Cabo Machichaco

Cabo Machichaco baporea sutan, oraindik moilan zegoela.
Euskal Herria
Ontziola: Newcastle upon Tyne
Uretaratze data: 1882
Zerbitzua: Compañía Ybarra
Ezaugarriak

Cabo Machichaco 1882an Newcastlen eraikitako lurrunontzia izan zen.[1] 1885ean Compañía Ybarra bilbotar armadoreak erosi zuen, Bilbo eta Sevilla arteko kabotaje lanak egiteko. Ibilaldiaren lehenengo geltokia Santanderko portua izan zen. Ontzia 1893ko azaroaren 3an portuan lehertu eta XIX. mendean Espainian izandako sarraski zibilik handiena eragin zuen.[2]

Hondamena aldatu

 
Cabo Machichaco lurrunontzia Santanderko badian sutan.

1893ko azaroaren 3an, Cabo Machichaco, Pedrosako lazaretoan koarentena pasa eta gero (Bilbon zenbait gaixok kolera izan zuten eta), Maliañoko 2. moila irtenean zegoen, egungo Calderón de la Barca kalearen parean. Itsasontziak, irina eta gai siderurgikoez gain, bizkarrean zenbait azido sulfuriko txanbil eta (parte eman barik edo portuko autoritateek isilean goerdeta) 51 tona dinamita ere zituen.[3]

Dinamita Galdakaon ekoiztua izan zen[4] eta, hogei kutxa Santanderrentzat, hegoaldeko portuetarako zegoen. Santanderko portuaren arautegiaren arabera, dinamita zeraman edozein ontzik zamalanak Magdalenako ainguralekuan edo Maliañoko moilen muturrean egin behar zituen.

Arratsaldeko ordubata eta erdi inguru, tokiko agintariek Cabo Machichacon sute bat hasi zela jakin zuten. Sutea amatatzeko, ontziko baliabide urriez gain, suhiltzaileak eta portuko gangil bat ere erabili zituzten. Egoera zaila zenez, agintari eta tekniko gehienek hara bertakotu ziren laguntzeko asmotan. Azido sulfurikoko txanbil baten eztanda sortu omen zuen sutea.[5] Bizkarren hasi eta brankako sotoetara zabaldu zen.[6]

Portuan ainguraturik edo atrakaturik zeuden ontzien eskifaiak ere hara joan ziren (aurreko egunean Kubatik ailegatitako Alfonso XIII lurrunontziarena adibidez). Francisco Jauregizar Cagigal ontzi horren kapitainak eta Francisco Cimiano kapitain-ikuskatzaileak Auxiliar nº 5 ontziari- Compañía Trasatlántica Españolarena zena- hara joateko agindua eman zioten.[4] Galindo frantziar itsasontziaren, Eden ingelesaren eta Naviera Pinillosen Catalina espainiar transatlantikoaren tripulatzaileak ere hara joan ziren.

 
Alfonso XIII lurrunontzia, 1889an egina. Eztandan 32 tripulatzaile hil ziren, tartean Francisco Jauregizar Cagigal kapitaina.

Suteak ikusnahi asko erakarri zituen, sotoan zer zegoen ez zekitela. Arratsaldeko lauretan, sute oraindik martxan zegoela, ontziaren zama ezagutarazi zuten. Hala ere, portuko agintariek ez zuten publikoa aldendu.[3]

Ordubete geroago, brankako soto biek eztanda egin zuten.[3] Eztandak milaka tonako ur-zaparrada sortu zuen, jende asko itsasora bota zuena.[7] Hedatze-uhina badia osotik zabaldu zen.[3] Gertiko eraikinak eraitsi egin ziren.[3] Ontziaren zatiak kilometrotara jauri zituen: zirga bat zortzi kilometrotara dagoen Peñacastilloraino ailegatu eta lagun bat hil zuen.[7] Hedatze-uhinak zenbait kilometrotara zegoen San Juan de Maliañoko Erdi Aroko baseliza eraitsi zuen. Ontzian zeuden guztiak, tartean Alfonso XIIIren 32 tripulatzaile eta bere kapitaina, eztandan hil ziren.

Eztandaren ondorioz, 590 hildako eta 525 zauritu izan ziren,[8] iturri batzuen arabera 2.000 zauritu ere izan zirela esan bazuten ere.[3][9] Garai hartan, hiriak 50.000 biztanle zituen.[3] Agintari zilbil eta militar gehienak,[8] tartean Somoza gobernadore zibila (bere aginte-makila San Martín hondartzan, handik kilometro batera baino gehiago agertu zen),[7] suhiltzaileak, langileak eta ikusnahiak hil ziren.[8]

Ondorioak aldatu

Rafael González Echegaray (1923-1985) santandertar historialariak Cabo Machichacoren kapitaina zen Facundo Lenitz Mazaren lana defendatu zuen, portuko agintarien lanak kritikatuz. Bere ustez, hauek arautegian ezarritakoaren ez betetzea onartzen zuten.[10]

 
Cabo Machichacoren egoera bi eztanden ondoren.

Hildako eta zaurituez gain, inguruko eraikinak eztandak edo hedatze-uhinak eraitsiak izan ziren, Méndez Núñez kaleko ia etxebizitza guztiak botaz.[7] Suteak hainbat eraikin erre zituen eta gaueko berreskuratze-lanak argitu zituen.[7] Guardia batek bi kilometrotara zegoen zur-biltegi bateko teilatuan bi hanka topatu zituen.[7]

Hondamenaren hurrengo hilabeteetan, oraindik ontzian zegoen dinamita berreskuratzea saiatu ziren. Baina lan hauek ondorioz, 1894ko martxoaren 21ean bigarren eztanda bat izan zuen, 15 lagun hil zituena.[11]

Santanderrek bere agintari zibil, militar eta suhiltzaile gehienak galdu zituen. 1875tik aurrera hiriko ekonomia krisialdian zegoen: atzerrira gari eta irina esportatzea galarazita zegoen, amerikar kolonien galerak arazoa areagotu zuen... Hala ere, epeka epeka hiriak bere ekonomia berreskuratu zuen: 1898an bahitetxea, 1907an Banco Mercantil edo Navegación Montañesa ontzi-enpresa sortu zituzten...

Monumentuak aldatu

 
Valentín Lavínen monumentuaren atzealdea.
  • José María de Peredak Pachín González (1896) eleberria eta Marcos Linazasoro poetak litografia bat egin zuten.
  • 1896an Valentín Ramón Lavín Casalís (1863-1939) udal arkitektoak monumentu bat diseinatu zuen.[3] Gurutzean eztanda bien datak grabatuta daude eta Cipriano Folgueras Doiztúa (1863-1911) oviedotar eskultoreak egindako emakume baten brontzezko eskultura du.[3] Cachavas enparantzan dago, eztanda-gunetik gertu.
  • Ciriegoko hilerrian A. García Cabezasek monumentu bat egin zuen.[3]
  • Santanderko Udalak urtero azaroaren 3an biktimen omenezko ekitaldia egiten du, Calderón de la Barca kalean.[8]

Ikus gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu