Ekuadorko geografia
Ekuador ekuatoreak zeharkatzen duen Hego Amerikako ipar-mendebaldeko estatua da. Iparraldean Kolonbiarekin du muga, ekialde eta hegoaldean Perurekin eta mendebaldean Ozeano Barearekin. Ozeano honetan, kontinentetik 1.000 kmra dauden Galapago uharteak ere Ekuadorkoak dira. 283.561 km²-ko azalera du[1].
Eskualde geografikoak
aldatuEkuadorren hiru eskualde kontinental —la Costa (kostaldea), la Sierra (mendialdea) eta el Oriente (ekialdea)— eta uharte eskualde bat —Galapagoak— bereizten dira.
La Costa (kostaldea)
aldatuOzeano Barearen bazterreko zabaldi emankorra da, herrialdearen mendebaldean dagoena. Iparraldetik hegoaldera garaiera txikiko mendilerro batek zeharkatzen du (gehienezko garaiera 800 m). Mangladi ugari, oihan tropikal lehor eta hezeak eta lur landuak daude. Nekazaritza aberatsa dago, banana, kakao eta kafe sailak batez ere. Hemen dago Ekuadorko hiririk handiena, Guayaquil, eta honekin batera, portu garrantzitsuenak Puerto Bolívar, Manta eta Esmeraldas dira.
La Sierra (mendialdea)
aldatuAndeek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute Ekuador. 6.000 metro baino gehiagoko gailurrak daude eta sumendi aktibo batzuk (Cotopaxi, Tungurahua). Herrialdearen iparraldean hiru mendilerro paralelo bereizten dira: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Hegoaldean mendilerroak ez dira ongi zehaztuak Eskualde honetan daude herrialdeko hiri handienetako batzuk:Quito (hiriburua), Loja, Riobamba...
El Oriente (ekialdea)
aldatuAmazonas ibaiaren arroan dago eta gehiena oihan tropikal hezea da. Herrialdearen azaleraren erdia da (131 000 km²) baina biztanleen %5a baino ez du. Talde indigena ugari bizi da bertan: kitxuak, siona-secoyak, huaroaniak, kofanak...[2] Eskualde honetan, Nueva Lojaren inguruan, petrolioa ustiatzen da. Kutsadurak kalte handiak eragin ditu oihanetan, uretan eta giza osasunean[3][4]
Galapago uharteak
aldatuGalapagoak Ozeano Barean daude, kontinentetik 900-1.200 kilometrora. 17 uharte handi, 23 uhartexka eta 100 uharte txiki dira. Denetara 8.010 km²-ko azalera du.
Mendi eta sumendiak
aldatuMendia | Garaiera (m) | Azken erupzioa |
Chimborazo | 6.267 | K.a. 640 ± 500 urte |
Cotopaxi | 5.897 | 1940 |
Cayambe | 5.790 | 1786 |
Antisana | 5.753 | 1802 |
Altar | 5.320 | |
Illiniza | 5.248 | Holozenoan |
Sangay | 5.230 | 2007 |
Tungurahua | 5.023 | 2010[5] |
Carihuarazo | 5.020 | |
Cotacachi | 4944 | K.a. 950? |
Guagua Pichincha | 4.787 | 2004 |
Reventador | 3.562 | 2007 |
Hidrografia
aldatuEkuadorko sare hidrografikoan bi isurialde daude: Pazifikokoa, Andeetatik mendebaldera, eta Atlantikokoa, Andeetatik ekialdera. Ibai gehienak Sierran sortzen dira. Goi ibilguan ur-jauziak eta lasterrak izaten dira eta arroilak zeharkatzen dituzte.
Pazifikoko isurialdeko ibai nagusiak Esmeraldas—ahoa Esmeraldas hirian duena— eta Guayas—ahoa Guayaquilgo golkoan duena—dira. Ibai jariotsuak dira eta nabigagarriak behealdean.
Atlantikoko isurialdeko ibaiak Amazonasen arrokoak dira. Putumayo (Colombiatik datorrena) eta Napo ibaiak zuzenean Amazonasen isurtzen dira. Tigre, Pastaza eta Santiago berriz, Marañonen ibai adarrak dira.
Ekuadorko aintzira gehienak txikiak dira eta Sierran daude. Aipagarrienak Imbabura probintziakoak dira: Cuicocha, Mojanda, Yahuarcocha, Laguna de San Pablo...[6].
Datu orokorrak
aldatuKokapena: Hego Amerikako ipar-mendebaldean, ekuatoreak zeharkaturik, Colombia, Peru eta Pazifikoaren artean.
Koordenatu geografikoak:
Azalera:
- osoa: 283.561 km²
- lehorra: 276.841 km²
- ura: 6.720 km²
Herrialdearen mugak:
denetara: 2.010 km
Erresuma mugakideak:
Itsasbazterra: 2.237 km
Lurraldea: itsas bazterreko zabaldia mendebaldean (costa), Andeetako mendigunea erdialdean (sierra) eta oihan tropikala ekialdean (oriente).
Muturreko garaierak:
- puntu beherena: Ozeano Barea, 0 m
- puntu gorena: Chimborazo 6.267 m
Baliabide naturalak: petrolioa, arrantza, zura, hidroelektrizitatea
Lurren erabilera: (2005)
- lur landuak: %5,71
- labore iraunkorrak: %4,81
- beste: %89,48
Lur ureztatua: (2003) 8.650 km²
Ur baliabide berriztagarriak: (2000) 432 km³
Ur kontsumoa (etxeko-ura/industria-ura/nekazal-ura): (2000)
- denetara: 16,98 km³/urte (%12/%5/%82)
- per capita: 1.283 m³/urte
Arrisku naturalak: maizko lurrikarak; luiziak; sumendien aktibitatea; uholdeak; aldian behingo lehorteak. Sumendirik aktiboena Tungurahua (5.023 m) da eta 2010ean erupzioa izan zuen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ CIA: The world factbook
- ↑ Izarraitz’s Weblog: Ekuadorko hizkuntza indigenak
- ↑ Ekologistakmartxan: Petrolioa munduaren erdian[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ UNESCO Aldizkaria: Petrolioa mara-mara, oihana odoletan[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Hoy.com.ec: Erupción del Tungurahua provoca evacuaciones y afecta tráfico aéreo[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ La guia 2000: Ecuador, hidrografía