Londresko Batzordea

Europako estatu ugarik sinatu zuten hitzarmena XX. mendean
Ez Interbentzioko Hitzarmena» orritik birbideratua)

Ez Esku Hartzeko Hitzarmena, Ez Interbentzioko Hitzarmena edo Interbentzioaren Kontrako Hitzarmena Espainiako gerra zibilari zegokionean, Europako hogeita zazpi estatu burujabek 1936ko abuztuaren amaieran sinatu zuten hitzarmen bat izan zen, zeinetan "herrialde horretako barne arazoetan edonolako interbentzio zuzen edo zeharkako egitetik era tinkoan abstenitzea" erabaki zuten. Gainera, Espainiari armen, munizioen edo gerrarako elementuen edonolako esportazio edo berresportazio egitea debekatu zioten elkarri. Hitzarmen hau ez zuten Europako herrialde guztiek sinatu, kanpoan gelditu ziren Andorra, Liechtenstein, Monako, Suitza eta Vatikano Hiria. Hitzarmen hau betearazteko, 1936ko irailaren 9an Londreseko Batzordea eratu zen Londresen, Ivor Windsor-Clive kontserbadoreak zuzenduko zuena. Batzorde horretan Europako estatu indartsuenek ordezkaritza zuten, Italia, Alemania eta Sobietar Batasunak ere bai.[1]

Ez Interbentzioko Batzordeko lau herrialdeen kontrol-eremuen mapa (gorriz: Erresuma Batua; urdinez: Frantzia; berdez: Italia; grisez: Alemania).

Arestian aipatutako hitzarmena sinatu zuten hogeita zazpi estatuak hurrenak izan ziren: Albania, Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Txekoslovakia, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Errumania, Suedia, Turkia, Sobietar Batasuna eta Jugoslavia.

Alabaina, "ez interbentzio" politikak ez ziren bete praktikan, garaiko pertsonek "erabateko gezurtzat" hartu zituzten, Alemania, Portugal eta Italiak ez zutelako armen eta munizioen esportazioa geldiarazi eta gainera, kolpistei laguntza militarra ere eskaini zieten. "Ez interbentzioko" akordioa sinatzear zeudela, 1936ko abuztuaren 28an, Alemaniako zerbitzu militar sekretuen burua, Wilhelm Canaris, eta Italian zuen homologoa, Mario Roatta, Erroman bildu ziren, "gerra-materialak eta munizioak Francoren (armen bahimendua martxan bazen ere) tropei eskaintzen jarraitzeko".[1]

Espainiar Errepublikako gobernu zilegiaren partaide zen Julio Álvarez del Vayo Estatu Ministroak, nazioartean Alemaniak eta Italiak Ez Esku Hartzeko Hitzarmena betetzen ez eta kolpistei armamentua ematen zietela behin eta berriz esan ondoren, nazioartearen babesaren bila hasi zen eta hala, 1936ko irailaren 25ean Nazioen Ligaren aurrean babesa eskatu zuen, nazioarteko erakunde honek baina, babesa ukatu eta Errepublikako Gobernuaren kexei jaramon ez egitea erabaki zuen. Nazioarteko erakundearen ebazpenak Sobietar Batasunak ere akordioa alde batera uztea eragin zuen, hortaz, Errepublikako Gobernua armamentuz hornitzen hasi zen 1936ko urritik aurrera.

Agirre lehendakariak euskal lurretan idatzi zuen azken manifestuan, Turtziozko manifestuan, Ez Esku Hartzeko Hitzarmenari aipamen garbia egin zion. Bertan, hitzarmena urratu egin zela adierazi zuen eta hortaz kexatu zen, honek sarraskiak eragin baitzituen euskal lurretan, besteak beste, Gernikan. Manifestu horretan nazioartearen sentsibilitate falta salatu zuen.[2]

Interbentzioaren aurkako politiken sorrera aldatu

Frantzia eta Erresuma Batuaren ikuspegiak eragin handia izan zuen erabaki politiko honetan, izan ere, "Espainiako gerra" zeritzoten guduan parte hartzeak haiek Europa mailan jokatzen zebiltzan estrategia-jokoa are gehiago zailduko zuela uste zuten. Hala, hasi berria zen gerra isolatzea izan zen estatu hauen xedea. Taktika honek bere fruituak eman zituen Ez Esku Hartzeko Hitzarmena hogeita zazpi herrialdek hobetsi zutenean, ez sinatu zutenean, herrialde horiek ez baitzuten inoiz idatzitako itunik adostu eta hortaz, egoitza nagusia Londresen zuen Londreseko Batzordea sortu zuten.

Interbentzioaren aurkako politikak britainiarrek Alemania naziari zuzendutako "baketze" politiken (appeasement policy) ondorioetako bat izan zen. Frantziako Gobernuak, alemaniarren eraso baten aurrean Erresuma Batua ez beste aliaturik ez zuela ikusita, politika berdinak aplikatzea erabaki zuen. Aipatu beharra dago, Erresuma Batuko gobernu kontserbatzailea poliki-poliki kolpisten aldera jotzen hasi zela, Espainia "boltxebike formako herrialde kaotiko batean" (Bartzelonako kontsul ingelesaren hitzetan) murgildua izateak beldur handia sortzen baitzion. 1938ko otsailetik aurrera, britainiarren aldekotasunak argi geratu ziren, Lord Halifax-ek Anthony Eden Atzerriko Bulegoko burua ordezkatu zuenean. Alabaina, laborista eta sindikatu ingelesek, aditu ugarirekin batera ez zuten aldekotasun hori begi onez ikusten. Frantziak aldiz, hasieran Errepublikari, era oso umilean, laguntzea erabaki zuen, 150 milioi dolar emanez laguntza militarrean (hegazkinak, pilotuak, etab.), hala ere, Frantziak Erresuma Batua begira zuenez, laster geldiarazi zituen laguntzak. Estatuetako gobernuak geldiarazten saiatu baziren ere, frantziar eta ingeles asko Errepublikaren alde jarri ziren eta asko Espainiara joan ziren boluntario gisa, Nazioarteko Brigaden barnean gerran laguntzeko asmoarekin. Horien artean ezagunenetakoak Malraux eta Orwell izan ziren.

Hitzarmenaren ideia Léon Blumen gobernu frantziarrak izan zuen, uztailaren 30ean italiar faxistak espainiar kolpistei laguntza eskaintzen ari zirela jakin zutenean, izan ere, Mussolinik Franco laguntzeko bidali zituen bi hegazkin militar Aljerian (garai hartan Frantziaren kolonia) lurreratu ziren nahigabe. Frantziar gobernuak hori gertatu eta bi egunera luzatu zuen proposamena. Frantziar gobernuak ezin zuen Errepublikako gobernua lagundu, horrek frantziar gizartean gatazka handi bat sortzeaz gain, Erresuma Batuarekin zuen harremana zailduko zuelako eta beraz, frantziarrentzako ezinbesteko aliantza arriskuan jarriko zuelako. Hala, Errepublikak laguntzarik jasoko ez zuenez, kolpistek ere ez jasotzea lortu nahi zuten. Frantziarrek, bide batez, interbentzioaren aurka zuten jarrera irmoa argi utzi nahi zuten eta horretarako, Espainiarekiko muga itxi zuen abuztuaren 13an. Ingelesei ez zitzaien bat ere kostatu frantziarren proposamenera batzea, baina proposamen horrek "Gobernu zilegi eta legala militar matxino batzuen talde baten maila berean kokatzen zituen".

Erreferentziak aldatu

  1. a b Historia de España. Crítica ©2007-<2017> ISBN 9788484329176. PMC 180188063. (Noiz kontsultatua: 2019-08-17).
  2. «Turtzioz 1937-2017» (PDF), Eusko Jaurlaritza. Noiz kontsultatua: 2019-08-16.

Kanpo estekak aldatu