Wamba (erregea)
Wamba[1] (? - Pampliega, Burgos, 688) bisigodoen errege izan zen 672-680. urteetan, Rezesvintoren ondorengoa. Baskoien aurkako kanpaina batekin hasi zuen bere agintaldia, baina eraso hori utzi eta Nimesko kondeari eraso zion, frankoen eta juduen laguntzarekin, Septimaniako matxinada antolatu baitzuen hark. Bizantziar jatorriko Paulo kondea jarri zuen Nimesko kondearen aurkako espedizioburu; hura, ordea, egoeraz baliatu zen bere burua errege izendatzeko Narbonan. Wambak baskoiak menderatu eta Bartzelona eta Girona hartu zituen, eta Septimanian barneratu eta Nimes konkistatu zuen. Handik gutxira bere mendeko guztiak behartu zituen nahitaez zerbitzu militarra eskaintzera, hala behar zuenean. 675. urtean Algecirasaino heldu zen musulmanen aurkako jazarpena gidatu zuen, eta Ceuta okupatu zuen. 680. urtean Ervigiok haren lekua hartu zuenean Pampliegako monasteriora erretiratu zen betiko.
Wamba (erregea) | |||
---|---|---|---|
672 - 680 ← Recesvinto - Ervigio → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Penamacor (en) , 633 | ||
Herrialdea | Toledoko Erresuma bisigodoa | ||
Bizilekua | Toledo | ||
Heriotza | Pampliega, 688 (54/55 urte) | ||
Hobiratze lekua | Pampliega Toledo | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | latina | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | subiranoa, gudaria eta Christian monk (en) | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Nicene Christianity (en) |
- Artikulu hau bisigodoen erregeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Wamba (argipena)».
Tronua
aldatuWamba errege egin zutenean, urtetan sartua zen, eta ezezkoa esan zion karguari, baina nobleek ez zuten haren ezezkoa onartu eta Gerticin edo Gérticosen (Valladolid) baiezkoa eman beharrean izan zen 672ko irailaren 21ean. Hantxe hil zen Rezesvinto, aurreko erregea, eta izena aldatuko zioten herriari: Wamba izena izango zuen aurrerantzean.
Wambak Toledon koroatua izan nahi izan zuen, eta halaxe gertatu zen 672ko urriaren 20an.
Bisigodoei ospea eta distira emango zien azken erregea izan zela esan daiteke, haren heriotzak gainbehera ekarriko baitzien bisigodoei. Wambaren erregealdia ez zen batere erraza izan, nobleen monarkiarekiko aurkakotasuna edo haien arteko ika-mikak, katolikoen eta arrianoen arteko borrokak, eta hispanoerromatar eta bisigodoen artean pizten zirenak itzaltzen aritu behar izan baitzuen. Baskoiak ere altxatu zitzaizkion, eta, 672an, arrisku berri bat etorri zitzaion: aldi batez atzeratzea lortu bazuen ere, arabiarrak penintsulara salto egin nahian zebiltzan.
673an, Galiako Septimania eskualdean (gaurko Frantziako hego-ekialdean), hainbat noble bisigodo altxatu zen, Ilderikoren agintepean (bere burua errege egin zuen). Wambak Paulo dukea bidali zuen, hura isilarazteko xedearekin, baina hura ere matxinatu egin zitzaion Narbonan. Paulok Ilderiko ordezkatu eta bere burua errege koroatu zuen Gironan. Une berean, Wamba Kantabria inbaditu zuten baskoien aurka ari zen, baina laster erantzun zion Pauloren matxinadari. Garaile irten zen, eta Tarragona, Bartzelona eta Narbona hartu zituen. Paulo harrapatzea lortu zuen, eta Toledoko kaleetan desfilarazi zuen, buruan arrain-hezur bat zuela.
Gertakizun haien ondoren, Wambak armada berrantolatu zuen, eta lege berri bat eman zuen: ez bazuten heriotza-zigorra nahi, inbasiorik edo matxinadarik izanez gero nobleek eta elizgizonek beren tropekin joan beharko zuten Wambari laguntzera.
675ean, Wambak Toledoko XI. Kontziliora deitu zuen, eta elizgizonen gehiegikeria eta okerkeriak zuzentzeko neurriak hartu ziren.
Gainbehera eta heriotza
aldatuWambaren aurkako konplotak amaituko zuen haren erregealdia. Engainatu egin zuten, eta lo harrarazi zioten; monje-jantzia jarri, eta koroa uztera behartu zuten. Matxinadaren buru Ervigio izango zen hurrengo erregea.
Gertaera haren ondoren, Wamba Pampliegako (Burgos) San Vicente monasteriora erretiratu zen, eta han hilko zen 688an. Hantxe geratu zen hilotza, Alfontso X.ak Toledoko Santa Leokadia elizara eramatea agindu zuen arte.
Tradizioaren arabera, Narbonako altxamendua itzali ondoren, Wamba erregeak San Antolin martiriaren erlikiak Iberiar penintsulara eraman zituen. Martiria V. mendean Okzitaniako Tolosan exekutatu zuten printze bisigodoa zen, eta haren hondakinak gero Palentziako katedraleko San Antolin kriptan gorde zituzten.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wamba (erregea) |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 180. arauaː Goi Erdi Aroko pertsona-izenak. Germaniar jatorriko pertsona-izenak. .. b letraz idatzita balego bezala irakurtzekoa da
Aurrekoa Rezesvinto |
Bisigodoen erregea 672-680 |
Ondorengoa Ervigio |