Anton Uriarte Cantolla (Donostia, 1949[1] - ib., 2019ko abuztuaren 1a) [2] gipuzkoar geografoa izan zen. Hamarkadak eman zituen munduko klimaren historia ikertzen[3].

Anton Uriarte

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAnton Uriarte Cantolla, Antón Uriarte Cantolla
JaiotzaDonostia1949ko abenduaren 31
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia2019ko abuztuaren 1a (69 urte)
Hezkuntza
HeziketaZaragozako Unibertsitatea
Hezkuntza-mailadoktorea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakgeografoa, unibertsitateko irakaslea, idazlea eta klimatologoa
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
KidetzaAranzadi Zientzia Elkartea

Geografian doktore egin zen Zaragozako Unibertsitatean; Euskal Herriko Unibertsitatean gai horretako katedradun izan zen. Hogeita bost urte eman zituen EHUn irakasle.[4][5][6] Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea ere izan zen. Ezaguna zen hedabideetan klima aldaketaren teoria ukatuz agertzen zelako, IPCC erakundeak plazaratzen duen zientzia komunitatearen iritzi nagusiaren kontra.[7] Uriarteren teoriak kontsentsu zientifikotik urrun izateaz gainera,[4] Euskal Herriko Unibertsitateko hiru irakaslek oinarrigabetzat jo dituzte teoria horiek, eta IPCCren lana babestu;[8] hala ere, Uriarterekin bat datoz hedabideek alarmismoz jokatzen dutela, klima aldaketari buruzko informazioa ez dutela egoki ematen maizegi.

Gizakiak kliman duen eraginaz zer ikuspegi zuen aldatu

Anton Uriartek esaten zuen klima aldatzen ari dela eta betidanik aldatu izan dela. Gizakiak aldaketa horretan duen eraginaz zioen ez dela esanguratsua eta XX. mendean mundua zertxobait berotu izana ez dela karbono dioxido kopurua igo izanagatik. CO2-a ez zuen gai kutsagarritzat, ez delako toxikoa, eta haren onurak azpimarratzen zituen: landareentzat ongarri funtsezkoa da, eta, zenbat eta CO2 gehiago izan, orduan eta hobea da haientzat.

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen zenbait alderdi kritikatzen zituen: IPCCk ereduetan hutsegiteak egiten ditu, eta oker aztertzen du lurzoruaren erabilera aldaketak kliman izan duen eragina.

Anton Uriartek zioen hedabideek larritasuna hedatu dutela eta klima aldatzeak eragin ditzakeen arazoak puztu egin dituztela. Ez dutela azpimarratzen dagoen ziurtasun falta, ez dutela berri onik ematen eta ez dituztela azpimarratzen kontraesanean direnak (esaterako, hotz boladak eta Antartikoaren izotz eremua ez txikitu izana). Haren ustez, interes jokoak daude horren atzean.

Energia nuklearraren aurka zegoen, arriskutsua delako, eta erregai fosilen aldekoa zen. Bereziki, harrikatzaren alde hitz egiten zuen, munduan hobekien banatua eta ugariena den gaia delako eta merkea delako. Frackinga edo haustura hidraulikoa ere ongi ikusten zuen. Energia berriztagarrietan, haize errotak eta eguzki plakak kritikatzen zituen, toki handia behar dutelako, garestiak direlako eta haien funtzionamendua kontrolatzen zaila delako.

Berotegi efektua duten gasei dagokienez, haren ustez, gas horiek baretu egiten dituzte muturreko fenomeno meteorologikoak. Muturreko fenomeno horietaz zioen ez direla ugaritu urakanak eta ez dagoela frogarik esateko ugarituko direla. Bestaldera, uste zuen klima epeltzea onerako litzatekeela Lurreko bizitzarako, planeta epelduz gero euri gehiago eginen lukeelako.

Kyotoko Protokoloa ez zuen ongi ikusten, eta Europako politikariak horretaz nola aprobetxatu diren eta zer ondorio ekarri dituen salatzen zuen. Nuklearra bultzatzen duten indarrek ere protokolo horren alde egiten dutela zioen.[9]

CO2 izeneko blogean idazten zituen bere gogoetak gai horren inguruan, gaztelaniaz.

Uriarteren hipotesiei egiten zaizkien kritikak aldatu

Uriarteren hipotesiari hainbat kritika egiten zaizkio:

  • Uriartek ez zituen bere lanak aldizkari espezializatuetan argitaratu, eta, horrenbestez, haren lanek ez dute espezialisten kritika gainditu. Halako aldizkarietan argitaratzeko, ezinbestekoa da froga ondo oinarrituak aurkeztea eta metodo zientifikoari zorrotz jarraitzea; Uriartek bezala liburu bat edo blog bat argitaratzeko, aldiz, ez dago inolako eskakizun zientifikorik.[10][11][12][13]
  • Uriartek bere ustez berotze globalaren kontrakoak diren datuak ematen zituen, Antartika hoztea, kasu; baina IPCCren teoriaren kontrakoa ez da datu hori: izan ere, IPCCk dio mundu osoko batez besteko tenperatura igoko dela epe ertain eta luzera (eta hala gertatzen ari da), ez du ukatzen toki eta garai jakin batzuetan jaitsi egingo dela. Gainera, IPCCk dio klima aldaketaren eraginez muturreko fenomenoak gertatuko direla, hala nola garaiz kanpoko ezohiko hozte handiak. Uriartek datu batzuk gaizki aipatzen zituen, eta ondo aipatzen zituenak IPCCren teoriaren aldekoak dira, ez kontrakoak.[8][10][11]
  • Uriartek bere blogean ez zuen iruzkinik egiteko aukerarik ematen. Bloga erabiltzen zuen bere teoria azaltzeko bide nagusitzat, baina eztabaidarako lekurik ez zuen uzten (2007a baino lehenago bai, uzten zuen).[8][10][14]

Lanak aldatu

  • Lurreko klimaren historia, Eusko Jaurlaritza, 2009, 395 orri. ISBN 978-84-457-3059-1.
  • Ozono: la catástrofe que no llega, Donostia : Tercera Prensa DL, 1995, 204 orri. ISBN 84-87303-28-5.
  • El régimen de precipitaciones en la costa NW y N de la península Ibérica, Donostia : CAP, 1983, 549 orri. ISBN 84-7231-929-6.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) www.lne.es (Uriarteri eginiko elkarrizketa).
  2. [1]
  3. (Gaztelaniaz) «Ponencia "Cambio climático, ni tanto, ni tan malo" D. Antón Uriarte (XI ENAM) 1», 2011-11-02.
  4. a b Daniel UDALAITZ: «Aldaketa klimatikoa: Negutegi efektua gainean dugu», Argia, 2007-04-01 (ikus «Ikuspegi ofizialetik urrun» laukia, artikuluko 3. orrialdean).
  5. (Gaztelaniaz) Manuel ANSEDE: «Escépticos del cambio climático», Público, 2008-01-06.
  6. Zientzia ekinean ikastaroko eskuorria, 2008.
  7. (Gaztelaniaz) Ferran PUIG VILAR: «Uriarte: “El cambio climático es el gran engaño de comienzos de este siglo XXI”», Usted no se lo cree, 2010-07-23.
  8. a b c (Gaztelaniaz) Jon SÁENZ (Fisika Aplikatua II Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea), Agustín EZCURRA (Fisika Aplikatua II Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea), Gabriel IBARRA (Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea): «¿Ha exagerado el IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change) el problema del calentamiento global?», Euskonews & Media, 401. zenbakia, 2007-06-29.
  9. Nagore REMENTERIA: «Anton Uriarte: "Lurra gizakion planeta da, eta ez du zentzurik gizakiaren eragina igarri nahi ez izateak"»[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar Zientzia eta Teknologia, 2005-02-01.
  10. a b c (Gaztelaniaz) «Antón Uriarte, ¿escéptico irrelevante o irresponsable?», Ecos del Futuro, 2007-08-25.
  11. a b (Gaztelaniaz) Mario CUELLAR: «¿Véis lo que yo veo?», Meteorología Extrema, 2008-08-14.
  12. (Gaztelaniaz) Eustoquio MOLINA: «La nueva y peligrosa pseudociencia del negacionismo del cambio climático», El Escéptico, la revista para el fomento de la razón y la ciencia, 33. zenbakia, 2011. Ikus 6. orrialdeko azken paragrafoa eta 7.eko lehena.
  13. Anton Uriartek ez du klimatologiako aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikulurik, baina bai zenbait zientzia aldizkari orokorretan, Dialnet datu basean ageri denez.
  14. (Gaztelaniaz) «Uriarte, hereje del cambio climático» (3. erantzuna, Luis), Tecnología Obsoleta, 2007-01-19.

Kanpo estekak aldatu