabidea zara» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  8. «https://twitter.com/gaur_8» Twitter (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).
  9. «Hasi saioa Facebook-en» Facebook (Noiz kontsultatua: 2021-05-05).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu