Energia eolikoa Euskal Herrian

Abrako parke eolikoa, Bilboko kanpo portuaren dike baten gainean, Zierbenako lurretan.
Espainiar Estatuko energia berriztagarrien zentroa, Iruñerriko Sarriguren auzoan.

Energia eolikoaren garapena aldatu

Nafarroa Garaia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Garaiko parke eolikoak»

Energia eolikoa Nafarroa Garaian garatu zen lehen aldiz 1990eko hamarkadan. Energia berriztagarriek ekar zezaketen onuraz oharturik, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak EHN enpresa publikoa sortu zuen 1989an[1]. 1994ko abenduan, Euskal Herriko lehenbiziko parke eolikoa eraiki zen Erreniegan, guztira sei aerosorgailu. Urtebete geroago, 1996ko ekainean, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak energia eolikoa garatzeko plangintza onartu zuen eta urte gutxitan instalaturiko potentzia hamarkoiztu egin zen. 2003an, EHN enpresaren akzioen erdia Acciona eraikuntza enpresari saldu zizkion gobernuak.

2007 urtea amaitzean, Nafarroa Garaian zeuden ehunka aerosorgailuek Europar Batasunaren energia eoliko guztiaren %1,62 ekoizten zuten[2], 917 megawatt guztira. Kopuru hori Belgika, Suedia, Irlanda edo Polonia bezalako herrialdeak ekoiztutako energia eolikoaren gainetik dago. 2007an energia eolikoak Nafarroa Garaiak behar izan zuen energiaren % 45 ekoiztu zuen.[3]

Lanpostu berriak aldatu

2008. urtearen amaieran Acciona enpresak, airesorgailuak ekoizteko lantegi berria eraikitzeko obrak hasi zituen udalerriaren kanpoaldeko gunean. Lantegia Judasko bentan egongo da, 100.000 metro karratuko industrialde berri batean. Guztira 1.000 lanpostu berri sortuko direla aurrikusten da[4].

Euskal Autonomia Erkidegoa aldatu

Instalaturiko potentzia (Megawattetan)
Probintzia Potentzia (Mw) Euskal Herriko %
Araba 82 %7,36
Bizkaia 44 %3,95
Gipuzkoa 27 %2,42
Lapurdi 0 %0,00
Nafarroa Garaia 961 %86,27
Nafarroa Beherea 0 %0,00
Zuberoa 0 %0,00
GUZTIRA 1.114 %100,00

Euskal Autonomia Erkidegoko lehen parke eolikoa Nafarroa Garaian baino sei urte beranduago eraiki zen Elgea mendian[5]. Lehen parke horrek 40 aerosorgailu eta 27 megawatt ekoizteko gaitasuna zuen. Urte batzuk beranduago, Urkillako parkea eta Oiz mendikoa zabaldu ziren (2001 eta 2004 urteen artean).

2008. urtearen amaieran, instalaturiko potentzia eolikoa 958,77 megawattekoa zen Nafarroa Garaian eta 152,77 megawattekoa Euskal Autonomia Erkidegoan.[6]

Eusko Jaurlaritzaren plangintza aldatu

2007an Eusko Jaurlaritzak energia eolikoa hedatzeko plangintza prestatu zuen, 2015era bitartean 150 megawatt gehiago jarrita Euskal Autonomia Erkidegoko potentzia instalatua bikoizteko asmoarekin.

 
Abrako parke eoliko txikia —5 sorgailu baino ez ditu—, Zierbenan, Punta Lucerotik ikusia.

Eraikitzekoak ziren parke eolikoak hauek dira:

  • Iturrieta Mendiak, Araba: (50 MW) Eraikitzailea: Esbi Facility Management España S.L.
  • Alda Gurutzea, Araba: (50 MW) Eraikitzailea: Esbi Facility Management España S.L.
  • Arkamo, Araba: (50 MW) Eraikitzailea: Orisol Corporación Energética S.A.
  • Gazume, Gipuzkoa:(16 MW) Eraikitzailea: Orisol Corporación Energética S.A.
  • Sollube, Bizkaia: (14 MW) Eraikitzailea: Eólicas de Euskadi S.A.
  • Galdames, Bizkaia: (10,2 MW) Eraikitzailea: Eólicas de Euskadi S.A.
  • La Aceña, Bizkaia: (10,2 MW) Eraikitzailea: Eólicas de Euskadi S.A.
  • Jesuri, Bizkaia: (10 MW) Eraikitzailea: Guascor S.A.
  • Canto Blanco, Araba:(10 MW) Eraikitzailea: Guascor S.A.
  • Zanpatzu, Araba: (10 MW) Eraikitzailea: Gamesa Energía S.A.U.
  • Motxotegi, Araba: (10,2 MW) Eraikitzailea: Iberenova Promociones S.A.
  • Campeador, Araba: (16 MW) Eraikitzailea: Iberenova Promociones S.A.
  • Eltziego, Araba: (16 MW) Eraikitzailea: Iberenova Promociones S.A.
  • Mañueta, Araba: (9 MW) Eraikitzailea: Capital Energy Desarrollo Eólico y Solar S.L.
  • Zierbena Kaia, Bizkaia: (9 MW) Eraikitzailea: Capital Energy Desarrollo Eólico y Solar S.L.

Plangintza 2008an onartu zen eta eraikuntza lanak 2009an hasiko ziren arren. 2009an Patxi López lehendakariaren Eusko Jaurlaritza berriak bozketa egin zuen Eusko Legebiltzarrean eta talde politiko guztiek erabaki zuten plangintza bertan behera uztea, irizpide berriak ezarri eta plangintza aldatzeko.[7]

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu