Artizarraren kolonizazioa

Artizarraren kolonizazioa, Lurretik hurbilen dagoen planeta, espekulazio handiko gaia izan da, zientzia-fikziozko lan askotan tratatua, Artizarraren esplorazio espaziala hasi aurretik zein ondoren. Artizarreko lurrazaleko baldintza ia-ezinezkoak aurkitu ondoren, arreta, nagusiki, Ilargiaren kolonizaziora eta Marteren kolonizaziora bideratu da. Hala ere, duela gutxi, ikerketa espekulatiboak Artizarra kolonizatzeko bideragarritasuna berragertarazi du, bereziki bere atmosfera kolonizatzeko ideiekin.

Artizarraren terraformazioa, kontzepzio artistiko batean.

Kolonizatzeko arrazoiak

aldatu

Planeten kolonizazioa espazio-esplorazioaren beste urrats bat da, eta Lurretik kanpoko inguruneetan gizakiak etengabe egotea dakar. Stephen Hawkingek esan zuen espazioaren kolonizazioa giza espeziearen biziraupena ziurtatzeko modurik onena izango litzatekeela. Planetak kolonizatzeko beste arrazoi batzuk interes ekonomikoak eta epe luzerako ikerketa zientifikoak dira.

Aukerak

aldatu
 
Artizarraren eta Lurraren tamainen arteko alderaketa.

Artizarrak Lurrarekin antzekotasun batzuk ditu, baldintza zailengatik ez balitz, kolonizazioa, alderdi askotan, beste helmuga posible batzuekin alderatuz erraztu ahal izango lukeena. Antzekotasun hauek, eta bere hurbiltasunak, Artizarra, Lurraren "planeta ahizpa" deitua izatera eraman dute[1].

Gaur egun ez da zehaztu Marteren grabitatea, Lurrarena baino 0,38 aldiz txikiagoa, nahikoa izango litzatekeen hezurren deskaltzifikazioa eta mikrograbitazio ingurune batean bizi diren astronautek jasaten duten muskulu-tonuaren galera saihesteko[2]. Artizarra, aldiz, Lurreko baloreetatik dago, tamaina eta masa aldetik, eta, ondorioz, antzeko azaleko grabitate bat sortzen da (0,904 g), ziur asko, grabitate txikiari lotutako osasun arazoak saihesteko nahikoa izango litzatekeena. Espazioaren gainerako esplorazio- eta kolonizazio-plan gehienek giza sistema muskuloeskeletikoan g grabitate oso txikia edo zero grabitatearen epe luzeko esposizioak dituen ondorio kaltegarrien kezkari aurre egin behar diote.

Artizarraren hurbiltasun erlatiboak, garraioa eta komunikazioak, Eguzki-sistemako gainontzeko toki gehienetan baino errazagoak izatea eragiten du. Gaur egungo propultsio sistemekin, Artizarrera jaurtitzeko leihoak 584 egunetan behin gertatzen dira[3], Marteren 780 egunekin alderatuta[4]. Hegaldi denbora ere zertxobait laburragoa da; Venus Express zundak, 2006ko apirilean Artizarrera iritsi zena, bost hilabete pasatxo eman zituen bidean, Mars Expressen ia sei hilabeteekin alderatuta. Hau, bere hurbilketarik handienean, Artizarra Lurretik 40 milioi kilometrora dago (Lurraren perihelioari, Artizarraren afelioa kenduta), Marteren 55.000.000 kilometroekin alderatuz (Marteren perihelioari, Lurraren afelioa kenduta), Artizarra, Lurretik gertuen dagoen planeta izatea eragiten duena.

Artizarraren atmosfera batez ere karbono dioxidoz osatua dago. Nitrogenoa eta oxigenoa karbono dioxidoa baino arinagoak direnez, aire arnasgarriz betetako puxikek 50 km inguruko altueran flotatuko dute. Altuera honetan, tenperatura 75 °C ingurukoa da, 27 °C, 5 km gorago irits bagintezke.

Atmosferak giza bizitzarako eta nekazaritzarako beharrezkoak diren elementuak ere ematen ditu: karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa, nitrogenoa eta sufrea[5].

Gainera, goragoko atmosferaren eremuak Lurreko atmosferak emandako babesaren pareko babesa eman liezaioke eguzki-erradiazio kaltegarriari. Marteko atmosferak eta Ilargikoak ez dute babes hori ematen[6][7][8].

Oztopoak

aldatu
 
Artizarreko gainazaleko sumendi bat. Bizitzarako ingurune oso konplexua da Artziarra.

Artizarrak ere baditu giza kolonizaziorako erronka garrantzitsu batzuk. Artizarraren gainazalaren baldintzak aurre egitea zaila da: ekuatoreko tenperatura 450 °C-koa da, berunaren fusio puntua baino altuagoa, 327 °C-koa dena, gainazaleko presio atmosferikoa Lurrean baino laurogeita hamar aldiz handiagoa ere bada, kilometro bat ur azpian izandako presioaren baliokidea dena. Baldintza hauek, lurrazaleko misioak oso laburrak izatea eragin dute: sobietar zundak, Venera 5 eta Venera 6, presio altuak zapalduak izan ziren, oraindik, lurrazaletik 18 kilometrora zeudenean. Hurrengo lurreratze ontziek, Venera 7 eta Venera 8 kasu, lurrazalera iritsi ondoren datuak transmititzea lortu zuten, baina misio hauek ere laburrak izan ziren, eta ez zuten lurrazalean ordubete baino gehiago iraun.

Gainera, ura, edozein modutara ere, ia ez dago Artizarrean. Atmosferak ez du oxigeno molekularrik eta karbono dioxidoa da nagusiki. Gainera, ikus daitezkeen hodeiak azido sulfuriko korrosiboz eta sufre dioxidozko lurrunez osatuta daude.

Kolonizatzeko eta esploratzeko metodoak

aldatu

Habitat aerostatikoak eta hiri flotatzaileak

aldatu
 
Globo aerostatiko forma duen kolonizazio proposamen bat.

Jada 1971an sobietar zientzialariek proposatu zuten Artizarreko lurrazala kolonizatu beharrean, posible zela bere atmosfera konkistatzea[9]. Geoffrey A. Landisek laburbildu zituen Venusen kolonizazioaren zailtasunak, kolonia batek nahitaez planeta baten gainazalean egon behar zuela onartzearen ondorio gisa:

« Hala ere, beste era batera ikusita, Venusekin dagoen arazoa da lurraren maila urrunegi dagoela atmosferaren lehenengo mailatik. Goi-hodeien mailan, Artizarra paradisuko planeta da. »


Landisek habitat aerostatikoak eta hiri flotatzaileak proposatu ditu, aire arnasgarria (21:79ko oxigeno/nitrogeno nahasketa) karbono dioxido atmosfera trinkoan gas jasotzaile bat delako, helioak Lurrean duen botere jasotzailearen %60 baino gehiagorekin[10]. Izan ere, gizakiak arnas dezakeen airez beteriko globo batek bere burua eta pisu gehigarri bat (kolonia bat bezala) airean jasango lituzke. Artizarraren gainazaletik 50 kilometroko altueran, ingurumena Lurraren antzekoena da Eguzki Sisteman osoan -1 atm edo 1000 hPa inguruko presioa eta tenperatura 0 eta 50 °C artean. Erradiazio kosmikoaren aurkako babesa, goiko atmosferak emango luke, Lurraren pareko ezkutu masa batekin[11].

Hodeien goialdean, Artizarreko haizearen abiadura 95 m/s-raino iristen da (340 km/h), planetari lau egunetik behin bira emanez, "supererrotazio" bezala ezagutzen den fenomeno batean[12]. Lurreko 118 eguneko Artizarreko egunarekin alderatuta, eskualde honetan aske flotatzen duten koloniek, beraz, egun-gau ziklo laburrago bat izan dezakete. Kolonia bat aske mugi dadin baimentzeak, lurrera lotuta baleude izango luketen haizearen egiturazko tentsioa ere murriztuko luke.

Terraformazioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Artizarraren terraformazioa»

Artizarraren terraformazioa planetako ingurugiro globalaren ingeniaritza prozesu hipotetikoa da, gizakiek bizitzeko egokia izan dadin[13][14]. 1961ean Carl Sagan astronomoak Artizarraren terraformazioa proposatu zuen lehen aldiz testuinguru akademiko batean, baina fikziozko tratamenduek, Poul Anderson eleberrigilearen The Psychotechnic League The Big Rain kasu, aurretik jarri zuten. Artizarraren inguruneari giza bizitza jasateko egin beharreko doikuntzek gutxienez hiru aldaketa handi beharko lituzkete planetaren atmosferan[15]:

  • Artizarraren gainazaleko tenperatura 462 °C-tik jaistea.
  • Planetako 9,2 MPa (91 atm) karbono dioxido eta sufre dioxido dituen atmosfera trinkoaren zatirik handiena ezabatuz edo beste moduren batera bihurtuz.
  • Atmosferan arnas daitekeen oxigenoa gehitzea.

Hiru aldaketa hauek oso lotuta daude, Artizarraren muturreko tenperatura bere atmosfera trinkoaren presio altuagatik eta berotegi efektuagatik gertatzen delako.

Mendi artifizial erraldoia

aldatu

Flotatzen duten hirien edo atmosfera eraldatzeari alternatiba gisa, mendi artifizial handi bat eraikitzea proposatu da, "Babelgo dorrea" deitua, Artizarraren gainazalean. Atmosferan 50 kilometroraino iritsiko litzateke, non tenperatura eta presio baldintzak Lurraren antzekoak diren. Egitura hau, hondeamakinak eta bulldozer robotiko autonomoak erabiliz eraiki daiteke, Venusen atmosferaren muturreko presio eta tenperaturaren aurka gogortu direnak. Makina robotikoak beroaren eta presioaren aurka babesteko zeramikazko geruza batez estalita egongo lirateke, barneko bero-ponpak, helioz eginak, makinen barruan, barneko zentral nuklear bat hozteko eta barneko elektronika eta hoztutako makinaren motorren eragingailuak funtzionamendu-tenperaturan mantentzeko. Makina hauek, urteetan zehar kanpoko esku-hartzerik gabe funtzionatzeko diseinatuak izan daitezke, Artizarrean mendi erraldoiak eraikitzeko asmoz, Artizarreko zeruetan kolonizazio uharte bezala balio dezaten[16]

Artizarraren orbitan dauden koloniak

aldatu

Kolonizaziorako beste aukera bat planetatik gertu dagoen espazioaren erabilera izango litzateke, kometa eta asteroideak esplotatzeko eta orbitan harrapatzeko. Artizarrak, gaur egun ilargirik ez duen arren, etorkizun hurbilean, praktikoa izan daiteke gorputz txikiak orbitan jartzea barne planeten inguruan. Artizarra, bereziki ona da honetarako, bere atmosfera lodiaren marruskadurak, gorputz hauen abiadura murriztuko lukeelako. Eguzki-energia libre erabilgarriak desiragarri egiten du Artizarra industria-garapenerako.

Litekeena da, baita ere, Artizarreko grabitate putzuan aktibitate ekonomikoa garatzeko edozein saiakera serio egitea. Artizarraren orbitako baliabideak, jarduera beherantz zabaltzeko erabil daitezke. Hala ere, litekeena da espazio igogailu bat ezinezkoa izatea Artizarraren errotazio geldoagatik (243 egun lehorrean). Skyhook bat atmosferan posible da.

Erreferentziak

aldatu
  1. Lopes, Rosaly M. C., 1957-. (2004). Volcanic worlds : exploring the solar system's volcanoes. Springer ISBN 3-540-00431-9. PMC 53332191. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  2. Kelly, Scott, 1964-. Endurance : a year in space, a lifetime of discovery. (First edition. argitaraldia) ISBN 978-1-5247-3159-5. PMC 988580692. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  3. «Transit of Venus: What Is a Transit of Venus? | Exploratorium» web.archive.org 2019-06-04 (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  4. «title» history.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  5. Landis, Geoffrey. (2011-09-27). «Terraforming Venus: A Challenging Project for Future Colonization» AIAA SPACE 2011 Conference & Exposition (American Institute of Aeronautics and Astronautics)  doi:10.2514/6.2011-7215. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  6. (Ingelesez) Becker, Adam. «The amazing cloud cities we could build on Venus» www.bbc.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  7. (Ingelesez) February 2014, Sheyna E. Gifford 18. «Calculated Risks: How Radiation Rules Manned Mars Exploration» Space.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  8. «Radioactive Moon | Science Mission Directorate» science.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  9. Inner solar system : prospective energy and material resources. ISBN 978-3-319-19569-8. PMC 913467597. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  10. Landis, Geoffrey A.; El-Genk, Mohamed S.. (2003-01-17). «Colonization of Venus» AIP Conference Proceedings 654 (1): 1193–1198.  doi:10.1063/1.1541418. ISSN 0094-243X. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  11. (Ingelesez) Atkinson, Nancy. (2008-07-16). «Colonizing Venus With Floating Cities» Universe Today (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  12. Landis, Geoffrey A.; Colozza, Anthony; LaMarre, Christopher M.. (2002-06-01). Atmospheric Flight on Venus. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  13. (Ingelesez) Adelman, S. J.. (1982-01). «Can Venus be transformed into an earth-like planet?» Journal of the British Interplanetary Society 35: 3–8. ISSN 0007-084X. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  14. Fogg, Martyn J., 1960-. (1995). Terraforming : engineering planetary environments. Society of Automotive Engineers ISBN 1-56091-609-5. PMC 32348444. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  15. Landis, Geoffrey. (2011-09-27). «Terraforming Venus: A Challenging Project for Future Colonization» AIAA SPACE 2011 Conference & Exposition (American Institute of Aeronautics and Astronautics)  doi:10.2514/6.2011-7215. (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  16. WPM. (2018ko martxoa). A New Approach to Terraforming Venus. Multiplanetary Society.

Kanpo estekak

aldatu