Pirinioetako desman

Galemys pyrenaicus» orritik birbideratua)

Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus), muturluze piriniotarra, desman piriniotarra eta Pirinioetako muturluzea ere deitua[1], Talpidae familiako ugaztun erdi-urtar txikia da, Iberiar penintsulan eta hegoaldeko Frantzian bizi dena[2].

Pirinioetako desman
Iraute egoera
Invalid status (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaEulipotyphla
FamiliaTalpidae
LeinuaDesman (en) Itzuli
GeneroaGalemys
Espeziea Galemys pyrenaicus
(É. Geoffroy, 1811)
Banaketa mapa
Tronpatxoa espeziearen ezaugarria da.

Muturluzea iraute egoera ahulean dago, habitataren kalitatearen galera dela eta[2]. Euskal Herrian ere, ibai gutxik dauzkate haren biziraupenerako baldintza egokiak, eta ibai hauetan tarte txikitan[3].

Taxonomia

aldatu

Pirinioetako desmana Galemys generoko espezie bakarra da. Errusiar muturluzearekin batera, Desmanini leinua osatzen du.

Bi azpiespezie deskribatu dira, baina autore batzuek erabilitako irizpideak zalantzan jartzen dituzte[4][2]:

Gaur egungo atzerakadaren ondorioz, baliteke lau taxoi gisa ulertu behar izatea.

Deskribapena

aldatu

Gorputz biribila du baina nabarmen luzatzen da igerian ari denean. Tronpa luze eta zapaldua du eta honen puntaren goiko aldera irekitzen zaizkio sudur zuloak; tronpa biluzia da baina bi aldeetara bizartxo lerro bana du. Begi txikiak ditu, ilajearen azpian ia ikusezinak. Aurreko hanka txikiak, mintz interdigital laburrekoak; atzekoak aldiz, luzeak, barnealdera zuzenduak, mintz interdigital handikoak, larru ezkatatsu batez estaliak eta ile luze eta sendodun lerro bat dutenak. Oso buztan luzea du, zilindrikoa eta punta lateralki zapaldua; ile gogorrarekin, nahikoa urria larru ezkatatsua ikusi ahal izateko.

Kolore marroi iluna, urpean dagoenean nabarmentzen diren erreflexu distiratsuekin. Tronpa eta soinadarrek kolore beltzaxka dute, eta bertako ileek zilar kolorea. Alde bentrala dortsala baino askoz argiagoa da, kolore gris distiratsukoa, aldakorra banakoaren arabera. Haragi koloreko buztana, ile zurixkekin.

Ez du dimorfismo sexualik. 50-76g bitarteko pisua du, eta gorputza 115-135 mm luze da, itsatsa gabe. Hau burua eta gorputza batera baino luzeagoa da[2].

Banaketa

aldatu

Iberiar endemismoa da, Frantziako Pirinioetatik Portugalgo iparralderaino hedaturik dagoena. Serra da Estrela (Portugal) eta Erdialdeko Mendigunetik hasi eta, Iberiar sistemaren iparraldera , Kantauriar mendikatera, Leongo mendietara eta Pirinioetaraino banaturik dago.

EAEn, azken 20 urteetan, Endara, Oiartzun, Urumea, Añarbe, Leitzaran, Amundarain, Agauntza, Berrozi eta Ihuda ibaietan ikusi da[5].

Habitata

aldatu

Desmana mendialdeko erreka eta ibai garbi eta ongi oxigenatuetan bizi da. Ibai-ibilgutik hurbil dauden zulo naturaletan, edo beste animalia batek eginikoetan, egin ohi dute habia. Oso animalia sentibera da habitataren kalitatearekiko. Beraz, ibaia kutsadurarik gabea, ondo oxigenatua eta landaretza ugarikoa izan behar da; antzeko ezaugarriak dituzten mendi ingurune zingiratsuetan ere bizi daiteke. Ezaugarri hauek izateko etengabe berriztatzen diren urak izan behar dira; beraz, errazagoa da ibaien goialdeetan aurkitzea, korronteak biziagoak baitira. Ia itsas mailatik 2.500 metroko garaieraraino bizi daiteke[2].

Elikadura

aldatu

Normalean mota guztietako ornogabe urtarrez (Trichoptera, Plecoptera eta Ephemeroptera larbak, krustazeoak...) elikatzen da. Tarteka arrain txikiak ere harrapa ditzake.

Ugalketa eta ontogenia

aldatu

Urtearen lehenengo erdian ugaltzen da. Araldia urtarriletik maiatzera, eta erditzeak martxotik uztailera izaten dira. Sabelaldi bakoitzean 1-5 ume izaten dituzte (4 da kopururik ohikoena), eta urtean behin baino gehiagotan umatzen ahal dira[2]. Abuztuaren amaieran hasten dira sakabanatzen gazteak eta heldutasun sexuala hurrengo urtean lortzen dute. Gutxi dira 3 urte baino gehiago bizitzen direnak.

Bizimodua

aldatu

Animalia gautarra da, batez ere, baina posible da egunez ikustea. Helduak oso bakartiak dira urtearen zati handi batean. 100 eta 1000 metro bitarteko ibai tartea hartzen dute bizitzeko; arren bizi-eremua (429 m, batez beste) handiagoa da emeena baino (301 m, batez beste)[2]. Arrek, ibaitik irteten diren objektuetan egiten dituzte beren gorozkiak, lurraldea markatzeko[6]. Urte osoan aktibo mantentzen dira, ez baitago atseden hartzeko erabiltzen duten urte sasoirik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

aldatu

Muturluzearen harrapari ohikoenak igaraba arrunta eta animalia arrainjale batzuk (lertxun hauskara, amiamoko zuria, amiltxori arrunta, lutxo arrunta) dira[2].

Bere ezaugarri sistematikoengatik, ziurrenik, hainbat bizkarroi esklusibo aurkitu zaizkio: Eadiea desmanae akaroa, Aonchotheca galemydis eta Paraucaria hispanica nematodoak...

Argazki galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Pirinioetako desman Euskalterm. Euskara.euskadi.net
  2. a b c d e f g h Galemys pyrenaicus Magrama.gob.es
  3. Esnaola Illarreta, Amaiur; Gonzalez-Esteban, Jorge; Elosegi, Arturo; Aihartza, Joxerra. (2017-05-11). Piriniotako muturluzearen (Galemys pyrenaicus) ekologia espazial eta trofikoa: kontserbaziorako funtsezko faktoreak. (Noiz kontsultatua: 2019-09-27).
  4. Wilson, D. E. & Reeder, D. M. (editors). 2005. Mammal Species of the World. A Taxonomic and Geographic Reference (3rd ed).
  5. Galemys pyrenaicus Txingudi albistegia. Ingurumena.ejgv.euskadi.net
  6. Desmán de los Pirineos Faunaiberica.org

Kanpo estekak

aldatu