Marra horiak adierazten du kolonizazioak munduan indar handiena izan zuen garaia; baina gaur egun ere gertatzen da.

Kolonizazioa gizaki talde batek lurralde bat populatzea edo bereganatzea da. Fenomeno hau batez ere Antzinaroan, Erdi Aroan eta Aro Modernoan gertatu zen, baina geroztik ere gertatzen da. Adibidez, Indonesiako Gobernuak Javako populazioarekin Indonesiako beste uharte batzuk kolonizatzen ditu:[1] Papua, Kalimantan, Sumatra eta Sulawesi, besteak beste.

Herrialde konkistatzaileari metropolia deitzen zaio; eta konkistatutakoari, kolonia. Bestetik, lurralde bat kolonizatzen duena kolonizatzailea da; eta lurralde hori kolonizatzera joandakoak, kolonoak.

Metropoliak lurralde kolonizatuaren ekonomia kontrolatzen du, eta lurraldea gobernatzeaz arduratu ohi da. Askotan, indigenen eskubideak bortxatzen dituzte, eta batzuetan esklabo ere bihurtzen dituzte. Horregatik, askotan geratzen da indigenak (bertako lurraldekoak edo kolonoak) beheko mailakotzat jo eta baztertuak izatea.

Europarren kolonizazioa

aldatu
 
Afrikaren banaketa koloniala.

Historia modernoan, europarrak izan dira munduko leku askoren kolonizazioa burutu dutenak, bereziki XV. mendetik aurrera. Europako zenbait herrialde eta erreinuk Afrika, Amerika, Ozeania eta Asiaren zati bat kolonizatu zuten, bakoitzak bere aldetik.

Kasu gehienetan, europarrek indarrez burutzen zuten kolonizazioa, teknologia aurreratuagoak zituztelako, batez ere armei dagokienez.

Kolonizazioak esplorazioen bidez hasten ziren; Europako estatuetako agintariek, erregeek bereziki, espedizio horiek ordaintzen zituzten, beste herrialdeetako aberastasunak lortzeko, merkataritzaren bitartez edota indarraren bidez; askotan, beste lurralde horiez jabetzen ziren azkenik.

Ondoren, Europatik biztanleak bidaltzen zituzten koloniak eraikitzera, lurralde horietako baliabide naturalak eskuratzeko. Horretarako, kasu gehienetan, lurralde horietako jatorrizko biztanleak menderatu egiten zituzten; Amerikaren kasuan, gainera, kolonizazioak jatorrizko biztanle askoren heriotza eragin zuen. Horregatik, Afrikako biztanleak esklabo bihurtu eta Ameriketara eraman zituzten, oso baldintza negargarrietan, amerindiarren ordez lan eginarazteko.

Hori egin zuten espainiarrek eta portugaldarrek Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan, eta frantsesek eta ingelesek Ipar Amerikan.

Deskolonizazioa

aldatu

XVIII. mende bukaeratik aurrera, lurralde kolonizatuetako batzuk metropolitik beren burua askatzen hasi ziren; prozesu horri deskolonizazioa deitzen zaio. Askotan, deskolonizazioa gerraren bidez egin da historian. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuak izan ziren deskolonizatutako lehen herrialdea; horretarako, gerra bat egin behar izan zuten Ingalaterraren aurka, eta irabazi zutelako deskolonizatu ahal izan ziren.

XIX. mendean zehar, Ameriketako herrialde guztiak deskolonizatu ziren. Espainiaren eta Portugalen koloniak gerraren bidez independizatu ziren garai hartan. Kuba izan zen deskolonizatu eta independizatu zen azkena, 1898an.

Joan den XX. mendean, 60ko hamarkadatik aurrera egin zen Afrika eta Asiako kolonia europar gehienen deskolonizazioa; kasu askotan, bakean lortu zen prozesua burutzea, baina gerrak ere egon ziren, Aljerian edo Vietnamen, adibidez.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu