Ireki menu nagusia

Thomas James "Tom" Clarke, irlanderaz Tomás Séamus Ó Cléirigh (1858ko martxoaren 11, Hurst gaztelua, Hampshire - 1916ko maiatzaren 3a, Kilmainham Gaol, Dublin) irlandar iraultzailea eta ziurrenik 1916ko Pazko matxinadaren arduradun nagusia izan zen.

Thomas J. Clarke
Thomas Clarke the brave.jpg
Bizitza
Jaiotza Wight1857ko martxoaren 11
Herrialdea  Irlandako Errepublika
Heriotza Dublin1916ko maiatzaren 3a (59 urte)
Heriotza modua heriotza zigorra: fusilamendua
Familia
Ezkontidea(k) Kathleen Clarke Itzuli
Jarduerak
Jarduerak iraultzailea eta politikaria
Kidetza Irlandar Anaitasun Errepublikarra

BiografiaAldatu

Ingalaterra hegoaldeko Hurst gaztelua izeneko gotorleku militarrean jaio zen, Wight uhartearen parean, bere aita, James Clarke, Britainiar Armadako sarjentua baitzen. 1865ean eta Hego Afrikan hainbat urte igaro ondoren familia Ipar Irlandako Tyrone konderrian dagoen Dungannon udalerrira lekualdatu zen eta Clarke gaztea bertan hazi zen. 18 urte zituela Irlandar Anaitasun Errepublikarreko (IRB) kide egin zen, eta 1883an AEBtako IRBeko buruzagietako bat zen Jeremiah O'Donovan Rossak bultzatuaraziko Britainia Handiaren aurkako bonbardaketa kanpainia baten barnean Londresko zubia suntzitzera ingeles hiriburura bidali zuten. Clarke laster atxilotu eta Pentonvilleko espetxean 15 urte preso egotera zigortu zuten. 1898an aske gelditu eta Kathleen Dalyrekin ezkondu zen (bera baino 21 urte gazteagoa), espetxean ezagutu zuen John Daly feniar buruzagi historikoaren hiloba. Laster, AEBetara emigratu eta John Devoyk zuzentzen zuen Clan na Gael irlandar erakunde errepublikarrarentzako lan egin zuen. 1907an Irlandara itzuli eta Dublinen bizitzen jarri zen, bertan Bulmer Hobson eta Denis McCullough bezalako kideekin bartera IRB erakundearen barne egituraketaren eraldatzean lan eginez. Clarkek Hobson eta Seán Mac Diarmadarekin harreman estua izan zuen, biak ere bere babespekoak bilakatuz.

Irlandar BoluntarioakAldatu

1913an Irlandar Boluntarioak sortzean, Clarke erakundeko kide egin zen, aurrez preso egon eta nazionalista ezaguna baitzen, honek erakundeari jendartean ospe txarra eman zion. Mac Diarmada, Hobson eta Éamonn Ceannt eta Patrick Pearse bezalako IRBeko beste kideekin batera, erakunde berriaren kontrola bereganatu eta irlandar errepublikanismoaren itzalpean jartzea lortu zuten. Honek Irlandako Alderdi Parlamentarioaren buruzagia zen John Redmond autonomistarekin talka politikoa izatera ekarri zien, azken hauek Irlandar Boluntarioen independentisten eta autonomisten arteko kontrol orekatuagoa eskatzen baizuten, aldiz sektore independentistak horren aurka agertu ziren. Redmonden proposamenez, Irlandar Boluntarioen erakundeko Aldi Baterako Batzordean bere alderdiko 25 kide autonomista sartzea onartu zen, erabaki honek Hobsonen babesa izan zuen. Clarkek gertakari hau ez zuen inoiz onartu eta traiziotzat jo zuen.

Matxinadaren prestaketaAldatu

Clarke Hobsonekin etsaitu ostean, MacDermott eta Clarke banaezinak bilakatu ziren. Biak IRBko idazkaria eta diruzaina izan ziren, nahiz eta erakundearen zuzendaritza nominala haisera batean James Deakinek eta ondoren McCulloughek izan. 1915ean Clarke eta MacDermottek IRBeko batzorde militarra zuzendu eta Pazko matxinada prestatzen hasi ziren. Kideak Pearse, Ceannt eta Joseph Plunkett izan ziren, ondoren Clarke eta MacDermott batu zitzaizkien. 1915ean Jeremiah O'Donovan Rossa feniar zaharra hil zenean, Clarke haren hileta eta Patrick Pearsen otoitza Irlandar Boluntarioak mobilizatu eta berehalako ekintza baterako prestatzeko aprobetxatu zituen. 1916ko urtarrilean James Connolly eta bere Irlandako Armada Hiritarra erakunde errepublikar eta ezkertiarrarekin akordio batera iritsi ondoren, Connolly ere Pazko matxinadaren prestaketarako batzordera elkartu zen, eta apirilean eta azken orduan Thomas MacDonaghek gauza bera egin zuen. Gerora, zazpi gizon hauek Irlandako Errepublikaren Aldarrikapenaren sinatzaileak izango ziren, Clarke lehenbiziko sinatzailea izan zen, gerora bere heriotz zigorra ekarriko zion gertakaria. Clarke lehendakaria eta buruzagi nagusia izan zela aipatu izan da, baina berak edozein kargu edo ohore militarrei uko egin zien, irlandar nazionalismoaren barnean bera baino ezagun eta goraipatuagoa zen Pearseri emanez.

1916ko Pazko matxinadaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Pazko matxinada»

1916ko Pazko Matxinadan zehar Clarke irlandar matxinatuekin eta James Connollyrekin batera Dublingo Posta Bulego Nagusiaren eraikinean gotortua egon zen. Apirilaren 29an irlandar matxinatuak britainiar soldaduei errenditu zirenean Kilmainham espetxean preso sartu zituztela, eta matxinadako gainontzeko buruzagiekin jazo zen bezala, maiatzaren 3an 59 urte zituela fusilatua izan zen. Matxinadako buruzagien artean fusilatua izaten bigarrena izan zen, Patrick Pearsen ondoren.

Matxinada ostean, Kathleen alarguna lehenbiziko eta bigarren Dáil Éireann parlamentuko diputatu hautatua izan zen. 1922tik aurrera Anglo-irlandar Itunaren aurka nabarmen agertu zen.