Aginte-makila
Aginte-makila edo makila zulatua[1] autoritatearen ikur sinboliko eta protokolozkoa da, zenbait agintaritzaren boterea sinbolizatzen duena. Bereziki Euskal Herrian udal agintea sinbolizatzen du, alkatearen esku egoten da, eta publikoki erakusten du honek ekitaldietan.
Historia
aldatuAro eta zibilizazio gehienetako agintariek erabili izan dituzte aginte ikurrak, eta antzekoak ageri dira guztietan. Gobernua agureen zeregina zenean makilak adinean aurrera zihoazenen nahitaezko laguntzaile izanik, adinaren eta boterearen ikur ziren aldi berean. Hain zuzen zetroa, "skeptron" grezieratik eratorria, agureek ibiltzerakoan laguntzeko zerabilten makila zen antzinatean.
Maiz, makilaren muturrean hosto edo fruituren bat jartzen zen, betiereko bizitzaren ikur moduan[2]. Antzinako Egiptoko uas izeneko zetroek alegiazko animalia baten burua zuten puntan.
Erdi aroan, erregeen makilaren muturrean batzuk gurutzea jartzen zioten, beste batzuk hostoak, maiz lis lorea izaten zuten, zenbait errege-etxeren ikurra zena, eta beste batzuetan, hosto arteko fruitua gero eta handiago eta borobilago bihurtzen joan zen, bola handi baten tankera hartu arte.
Aginte militarreko eskala batzuetan ere erabili izan da makila, adibidez mariskal-makila[3].
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herriko udaletan erabiltzen diren aginte-makilak euskal makila arketipikoak izan daitezke batzuetan, baina ez horiek bakarrik; beste era bateko makilak ere izaten dira.
Sakanan, adibidez, balea bizarrez egindako makilak erabili izan dira. Baleontziak egiteko egurra inguruko basoetatik ateratzen zela eta, hortik omen dator konexio sinbolikoa[4].
Txuzoa
aldatuUdal batzuetan, Durangaldean bereziki, lantza mota bat, txuzoa, darabilte udal agintarien ikurtzat. Garai, Iurreta, Izurtza edo Zaldibarren ikusi ahal izan dira historikoki horrelakoak eta erabiltzen dira gaur egun ere alkateen aginte ikur moduan[2].
Zumea
aldatuAlkatetza batzuen aginte sinboloa, berriz, zumea izan da Euskal Herrian. Zume adar hori luze, zuzen agertu izan da historikoki, makila batekin antzekotasuna izanez, baina gaur egun gehienetan borobilduta ageri da[2]. Aginte onaren balioak biltzen ditu bere baitan zumeak: hautsi ezintasuna eta malgutasuna aldi berean. Neurria ere ematen zuen zumeak, sistema metrikoa indarrean ez zegoenean zumea izaten baitzen lurraren jabetza eta mugari buruzko gatazkak ebazteko erabiltzen zen neurria, eta agintariak izaten zuen neurri hori ematen zuen tresna, zumea, erabilera praktikorako, eta boterearen ikurtzat, biak batera.
Ikuskizunetako aginte sinbolikoa
aldatuEuskal Herrian alarde eta danborradetan oso ohiko irudia da danbor nagusi edo ikuskizuneko buruzagiak zuzentzeko darabilen aginte-makila, bola bat izan ohi duena mutur batean. Gipuzkoako dantza batzuetan ere erabiltzen da antzeko makila bat[2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskalterm: [Arkeologia Hiztegia] [2018]
- ↑ a b c d kuarrenta. Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak. (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).
- ↑ Vlad. (2015-03-18). «Historica: EL BASTÓN DE MANDO» Historica (Noiz kontsultatua: 2019-06-18).
- ↑ Agirre, Beñat. (2019T07:28). «Sakanan, herri dezentetan aginte makilak bale bizarrez eginak daude, antzinan baleontziak egiteko egurra hemendik ateratzen baitzen...» @supro (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).