Txantiloi:2012-12 Nabarmendutakoa

Sabin Polikarpo Arana Goiri edo —berak idatzi bezala— Arana ta Goiri'taŕ Sabin (Abandoko elizatea, gaur egun Bilbo, 1865eko urtarrilaren 26a - Sukarrieta, Bizkaia, 1903ko azaroaren 25a) euskal politikari eta ideologo abertzale eta jeltzale, idazle eta euskalari bat izan zen.

1892. urtean Bizkaya por su Independencia liburua idatzi zuen. Haren pentsamoldearen oinarriak independentismoa, abertzaletasuna, euskal arrazaren garbitasuna, katolizismoa eta euskararen garbizalekeria izan ziren eta ideia multzo hori Jaungoikua ta Lagizarra (JEL) leloan laburbildu zuen. Aranak Bizkaiaren independentzia eskatzen zuen, beste gainerako euskal herriekin batera Euzkadi izeneko euskal konfederazio edo nazio federalean batzeko. Gaur egun aski ospetsua den eta garai hartan Euskal Herriko gizartean asaldura eragin zuen esaldi berritzailea eta apurtzailea honako hau izan zen:

« Euzkotarren aberria Euzkadi da. »
Arana ta Goiri'taŕ Sabin

Euskal proiektu nazional hau gauzatzeko asmoz, euskal abertzaletasunari ikur, ideologia, alderdi, aldizkari eta esaera edo lelo multzo bat eman nahi izan zizkion, horien artean Ikurrina, Euzkadi, Euzko Alderdi Jeltzalea edota Euzko Abendaren Ereserkija daudelarik.