Landetako behia edo "behi landesa", (okzitanieraz: landesa), Gaskoinako Landetako bertako behi arraza baten izena da. Landetako behiaren izena frantsesez "Marine landaise" da, behi hauek itsasbazterreko Landetako padura eta aintziretan oso ondo moldatzen direlako.

Landetako behi
Behi arraza
EspezieaBos taurus
Jatorria Okzitania  Euskal Herria
SinonimoakBehi landesa

Garai batean arraza honen banaketa eremua askoz zabalagoa omen zen eta Ipar Euskal Herriraino heltzen zen, zenbait lekukotasun zein argazki zaharrek adierazten dutenez.

Landetako behia Euskal Herriko behi betizuaren ahaide hurbila da, eta baliteke garai batean biak arraza berbera izatea ere. Behi landesek beste behi arrazekiko izandako nahasketak zein betizuekiko isolaketak ekarriko zuen bereizketa.

Ezaugarriak aldatu

  • Lira itxurako adar txikiak dauzkate, betizuak bezala. Askotan adarren punta iluna da.
  • Altuera soin-gurutzera 1,10 eta 1,30 m artean kokatzen da. Zezenak handiagoak izaten dira behiak baino.
  • Pisua 300kg inguru. Arrunt txikiak dira beraz, betizuak bezala.
  • Behi landesen kolorea gorritik beltzaranera doa, eta muturra beltz. Kolorea udan neguan baina argiagoa izaten da.

Arrazaren Historia aldatu

Testu zein agiri zaharretan, esate baterako XII.en mendeko agiritean, Landetako behi basatien samalden berri agertzen da jada Landetako hainbat monasterioen inguruan. XX. mendeko zenbait lekukotasunek ere behi hauek aipatzen dituzte. Agiriek erabat basati edo erdi basati bizi ziren behi samaldetaz hitz egiten dute. Abelgorri hauek "hondarrezko mendietan" (dunak) zein itsas aldeko aintziren inguruetan bizi zirela zioten. Landetako behiekin batera, Landetako poni arrazako zaldien talde handiak larretzen ziren paraje berberetan.

1739. urtean Guyanako Intendenteari bidaliako txosten batek halaxe dio:" Kantoi hauetan azienda larriak ez du simaurrik ematen (Simaurra funtsezkoa zen Landetako nekazaritzan, lur hondartsuak ongarriztatzeko), zeren eta ezinezkoa da itxidura edo ukuiluetan errenditzea. Idi eta behiak erabat basatiak dira, eta beraien senak Medoc, Pays de Buch, Pays de Born eta Marensingo kostaldean zehar dauden hondar-mendietara (dunak alegia) abitzera bultzatzen die. Azienda hau urte guztian zehar kanpoan dago eta bertako mendietako zenbait tokietan sortzen den belarretik bizi da.."

XIX. eta XX. mendetan Landetako behiak basa abereak bitliran ehizatzen ziren, betizuen kasuan bezala.

1818. urtean Jean Florimond Boudonek Lot-et-Garone zein Girondako landetara nekazaritza, landaretza eta ohiturak ikertzeko egindako bidaian, zera kontatzen du bere bidai liburuan: "Teste inguruko dunetan zezenak larretzen dira landan, eta bertan libre bizi dira. Urtero abere basati hauek biltzen dituzte beraien jabeen zigiluarekin markatzeko".

Félix Arnaudin olerkari, argazkilari eta etnologo landatarrak "Hondarretako unaiak" deitu zituen behi hauek gobernatzen zituen abeltzainak eta landetako behien samalda ugari bertako itsasbazterreko duna handiak eta hondar eremuak trashumantziako bidaietan igarotzen ikusterakoan.

 
Landetako behiak eta bordeldar behi bat (orbainduna) Ziburun, 1937. urtean

Samaldak erdi basatiak izan arren, uzta garaian bertako nekazari[Betiko hautsitako esteka]ek abereak itsas aldeko marrara mugitzen zituzten. Trashumantzia honen bidez landeta behien gaineko zaintza eta bazka emateko beharra arindu ahal izaten zuten.

Garai batean landetako behiak kolore gorrikoak eta betizuen oso antzekoak, erdi basati bizi ziren Landetako aintzira, baso eta eremuetan. Antza abereak beraien trashumantzaiako bidaietan, zezenketerako erabiltzen den nafar kastako behiekin nahastu zituzten zezenketarako egokiagoak izateko.

Aintzineko abelgorri hauen banaketa Pirinioetako magalean hasi eta Aturbe zein Atturri haranetan barrena, Landetan sartzen zen, Ipar Euskal Herriko hainbat lekuetan barne.

XIX. mendean Landetako dunak finkatzeko itsas pinu mordoa aldatu zituzten bertan. Haren ondoioz landetako behiak ibai bazter erdi urpetuetara zein antziretara baztertuak izan ziren. Bertan bazkatzeko landaretza nahiko aproposa topatu zuten hala ere; bereziki carex coepista landare ugari, eta baita digitariak zein arundoak.

Bertako zenbait baserritarrek behi erdi-basati hauek ehizatzen zituzten besterik gabe, ehizgaiak baitliran, nahiz eta batzuetan abereek jabeak edo ustezko jabeak izan. Landetako behien haragia oso estimatua zen, beraien elikadura dela eta gatz mineral ugari duelako.

Bi munduko gerren arteko urteak arte, landetako behien samalda erdi basati hauek Biskarros eta Parentiseko aintziraren inguruan ugaritu ziren. Han hemenka hesi eta biltegi mugikorrak eraikitzen zituzten ("Barguerias" izenekoak) unaiek abereak bildu, markatu eta aukeratzeko. Aldi berean berriki itsas-pinuekin aldatutako lur eremuak ere zorrozki zaindu behar izaten zituzten, behiek bertan kalteak ez sortzeko.

1938. urtean Pierre Touglouatek, argazkilari eta etnologoak, Bizcarrosseko antziraren inguruko azkenetariko samaldak ikusi zituen "Uretan sartzen ziren sabeleraino, lezken artean udako beroa sahiesteko. Behi hauek, ez arriskutsuak itxuraz, zezenez lagundurik zuden".

Bigarren Mundu Gerrak izugarrizko kaltea ekarri zion arrazari. Germaniar armadak zein landetar beraiek, beharrak bultzaturik, landetako behien samaldak ditximatu zituzten. Behi hauek akabatzeko arrazoien artean pinu aldaketak babestea zegoen baita ere [1].

Gerra amaitzerakoan samalda gutxi geratu ziren, eta bereziki basatiak bilakatu ziren ondorengo urtetan. Biscarrosseko azken behi basati hauek 1963. urtean desagertu ziren erabat.

Guzti hau dela eta, arrazaren abere kopurua dramatikoki murriztu zen joan den mendean zehar ia iraungi arte.

Arrazarentzat beste arrisku historiko bat bordeldar arrrazako behiekin kontaktua izan da. Landetan aspalditik elkarrekin ibili dira bi arrazak, eta honen adibide bi motako behiak elkarrekin agertzen diren hainbat marrazki eta argazki zahar. Jakina, kontaktu hau dela eta, abereak nahastuz joan dira.

Arraza gordetzeko ahaleginak aldatu

 

Duela hogei urte inguru, Régis Ribéreau-Gayon, Gradignanen dagoen Akitaniako Arrazak Kontserbatzeko Elkartearen lehendakariak, zera jakin zuen; baserritar batek Landetako arraza zaharreko bi zezen eta lau behi hiltegira eramateko asmoa zuela. Behi hauek salbatuak izan ziren Landetako ondarea bezala eta horri esker arraza ez zen betiko galdu.

Egungo egoera aldatu

 
Cousseauko antzira. Babesleku honetan daude Landetako behi gehien

Egun talde txiki bat kontserbatzen da Étang de Cousseau izeneko erreserba naturalean, Gironda aldean, baina zenbaitzuek zalantzan jartzen dute abere hauen garbitasuna arrazari dagokionez. Gainera abereek beraien arteko odolkidetasunaren arazo handiak dauzkate.

2010. urtean 26 behi eta 6 zezen zeuden, 5 abeltzain ezbedinen eskuetan. Hurrengo urratsak beraien kopuru zabaldu eta odolkidetauna ekiditzea izango dira. Dena den, abelburu kopuru txiki honekin arraza oso urruti dabil iraungitzetik salbu izateko.

Landetako behiak, betizuak bezala paisaia mantentzeko abereak bezala sailkaturik daude Frantziako legislazioan, hau da, arraza landatarrak izanik, larre eskasak mantentzeko abere aproposak dira. Beste aziendak larretzeko gai ez direnak alegia. Hau dela eta paisaia eta habitatak kudeatzeko tresna baliotsuak dira, beraien garrantzi kultural eta biologikoaz gain.

Zezen jokoak Landetako behiekin aldatu

"Landetar zezenketa" izenarekin Iparralden zein Gaskoinian oso ospetsua den zezenketa mota, Landetako behietan du bere oinarri, nahiz eta egun beste arrazak erabiliz egiten den.

Zezenketa mota honetan, zezena hiltzearen ordez, bertan parte hartzen dutenek, zezenen zein behi suharren aurrean iskintxoka eta akrobaziak egiten ibili behar dira abereen erasoak saihestuz.

Bibliografia aldatu

  • Lacs, étangs et courants du littoral aquitain, de Jean-Jacques Fénié et Jean-Jacques Taillentou
  • L'Almanach du Landais 2007, Joëlle d'Odorico, Jean-Jacques Taillentou, Raymond Ullas, Éditions CPE.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Bideoak aldatu