Enkarterriko billanoa[1] (montañesez: "mezo") Euskal Herriko bertako txakur arraza bat da[2]. Gaur egun bere zabalpen gunerik garrantzitsuena Bizkaiko Enkarterrietan badago ere, Arabako iparraldera zabaltzen da ere.

Enkarterriko billanoa
Txakur arraza
EspezieaCanis lupus familiaris
Jatorria Euskal Herria
SinonimoakAlano, txato, mezo

Zakur honen banaketa Kantabriako ekialdera zein Burgosko probintziaren iparrera heltzen da aldi berean, hau da, gutxi gorabehera behi montxinaren banaketarekin bat dator.

Arraza honen erabilera ohikoa mendiko behiak zein behi suharrak gobernatzeko izan bada ere, gaur egun indarra dauka ere zakur Billanoak ehiza larria harrapatzeko erabilera ere, basurdea bereziki. Nahiko ospe eta estimua hartu dute lantegi honetan azken hamarkadetan.

1997 urtean sortu zen Enkarterriko Billanoaren Elkarte Nazionala, eta 2003. urtetik arraza-izendapen ezagutua du EAEn. Hala ere, billanoa ez dago Nazioarteko Federazio Zinologikoaren nazioarteko arraza sailkapenean. Elkarteak 2020an egindako errolda batean, 319 animalia zertifikatutako zerrenda egin zuen, zeinetarik 81 ugaltzeko gauza ziren[3].

Etimologia

aldatu

Billano edo Villano hitz erromantzea da, enkarterriko hizkerarena (Montañera), eta txakurrei dagokienez, ganaduak gobernatzeko txakurra esan nahi du. Zakur hauek mendiko azienda harrapatu eta "villetara", hau da, hiribilduetara, eramaten zuten bertan saldu edo hiltzeko. Handik billano izena.

Beste zenbait izen hauexek dira: Alano, Chato eta Mezo.

Eusko Jaurlaritzaren izendapenetan, 2003ko araudian Enkarterriko villanoa zeritzon arrazari[4]. 2014ko ebazpenetan. euskarazko zein gaztelaniazko agindu ofizialetan, izen "elebakarra" dute arrazek, eta Villano de las Encartaciones zeritzon orduko zerrendan[5]. 2018ko ebazpen batean, azkenik, Enkarterriko billanoa[1].

Jatorria

aldatu

Argi dagoena zera da; historikoki mendiko behiak gobernatzeko, hau da, Betizuak, Behi Montxinak, Landetako behiak, arraza zaharreko Piriniar behiak zein Terreñak , billano edo bere antzeko zakur motak egon direla Euskal Herrian, antza Erromatarren garaietatik behintzat.

 
Zakur alanoak ehizean erdi aroko marrazki frantziar batean

Enkarterrietan zakur alanoak eta "antzinako billanoa" delako arrazaekin egiten zuten behi montxinen harrapaketa.

Bat hozka zakurra zen, eta bertakoek "Txatoak" edo "Hozka zakurrak" deitzen zituzten. Beste izena "Alanoak" zen, nahiz eta gorde diren deskribapenen arabera gehiago eduki dogoen ezaugarriak alanoenak baino.

Animalia handiak ziren, 40 edo 50 Kilokoak, barreatua edo marraduna(egungo billanoak bezala), muturra oso motza (Hau, jakina, ez dator bat alanoen ezaugarriekin) eta atzera igota. Horrela, goiko ezpaina ez zitzaion ahoan kabiĆtzen, eta ez zion ondo ixten. Hau horrela, ezpain hori modu batean tolesten zen non zakurra erlajatuta zegoenean, lerde ugari zeriola animaliari.

Animalia indartsu eta ausarta zen, bere lanerako espeziala, horretarako sena handiarekin, hala ere desabantaila nabarmen bat zeukan, seguraski belaunaldien hautaketaren ondorioz, muturrez motzegia zen, eta korrika luzetan arnasa hartzeko arazoak zeuzkan. Arazoak zeuzkan 50 edo 60 metro baino gehiago korrika biziza egiteko harrapakinaren atzetik. Hau dela eta, "Txato" hauek bertatik bertara askatu behar zitzaien basa-behiei.

Ohikoa zen, egun billanoekin egiten den moduan, bat edo bi hilabetekin txakur-kumeari belarriak moztea. Hau horrela, belarriak tentetzen zitzaizkien oso era berezi batean.

Une batean abelzainek erabaki zuten bi zakur arraza elkarrekin gurutzatzea arraza erabilgarriago lortzeko. Alde batetik "antzinako billanoak" ez ziren hozka zakurrak, eta ezin zuten betabereak harrapatu. Alanoak haien aldetik ezin zuten abereak jazarri eta behar izanez gero bereiztu. Gainera behia edo zezena ez baldin bazuten aurreneko aukeran harrapatzen, oso ahalmen gutxi zuten, haien buruaren egitura dela eta harnasa hartzeko arazoak direla eta, jazartzeko.

Joan den mendearen erdialdean Enkarterriko abelzainak hasi ziren bi arraza nahasten egungo billanoa lortzeko, bere bi ahaideen ezaugarri onak beregatu dituena.

Arraza berri bat lortu zuten (bi arraza zaharretan oinarriturik), baina beste bi zakur arraza galdu ziren.

 
Alanoak deitu arren, garai bateko Enkarterriko "Txatoen" deskripzioak gehiago datoz zakur dogoekin. Gure inguruan irauten duen dogo arrazarik hurbilena Bordeleko dogoa da

Arrazaren eredua

aldatu
  • Arrazaren definizioa.

Ez dago barietaterik «Enkarterriko villanoa» txakur arrazan.

Arrazaren ezaugarri morfologikoak

aldatu
  • Ezaugarri orokorrak:
    • Txakur hozkariak dira. Euskal Herriko mendebaldereneko eskualdean eta inguruko lurraldetan dute jatorria, Bizkaiko Enkarterrian Euskal Herriko kasuan
    • Bertako abeltzainek antzina-antzinatik erabiltzen dituzte. Aske bizi diren behi montxina arrazako behi erdibasatiak biltzen laguntzen diete mendialde malkartsuetan.
    • Ezaugarriei eta itxura orokorrari dagokienez, tamaina ertaineko txakurrak dira, longilineoak eta egitura trinkoa dutenak. Burua eta bularraldea zabalak dituzte, eta aurreko heren guztia guztiz sendoa eta gihartsua.
    • Gogor itxura dute, eta sexuen arteko dimorfismoa nabarmena da. Jabearen ondoan bizi-biziak eta arinak dira. Ezezagunen aurrean begiak erne eta serio egoten dira. Sarritan, jaiotzerakoan belarriak zuzen mozten dizkiete.
    • Ilea barreatua dute, abeltzainek esaten dioten bezala;

nabarra edo marraduna.

  • Ezaugarri zehatzak.
    • Burua:Mesozefalikoa da, trinkoa, baina ertz garbiak eta definituak ditu. Burezur-aurpegien ardatzak pixka bat dibergenteak dira.
    • Burezurra: Mesokraneotoa eta subkonbexua da. Garondoko gandorra ez da oso irtena.Bekoki-sudurretako sakonunea luzea eta nabarmena da.
    • Aurpegia: Muturra zabala eta sakona da. Goitik begiratuta piramide-enborraren itxura du, piramidearen oinarria sudur-puntako aldean dagoela.
 
Billano zakurraren txakur-kumeak
    • Barailak zuzenak eta indartsuak dira, eta masetero muskulu handiak dituzte.
    • Sudurraren gainaldea zuzena da. Sudur-punta zabala da eta alboetan arrakalatuta dago.
    • Ezpainak meheak eta irmoak dira. Goikoak behekoa estaltzen du, ertzetan izan ezik. Hortzeria ederki eratuta dago. Letaginak handiak dira.
    • Kurrikak bezala egiten dute hozka.
    • Begiak zeharka daude eta aurrerantz begiratzen dute. Barrurantz sartuta daude masetero muskulu handien artean.
 
Belarri tente eta txikiak dituzte bilanoek.
    • Belarriak tenteak eta txikiak dira. Sei hilabete bete aurretik belarriak moztu egiten dizkiete, triangelu forma

emanez.

    • Lepoa ertaina da, zilindrikoa eta oso gihartsua.
  • Gorputz-enborra:
    • Soinkurutzea laburra eta zertxobait nabarmendua da. Bizkarra luzea, zuzena eta zabala da. Gerrialdea laburra da, apur bat subkonbexua zerraren hasieran. Zerrak 45.º inguruko inklinazioa du; zabala eta gihartsua da.
    • Bularra oso zabala eta sakona da eta gihar handiak ditu. Beraz, gorputz-adarren artean tarte zabala dago. Saihetsak nahiko konbexuak dira bizkarrarekin bat egiten duten zatian, eta ez hainbeste erdiko herenean. Bularrezurraren lerroa ukondoaren azpitik dago. Sabela tinkoa eta meharra da. Buztana luzea eta mehea da, kanporanzko igitaiitxurako

jarrera du beti, eta oso mugikorra da. Bai geldi dagoenean eta bai mugitzen denean, alboetarantz higikortasun handia du. Geldi dagoenean, kurbaren behealdea belaunburuen pare edo geratzen da. Mugitzen denean, bizkar-gerrialdeko lerroaren luzapen gisara altxatzen da, igitai-itxura inoiz galdu gabe, geldiunean baino irekiagoa bada ere.

  • Gorputz-adarrak:
    • Luzera eta lodiera ertainekoak dira eta jarrera perfektua dute. Aurreko gorputz-adarrak: Aurretik begiratuta jarrera

perfektua dute eta oso bananduta daude. Sorbalda laburra eta gihartsua da, askea, eta 45.º-ko inklinazioa du.

    • Besoa sorbalda bezain luzea da, gihartsua, eta oso mugikortasun handikoa. Angelu eskapulo-humerala 90.º ingurukoa da.

Ukondoa txikia eta markatua da. Besaurrea luzea da. Oso lodia izan ez arren, lokailu eta hezur sendoak ditu. Karpoa ez da nabarmena. Metakarpoa luzea da, iabertikala, besaurrearen luzapena balitz bezala, eta ezproi garatua du.

    • Eskua katuaren erpearen antzekoa da. Behatz labur eta sendoak ditu, azazkal handiak eta kuxin gogorrak. Atzeko gorputz-adarrak: Atzetik begiratuta: paraleloak eta oso bananduak.
 
Billano zakurra, arra
    • Izterra gutxi gorabehera bizkarra bezain luzea da eta inklinazioa ere antzekoa du. Hanka luzea da, goiko herenean gihartsua, eta beheko herenean meheagoa baina lokailu oso garatuekin. Belaunburua ertaina da, irekia, eta punta markatua du.
    • Metatartsoa luzea eta ertaina da, ezproirik gabekoa.
    • Oinak eskuak bezalakoak dira.
  • Azala:

Azala lodiera ertainekoa da, sendoa eta malgua. Gorputzari atxikitzen zaio, hezurren erliebeak eta giharren planoak nabarmenduz.

  • Kolorea eta ilea:
    • Kolorea nabarra edo marraduna da, gutxi-asko iluna. Batzuetan zuriuneak agertzen dira paparrean eta gorputz-adarretan.
    • Sudur-punta beltza da.
    • Begiak hurritz-kolorekoak dira, ilunagoak edo argiagoak,ilearen arabera.Ilea laburra, gogorra eta leuna da, zentimetro bat eta hiru zentimetro bitarteko luzera du, oso sarria da eta gorputzari atxikita dago.
  • Neurriak:
    • Soinkurutzeko altuera: 57-60 cm arretan eta 55-57

cm emeetan.

    • Proportzioak: Soinkurutzeko altuera / luzetarako diametroa: 5/6. Soinkurutzeko altuera / bizkar-bularraldeko

diametroa: 2/3. Burezurraren luzera / aurpegiarenluzera: 5/4 arretan eta 1/1 emeetan.

  • Pisua:

Ez dago pisuaren batez besteko estandarrik. Beraz, askotariko neurriak onartzen dira, hazkuntzaren eta beste inguruabar batzuen araberakoak.

Izaera eta portaera

aldatu

Guztiz orekatua da, esanekoa, alaia eta oso maitekorra jabearekin, indartsua, azkarra eta behar bezain haserrekorra abereak erabili behar dituenean. Ezezagunen aurrean zuhur eta fidagaitz agertzen da, erne eta serio begiratzen die, baina bere indarrak ematen dion lasaitasunarekin.

Bizkor eta arin mugitzen da. Gorputz-adarrak eroso eta nahi beste luzatzen ditu, lurretik gehiegi altxatu gabe.

Asko hitz egin da billanoen ustezko agresibitateaz, baina orohar zakur orekatuak dira, etxeko jendearekin maitakorrak eta beste txakurrekin talde-lanetan ohituak.

Behien harrapaketan ordea, ausartak eta oldakorrak azaltzen dira.

Guztiz gezurrezkoa da beraz, billanoak tradizionalki zakur borroketan erabiliak izan direla.

Basa-behien harrapaketa zakurrekin

aldatu
 
Francisco de Goyaren marrazkia. Zezen-txakurrak

Zakur behi harrapatzaileen arrasto ugari topa daiteke agiri zaharretan zein artean. Elizetako kapitelak, erromatar garaiko harri landuak...

Enkarterrietan eta inguruetan aspaldi-aspalditik dator behi montxinak txakurrekin harrapatzeko ohitura. Lehenik, seguruen, betizuak harrapatzen zituzten antzeko txakurrekin. Horren adibide Euskal Herriko zenbait elizetan agertzen diren zezen eta txakurren arteko borroken irudiak. Behi erdi basati horiek harrapatzeko garaia urritik abendura zen, horregatik garai hori "octubrada" deitzen zuten. Alde bakoitzean montxinak harrapatzeko ohitura jakin batzuk izaten ziren: Karrantzan oinez joaten ziren, eta Turtziozen zaldiz.

Garai batean aurrenekoak parte hartzen behien harrapaketan lehen aipatutako "antzinako billanoak" ziren. Hauek arrasto eta hozka zakurrak ziren, ilaje ilunekoak, eta egungoak baino txikiagoak. Beraien lana harrapatzeko aukeratutako behia samaldatik bereiztea zen, eta ehiztariak zain zeuden tokiraino bultzatzea.

Orduan, behia gertu zegoenean, zakur alanoak askatzen zituzten. Zakur arraza hau egun iraungita dago. Batzuen ustez, Enkarterriak izan ziren zakur arraza mitiko haren azken gunea Iberiar penintsulan. Dena den aipatua geratu da lehen ere Enkarterriko "txato" horiek gehiago zutela "dogo" aldetik alanoetatik baino.

Enkarterritarrek "txatoak" eta "hozka zakurrak" izenekin ezagutzen zituzten.

"Txatoak" antzinako billanoak baino askoz astunagoak ziren, burua askoz handiago zuten ere, eta beraiek ziren behia harrapatu eta geldiarazten zutena.

Zakur billanoen babesa eta etorkizuna

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «AGINDUA, 2018ko otsailaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Enkarterriko billanoa arrazaren erregelamendu espezifikoa onartzen duena» www.euskadi.eus (EHAA) (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  2. Miguel Fernández Rodríguez, Mariano Gómez Fernández, Juan Vicente Delgado Bermejo, Silvia Adán Belmonte, Miguel Jiménez Cabras (editors) (2009). Guía de campo de las razas autóctonas españolas (in Spanish). Madrid: Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino. ISBN 9788449109461.
  3. «Cierra el registro fundacional de los villanos» www.ladridos.es (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  4. Euskadi.eus, EHAA. (2003). «AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, "Enkarterriko villanoa" txakur-arrazaren arauketa zehatza onesten duena.» www.euskadi.eus (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV) (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  5. Legegunea, EHAA. (2014-03-24). «31/2014 DEKRETUA, martxoaren 4koa, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzekoa.» www.legegunea.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).


Kanpo estekak

aldatu