Euzkadi egunkariaren errotatiba
Euzkadi egunkariaren errotatiba Euzkadi egunkaria inprimatu zedin William Randolph Hearstek 1918an oparitutako errotatiba da. Euzko Alderdi Jeltzalearen hedabideen eskuetan egon zen, harik eta Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz ondasuna galdu eta FE-JONSek El Correo inprimatzeko bereganatu zuen arte[1][2]. Gaur egun Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroan dago ikusgai, Barakaldon[3].
Euzkadi egunkariaren errotatiba | |
---|---|
Fabrikazioa | |
Fabrikatzailea | Goss Printing Press Company |
Historia | |
Sorrera | 1913 |
Jabea | William Randolph Hearst 1913-1918 Euzkadi (egunkaria) 1918-1937 El Correo 1937-1965 Hierro 1965-1983 Eusko Jaurlaritza 2002- |
Kokapena | |
Kokapena | Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa |
Honen parte | Orconera-Lutxana Bilduma |
Koordenatuak | 43°17′19″N 2°58′43″W / 43.28863°N 2.97856°W |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Barakaldo |
Ezaugarriak | |
Dimentsioak | 520 () × 350 () × 730 () cm |
Masa | 25 t |
Ezaugarriak
aldatuPrentsa birakariak, motor nagusi batek, hiru motor laguntzailek eta kontrol-koadro batek osatzen dute. Motorrik gabe 520 zentimetroko altuera du, 730 zentimetroko luzera eta 350 zentimetroko sakonera[4]. Hiru solairutan eraikita dago. Eskailera baten bidez heldu daiteke goiko solairura, eta hobi baten bidez beheko pisura.
Historia
aldatuSorrera eta Euskal Herrira iristea
aldatuChicagoko Goss International Printing Presses enpresak eraiki zuen 1913an eta Randolph Hearstek erosi zuen, hiri horretako egunkari batean erabiltzeko[4]. Hortik gutxira hasi zen Lehen Mundu Gerra, eta Euskal Herrian eragin berezia izan zuen: Ipar Euskal Herrian milaka herritar frontera bidali ziren bitartean, Hego Euskal Herrian eragin ekonomikoa bai, baina Espainia neutrala izan zen. Jeltzaleen artean zatiketa ere bazen, eta Luis Arana presidentearen eta Euzkadi alderdiko egunkari ofizialaren arteko lehia gertatu zen. Azkenik, Arana bota zuten alderditik[5], hein handi batean gerraren aurrean erakutsitako jarreragatik, Euzkadiren ildo aliadofiloarekin oso kritiko agertu zen[6]. Gerra-egileek elikagaiak, armak, metalak eta ikatza behar zituzten eta Bizkaiko siderurgiak ondo aprobetxatu zuen egoera hori. Ontzigintza ere izugarrizko gorakada izan baitzuen. Nahiz eta itsaspeko gerraren ondorioak bortizki pairatu, Bilboko itsasontziak Europako zama-itsasontzi bilakatu ziren[7]. Ontzigintza enpresa horien artean zegoen Ramon de la Sotaren Naviera Sota y Aznar. Gerra garaian kapital ekonomiko zein politiko handia metatu zuen de la Sotak, eta gerra amaitzean EAJren kontrola ere eskuratu zuen[8]. 1917 eta 1920 artean Ramon de la Sota Aburto semea Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan zen.
Gerran aliatuei emandako laguntza eskertzeko, Hearstek errotatiba oparitu zion de la Sotari, eta honek Euzkadi berarekin inprimatzeko baliatu zuen. Errotatiba Marseillako portutik iritsi zen, barkuan eginez AEBtik Frantziarako bidea[1].
Euzko Pizkundearen esku
aldatuEuzko Alderdi Jeltzalea bitan zatituta zegoen garaian – Aberri eta Euzko JEL-Batza –, egunkarien inguruko lehia ere egon zen, sinadura garrantzitsu askorekin[9]. JEL-Batzaren inguruan Euzko Pizkundea talde editoriala sortu zen. Euzkadi zen bere egunkaririk ezagunena, baina Bilbon inprimatzen zen La Tarde kontrolatu eta inprimatu zuen 1927tik aurrera, eta 1924tik aurrera Excelsior, espainiar estatuan inprimatutako lehen kirol-egunkaria[10][11]. Aberrikoek ere euren egunkaria zuten, baina Primo de Riveraren diktaduraren ondorioz itxi behar izan zuten, eta Diario Vasco sortu zuten[10][oh 1], baina ez zen Goss errotatiban inprimatzen.
Euskarazko Eguna egunkaria egin zen garaian, 1937ko urtarriletik ekainera, Euzkadiren azpiegitura erabili zuten, eta errotatiba hau ere bai. Makina horretan inprimatu ziren beraz euskarazko egunkari baten lehen aleak.[12]
Konfiskazioa Gerra Zibilean
aldatuEspainiako Gerra Zibila 1936ko uztailaren 18an hasi zen, baina Bilboko gudua 1937an izan zen. Gerra bitartean CNTk erabili zuen propaganda inprimatzeko[4], Euzkadi Katalunian inprimatzen hasi zenean[13][14]. Altxamenduaren egunean bertan Bilbon argitaratzen zen El Pueblo Vascoren akzioak deuseztatu ziren, frankisten alde lerratzeagatik[11]. Baina Eusko Jaurlaritzak Bilboren kontrola galtzerakoan, FE-JONSek Euzkadiren Goss errotatiba hartu eta euren komunikabideak inprimatzen hasi ziren: El Correo Español eta El Hierro, biak ala biak falangistak[15]. El Correo egunkariaren izena El Correo Español. Diario de la Falange española tradicionalista y de las JONS izan zen, eta gero berreskuratu zuten El Pueblo Vasco izena, Vocento izango zenaren ernamuina osatzeko[16]. 1965etik aurrera Hierro inprimatzeko erabili zen, Bilboko egunkari frankista nagusiena.
Ahaztura eta berregitea
aldatuGasteizko Arana auzoan utzita egon eta gero, 2002an Juan Jose Ibarretxeren gobernuak negoziazioak egin zituen Sabino Arana Fundazioaren eskuetan gera zedin, Euskal Abertzaletasunaren Museoan jartzeko, museoa bost urtez bere mantentze lanak ordaintzearen truke[1]. Baina behin lortuta, badirudi ez zutela interesgarri ikusi, eta kutxatan gordeta geratu zen, Neikerren biltegi batean. Tarte horretan nabarmen hondatu zen bere egoera, pieza asko galdu zituen eta guztiz deseginda zegoela esan zuten teknikariek[1]. Berriro ere Sabino Arana Fundazioaren eskuetan utzita, Konsoni Lantegian gordeta egon zen denbora luzez. Tamaina handia zuenez ezin zen bertan muntatu ikus zedin[3].
2022an Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa ireki zenean Barakaldon, Konsonin zeuden ondasunak Lutxanako egoitza berrira mugitu ziren, eta bertan berregin zuten pieza, erakusketaren gune zentral batean[3].
Oharrak
aldatu- ↑ Ez nahastu gaur egungo Diario Vascorekin, 1932an sortua.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Guenaga, Aitor. (2013-11-11). «¿Dónde está la rotativa que el magnate Hearst regaló al PNV?» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Zabalbidea, Begoña. (2005). «Prensa de Bilbao durante el franquismo» Bidebarrieta (16) ISSN 1137-4888. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Orconera Lutxana Bilduma - Ondare Lagunak. 2022-07-03 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ a b c Museotik. (2024-02-21). «Goss errotatiba» museotik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ «Arana Goiri, Luis de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ Larronde, Jean-Claude. (2010). Luis Arana Goiri (1862-1951): historia del nacionalismo vasco. Sabino Arana Fundazioa, 222-226 eta 251 or..
- ↑ Villa, Imanol. (2006-10-15). «El país de Jauja» El Correo.
- ↑ Torres Villanueva, Eugenio. (1990-01-01). Ramón de la Sota : la contribución de un empresario vasco a la modernización económica y política de la España de la Restauración. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ Noci, Javier Diaz. (1995). «Euskal informazio-kazetaritza abertzalea: Euzkadi eta Euzko 1913-1934» Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (15): 81–95. ISSN 3020-5115. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ a b Anasagasti, Iñaki. (2012). En la guerra no solo murieron personas. .
- ↑ a b Enrique, Ayerbe. (2014-12-10). «Prentsa, irratia eta telebista» opendata.euskadi.eus (Euskal Herria entziklopedia enblematikoa) (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ Altzibar Aretxabaleta, Xabier. (1997). «Etxagerrateak sorturiko “Eguna”, lehen euskal egunkaria» Oihenart (Donostia: Eusko Ikaskuntza) Oihenart (14): 49..
- ↑ Kortazar Uriarte, Jon. (2009). «Literatura vasca en la Barcelona de 1938» Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria = revista de pensamiento e historia (30): 84–90. ISSN 1578-0058. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Carballés, Jesús Javier Alonso. (2007). «El primer exilio de los vascos, 1936-1939» Historia Contemporánea (35) doi: . ISSN 2340-0277. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ Saiz Valdivielso, Alfonso Carlos. (1977). Triunto y tragedia del periodismo vasco: prensa y política, 1900-1939. Éd. nacional ISBN 978-84-276-0372-1. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Merodio, Iker. (2010-05-16). «El Correo Español: Diario de la Falange española tradicionalista y de las JONS» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).