Irlandaren kokapena Europar Batasunean.
Irlandako bandera.

Irlandako Errepublika Europako ipar-mendebaldeko herrialde bat da. Europar Batasuneko kidea da. Irlandako Errepublika Irlanda uhartean kokatuta dago, Britainia Handitik mendebaldera, Irlandako itsasoak banatuta. Irlandako Errepublikak uhartearen % 80 inguru okupatzen du; beste % 20a Ipar Irlanda da, Erresuma Batukoa. Ipar Irlandarekiko muga da Irlandak beste herrialde batekin duen muga bakarra.

Gaur egun, Irlandak 6,5 milioi biztanle ditu gutxi gorabehera. Dublin da hiriburua eta herrialdeko hiririk handiena; uhartearen ekialdean dago, kostan, Britainia Handiari begira. Irlandar gehienak katolikoak dira, baina Ipar Irlandan asko protestanteak dira.

Historia apur bat

aldatu

Irlandarren herri zelta antzinaroan bizi izan zen uhartean, europar kontinentetik iritsita. Oso gutxi ezagutzen da Irlandan zelten aurretik bizi izan ziren herriei buruz; beren hilobi eta tenplu batzuk bakarrik utzi zituzten.

Erromatarrek Britainia Handia konkistatu zutenean, Irlanda salbatu egin zen. Beharbada arrazoi honegatik, kultura zeltak Ingalaterran baino askoz luzaroago iraun zuen Irlandan.

Erdi Aroan, V. mendean, San Patrizio izeneko erlijio-gizon kristau bat Irlandara iritsi zen eta zeltak kristautasunera bihurtu zituen. Irlanda, orduan, kristau munduaren gune oso garrantzitsua bihurtu zen; monasterio asko sortu ziren, non jendea erretiratzen zen Jainkoari bizia eskaintzera. Garai hartan, Irlanda bost erresumatan banatu zen: Ulster, Leinster, Munster, Connacht eta Mide. Urteak joan urteak etorri, gauza asko aldatu ziren, baina bost haiek geratu egin ziren. Irlandako hiriburua Tara Hill zen, eta han bizi zen Irlandako Erregea. Azkenean Mideko erresuma desagertu egin zen, baina beste laurak oraindik Irlandako probintzia gisa existitzen dira.

Uharteak bikingoen eraso ugari jasan zituen, eta euren kokaleku edo bizitoki propioak ezarri zituzten bertan. Haietako bat Dublin izan zen, ondoren Irlandako hiriburu bihurtu zena.

1172an Henrike II.a Ingalaterrakoak Irlandako zati batzuk konkistatu zituen. Hasieran ingelesek Dublingo inguruari bakarrik eusten zioten, baina irlandar erresumak gero eta ahulagoak zirenez, azkenean Ingalaterrak Irlanda osoa konkistatu zuen XVIII. mendean eta uhartea Britainiar Inperioaren esku geratu zen. Ingelesa hasi zen nagusitzen irlanderaren gainetik. Hala ere, irlandar asko ez zeuden pozik ingeles domeinuarekin eta herrialdearen independentzia berreskuratu nahi zuten.

1840aren ondorengo urteetan, Irlandan gosete handia izan zen. Hala ere, britainiarrek Irlandatik Ingalaterrara eraman zuten janaria. Gosetearen eraginez, milioi bat irlandar baino gehiago hil ziren, eta are gehiago emigratu zuten. Horregatik, Irlandatik joandako arbasoak dituzten pertsona asko Amerikan eta beste leku batzuetan bizi dira gaur egun. Kalkuluen arabera, gaur egun 60 eta 70 milioi pertsona artean daude irlandar arbasoekin mundu osoan.

Irlandarrek Lehen Mundu Gerra ondorenera arte ezin izan zuten berreskuratu beren autogobernua, hau da, ez ziren izan burujabe. 1920 inguruan, gero eta irlandar gehiagok ez zuten Britainia Handiaren parte izaten jarraitu nahi. Erresistentzia talde bat osatu zuten, Irlandako Armada Errepublikanoa, eta bi urtez Britainia Handiaren aurkako independentzia-gerra egon zen. Ondoren, Irlanda errepublika bihurtu zen, baina iparraldeak Britainia Handiarekin jarraitu zuen. XX. mendearen bigarren erdialdean, Irlandako iparraldearen eta hegoaldearen artean gatazka asko izan ziren, bai eta hango biztanle katoliko eta protestanteen artean ere.

Zergatik da ezaguna?

aldatu

Irlandak esmeralda koloreko uhartea deitzen zaio bere larre eta belardi ugariengatik. Zortzi milioi ardi hazten dira bertan, jendea baino bi aldiz gehiago. Lurralde lau samarra da, baina mendi gehiago daude mendebaldean eta hegoaldean. Berdea da lau orriko hirusta ere, irlandarren ikurra.

Irlanda poeta eta musikari ospetsu askoren sorlekua da. Irlandar musika biolinaren musikagatik da ezaguna. Antzinako abestiak ingelesez edo irlanderaz abesten dira.

Irlandako herri-jairik ospetsuena San Patrizio eguna da, martxoaren 17an. San Patrizio V. mendean irlandarrei kristautasuna predikatu zien erlijio-gizon bat izan zen. Egun horretan, jende guztia berdez janzten da, asko edaten da eta irlandar kantak abesten dira. Irlandar etorkinek Estatu Batuetara eraman zuten jai hau; hortik aurrera munduko beste leku askotan ere ezagutzen da.

Irlandako sukaldaritzan arkumea eta txerria izaten dira nagusi. Irish Stew delakoa, adibidez, arkume, patata, tipula eta perrexil gisatua da. Jendeari gustatzen zaio janariarekin garagardo sendo eta ilun bat edatea. Whiskya ere oso ezaguna da Irlandan.