Gaspar Montes
Gaspar Montes Iturriotz (Irun, Gipuzkoa, 1901eko otsailaren 27a - 1998ko azaroaren 24a[1]) margolaria izan zen.
Gaspar Montes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Irun, 1901eko otsailaren 27a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Irun, 1998ko azaroaren 24a (97 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Bizitza
aldatuEtxeandia eskultorearekin eta J. Salís Camino pintorearekin hasi zituen ikasketak. Salís Camino eta N. Camiok pentsio bat lortu zioten, eta Madrila joan zen pintura ikastera. Han, J. M. López Mezquita eta F. Alvarez de Sotomayorrekin aritu zen ikasten eta lanean. 1924an Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Artista Berrien Erakusketan sari bat lortu zuen, sariaren diruarekin Parisa joan zen, eta Colarossi akademian aritu zen ikasten. 1926an Madrilgo Ateneoko Erakusketa-aretoan erakutsi zituen zenbait lan, Bernardino Bienabe Artia gipuzkoar pintorearekin batera.
Handik urtebetera Baionako Euskal Museoan egin zuen erakusketa bat Bienabe Artia eta Jesus Olasagastirekin. Arte Ederretako Erakusketa Nazionalera Roncesvalles eta Paisaje en Irún lanak bidali zituen 1927an, eta El embarcadero eta Fuente de Narciso 1930ean. 1938an Irungo Udal Akademian marrazki-eskolak ematen hasi zen.
1970ean Siete Maestros Españoles del Dibujo erakusketan parte hartu zuen Vázquez Díaz, Casas, Martínez Ortiz, Arteta Colmeiro, eta abarrekin batera. Handik urtebetera Guipúzcoa vista por sus pintores erakusketa ibiltarian Montes Iturriotzen hainbat lan egon ziren ikusgai. Erakusketak egin zituen Madrilen, Donostian, Bilbon, Pauen, Baionan, etab., eta sari ugari irabazi zituen, besteak beste, Pintoreen Lehiaketako lehen saria, Gipuzkoako Aldundiak antolatua (1928); Donostiako Eguberriko Lehiaketako lehen saria (1951); Donostiako Udaleko bigarren saria; Donostiako Eguberriko Lehiaketako Darío Regoyos saria. Gipuzkoa, Valentzia eta Asturiasko hainbat elizatako horma-irudiak egin zituen. Nafarroako eta Aragoiko hotel batzuk apaindu zituen, eta beirateak ere egin zituen. Hainbat museotan zituen bere lanak erakusgai, esate baterako, Donostiako San Telmon, Bilboko Udal museoan, Mar del Platan (Argentina), Gipuzkoako Aldundian.
Beti landu zituen izadiak eta paisaiak, nahiz eta bere karrera luzean aldaketa nabarmenak izan estiloari eta gaien trataerari dagokionez. Bere lanetako koloreak sutsuak dira, baina argiak; xehetasunak harmoniaz biltzen zituen; pintzelkada bizkorra eta soila zuen. Haren lan nagusiak: Roncesvalles, El embarcadero, Paisaje de Irún, Fuente de Narciso, Camino de Behobia, Bidasoa, Otoño, Fuenterrabía, Aoiz eta Nieve en Irún.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.