Emily Dickinson

poeta estatubatuarra

Emily Elizabeth Dickinson (Amherst, Massachusetts, Ameriketako Estatu Batuak, 1830eko abenduaren 10a - Ibid. 1886eko maiatzaren 15a) poeta estatubatuarra izan zen. Nahiz eta bere bizitzan zehar oso ezaguna ez izan, adituek ia aho batez onartzen dute Emily Dickinson Ameriketako Estatu Batuek inoiz izan duten poetarik handienetakoa dela.[1][2]

Emily Dickinson

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakEmily Elizabeth Dickinson
JaiotzaAmherst1830eko abenduaren 10a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaAmherst
South Hadley
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaAmherst1886ko maiatzaren 15a (55 urte)
Hobiratze lekuaAmherst West Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: Bright's disease (en) Itzuli
Familia
AitaEdward Dickinson
AmaEmily Norcross Dickinson
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaWilbraham & Monson Academy (en) Itzuli
Amherst Academy (en) Itzuli
(1840 - 1847ko abuztuaren 10a)
Mount Holyoke College
(1847 - 1848ko martxoaren 25a)
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta eta lorezaina
Jasotako sariak
InfluentziakRalph Waldo Emerson
Genero artistikoaolerkigintza

emilydickinson.org
IBDB: 79266
Facebook: EmilyDickinsonAuthor Musicbrainz: 3bf47614-b5ce-4f9a-b802-02a2a0342f3b Songkick: 290184 IMSLP: Category:Dickinson,_Emily Find a Grave: 282 Edit the value on Wikidata

Sortutako ia 1.800 poemetatik 10 inguru argitaratu ziren bizi zen bitartean; gehienak bera hil ostean argitaratu ziren.[3] Olerki horiek garaiko arau poetikoetara egokitu zituzten: Dickinsonen olerkiek ez zuten izenbururik, eta lerro motzak, errima inperfektuak eta puntuazio ez konbentzionala erabiltzen zituen, baita letra larriaren erabilera ezohikoa ere.[2]

Herrikideekin lotura estua zeukan familia ezagun batekoa bazen ere, bizitzaren zatirik handiena aitaren Amhersteko etxetik atera gabe igaro zuen. Auzokoen ustez, Dickinson oso pertsona bitxia zen; beti zuriz janzten zen, eta ez zituen gonbidatuak agurtzen; azken urteetan, gainera, ia logelatik irten gabe bizi izan zen. Ez zen inoiz ezkondu, eta adiskideekiko harreman gehienak gutunen bidez landu zituen.

Biografia

aldatu

Familia eta haurtzaroa

aldatu

Emily Elizabeth Dickinson bere familiaren etxean jaio zen, Amhersten (Massachusetts), 1830eko abenduaren 10ean. Bere familia entzutetsua zen, baina ez aberatsa.[4] Bere aita, Edward Dickinson, abokatua eta Amherst College-ko fideikomisarioa zen.[5]

Berrehun urte lehenago Dickinsonen aita-bideko arbasoak Ameriketara iritsi ziren puritanoen migrazio handian, non aurrera egin zuten.[4] Dickinsonen aitaldeko aitona, Samuel Dickinson, Amherst Collegeren sortzaileetako bat izan zen.[4][6] 1813an familiaren etxea eraiki zuen herriaren kale nagusian; etxea Dickinson familiaren gune bihurtu zen mendearen zati handi baterako.[6] Samuel Dickinsonen seme nagusia, Edward, Amherst Collegeren diruzaina izan zen 1835etik 1873ra. Gainera, Massachusettsko Ordezkarien Etxean (1838-1839; 1873) eta Massachusettsko Senatuan (1842-1843) jardun zuen, eta Estatu Batuetako 33. Kongresuan (1853-1855) Massachusettsko 10. kongresu barrutia ordezkatu zuen.[7] 1828ko maiatzaren 6an Monson-go Emily Norcross-ekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten:

Esaten denez, Dickinson neska zintzoa zen umetan. Bi urte zituenean Monsonera egindako bidai luze batean bere izeba Laviniak honela deskribatu zuen: «guztiz ondo, haur oso ona da eta ez du ia arazorik ematen».[4] Dickinsonen izebak, gainera, neskaren musikarekiko afinitatea eta pianoa jotzeko trebetasuna adierazi zituen.[8]

Dickinson haur hezkuntzara joaten zen Pleasant Street-eko bi pisuko eraikin batean.[4] Bere hezkuntza «oso klasikoa zen neska viktoriar batentzat».[9] Aitak seme-alabak ondo heziak izatea nahi zuenez, beren aurrerapena jarraitu zuen nahiz eta kanpoan egon lanean. Dickinsonek zazpi urte zituenean, aitak etxera idatzi zuen, seme-alabei gogorarazteko «eskolan geratzeako eta ikasteko, ni etxera natorrenean zenbat gauza berri ikasi dituzuen kontatzeko».[4] Dickinsonek bere aita modu epelean deskribatu zuen. Bere eskutitzek, ordea, ama hotza eta urruna izan ohi zela iradokitzen dute. Eskutitz batean Dickinsonek dio ama «beti korrika zihoala Etxera Austinengana, edozer gertatzen bazitzaidan. Ama oso txarra zen, baina gehiago atsegin nuen hori [amarik ez izatea] baino».[6]

 
Dickinson haurrak (Emily ezkerrean), 1840 urte inguruan. Harvard Unibertsitatea.

1840ko irailaren 7an, Dickinson eta bere ahizpa Lavinia Amherst Academy-n ikasten hasi ziren, aurretik mutilentzako eskola izandakoa, baina bi urte lehenago neskentzako ere zabaldu zutena.[4] Gutxi gorabehera garai hartan, bere aitak etxe bat erosi zuen North Pleasant Street-en.[8] Dickinsonen neba Austinek etxe handi eta berri hau «luxuzko etxe» moduan deskribatu zuen, non bera eta Emily, «jaun eta andere», etxearen buru ziren gurasoak kanpoan zirenean.[4] Etxetik Amhersteko hilerria ikus zitekeen, bertako apaiz batek «zuhaitzik gabe» eta «ezatsegin» moduan deskribatu zuena.[8]

Nerabezaroa

aldatu

Zazpi urtez Amherst Academy ikastetxean ikasi zuen. Ikasi zituen ikasgaien artean ingelesa eta antzinako literatura, latina, botanika, geologia, historia, «filosofia mentala» eta aritmetika zeuden.[8] Daniel Taggart Fiske-ren, orduko eskolako zuzendariaren arabera, Dickinson «oso argia» zen, eta esan zuen «ikasle bikaina [zela], portaera eredugarria [zuela], [eta] zintzoa [zela] eskolako eginkizun guztiekin».[4] Nahiz eta denboraldi batzuk eskolatik kanpo eman zituen gaixotasunen ondorioz, ikasketa nekezak gogoko zituen, eta lagun bati idatzi zion Amherst Academy «oso eskola ona» zela.[6] Eskolatik kanpo emandako denboraldirik luzeena 1845–1846 artean izan zen, hamaika astez bakarrik egon baitzen matrikulatuta.[8]

Heriotzaren «gero eta arrisku handiagoak» gaztetatik arduratzen zuen Dickinson, batez ere gertukoak zituen pertsonen heriotzek. Sophia Holland, bere bigarren lehengusua eta lagun mina, tifusarekin gaixotu eta 1844ko apirilean hiltzeak Dickinson traumatizatu zuen.[10] Bi urte beranduago gertakaria oroituz, zera idatzi zuen: «iruditzen zitzaidan ni ere hil beharko nintzatekeela, baimenik baldin ez banuen bera zaintzeko ezta bere aurpegira begiratzeko ere».[8] Hain malenkoniatsu zegoenez, gurasoek Bostongo familiarengana bidali zuten indarberritzeko.[6] Behin osasunez hobeto zegoela, Amherst Academy-ra itzuli zen ikasketekin jarraitzeko.[10] Garai honetan ezagutu zituen bizi osorako lagunak izango zirenak, zeintzuei eskutitzak bidali zizkien hil zen arte; hala nola, Abiah Root, Abby Wood, Jane Humphrey eta Susan Gilbert (azken hau Dickinsonen neba Austinekin ezkondu zen beranduago).

1845ean erlijio-suspertzea izan zen Amhersten eta Dickinsonen adinkideen artean 46 kidek fede aitorpena egin zuten.[10] Hurrengo urtean lagun bati idatzi zion: «inoiz ez dut hain bake eta zorion perfektua sentitu, nire Salbatzailea topatu nuela uste nuen denbora laburrean sentitu nuena baino».[8] Gainera, gehitu zuen bere «poztasun handiena zela Jainkoarekin komulgatzea bakarrik [nengoela] eta nire otoitzak entzungo zituela sentitzea».[8] Esperientziak ez zuen iraun, Dickinsonek ez baitzuen inoiz fede aitorpen ofizialik egin eta elizkizunetara erregulartasunez joateari utzi baitzion pare bat urte geroago.[10] Elizara joateari utzi ondoren, gutxi gorabehera 1852an, olerki bat idatzi zuen, honela zioena: «Igandea batzuek Elizara joanik gordetzen dute — / Nik Etxean geldituta gordetzen dut —»[11] (ingelesez: Some keep the Sabbath going to Church – / I keep it, staying at Home –).[12]

Amherst Academyn azken hiruhilekoa bukatu ondoren, 1847ko abuztuaren 10ean, Mary Lyon-ek sortutako Mount Holyoke Female Seminary-ra joaten hasi zen (ondoren Mount Holyoke College izango zena), South Hadley-n, Amherstik 16 km-ra.[10] Seminarioan hamar hilabetez bakarrik egon zen. Nahiz eta gustuko zituen Holyokeko neskak, Dickinsonek ez zuen lagun iraunkorrik egin bertan.[4] Hain denbora gutxiko egonaldiaren azalpenak ugari dira, esaterako, osasun txarrez zegoela, bere aitak etxean egotea nahi zuela, eskolako debozio ebangelikoaren aurka egin zuela, gehiegizko disziplina eskatzen zuten irakasleak atsegin ez zituela, edo herriminez zegoela.[4] Holyoke uzteko arrazoia edozein zela ere, bere neba Austin bertan agertu zen 1848ko martxoaren 25ean, «gertatzen dena gertatzen dela etxera ekartzeko».[8] Amherstera itzulitakoan, Dickinsonek etxeko jarduerak egiten igarotzen zuen denbora.[13] Familiarentzat ogia eta antzeko jakiak prestatzen zituen labean, eta herriko gertaeretan eta ekintzetan parte hartzea atsegin zuen.[8]

Lehen influentziak eta idazkiak

aldatu

Hemezortzi urte zituenean, Dickinsonen familiak Benjamin Franklin Newton izeneko abokatu gaztearekin adiskidetasuna hasi zuten. Dickinsonek Newtonen heriotzaren ondoren idatzi zuen eskutitz baten arabera, «nire Aitarekin [egon zen] bi urtez, Worcester-era joan aurretik, ikasketak aurrera eramateko, eta gure familiarekin egoten zen sarri.»[8] Nahiz eta beren arteko harremana ziurrenik ez zen erromantikoa izan, Newton influentzia hezigarria izan zen Dickinsonentzat eta lehenengo edo bigarren gizona (Leonard Humphrey-ren ondoren) bere tutore, irakasle edo maisutzat jo zuena.[4]

Segur aski William Wordsworth-en idazkiak erakutsi zizkion Newtonek Dickinsoni. Horrez gain, Ralph Waldo Emerson-en poema bilduen lehen liburua oparitu zion, Dickinsonengan efektu askatzailea izan zuena. Hari buruz idatzi zuen: «Emersonek, zeinaren izena nire Aitaren Zuzenbide Ikasleak erakutsi zidan, ezkutuko Udaberria ukitu du».[8] Newtonek begirune handia zion, harengan sinesten zuen eta poetatzat jotzen zuen. Tuberkulosiak jota hiltzen ari zela Dickinsoni idatzi zion, esanez aurreikusten zuen handitasuna lortu arte bizitzea gustatuko litzaiokeela.[8] Biografo batzuek uste dute Dickinsonek 1862an idatzitako adierazpena, honako hau zioena: «Neska txikia nintzenean, lagun bat nuen, zeinek Hilezkortasuna erakutsi zidan – baina hainbeste arriskatu zen bera – ez zela inoiz ere itzuli», Newtoni buruzkoa zela.[8]

Dickinsonek, Biblia ez ezik, literatura garaikidea ere ezagutzen zuen.[14] Lydia Maria Child-en Letters from New York (euskaraz: Eskutitzak New Yorketik) liburuak eragina izan zuen, segur aski, poetarengan. Newtonek emandako beste opari bat zen.[10] Irakurri ondoren, gogo biziz esan zuen «hau bai dela hau liburu bat! Eta are gehiago daude oraindik!».[10] Bere nebak Henry Wadsworth Longfellow-ren Kavanagh liburuaren kopia bat «kontrabandoan» sartu zuen etxera arrebarentzako (aita horren kontra egon litekeelako)[4] eta lagun batek Charlotte Brontëren Jane Eyreren kopia bat eman zion 1849an.[8] Jane Eyreren influentzia ezin daiteke neurtu, baina Dickinson txakur batez jabetu zenean (Ternua arrazakoa, bizitzan izango zuen bakarra) «Carlo» izena ipini zion, St. John River pertsonaiaren txakurrarengatik.[8] William Shakespeare ere influentzia indartsua izan zen bere bizitzan. Lagun bati idatzi zion, Shakespeareren antzezlanei buruz, «Zergatik besarkatu hau ez den beste esku bat?», eta beste bati, «Zergatik da beste edozein liburu beharrezkoa?».[4]

Heldutasuna eta isolamendua

aldatu

1850 hasieran, Dickinsonek zera idatzi zuen: «Amherst dibertsioz bizirik dago negu honetan... O, zer herri bikaina den hau!».[13] Bere aldarte ona laster malenkonia bilakatu zen beste heriotza baten ondoren. Amherst Academy-ko zuzendaria, Leonard Humphrey, «burmuineko kongestio» baten ondorioz hil zen, 25 urte zituela.[4] Bi urte geroago, Abiah Root lagunari bere tristuraren hedadura erakutsi zion.

... nire lagunetako batzuk joan egin dira, eta nire lagunetako batzuk lotan daude – hilerriko loaldian lo egiten – ilunsentiko ordua goibela da – behin nire ikasteko ordua izaten zen – nire nagusia atseden hartzera joan da, eta liburuan zabalik dagoen orriak, eta adituak eta eskolak soilik, malkoak helarazten dizkit, eta ezin ditut kendu; ez nuke egingo ahal izango banu, joandako Humphreyri egin ahal diodan omenaldi bakarra baita.[4]

 
The Evergreens, Edward Dickinsonek eraikia, Austin eta Susanen familiaren etxea izan zen.

1850ko hamarkadan zehar, Dickinsonek harreman sendoena eta maitekorrena bere koinatarekin, Susan Gilbertekin, izan zuen. Bizitza osoan zehar hirurehun eskutitz baino gehiago bidali zizkion, beste edozein korrespontsali baino gehiago. Susanek sostengua ematen zion poetari, eta bere "lagun mina, influentzia, musa eta aholkularia" zen; Dickinsonek batzuetan Susanen erredakzio-iradokizunak onesten zituen.[15] 1882an Susani bidalitako eskutitz batean, Dickinsonek zera esan zuen: "Shakespeare izan ezik, zuk erakutsi didazu ezagutza gehiago edozein bizidunek baino".[16]

Argitalpena

aldatu

Kasik 1.800 poema idatzi bazituen ere, Dickinson bizirik zela hamar bat baino ez ziren argitara eman[3], denak ere egilearen borondatearen kontra eta garaiko arau poetikoetara egokituta.[2] Poemetako asko heriotzari eta hilezkortasunari buruzkoak dira; gai horiek dira, baita ere, lagunekiko gutun-trukean lantzen zituenak. 1886an hil zenean, poeta ezezaguna zen bere inguru gertutik kanpora.

Emily Dickinsonen ahizpa txiki Laviniak poema sorta mordoa aurkitu zuen, eta poemok publikatzeko asmoari heldu zion. Hala, 1890. urtean argitaratu zen Dickinsonen lehen liburua, Poems of Emily Dickinson (Emily Dickinsonen poemak) izenburuarekin. Jatorrizko poemak apur bat moldatuta argitaratu zen, puntuazio-zeinuei, izenburuei eta zenbait hitzi zegokienez; izan ere, Dickinsonek gidoi luzeak eta maiuskulak erabiltzen ditu, eta hori da, hain justu ere, bere poemen ezaugarri nabarmenenetako bat.[2] Poema guztiak bildu zituen lehen edizioa 1955ean argitaratu zen, Thomas H. Johnson-ek apailatuta. Beste edizio kanoniko bat ere badago, Ralph W. Franklin-ek 1998an eginikoa.[11]

Euskaraz

aldatu

Irudi galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Emily Dickinson» Poetry Foundation. (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  2. a b c d (Ingelesez) McNeil, Helen. (1986). Emily Dickinson. Virago Press ISBN 0394747666..
  3. a b (Ingelesez) «Publications in Dickinson's Lifetime» Emily Dickinson Museum (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  4. a b c d e f g h i j k l m n o p (Ingelesez) Sewall, Richard B. (1974). The Life of Emily Dickinson. New York: Farrar, Straus, and Giroux ISBN 0-674-53080-2..
  5. (Ingelesez) Blankenship, Russell. (1958). American Literature As an Expression of the National Mind. New York: Holt, Rinehart and Winston.
  6. a b c d e f (Ingelesez) Wolff, Cynthia Griffin. (1986). Emily Dickinson. ISBN 0-201-16809-X..
  7. (Ingelesez) Biographical Directory of the United States Congress. .
  8. a b c d e f g h i j k l m n o p (Ingelesez) Habegger, Alfred. (2001). My Wars Are Laid Away in Books: The Life of Emily Dickinson. .
  9. (Ingelesez) Farr, Judith. (2005). The Gardens of Emily Dickinson. Harvard University Press. ISBN 9780674018297..
  10. a b c d e f g (Ingelesez) Ford, Thomas. (1966). Heaven Beguiles the Tired: Death in the Poetry of Emily Dickinson. University of Alabama Press.
  11. a b Erro, Angel. (2014). Poesia kaiera: Emily Dickinson. Susa Literatura ISBN 978-84-92468-60-7. (Noiz kontsultatua: 2017-07-09).
  12. (Ingelesez) Franklin, Ralph W.. (2005). The Poems of Emily Dickinson: Reading Edition. Harvard University Press ISBN 0-674-01824-9..
  13. a b (Ingelesez) Pickard, John. (1967). Emily Dickinson: an introduction and interpretation. New York: Holt, Rinehart and Winston.
  14. (Ingelesez) Knapp, Bettina. (1989). Emily Dickinson. ISBN 978-0826404411..
  15. (Ingelesez) Martin, Wendy. (2022). The Cambridge Companion to Emily Dickinson. Cambridge University Press ISBN 0-521-00118-8..
  16. (Ingelesez) Novy, Marianne. (1990). Women's Re-visions of Shakespeare: On the Responses of Dickinson, Woolf, Rich, H.D., George Eliot, and Others. University of Illinois Press.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Emily Dickinson» artikulutik itzulia izan da, 2021-12-18 data duen 1060984250 bertsioa oinarritzat hartuta. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria.