👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
1.141.166
🔎
Azalera
9.242,45 km²
🏙️
Hiriburua
Nikosia
📷
Argazkiak
ikusi

Zipre Mediterraneo itsasoaren ekialdean dagoen uharte bat da, Turkiatik 64 km hegoaldera, gutxi gorabehera. Mediterraneo itsasoko hirugarren uharte handiena da.

Zipreko mapa

Irlaren zati handiena hartzen duen herrialde baten izena ere bada.

Izan ere, uharteak urte asko daramatza bi zatitan banatua, biztanle greko eta turkoen artean. Batetik, Zipreko Errepublika dago, irlako gobernu ofiziala. Eta, bestetik, Ipar Zipreko Turkiar Errepublika dago, uhartearen iparraldean, baina Turkiak bakarrik hartzen du herrialde independentetzat.

Bi estatuen hiriburua Nikosia da (grezieraz Lefkosia, eta turkieraz Lefkosa). Uhartearen erdian dago eta bertako hiririk handiena da.

Zipreko bandera

Zipreko beste hiri garrantzitsu batzuk Larnakal, Limasol eta Pafos dira.

Geografia eta biztanleria

aldatu

Siriatik mendebaldera eta Turkiatik hegoaldera dago. Beraz, nolabait, Europa eta Asia kontinenteen tartean dago.

Zabaleran, 9.242,45 km² ditu eta punturik altuena Olinpo mendia (1.952 metrokoa) da.

Uharteak mendiak ditu iparraldean eta hegoaldean, eta lautada bat bien artean. Kostalde luze, malkartsu eta harritsua du, eta hareazko hondartzak.

Zipreko bi etnia nagusiak grekoak eta turkoak dira. Zipretar grekoak dira gehiengoa, eta orokorrean ekialdeko kristau ortodoxoak dira. Zipretar turkoak musulmanak dira. Hizkuntza ofizialak greziera eta turkiera dira, baina ingelesa dute bigarren hizkuntzatzat bi etniek. Zipretar gehienak hirietan bizi dira.

Ziprek klima subtropikala du, mediterranearra eta erdi-lehorra. Udara lehor eta beroak ditu, eta negu euritsuak. Ibaiek neguan bakarrik izaten dute ura, udaran lehortu egiten baitira. Troodos mendikatearen tontorretan inoiz elurra agertu izan da.

Ekonomia

aldatu

Zipreko ekonomia-jarduera nagusia zerbitzuak dira, turismoa batez ere. Industria, finantza-zerbitzuak, eraikuntza eta merkataritza ere jarduera garrantzitsuak dira. Zati grekoan elikagaiak, zementua, zigarretak, ardoa eta ibilgailuak ekoizten dituzte. Zati turkoan arropa ekoizten dute batez ere. Bi aldeetan zitrikoak eta patatak landatzen dituzte.

Historia

aldatu

7.000 urte baino gehiagoz egon da jendea Zipren bizitzen. Lehenbiziko kolono grekoak K.a. 2000 eta 1000 urteen artean iritsi ziren. Antzinako sei erreinu grekoen hiriburu bilakatu ziren hiriak eraiki zituzten. Geroago, persiarrek, egipziarrek, Erromatar Inperioak eta Bizantziar Inperioak ere konkistatu zuten uhartea, garai ezberdinetan.

Turko otomandarrek Zipre 1571n berenganatu zuten, eta hiru mende baino gehiagoz agindu zuten uhartean. Britainiarrek Zipre errentan hartu zieten otomandarrei 1878an, eta 1914an berenganatu egin zuten uhartea.

Bigarren Mundu Gerra (1939-45) amaitu ondoren, zipretar greko eta turkoen arteko gatazka zaharra berriz bizitu zen. Zipretar greko askok Greziarekin bat egin nahi zuten, eta zipretar turko askok, berriz, uhartea bi zatitan banatzea nahi zuten. Ziprek 1960an lortu zuen independentzia, eta laster hasi ziren bi taldeen arteko liskarrak.

1974an, militarrek estatu-kolpea eman eta Zipreko presidentea kargutik bota zuten, eta Turkiako armadak uhartearen iparraldea inbaditu zuen. Honela, 1975etik aurrera, Zipre bitan banatua egon da: Zipreko Errepublika hegoaldean, nagusiki grekoa dena, eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublika iparraldean. Uhartea zatituta dago oraindik, eta zatiketa horrek hainbat tirabira eta gatazka sorrarazi ditu.

XXI. mende hasieraz geroztik, bi aldeek irlaren bateratzearen alde egiten dute lan, baina Zipre grekoa bakarrik sartu zen Europar Batasunean 2004an.

Gastronomia

aldatu

Zipren hainbat janari tipiko daude, hala nola arraina plantxan, moussaka (haragi eta berenjena tarta gaztarekin gratinatua), tava (arkumea tipulaz egosita), el kleftiko (arkumea labean), dilista zopa, tzatziki saltsa (jogurta eta pepinoarekin egina) eta suvlaki stin pita, turkiar eragina duen kebab mota.

Zipreko diru ofiziala euroa da. 2008ko urtarrilaren 1ean aldatu zuten, haren aurretik libra erabiltzen baitzuten.


Irudi batzuk

aldatu