Hontz boreal

Aegolius funereus» orritik birbideratua)

Hontz boreala edo Tengmalm hontza (Aegolius funereus) strigidae familiako hegazti harraparia da[1]. Izena Peter Gustaf Tengmalm, suediar naturalistaren omenezkoa du.

Hontz boreal
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaStrigiformes
FamiliaStrigidae
GeneroaAegolius
Espeziea Aegolius funereus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera56 cm

Ipar Amerika eta Eurasian nahiko banapen orokorra eta zabala duen arren, Euskal Herrian oso banaketa txikia duen hontza dugu hau. Izan ere, Nafarroako altitude handiko gune zehatz batzuetan soilik aurki dezakegu. Gainera, bizitza guztiz gautarra duenez gero, ikusteko nahiko zaila izaten da. Neguan berriz, berezki emeak eta gazteak sakabanatzerakoan, Euskal Herriko beste hainbat gunetan azal daitezke, beren ohiko guneetatik at.

Taxonomia aldatu

Hontz espezie honek zazpi azpiespezie ditu:

  • Aegolius funereus beickianus
  • Aegolius funereus caucasicus
  • Aegolius funereus funereus
  • Aegolius funereus magnus
  • Aegolius funereus pallens
  • Aegolius funereus richardsoni
  • Aegolius funereus sibiricus

Deskribapena aldatu

Mozolo arruntaren neurriko hegazti txiki eta buru handia da. 22-27 cm-ko luzera eta 50-62 cm-ko hego luzera ditu.[2] Arrek 90-120 gramo bitarteko pisua dute eta emeak, berriz, handiagoak dira, 120-210 gramo bitarteko pisua edukiz. Begi handi eta horiak ditu, harridura espresioa ematen diotenak, eta bekain jasoak, zuri eta zabalak. Aurpegiko diskoak sakonak dira, eta gainaldean ertz beltza dute. Ale helduek lumadi marroia dute, orban zuri eta txikiz zipriztindua. Ale gazteak, berriz, ilunagoak dira, marroi-kaoba kolorekoak, eta bekain zuriak askoz ere nabariagoak dira hauetan.

Geldirik dagoenean gorputza nahiko jarrera tentean izaten du. Oso hegaldi ondulatua dauka.[2]

Banaketa aldatu

Ipar Hemisferioko baso borealetako biztanlea da. Erdialdeko eta hegoaldeko Europako mendiguneetan populazio isolatu batzuk daude. Europan, Eskandinabian eta erdialdeko Europako, Pirinioetako eta hegoaldeko Greziako mendietan umatzen da. Espainian, bere presentzia Pirinioetara mugatzen da, non 1700 eta 2300 metro bitarteko altitudeko konifero-basoetan aurkitzen den.

Euskal Herrian oso banapen zehatza du: Larran (Belagua) soilik agertzen da, 1700 metrotik gorako altitudean, pinu beltzen basoetan.[3]

Habitata aldatu

Ipar hemisferioko izei gorri, laritz, izei edota pinuen baso borealetan bizi da[2]. Pirinioetan, bereziki, pinu beltz (Pinus uncinata) baso subalpetarretan, 1700-2300 metro bitarteko altitudean. Arango bailaran baso hostogalkor eta mistoetan aurkitu da, 800 metrotik gora.[4]

Elikadura aldatu

Batez ere ugaztun txikiak (saguak, Microtus generoko lursaguak, satitsuak) jaten ditu. Batzuetan hegazti txikiak, ornogabe handiak edota narrastiak ere harrapa ditzake.[2]

Ugalketa eta ontogenia aldatu

 
Aegolius funereus funereus
 
Tengmalm hontz gaztea

Urtarrilean hasten da arra eztei-kanta egiten, eta habia egiteko toki egokia bilatzen. Zuhaitzen zuloetan edo okil beltzen habia zaharretan kumatzen ohi dira. Apiril edo maiatz aldean 3-7 arrautz erruten ditu emeak, eta 25-32 egunez inkubatzen ditu, emeak soilik. Txitoak, batez ere, emeak zaintzen ditu eta arra janaria ekartzeaz arduratzen da. 28-36 egunekin umeak habiatik irteten hasten dira, baina bost-sei aste igaro arte ez dira erabat beren eskukoak izanen[2].

Bizimodua aldatu

Bizitza gautarra du, baina umatze sasoian egunsentian ere ibiltzen dira ehizean, txitaldia bazkatu ahal izateko. Sedentarioa bada ere, ume eta emeek jokabide nomada izan dezakete janaria urritzen delarik.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. Bull, Farrand (1994). National Audubon Society Field Guide to North American Birds: Eastern Region. New York: Alfred A. Knopf. 554. orr. ISBN 0-679-42852-6.
  2. a b c d e f Mochuelo boreal Seo.org
  3. Aegolius funereus Biodiversidad.navarra.es
  4. E. De JUANA, J.M. VARELA (2005): Aves de España. 2ª edición. Lynx Edicions. Barcelona

Kanpo estekak aldatu