Arkitektura militarra Antzinako Grezian

Antzinako Greziako arkitektura militarrak helburu militarrei zuzendutako eraikinak proiektatzea eta eraikitzea zuen helburu eta Mizenastar zibilizazioan hasi zen. Akaziarrek, hots, Grezia kontinentaleko konkistatzaileek, zitadelak eraikitzeko Kretako zibilizazio minoikoen jauregietan oinarritu ziren eta, hortaz, zitadelak harri ziklopeoak erabiliz gotortu zituzten. Horrela bada, harrizko hormak sortu ziren eta erasotzeko errazak ziren hiriguneak babesteko (batez ere hirietako ateak) lehendabiziko konponbideak egiteari ekin zioten; Mizenasen gotorleku altuak eta arrapalak eraiki zituzten. Arrapala hauetan gora egiteko zailtasunak zirela-eta, defendatzaileek soldadu erasotzaileen babes gabeko eskuma aldetik jo zezaketen; izan ere, greziar taktika militarrak soldaduek ezkutua ezkerraldean eramatea derrigortzen zuen.

Garai Ilunean (K.a. 1200-1100 urteen artetik K.a. VIII. mendera bitartean) arkitektura militarren garapenak geldialdi bat jasan zuen, salbuespen batzuk eman ziren arren, esaterako Esmirma hirian.

K.a. VI. mendean harresiak eta dorreak eraikitzeari berriro ekin zioten, eta K.a. IV. mendean Greziako arkitektura militarrak bere goreneko aldia lortu zuen.

Eraikuntza aldatu

Greziako eraikuntza militarrak funts publikoekin finantzatzen ziren (K.a. VI. mendetik aurrera behintzat) edota kanpaina militarretan egindako harrapakinei esker. Bestalde, hainbat testuetan ageri da zenbait gizon aberatsek dirua eman zutela eraikuntza mota hauek egiteko.

Soldatapekoak ziren langileak (arotzak, harginak eta beste profesional batzuk) arkitekto (architékton) baten zuzendaritzapean lan egiten zuten, eta, honek, eraiki beharrekoaren diseinua egiteaz gain, eraikuntzaren lanen zuzendaritzaren arduraduna zen. Jardunbide horren adibide bat Atenaseko agiri batek ematen digu; horren arabera, K.a. 307-306 urteen artean, eklesiak arkitekto bat kontratatu zuen harresi baten hormaren kalteak konpontzeko. Beste dokumentu batek, K.a. 409-408 urteetan, Erektheion eraikineko lanetarako arkitekto bati emandako ordainketen berri ematen du.

Harresiak aldatu

 
Troiako defentsarako harresiak.
 
Mikeno hondakinak.

Greziarrek antzinatik hiriak harresiz defendatu zituzten, eta horietatik zaharrenak gotorleku barrutiak bilakatu ziren, akropolis izendatuak. Hala ere, Garai helenistikoan, K.a. VI. mendean, hiri berrietan harresiak eraikiko dira, gertakari berantiarra hau, izan ere, arriskuaren aurrean biztanleria akropolian edo gotorleku batean bilatzen baitzuen babesa.

Bestalde, kontuan izan behar da, Greziako gotorlekuak eraikitzeko lanak oso garestiak zirela, eta, sarritan, hiri-estatu askoren baliabideak gainditzen zutela. Esaterako, Espartako kasuan, hiria eremu oso zabal bat zen, hainbat biztanleri gunez osatuta zegoen eta auzoen artean espazio libreak zeuden (ikus Lakonia).

Hirietako harresiak, eta ez gotorlekuak, guden aurkako defentsa modura eraikitzen ziren, esaterako Akemenstar inperioaren aurkako gudetan eraiki zirenak. Hala ere, ohikoak ziren Grezian, Mizenastar zibilizazioaren garaitik, baita K.a. VI. mendeko kolonietan ere, esaterako Esmirman (Anatolia).

Harresiak eraikitzeko orduan, kontuan izan behar zen harresiaren oinean urak ateratzeko nahitanahiez egin behar ziren zuloak, ahalik eta txikien eta ikus ezinezko diseinuak izan behar zuten.

Posible zen aldi guztietan harresiak maldetan eraikitzen ziren, ikusmen angelu itsuak saihesteko eta horrek paramentuen altuerari eragin zion.

Robert Walpole XIX. mendearen hasieran harresi eta gotorlekuen eraikitzeko formaren arabera, harresien sailkapen hau egin zuen:

  1. Horma ziklopeokin, hots, harri handiekin egindakoak, Grezian Mizenastar zibilizazioan ohikoak.
  2. Tamaina ertaineko harri irregularrak dituzten harresiak, ohikoenak. Harrien arteko neurrien ezberdintasunak gorabehera, zazpi eta zortzi alboekin lantzen ziren eta morterorik gabe elkarrekin jarriz multzo trinkoak osatzen zituzten.
  3. Antzeko neurria duten harriez osatutakoak, errenkadetan jarriak. Ohikoak ziren Mizenasen eta Tirinton .

Harresien eginkizunak aldatu

Greziako harresiaren itxurazko funtzio bakarra defentsa zen, beraz oinplano eta ibilbidearen inguruko azpiegitura libreak ziren, eta ez zuten lurralde-mugekin bat etorri behar, erromatarren kasuan ez bezala. Lurraldearen topografiari egokitzen ziren eta etsaien igarotzea saihesteko helburua zuten, esaterako, Periklesek Atenas eta Pireo artean eraikitako harresia; bi gune horiek lotzeko altxatutako harresiak korridore bat zuen eta etsaiari bi nukleoen arteko konexioa moztea zuen helburu.

Antzinako Grezian eraikitako harresiak ez zuten bertakotasun zentzurik izaten.

Eraikuntza eta materialak aldatu

Ohiko materiala harria zen, adreilu-zoladura angeluzuzena, hau da, alboetako aurpegiak harlanduak, azken emaitza paralelepipedoa izanik. Hiriak baliabide nahikoak baldin bazuen, harrien hainbat aurpegi (5 edo 6) zizelkatzea agintzen zuten, eta modu poligonalean trinkatzen zituzten; horrek hormari erresistentzia handiago ematen zion. Harresi hauek noiz behinka eraberritze lanak behar zituzten eta honek Estatuen arteko tirabira politikoak sortzen zituzten. Hori dela eta, harresi batean altuera ezberdinak egon zitezkeen edota diseinuaren zati bat ere aldatu zitekeen.

Harresiak eraikitzeko modu ohikoena emplecton deritzona da, hau da, harrizko bi horma paralelo eraiki eta barneko aldea buztinaz eta harlangaitzez bete.

Zaintza guneak eraikitzeko, toki horietan horma zabalago bat eraikitzen zen, zurezko egiturarekin, eta altxatutako bidea almenen bidez babesten zen. Gudako tresneria hobetu ahala, almena hauen ordez horman bao txikiak jarri ziren, gezileiho modura, eraso baten aurrean jaurtigaiak bota ahal izateko (epalxis).

K.a. IV. mendean, adobea harriaren ordezko gisa erabil zitekeela ikusi zuten greziarrek. Gainera, adobearen malgutasuna dela-eta, harresiek talka eta kolpeen eraginez hautsi gabe irauten zuten. Hortaz, harrizko hormak zeuden tokietan adobezkoak eraiki ziren. Aurretik harresirik ez bazegoen, oinarriak harrizkoak eraikitzen zituzten, etsaiek bertan zulo bat egin eta sua emanez egitura suntsitu ez zezaten.

Ateak aldatu

 
Mizenaseko Lehoien atea, 1841ean aurkitu eta zaharberritu zuten.

Ateetan edota propileotan setioak saihesteko hainbat konponbide asmatu zituzten, kasu askotan konponbide horien arteko konbinazioak sortuz.

  • Lehenengo metodoa hiri eta kanpoaldearen arteko trantsizio espazioa sortzea izango zen, igarotzeko ezinbestekotzat izango zen patio gisa (adibidez, Troia).
  • Beste metodo bat harresiak tolestea zen, korridoreak sortuz, eta horrela, erasotzaileak bi aldeetako erasoetatik babestu beharko ziren (adibidez, Mantinea).
  • Bi edo hiru ate jarraian jar zitezkeen eta modu horretan etsaiek hirian sartzeko denbora luzatzen zuten.
  • Modu eraginkorrena sarreran defentsarako bi dorre eraikitzea zen (adibidez, Corinto).
  • Beste aukera bat bat dorre bakarra bat jartzea zen, lurraren orografiaren berezitasunak aprobetxatuz, erasotzaileak ezkerreko aldetik sartzea behartzeko. Dorre horretatik eskuin hegala eraso zezaketen, hots, greziar armadetan zaurgarriago zen aldea.

Defentsa dorreak aldatu

Defentsa dorreak egitura oso garestiak ziren eta etsaiek hormara hurbildu eta zuzenean erasotzea eragozten zuten. Harriz edo adobez eraikitzen zituzten, eta defentsako altueraraino trinkoak izaten ziren, eta, horrela, ahari-buruek lehen solairuan talka eginez horma behera botatzea ekiditen zuten. Greziako garai helenistikoan sistema hau zaharkitua geratu zen, eta, beraz, beheko solairuan leiho txikiak eraiki zituzten, tiro egiteko eta defentsaren errendimendua hobetzeko. Honen adibide Caria hiriko harresiak dira.

Defentsa dorre motak aldatu

  • Oinplano karratu edo angeluzuzena: ohikoena eta eraikitzeko merkeena. Ikusmen aldetik angelu itsuak zituen, izan ere, alde batean ezin zen ikusi bestean zer gertatzen zen.
  • Oinplano poligonala: Bitarteko soluzioa da kostu eta eraginkortasun aldetik, dorre angeluzuzen eta zirkularren artekoa. Ikuspegia zabaltzen zuten, baina alboko muturretan erasogarriagoak ziren.
  • Oinplanoa puntan: tarteko bestelako konponbidea, baina alboko defentsa okerragoa zuen.
  • Oinplano erdizirkularra: eraikuntza garestiagoa eta konplexuagoa. Horma kurbatuei esker jaurtigailuen norabidea desbideratzea posible zen, zuzenean talkak jaso gabe. Horrez gain, ikuspegia nahiko zabala zuten.
  • Oinplano zirkularra: angelu itsurik ez zutenez defentsarako aukerarik onena zen, [1] baina polis guztiek ezin zuten halako bat ordaindu, eraikitzeko oso garestiak baitziren. Batez ere Peloponeso inguruan zabaldu ziren, baina, hala ere, ez zuten inoiz horietako asko eraiki.

Talaiak aldatu

Talaiak edo phyktorion grezieraz, hiritik kanpo zeuden egitura bakanak ziren eta elkarrekin ikusteko moduan eraikita zeuden. Berezko entitatea zuten eta kasu batzuetan gotorleku txiki bihurtu ziren (esaterako Marseillakoa). Era berean, eraikitzeko defentsa dorreak baino baliabide gehiago behar zuten.

Etsaia hurbilduz gero, defentsa eta hiritarrei ohartaraztea zen haren funtzioa.

Batzuetan, erresistentzia eta defentsa hobetzeko, hormak inklinatuta eraikitzen ziren, malda baten moduan; horrela, makina astunen erasoa, adibidez ahari-erasoak, hobe jasan zezaketen.

Gotorlekuak aldatu

 
Mesene-n ate gotortua.

Greziako gotorlekuak bi testuingurutan agertu ziren.

  • Alde batetik hirien erdigune zaharrak, garai goiztiarrean gotortuak, hiria hazi ahala biztanleriaren defentsarako balio zutenak, esaterako Tirintoko akropolia, eta agintarien gotorlekuak, esaterako, Mizenaskoa . Geroago eraikitako akropoliak, adibidez Atenaskoa, Periklesen gobernuaren ostean, gotorleku baino gehiago erlijiozko zentro handiak ziren, publikoak eta monumentalak. Jatorrizko hiritik at gelditu zirenetan agertu ziren eta harresi berriek inguratzen zituzten.
  • Beste alde batetik, hirien inguruan gotorleku planifikatuak eta indartuak izan ziren talaiak. Hiriguneen eremuak eta zelaiak zaintzeko, etsaiak ikusi eta lurraldea babesteko eraiki ziren.

Babes-hobiak aldatu

Babes-hobiak betidanik egon diren arren, orokorrean K.a. IV. menderarte ez ziren maiz harresiekin batera lotuta eraikiko, baina garai hartan, maizago agertuko ziren setioaren makineria eta tropen garraioa eragozteko. Zabalera oso aldakorra zuten eta oso handiak izan zitezkeen, kasu batzuetan 20 m-ko zabalera izateraino.

Harresiei itsatsita agertzen zirenean, polisa urez hornitzeko eta defentsa elementu gisa erabiltzen ziren.

Gotortutako lur eremuak aldatu

Gotortutako lur eremuak babes-hobien bilakaera dira, etsaia eta makineria atzeratzeko helburuarekin, eta batez ere, irismen luzeko makinariei aurre egiteko, azken hauek 200-300 metroko distantziako irismen gaitasuna zutelako.

Lur eremu hauetan greziar adimenak asmatu zezakeen edozer jartzen zuten: hobiak, paretak, hormak, landaredia eta topografiaren baliabideak besteak beste.

Gertaera bitxia da gotortutako lur eremu hauetan ematen zena; izan ere, hiriaren defendatzaileek eta erasotzaileek ere eraikitzen zuten eremua zelako. Erasotzaileen kasuan, kokaleku estrategikoak aurkitzen zituzten, gehienetan, ateen aurrean, eta lubakiak irekitzen zituzten, jaurtigaien aurkako estalkiak prestatu eta hornidura eta armak gordetzeko erabili ere.Epidauroko setioan teknika hau erabili zuten atenastarrek.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Bibliografia aldatu

  • Antzinako Greziako historia ; Joseph M. Walker. Ed. Liburuak ISBN 84-8403-490-9.
  • Europako eta Asiako Turkiarekin eta Ekialdeko beste herrialdeekin zerikusia duten memoriak ; Robert Walpole. Longman, Hurst, Rees, Orme eta Brown ( 1818 ).
  • Antzinako gotorlekuak: Ka 500-300 urte ; Fields, Nic eta Delf, Brian. Ed. Osprey Publishing ( 2006 ). ISBN 978-18-41768847 .

Kanpo estekak aldatu