Gabon Sariak (Munibe)
Gabon Sariak edo aurtengo gabonetan Azkoitiko Eleiza Nagusian kantatuko diran kantak edo otsaldiak Frantzisko Xabier Muniberen kanta bilduma bat da, jatorriz Gavon-sariac edo aurtengo Gavonetan, Azcoytico Eleiza Nagusian Cantatuko diran Gavon-Cantac edo Otsaldiak izenburuarekin 1762an argitaratua.
Gabon Sariak (Munibe) | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Xabier Maria Munibe Peñafloridako Kondea |
Argitaratze-data | 1762 |
Izenburua | Gabon Sariak edo aurtengo gabonetan Azkoitiko Eleiza Nagusian kantatuko diran kantak edo otsaldiak |
Orrialdeak | 36 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | Gabon-kantak eta olerkigintza |
Hizkuntza | euskara eta Bizkaiera |
Egileak, Luisa Miserikordiakoak (Xabier Munibek hartu zuen goitizena) hitzaurrean esaten duenez, Bilbo, Madril eta Cadizko gabon-kantak moldiztegiraturik zeudela ikusirik, bururatu zitzaion Azkoitiko musika aingeruzkoak ere inprimatzea.[1] Azkoitiko Miserikordian hau bezala euskarazko beste testu batzuk ere argitaratu ziren eta haien sormena sarritan Muniberi egotzi zaizkion arren egile horrena direnik ez dago batere garbi, beste testu horiek hizkuntza hain zaindua ez dutelako.
Bertso-konponketan eta -moldaketan Martin Beltzek lagundu zuen, segidila, aria eta kopla handietan eta musika "Melon antxiñako organista buapo ark, ta Lorentzo dantxariak, biak alkar arturik, atera dabe".[2][1]
« | Teatro antzera egindako obra honek, ikasi batek egindako kanta herrikoiak ditu. Estilo jolaskorra, baina batez ere erudiziozkoa, jakintzaz hornitua, eta hau du hain zuzen Ilustrazio garaiko agergarririk bereziena. | » |
—Juan San Martin (1974)[1] |
Testua
aldatuTestu labur honek hitzaurre bat, hiru otsaldi eta kopla-jostailu atal bat ditu. Hitzaurrean egileak Azkoitia Miserikordiako Ama Birjinari egindako eskaintza dator. Otsaldien edukiak bestetik, lehenengoak tonadileak eta seguidillak jasotzen ditu, bigarrenak, aria, eta hirugarrenak, artzain-kanta. Azkenik, "Kopla-jostailuak" Jesusen jaiotzak munduari ekarriko dizkion aldaketak azaltzen ditu. Kanta hauen musika ez da ezagutzen, partiturak argitaratu ez baitziren.
Lehen otsaldian tonadila eta segidilak datoz, "ai, aur ederra" estribiloarekin. Bigarren hotsaldian "Aria, karidadearen eta egiazko amorioaren auan", eta hirugarren hotsaldia hitz lauz hasten da adirakaia batez, gero artzainen koroa datorrela Tersis eta Filis artzainen elkarrizketarekin, kopla jostailuak deituriko zortziko batzuekin amaitzeko. Hona hemen bukaerako jostailu bat:[3][1]
« | Baña kanta berri au
geitxo luzatu da, nere eztarri tristea ia urratu da; Nahiago det ixildu katarratu baño; Agur, nere jendeak, Urrengo urteraño. |
» |
Hizkuntza
aldatuLan honetan, El borracho burladon bezala, mendebaldeko euskalkian oinarritu zen Munibe baina ez bere herrikoan zehatz-mehatz, "euskara ulergarriago" batean baizik. Gipuzkera literarioaren aitzindariak bezala aztertu dira biak ala biak. Izan ere, Bizkaiko euskararen elementu ugari agertzen dira bi lanetan; egileak euskara hori ondo ezagutzen zuen zeren eta bere gurasoak Markinakoak baitziren eta emaztea Oñatikoa.[4]
Edizioak
aldatu- 1762: Azkoitian, Misericordian argitaratuta.
- 1899: Euskal-Erria aldizkarian.
- 1965: Gabriel Arestik prestatuta. Teatro Zaarra, Auspoa, 48.zk.
- 1991: Xabier Altzibarrek paratutako edizioa: Gabon Sariak. El borracho burlado. Gasteiz: Eusko Legebiltzarra.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d Urkizu, Patri. (1985). «Frantzisko Xabier Maria Muniberen teatroa» www.jakin.eus (Jakin.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
- ↑ Barrutia, Pedro. (1965). Teatro zaarra.. Auspoa Liburutegia, 51 or. PMC 10996892. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
- ↑ Barrutia, Pedro. (1965). Teatro zaarra.. Auspoa Liburutegia, 77 or. PMC 10996892. (Noiz kontsultatua: 2022-11-19).
- ↑ Xabier Altzibar, 38.or.