Ireki menu nagusia

BiografiaAldatu

1956-1980 Lehenengo urteakAldatu

Lehen urratsak Sagrada Familia eskolanian (1956) eta Rondalla Seguntinan (1961) eman zituen; horri esker, aurreneko aldiz igo zen eszenatoki gainera, baita lehen bidaiak egin ere. 16 urte zituela, "Somos" izeneko pop-taldea sortu zuen, eta talde horrentzat sortu zituen bere lehen konposizioak eta aurreneko maketa. Madrilen soldadutza egin bitartean (1968-70), ginear musikariak ezagutu zituen, eta horrek aukera eman zion europarrak ez ziren musika-estiloekin lehen aldiz esperimentatzeko. Behin betiko Madrilera aldatu zenean (1972), filologia-ikasketak (hizkuntzalaritza-arloan) eta musikakoak (gitarra, armonia eta kontrapuntua) egin zituen, Complutense Unibertsitatean eta kontserbatorioan, hurrenez hurren. Urte haietan, Europan zehar bidaiatu, eta trobalari zein antzerki-musikari jardun zuen.[1]

1981 “La Mandrágora”Aldatu

1981ean, Joaquín Sabina eta Javier Kraherekin batera, "La Mandrágora" hirukotea sortu zuen; bertan, ikuskizunarekiko sen berezia eta bere alde erromantikoa erakutsi zituen, eta izen bereko diskoa grabatu zuen, oraindik ere editatzen den lana.[2]

1984-1996 “Si yo fuera presidente” - TVE. Alberto Pérez OrkestraAldatu

1984an, TVEko “Si yo fuera presidente” programara gonbidatu zuten, bertan parte har zezan; saio hartarako, pertsonaia bat sortu zuen, 40 eta 50eko hamarkadetako crooners eta abeslariengan inspiratua. Horretaz baliatuta, 100 bat abesti ospetsu interpretatu zituen, haietako asko ordurako ahaztuak zeudenak. Alberto Pérez Orkestra ere sortu zuen, eta 12 urtez zuzendu zuen. Garai hartakoa du "Amar y vivir" diskoa.[1]

1989 “Corazón loco” - Radio 3Aldatu

1989an, Radio 3ek egindako proposamena onartu zuen: musika afrokubatarraren historia eta garapenaren gaineko programa bat zuzentzea eta aurkeztea. Horrela sortu zen, Alberto Pérezen gidaritzapean, “Corazón loco” saioa; entzuleekin ere egiten zuen berba, betiere gitarra eskuan zuela. Zoritxarrez, Radio 3 irratiaren itxierak (arrazoiak ez dira inoiz behar bezala azaldu) programaren amaiera ere ekarri zuen.[1]

1990-1999 “Sobre la pista” eta “Tiempo de baile”: Chicho Sánchez Ferlosiorekin elkarlaneanAldatu

Alberto Pérez eta Chicho Sánchez Ferlosioren arteko 15 urteko harremanak —Sánchez Ferlosio hil bitartekoa (2003)— 20 abesti dantzagarriz osaturiko bilduma ekarri zuen; musika-genero ezberdinetako abestiak dira, eta, Albertok estilo-ariketak balira bezala konposatutako musika-piezak oinarri hartuta, idatzi zituzten letrak biek batera. Zeregin horretan bi urtetik gora eman zuten, eta emaitza “Sobre la pista” (1990) eta “Tiempo de baile” (1997) diskoak izan ziren, biak Alberto Pérezek berak ekoitziak; diskootan belaunaldi zein jatorri anitzetako musikariek hartu zuten parte. Chichok eta Albertok elkarrekin egindako beste lan bat “Buenaventura Durruti, anarquista” filmerako soinu-banda da, 1999koa; lan hartan, Chicho izan zen abeslari.[3]

1994-1995 Ahotsa eta bibrafonoa: Alberto Pérez eta Alberto VergaraAldatu

Bi artistok 1994an egin zuten topo, Alberto Pérez Marokon zehar bira bat egiten ari zela. Boleroaren historia oinarritzat hartuta, baina soil-soilik ahotsa eta bibrafonoa erabilita, abesti-sorta bat moldatu eta interpretatu zuten. Elkarlanak bi urte inguru iraun zuen, Alberto Vergara bibrafonista Venezuelara itzuli zen arte.[1]

1995 Kantautoreen zirkuiturako itzulera. Gitarra jotzeko teknika berria.Aldatu

Alberto Vergara bibrafonistarekin izandako eskarmentuaren ostean, Alberto Pérezek gitarra jotzeko teknika berri bat garatzeari ekin zion. Teknika horri esker, berak egindako zenbait abesti dantzagarri trobalari-estiloan interpretatu ahal izan zituen. Horren guztiaren emaitza “Más allá de la Mandrágora” ikuskizuna dugu (1995). Emankizun horrekin, ezustean itzuli zen kantautoreen zirkuituetara, eta utzi egin zion orkestra zuzentzeari.[4]

1997-2000 “Avizor Records” eta Carmen Martín GaiteAldatu

Olerkari zein musikari berriak ezagutzera emate aldera, Alberto Pérezek eta Carmen Martín Gaite idazleak “Avizor Records” zigilu diskografikoa sortu zuten, 1997an. Proiektua biek egindako errezitaldien bidez bakarrik finantzatu zen. Idazlea hil zenean (2000), zigiluaren jarduera bertan behera geratu zen.[1]

2005 “Alberto Pérez y su Orquesta Volátil”Aldatu

2005ean, “Alberto Pérez y su Orquesta Volátil” ikuskizuna sortu zuen —erabat a capella abestua—, Chicho Sánchez Ferlosio lagunari omenaldia egiteko ere baliatzen duena. Juglare-ukitu nabarmeneko proposamen narratibo-musikal honek antzerki-zirkuituetara eraman du Alberto azken urteotan.[5]

Irratia. Ikastaroak eta hitzaldiak. Aktore-lana.Aldatu

Alberto Pérezek hainbat irratsaio nahiz irrati-sail zuzendu eta aurkeztu izan ditu; besteak beste, “Corazón loco” (RNE, 1989-90) eta “A vivir, que son dos días” (SER, 1994-95). Hizlari-lanetan ere aritua da, unibertsitateek zein beste erakunde akademiko batzuek deituta, nagusiki boleroaren eta Amerikako musikaren inguruan aritzeko. Parte hartu izan du, halaber, erritmoak eta generoak identifikatzeko profesionalentzako ikastaroetan. Zine-kolaborazioen artean, berriz, sonatuenetako bat “El viaje a ninguna parte” filmekoa dugu, Fernando Fernán Gómezek 1986an zuzendua.[1]

DiskografiaAldatu

  • “La Mandrágora”. CBS, 1981
  • “Amar y Vivir”, Ariola, 1984
  • “Sobre la pista”, BMG, 1990
  • “Tiempo de baile”, Avizor Records, 1997

Kanpo-loturakAldatu

Iturri eta erreferentziakAldatu

  1. a b c d e f BASINFA (RTVEko Korporazioaren prentsa albisteen datu-basea)
  2. Palabras hechas canciones. La Mandrágora”. El País edizioak, 2007
  3. Mondo Brutto, 38. zenbakia. 2007ko udazkena. “Alberto Pérez. Vida después de la Mandrágora”
  4. ValladolidWebMusical (08/10/18) Elkarrizketa
  5. Esedosuno –egunkari digitala (11/10/01). “Estoy preparado para dejar el oficio mañana mismo o seguir hasta que me muera