Irlandako gaelera
Irlandako gaelera,[1] Irlandako gaelikoa[1][2] edo irlandera[2][3] (hizkuntza hartan: Gaeilge) Irlandako jatorrizko hizkuntza da. Indoeuropar hizkuntzen familiaren barruan, zelta hizkuntzen barnean dago sailkaturik, gaelera hizkuntzen taldean. Historikoki irlandarrek hitz egin dute. Uhartean 130.000 inguru dira Irlandako gaelera lehen hizkuntza dutenak,[4] gehienbat mendebalde urruneko landa giroan; komunitate txikiak ere badira Irlandatik kanpo. Irlandera Irlandako hizkuntza nagusia izan zen, Erdi Aroan ingelesak iritsi arte. 1922an Irlandako Errepublikak (jatorriz Irlandako Estatu Askea deitua) burujabetza lortu zuenez geroztik, Irlandako hizkuntza ofiziala da, ingelesarekin batera. 1998an, Ostiral Santuko Akordioaren ondoren, Erresuma Batuaren agintepean dagoen Ipar Irlandako hizkuntza gutxitutzat onartu zuten ofizialki, Ulsterko eskozierarekin batera. 2005eko ekainaren 22an Europar Batasuneko lan hizkuntzetako bat izendatu zuten legez, eta ofizialtasun horren indarraldia 2007ko urtarrilaren 13an hasi zen. 2007ko urtarrilaren 22an, Irlandako Errepublikako ministro Noel Treacyk Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluko bilera batean lehendabiziko aldiz erabili zuen.
- Artikulu hau Irlandako gaelerari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gaelera (argipena)».
Irlandako gaelera, Irlandako gaelikoa, irlandera | |
---|---|
An Ghaeilge — Gaeilge | |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Irlandako Errepublika eta Ipar Irlanda |
Hiztunak | Zenbatespena: 380.000 dira ondo hitz egiteko gai. 130.000k dute lehen hizkuntza. |
Rankinga | Ez 100 mintzatuenen artean |
Ofizialtasuna | Irlandako Errepublika eta Europako Batasuna |
Eskualdea | Gaeltacht |
UNESCO sailkapena | 3: arriskuan |
Araugilea | Foras na Gaeilge |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza indoeuropar hizkuntzak hizkuntza zeltak Uhartetar hizkuntza zeltak Hizkuntza goidelikoak | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | aditza-subjektua-objektua, nominatibo-akusatibo hizkuntza, hizkuntza azentuala eta hizkuntza fusionatzailea |
Genero gramatikalak | genero maskulinoa eta genero femeninoa |
Alfabetoa | latindar alfabetoa, Ogama eta Gaeliko tipografia |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-1 | ga |
ISO 639-2 | gle |
ISO 639-3 | gle |
Ethnologue | gle |
Glottolog | iris1253 |
Wikipedia | ga |
Linguasphere | 50-AA |
ASCL | 1102 |
UNESCO | 362 |
IETF | ga |
Endangered Languages Project | 3437 |
Komunitate eta Baserri Giroko Gaeltacht Departamentuaren arabera, 2003an 1.500.000 pertsonak hizkuntza horretan mintzatzeko behar adina zekitela ziurtatzen zuten. 2007an, uharteak zituen 4,3 milioi bizilagunetatik % 40,8 ziren gaelera hitz egiteko gai.
Irlandera nagusiki hitz egiten den eskualdeei Gaeltacht edo Gaeltachtaí deritze irlanderaz (pluraleko forma da Gaeltachtaí, eta singularrekoa – Gaeltacht). Eskualde horietatik handiena Connemara/Conamaran dago, Galwayko konderrian, Aran uharteak barne.
Herrialdeko eskola publikoetan nahi eta nahi ez eskatzen dute irlanderaz jakitea. Horregatik, irlandar asko nolabaiteko erraztasunez hitz egiteko gai dira. Hala ere, uharte osoko erabateko hizkuntza nagusia ingelesa da. Irlanderaz idatzitako aldizkariak badira, bereziki Gaeltacht eskualdeetan. 1996an, abian jarri zuten Teilifís na Gaeilge («Irlanderazko Telebista», TG4 siglaz ezaguna). Telebista kate hori Radio Telefís Éireann («Irlandar Irrati Telebista», RTÉ siglaz ezaguna) konpainia publikoarena da.
Irlanderaren hizkera edo dialekto nagusiak hiru dira: Ulsterrekoa iparraldean, Munsterrrekoa hegoaldean eta Connachtekoa erdi-mendebaldean.
Whitley Stokes hizkuntzalariaren arabera, 1800 aldera 800.000 irlandera hiztun elebakar omen zeuden. Irlandako Gosete Handiaren amaieraldera kopurua 320.000ra jaitsi zen eta 1911n jada 17.000 irlandera hiztun elebar baina gutxiago zeuden. 1950eko hamarkadan oraindik ere irlandera hiztun elebakarrak bazeuden, baina 1980ko hamarkada eta 1990eko hamarkadan gelditzen ziren bakanak hil egin ziren. Gaur egun uste denez, Seán Ó hEinirí (1915-1998) azken irlandera hiztun elebakarra izan zen. Bizitza osoa Mayo konderriko kostaldeko Cill Ghallagáin herrian bizi izan zen.
Hizkuntzaren izena
aldatuEuskaraz, Euskaltzaindiak hiru izen ditu onartuak hizkuntza hartarako: «Irlandako gaelera», «Irlandako gaelikoa» eta «irlandera». Irlandan bertan, irlanderaren izen ohikoenak Gaeilge (irlanderaz) eta Irish (ingelesez) dira.
Irlandan, denbora luzez ingelesez Gaelic edo Irish Gaelic deitu izan zaio, Gaelic hitza irlanderazko Gaeilge nahiz Eskoziako gaeliko hizkuntzako Gàidhlig hitzen ingelesezko aldaera baita. Halere, 1921. urtean Irlandako Estatu Askea eratu zenetik, eta bereziki 1949an Irlandako Errepublika aldarrikatu zenean, Gaelic izena mespretxuzko izendapen gisa jo zen, eta herrialde horretako erakunde ofizialek Irish izendapenaren alde egin zuten, batez ere, izendapenak Irlandako berezko hizkuntza dela ongi zehazten baitu.
Hizkuntzaren egoeraren bilakaera
aldatu1600. urtera arte, ingeles hiztunak gutxiengoa ziren Irlandan. 1830ean milioiren bat gaelera hiztun elebakar zeuden; aldiz, elebidunak (irlandera eta ingelesa) hiru milioi pertsona ziren. 1841ean hizkuntzaren gainbehera latza izan zen: irlanderaren hiztun kopurua lau milioian zegoen, baina Gosete Handia eta Irlandar Emigrazio mugimendu handiaren ondoren; 1851rako 1,7 milioira jaitsi zen, 1881erako 64.167 elebakar besterik ez zeuden; 1891rako, elebakarren kopurua 38.193ra jaitsi zen; 1901erako, 641.142 hiztun (20.953 elebakarrak, haietako 12.000 Connacht eskualdean); 1911n, 527.000 elebidun (irlandarren % 18, baina datua ez da erabat fidagarria). 1925ean irlandarren % 12k zioen irlanderaz hitz egiteko gai zela. 1926an hiztunak 542.511 ziren, hau da, Hego Irlandako biztanleen % 18,3; 1936an, berriz, hiztunak 666.601 ziren.
1956an Gaeltacht edo hizkuntz gune linguistikoen sistema bat ezarri zen irlanderaz modu naturalean hitz egiten zen lurraldeetan, mendebaldean gehienbat. Gainera, 25.000 ijito irlandar ere badaude shelta hitz egiten dutenak (tinkers «latorrilariak» izendapena mespretxuzkotzat jotzen denez, politikoki zuzenagotzat jotzen den travellers «bidaiariak» deitzen zaie), hori irlandera edo gaeleran oinarrituta dagoen ijitoen argota da eta 10.000 pertsona baino gehiagok Britainia Handian eta Estatu Batuetan hitz egiten dute.
1981ean irlandarren % 30 hitz egiteko gai dela kalkulatzen da. 1984an, berriz, O'Reagain eta O'Gliasain adituek kopuru hori % 5era murrizten zuten (60.000 hiztun, horietatik 10.000 egunerokoak).
Hizkuntza babesten duten erakundeak
aldatuIrlandak bere hizkuntza zaindu eta babesten dituzten erakundeak ditu. 1943an Comdhala Naisiunta na Gaeilge («Gaeleraren Kontseilu Nazionala») sortu zen, irlandar hizkuntza bultzatzen zuten 17 erakundez osatuta zegoen, zeinek diru laguntzen bidez lan egiten zuten. Beste erakunde esanguratsu batzuk hauek dira:
- Conradh na Gaeilge («Gaeldar Liga» edo «Liga Gaelikoa»), 1893an sortua, erakunde handi eta zaharrena, 200 kide ditu uharte osoan zehar;
- Gael Scoileanna («Eskola Gaelikoen Elkartea»), Gaelscoil deitzen diren lehen eta bigarren mailako hezkuntza gaelera hutsean irakasten duten ikastetxeek osatzen dute;
- Comhar na Muinteori Ghaelachta («Gaelerazko Irakasleen Elkartea»), eraketa korporatibo edo sindikaleko irakasle elkarte bat da;
- An Combchoiste Reamb Scolaiochta («Eskolaurreko Koordinakunde Batzorde Zentrala») naionrai-ak koordinatzen dituen erakundea da.
Gael Linn, 1953an sortutako erakundea, eraketa ekonomikoa duen elkarte bat da. Kirol apustuen sistema baten bidez lortutako diru laguntzekin, gaelera ikastea bultzatzen du.
1980an Údarás na Gaeltachta («Gaeltachteko Agintea») erakundea sortu zen, gune irlandar hiztunen garapen industriala bultzatzeko asmoa zuen elkartea. Haren agintepean 4.500 gizabanako, 150 enpresa eta 500 lantegi daude. 1982an hizkuntzaren egoera kaxkarra zela eta Bord na Gaeilge («Gaeleraren Bulegoa») erakundea sortu zen, 1983-1986 urte bitartean, hirigunetan irlandar hizkuntza gune bereziak sortzeko ekintza plan bat burutzeko asmoz, eta horrek RTE gaeleraz emisio ordu gehiago, irakasle eta ikasle berrien gaelerazko heziketa eta Dail eta Seanadean gaelerazko hitzaldi gehiago egiteko proposamenak barne hartzen zituen. Azken erakunde horrek Comdhala Naisiunta na Gaeilge («Gaeleraren Kontseilu Nazionala») erakundearekin elkarlana egin behar zuen Gaeltacht eremuko ekonomia bultzatzearren, bertako biztanleek hizkuntza alde batera ez uzteko eta kanpora emigra ez zezaten. Era berean, Irlandako Gobernuko Gaelthachteko Ministerioak (Roin na Gaelthachta) Bord eta Udaras erakundeen arteko harremanak koordinatzen ditu, estatuaren diru laguntzak banatzeko eta erakunde pribatuekin elkarlanean aritzeko. Glor na gael ospakizuna ere bultzatzen da, irlanderaz edo gaeleraz eginiko herri eta auzoen arteko lehiaketa, Euskal Jaien edo Euskal Lore Jokoen antzekoa, auzokidetasuna eta herrikidetasuna bultzatzeko helburuz.
Gaeltacht: gaelera hiztunen lurraldeak
aldatuGaeltacht (Gaeltachtaí pluralez) hitza biztanleriaren gehiengoa irlandera edo gaelera hiztunek osatzen dituzten lurraldeentzako erabiltzen da. Irlandan, The Gaeltacht edo An Ghaeltacht delakoa «ofizialki» irlandera hizkuntz nagusia den eremui ipintzen zaien izena da, hau da, bertakoen ama hizkuntza irlandera denean. Lurralde hauek Irlandako Estatu Askea sortu zen lehendabiziko urteetan izendatuak izan ziren, Berpizkunde Gaelikoaren ondoren, gobernuaren irlandar hizkuntzaren berrezartze politika moduan.
Lurralde hauek oso txikiak dira uharte osoaren azalera guztiarekin parekatuz gero, ofizialki 1950. hamarkadan zehaztu ziren eta aldakuntza gutxi izan dituzte, nahiz eta ordudanik gaeleraren hiztun kopurua zer edo zer jaitsi. Teorian, Gaeltacht eremu diren askotan gaelera hiztunen kopurua gutxiengoa da.
Gaur egungo Gaeltacht eremuetako biztanleria 85.000 pertsonakoa da gutxi gorabehera; hiztun kontzentrazio handienak sartalde edo mendebaldeko konderrietan dago, batez ere, Donegal, Mayo, Galway, Kerry eta Cork-en. Bi hiztun eremu txiki ere daude Meathen, ekialdean, eta Waterforden, hegoaldean. Meatheko Gaeltachtaren egoera bitxia da, arrazoi honengatik: 1930eko hamarkadan Irlandar Gobernuak etxe bat eta 22 akre lur eskainia zizkien Connemara eta Mayoko 41 familiari, haien jatorrizko lurren ordez. Meatheko eremu hori 1967.urtera arte ez zen Gaeltacht izendatu.
Minister for Community, Rural & Gaeltacht Affairs delakoaren agintepean dagoen Department of Community, Rural & Gaeltacht Affairs-ek Gaeltachten inguruko irlandar politikaz arduratzen da eta Údarás na Gaeltachta (gaelera arautzen duren erakundea) eta beste erakundeen lana gainbegiratzen du.
RTÉren Raidió na Gaeltachta gaelerazko irratiak emititzen du Gaeltacht lurraldeentzat eta oro har, irlandar hiztun entzule guztientzat. TG4 irlandar telebista kateak gaeleraren erabilera bultzatzen du. Egoitza Galwayko konderrian du.
2005eko martxoan, Irlandako Gaeltachteko Ministrari Éamon Ó Cuívek Gaeltacht eremuetako trafiko seinaleak gaelera hutsean ezartzeko aurre-iragarpena egin zuen. Irlandan, Gaeltacht eremukoak ez diren udalerrien inguruko seinaleak (norabidekoak, ongietorrikoak…) elebidunak dira: ingelesezko izena letra handiz dute eta gainaldean, irlanderazkoa, letra txikiz eta etzanaz. Gaeltacht-eko eremuko udalerrietan, berriz, seinaleak irlandera hutsean daude.
Irlandak Europar Batasuneko Estatuekin hainbat negoziaketa izan ondoren, irlandera Batasuneko hizkuntza ofizialetako bat izan zedin lortu zuen. Ofizialtasun hori 2007ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, baina derogazio batekin.
Historia
aldatuIrlandera Erdialdeko irlanderatik dator (Erdi Aroan hitz egiten zena). Horren aurretik Irlandera Zaharra (VI. eta X. mendeen artean) eta Aitzinirlandera (IV. eta VII. edo VIII. mendeen artean) erabiltzen ziren.
Erdialdeko irlandera hiru hizkuntzatan banatu zen: irlandera, Eskoziako gaelera eta manxera.
Irlanderaren historia garaikideko zenbait datu:
- 1843an Thomas Davisek gaelera «hizkuntza nazional»tzat aldarrikatu zuen, horrelakorik gertatzen zen lehen aldia;
- 1893an Conradh na Gaeilge («Irlanderaren Liga») fundatu zuten Douglas Hyde-k, Eoin Mac Néill-ek, aita Eugene O’Growney-k eta beste hainbatek;
- 1972an ekin zion emititzeari Raidió na Gaeltachta nazio mailako irratiak;
- 1993an hasi zen emititzen Raidió na Life irrati dublindarra;
- 1996an lehen emisioak egin zituen TG4 telebistak;
- 1999ko abenduaren 2an Foras na Gaeilge erakundea sortu zuten;
- 2003ko uztailaren 14an The Official Languages Act 2003 legea onartu zuten, hizkuntza sustatzeko;
- 2007ko urtarrilaren 1ean Europar Batasunaren hizkuntza ofiziala bihurtu zen beste hainbesterekin batera.
Dialektoak
aldatuIrlanderak dialekto asko ditu. Halere, nagusiki, hiru gune dialektiko nagusi bereizten dira: Munster, Connacht eta Ulster lurraldeekin bat egiten dute, gutxi gorabehera.
Irlanderaren dialektoen arteko ezberdintasunak nabariak dira. Horren ondorioz, irlandar batu edo estandarra sortzeko unean hainbat oztopo gainditu behar izan ziren. Maiz, esaldi batek, dialektoaren arabera, aldaera ugari ditu. Adibidez, «Zer moduz?» esaldia eredutzat hartuz gero:
- Ulster: Cad é mar atá tú? (hitzez hitz, «Nola hago?»)
- Connacht: Cén chaoi a bhfuil tú?
- Munster: Conas taoi? edo Conas tánn tú?
- Irlandera batua: Conas atá tú?
Berriki, ordea, dialektoetako hiztunen arteko kontaktuak ohikoagoak egin dira, eta dialekto mistoak sortu dira. Hala ere, dialekto hiztun askok (bereziki Ulsterren) nahiago dute euren hizkuntzaren aldaera beste dialekto batzuen eraginetik babestu. Tokian tokiko dialektoak gaeliko hiztun berriei irakasten zaizkie, eta haiek imitatu egiten dituzte.
Munsterreko dialektoa
aldatuMunsterreko dialektoa Kerry, Muskerry, Clear Lurmuturrean eta Cork konderriaren mendebaldean hitz egiten da, baita Dungarvaneko zati txiki batean ere, Waterford-eko konderrian. Dialekto horren azpibanaketa nagusia Decies-eko irlandera (Waterford hitz egiten dena) eta gainontzekoen artean dago.
Munsterreko irlanderaren ezaugarri nagusiak hauek dira:
- Bukaera pertsonalen erabilera izenordeen ordez, honela euskarazko «nik egin behar», Munsterren caithfead da, eta beste dialekto batzuetan caithfidh mé erabiltzea nahiago dute (irlanderako mé euskaraz «ni» da). Euskarazko «ni nintzen eta zu zinen», irlanderaz Bhíos agus bhís da Munsterren eta Bhí mé agus bhí tú beste dialekto batzutean.
- Sudurkariak eta ll-aren bitartez, zenbait bokal laburtu egiten dira eta beste batzuk diptongo bilakatu.
- Esaldia kopulatibo moduan osatzen da aldi askotan is ea-arekin.
Connachteko dialektoa
aldatuConnachteko dialekto garrantzitsuena Connemara/Conamara eta Aran uharteetakoa da. Zenbait ezaugarritan, beste dialektoekin alderatuta, oso ezberdina da. Connachteko dialekto asko XIX. mendean galdu zirela kontuan hartu behar da. Horrela, Connachteko irlandar dialekto orokortzat hartzen da, nahiz eta hori garai batean bertakoetako bat besterik ez izan. Ohikoa zen Connachteko dialektoaren antzekoagoa da Galway eta Mayoko mugan hitz egiten den dialektoa, nahiz eta egun galtzeko arrisku handian egon. Tourmakeadyko irlandera, Mayo hegoaldekoa eta Joyceen Herrialdekoa (hirurak Galway eta Mayoren artean) izan ohi dira Erdi Aroko irlanderaren gaur egun bizirik dirauten dialekto antzekoentzat hartuak. Mayoko iparraldeko dialektoak ere Errisen eta Achill uhartean, gramatikalki eta morfologikoki Connachteko dialektotzat har daitezke, nahiz eta Ulsterreko irlanderarekin lotura lexikala ere izan, Ulsterretik ingelesek bota eta Connachten bizitzen jarri zituzten ulstertar gaeleradun immigrante ugariei esker.
Connemarako irlandera oso ospetsua da ikasleen artean, batez ere Mícheál Ó Siadhailen auto-ikasketa gidei esker. Halere, baditu zenbait elementu molde ofizialetik at geratzen direnak, zehazki -achan bukaeraz amaitzen diren aditzen izenak. Adibidez, lagachan aditzaren erabilera lagú aditzaren ordez, euskaraz «ahuldura» esan nahi du. Molderik gabeko ahoskera du, bokal luzeez eta bukaera oso motzez, eta horrek Connemarako irlanderari ezaugarri berezi bat ematen dio.
Dialekto horren ezaugarri nagusia bh hizkiaren /w/ ahoskeran dago, beste dialektoetako /v/ ebaki beharrean, herrialdeko beste leku batzuetan bezala. Adibidez, Ní raibh hitzak Ni raow ahoskatzen dira Connachten eta Ni rev gainontzeko lurraldeetan. Gainera, Connachteko hiztunek nós izenordea jartzen dute aditzaren ondoren, aditzarekin berarekin jarri beharrean. Adibidez, Bhí muid euskaraz «Gu gara», ohiko Bhíomar esan beharrean. Irlanderazko edozein eskolatan irakasten diren esaldi osaketak baino errazagoa da Connemarako dialektokoa, «Gu» modua erabiltzerakoan.
Connachtekoa Irlandako dialekto guztietan hedatuena da, hiztun gehienak bertakoak baitira.
Ulstergo dialektoa
aldatuGaur egungo Ulstergo dialektorik garrantzitsuena Rosses eskualdekoa da, eta Séamus Ó Grianna eta Seosamh Mac Grianna idazleek, besteak beste, asko erabiltzen dute. Funtsean Gweedorekoaren berdina da, azken eskualde hori Enya abeslariaren eta Clannad taldearen sorlekua da.
Ulstergo dialektoa gainontzeko Irlandako Errepublikako dialektoekin parekatuta oso ezberdina da eta Eskoziako gaelerarekin antzekotasun nabariak ditu. Berezko hitzak ditu bai eta esanahien lits ugari ere. Horregatik Ipar Irlandako irlanderaren dialektoen gainbehera dela eta, Ulstergo dialektoa Eskoziako gaelera eta hego eta mendebaldeko dialektoen zubi gisako dialekto gisa hartzea neurriz gainekoa izango litzateke. Izan ere, Eskoziako gaelerak Ulstergo dialektoan agertzen ez diren ñabardura asko ditu, eta aldiz, ñabardura hauek Munstergo dialektoan agertzen dira.
Ulstergo ezaugarri oso nabari bat cha(n) ezezko partikularen erabilera da; aldiz, Munster eta Connaughten ní erabiltzen da. Era berean, Ulstergo cha(n) partikulak, Eskoziako gaeleran hain ohikoa, ekialdeko dialektoetako ní partikula ordezkatzen du (aldiz Ipar Irlandako desagertuak dauden dialektoek ní partikulua erabili ohi zuten). Praktikan, dirudienez, cha(n) partikula baieztatze bati erantzuteko, ezezko baieztatze bat berresteko (Níl aon mhaith ann – Chan fhuil, leoga = «Ez da ona» – «Ziur ez dela ona») edota baieztatze bat ukatzeko erabili ohi da (Tá sé go maith – Chan fhuil! = «Ona da» – «Ez, ez da ona!»); aldiz, ní partikula galdera bati erantzuteko erabili ohi da (An bhfuil aon mhaith ann? – Níl = «Ona al da?» – «Ez»).
Hiztegia
aldatuIzenorde pertsonalak
aldatu- mé /mʲe:/: «ni»,
- tú /t̪ˠu:/: «hi»,
- sé /ɕe:/: «bera / hura» (gizonezko batez),
- sí /ɕi:/: «bera / hura» (emakume batez),
- muid/sinn /ɕɪnʲ/: «gu»,
- sibh /ɕɪvʲ/: «zuek»,
- siad /ɕiəd̪ˠ/: «haiek».
Izenak
aldatu- lá (m) /ɫ̪a:/: egun,
- bean (f) /bʲan̪ˠ/: emakume,
- grian (f) /gɾʲiən̪ˠ/: eguzki,
- tír (f) /tʲiːɾʲ/: lur, herrialde,
- fear (m) /fʲaɾˠ/: gizon,
- Éireannach (m) /'e:ɾʲan̪ˠəx/: irlandar,
- oíche (f) /ˈiːhə/: gau,
- cathair (f) /'kahəɾʲ/: hiri
Zenbakiak
aldatu- A h-aon ("A jen"): bat
- A dó ("A do"): bi
- A trí ("A tri"): hiru
- A ceathair ("A kajer"): lau
- A cúig ("A kuig"): bost
- A sé ("A xe"): sei
- A seacht ("A xajt"): zazpi
- A hocht ("A jojt"): zortzi
- A naoi ("A nei"): bederatzi
- A deich ("A dej"): hamar
Oinarrizko morfologia. Izenen deklinabidea
aldatu- beach: erle / erle bat
- an bheach: erlea
- beacha: erleak
- dath na beiche: erleareen kolorea
- dath na mbeach: erleen kolorea
Esaldiak
aldatuAgurrak
aldatu- Dia dhuit /dʲiə ɣɪtʲ/: "Kaixo" (pertsona bakarrekin topo egitean); hitzez hitz, "Jainkoa hirekin".
- Dia's Muire duit: Norbaitek kaixo esatean erantzuteko formula (pertsona bakarrari); hitzez hitz, "Jainkoa eta Maria hirekin".
- Dia daoibh: "Kaixo" (pertsona batekin baino gehiagorekin topo egitean), hitzez hitz: "Jainkoa hirekin".
- Dia's Muire daoibh: Norbaitek Kaixo! esatean erantzuteko formula (pertsona bati baino gehiagori), hitzez hitz: "Jainkoa eta Maria hirekin".
- Slán leat/slán agat /sˠɫ̪a:n̪ˠ lʲatˠ̪/ o sˠɫ̪a:n̪ˠ əgatˠ̪/ "Agur", aurrenekoa gelditzen denak esaten du, bigarrena, joaten denak (hitzez hiz: "Agurrak hirekin / Agurrak hiregan").
- Slán agaibh: "Agur" (pertsona bat baino gehiago agurtzeko).
- Slán libh: "Agur" (pertsona askori agur esateko).
- Slán go fóill: "Gero arte".
- Slán tamall: "Laster arte" (denbora gutxira ikusiko den norbait agurtzeko).
- Slán abhaile!: "Bidaia on etxera!"
- Tabhair aire: "Zaindu".
- Tá áthas orm bualadh leat: "Pozten naiz ezagutzeaz", "Urte askotarako".
Auzkezpenak
aldatu- Fáilte: "Ongi etorri".
- Conas atá tú? /'kɔn̪ˠəsˠ ətˠ̪a: tˠ̪u:/: "Zer moduz?".
- Cén chaoi a bhfuil tú?: "Zer moduz?"
- Cad é mar atá tu?: "Zer moduz?"
- Tá mé go maith /tˠ̪a: mʲe: gɔ mˠa/: "Ongi nago".
- Tá mé ceart go leor: "Ondo nago".
- Tá mé go breá: "Ederki nago".
- Tá mé go h-iontach: "Zoragarri nago".
- Tá mé go dona: "Gaizki nago".
- Agus tú féinn?: "Eta hi? (Zer moduz hago?)", hitzez hitz, "Eta hi heu?", norbaitek "Zer moduz hago?" galdetutakoan erantzuten formula.
- Tá mé tinn: "Gaixo nago".
- Cén scéal?: "Zer berri?".
- Is mise: "Ni naiz", adibidez: Is mise Brian: "Ni Brian naiz"
- Cén t-ainm atá ort?: "Nola izena duk / dun?"
- Cén t-ainm atá ortsa?: "Zein da hire izena?"
Bestelakoak
aldatu- Go raibh maith agat /gɔ ɾˠɛvʲ 'mahəgatˠ̪/: Eskerrik asko (hitzez hitz, "Ongia hirekin izango ahal duk / dun" edo "Ongia higan egon bedi").
- Le do thoil: "Mesedez".
- Gabh mo leithscéal /Gavˠ mˠɔ lʲɛ'ɕce:ɫ̪/: "Barkatu" (hitzez hitz, "Jaso itzak / itzan nire barkamenak").
- Tá brón orm: "Sentitzen dut" (barkatzeko eskatzeko).
- An bhfuil Gaeilge agat?: "Irlanderaz mintzatzen al haiz?".
- Conas a déarfávsin as Gaeilge?: "Nola esaten da hori irlanderaz?".
Hitzak
aldatu- Agus: "Eta"
- Féin: "Neu / Heu / Geu / Zeuek...", ingelesezko "self" hitzarekin parekidea = Sinn Féin: "Gu geu", Tú féin: "Hi heu"
Testuak
aldatuMise Éire – Irlanderaz Mise Éire – sine me ná an Chailleach Béarra. Mór mo Ghlóir – mé do rug Cú Chulainn cróga. Mór mo náire – mo chlan féin do dhíol a máthair. Mise Éire – uaigní me ná an Chailleach Béarra. |
Irlanda Naiz – Euskaraz Irlanda naiz – Bearako Atsoa baino zaharragoa naiz. Handia da nire Loria – Cúchulainn handiari titia eman nion. Handia da nire lotsa – neure semeek ama saldu dute. Irlanda naiz – Bearako Atsoa baino bakartiago nago. |
Esaera zaharrak
aldatuHezkuntza
aldatuGaelscoil irlanderazko Lehen Hezkuntzako eskolaren izena da, Gaeltacht lurraldetik kanpo dagoena, Irlandako Errepublikan eta Ulsterren. Bigarren Hezkuntzako eskolak Gaelcholáiste du izena.
Literatura
aldatuMusika
aldatu- Taldeak: Clannad (1970-), Dervish (1989-) eta Lúnasa (1996-).
- Abeslariak:
- Joe Heaney edo Seosamh Ó hÉanaí (1919-1984).
- Tomás Mac Eoin (1937-).
- Moya Brennan (1952-).
- Mairéad Ní Mhaonaigh (1956-).
- Liam Ó Maonlaí (1964-).
- Muireann Nic Amhlaoibh (1978-).
Zinema
aldatuAn Cailín Ciúin (Colm Bairéad, 2022; "Neska isila") izan da lehenengo irlanderazko filma Oscar Sarietarako izendatutakoa.
Beste film aipagarri batzuk Poitín (1978), Yu Ming Is Ainm Dom (2003), No Béarla (dokumental sorta, 2007-08), Amhrán na Mara (2014), Black '47 (2018) eta Arracht (2019).
Hedabideak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b 53. araua: Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
- ↑ a b 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
- ↑ Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
- ↑ Keith Brown, argitaratzailea (2005): Encyclopedia of Language and Linguistics (2. argitaraldia). Elsevier. ISBN 0-08-044299-4
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Irlandako Ataria |
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |
- (Gaeleraz) (Ingelesez) Foras na Gailge-ren webgunea
- (Gaeleraz) An Coimisinéir Teanga erakundearen webgunea
- (Gaeleraz) (Ingelesez) Gaeltachteko webgunea
- (Gaeleraz) (Ingelesez) Raidió na Gaeltachta irratiaren webgunea
- (Gaeleraz) Raidió na Life irratiaren webgunea
- (Gaeleraz) Gaelerazko Telebistako webgunea
- (Gaeleraz) La egunkariaren webgunea
- (Gaeleraz) Foinse astekariaren webgunea
- (Gaeleraz) Gaelport aldizkari elektronikoaren webgunea
- (Gaeleraz) Beo aldizkari elektronikoaren webgunea
- (Gaeleraz) Gaeilge ar an Ghréasán webgunea
- (Gaeleraz) (Ingelesez) Litriocht webgunea
- (Gaeleraz) (Ingelesez) Oideas Gael webgunea
- (Ingelesez) Gaeleraren egoera eta erronkez bideoa Pobaleko buruarekin euskarazko azpitituluekin Argian
- Gaelikoa, etorkizuneko ibilbidea marrazten. Zuzeu.com
- "Irlandara. Haren historia eta gaur egungo estatua", Jon Miranderen artikulua "Euzko Gogoa" aldizkarian (1954, 11-12. zenbakiak). Klasikoen gordailua
- Duolingo. Ikasi irlandera sarean eta doanik.