Afrikar bufalo
Afrikar bufaloa (Syncerus caffer) Syncerus generoko animalia handia da, Sahara hegoaldeko Afrikan bzi dena. Artiodaktiloen barruko Bovidae familian sailkatuta dago eta bost azpiespezie ditu.
Afrikar bufalo | |
---|---|
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Bovidae |
Generoa | Syncerus |
Espeziea | Syncerus caffer Sparrman (en), 1779 |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 340 egun |
Afrikar bufaloak ez dauka etxabereekin ahaidetasun esturik, are gehiago, bufaloaren suhartasunak eragin du inoiz ez domestikatu izana. Gaur egun "ia galzoriko espezieen" taldean sartu du IUCN erakundeak.
Deskribapena
aldatuGorputza
aldatuAfrikar bufaloa animalia handia eta sendoa da. Sorbaldak 1-1'7 metroko altueran ditu eta gorputzaren luzera 1'7-3'4 metro artekoa izan ohi da. Isatsak 70-110 cm-ko luzera du[1]. Gainerako bovidoekin alderatuta gorputz luzeagoa du eta hanka labur eta sendoagoak. Lurmuturreko bufaloak (Syncerus caffer caffer) 425-870 kg pisatzen du eta azpiespezieen artean handiena da, basoko bufalo nanoak aldiz (Syncerus caffer caffer) 250-450 kg pisua du[2]. Azpiespezie guztietan arrak handiagoak dira emeak baino[3].
Sabanan bizi diren bufaloak beltzak edo marroi ilunak dira. Adinak aurrera egin ahala begien ingurua eta aurpegi aldea zuritu egiten zaie. Emeak gorrixkagoaak izaten dira. Basoko bufaloak gorrixkak dira eta iletsuagoak. Bufalo kumeen kolorea ere gorrixka izaten da kasu guztietan.
Aurreko hanketako apatsak zabalagoak dira atzeko hanketakoak baino, horrek adierazten du gorputzaren karga handiena aurrealdean duela bufaloak.
Burua
aldatuBovido guztien antzeko garezurra dute eta gainean adar sendo bi. Afrika hegoaldeko eta ekialdeko populazioetako bufalo arren adarren oinarriak elkarturik daude ia eta ezkutu bakarra osatzen dute. oinarri borobiltsua dute, hortik beherantz luzatzen dira eta ondoren kurbatu egiten dira barrualderantz. Ale handiek metro bateko distantzia izaten dute punten artean, errekorra 164 cm-takoa da. Animaliak 5-6 urte dituenean garatzen dira guztiz adarrak, ezkutua ordea 8-9 urteko adina izan arte ez da gogortzen. Emeek ere badituzte adarrak, %10-20 laburragoak ordea.
Basoko bufaloen adarrak oso laburrak dira, gehienez ere 40 cm luzera dutenak, eta ez dira oinarriak elkartzen[4].
Taxonomia
aldatuAnders Sparrman suediar naturalistak deskribatu zuen espeziea 1779. urtean eta Bos cafer izena eman zion[5]. 1847an Brian Houghton Hodgson britainiarrak Bos generotik atera eta Syncerus generoa sortu zuen[6]. Genero honen barnean sartu ziren ondoren Syncerus acoelotus[7] eta Syncerus antiquus[8], dagoeneko iraungita daudenak.
Afrikar bufaloak bost azpiespezie ditu:
Azpiespeziea | Kokapena | Oharrak | Irudia |
---|---|---|---|
Lurmuturreko bufaloa (Syncerus caffer caffer) |
Afrika hegoaldean eta ekialdean. Lehenengo aleak Lurmutur Hirian ikusi zirelako ezarri zitzaion izen hori. | Azpiespezie handiena da, batazbeste 750 kg[9]. Kolore oso iluna dute, ia beltza | |
Basoko bufalo nanoa (Syncerus caffer nanus) |
Afrika erdialdeko eta mendebaldeko basoetan | Azpiespezie txiiena da, batazbeste 270 kg[10]. Kolore gorrixka du eta adar laburrak atzerantz. | |
Sudango bufaloa (Syncerus caffer brachyceros) |
Afrika mendebaldean | Azpiespezie ertaina da, batazbeste 400 kg. Kolore gris iluna du[11] | |
Niloko bufaloa (Syncerus caffer aequinoctialis) |
Afrika erdialdean | Lurmuturreko bufaloaren antza du, pixkat txikiagoa eta kolorez argiagoa[12]. | |
Mendiko bufaloa (Syncerus caffer mathewsi) |
Kongoko E.D-ko, Ruandako eta Ugandako mendialdean | Oraindik ez dute erakunde guztiek onartzen azpiespezie bereizia denik[13] |
Ekologia
aldatuHabitata
aldatuAfrikar bufaloa Afrikako belarjale arrakastatsuenetako bat da. Sabanan, zingiratan eta uholde-lautadatan bizi da, bai eta mopane basoetan eta mendietako basoetan ere[14]. Baso itxiak nahiago ditu eremu zabalak baino[15]. Ura behar du ezinbestean eta ur putzu iraunkorrak bilatzen ditu. Belar luzeak jaten ditu eta bestelako belarjaleei bidea irekitzen die. Belarra jateko mihia eta ebakortzak erabiltzen ditu eta azkar irensten du elikagaia. Bufalo taldeak ez dira luzaroan egoten toki berean.
Harraparitza eta gaixotasunak
aldatuDuten tamaina handiari esker harrapari gutxi dituzte. Lehoiek ehizatzen dituzte baina haien aurrean defenditzeko gai ere badira askotan. Horregatik hainbat lehoiek batera eraso behar dute bufalo heldu bat behera bota eta hiltzeko[16]. Krokodiloek bufalo zaharrak edo kumeak erasotzen dituzte, Nilotar krokodilo handiek bufalo helduari ere heltzen diote[17]. Gainerako harrapariek bufalo kumeak harrapatzen dituzte gehienbat; hala gepardoek, lehoinabarrek, likaonek eta hiena pikartek.
Etxekoturiko bobidoek dituzten gaixotasunak izan ohi dituzte afrikar bufaloek, hala nola, bobidoen tuberkulosia, theileriosia, oinetako eta ahoko gaixotasunak... Agerraldiak gertatzen direnean animalia taldeak isolatzen saiatzen dira Parke Naturaletako agintariak, gaixotasun gabeko eremuak lortzeko.
Talde jokaera bereziak
aldatuKopuru desberdinetako taldeak osatzen dituzte. Taldearen muina ahaideak diren bufalo emeek osatzen dute, haien ondorengoak alboan dituztela, eta gainerakoek talde iherarkizatua osatzen dute. Emeek agintzen dute hartu beharreko norabidea zein den, eta horretarako muineko emeek haien preferentziak adierazten dituzte eta gehiengoak erabakitzen du nori jarraitu[18]. Arrek ere sistema iherarkizatua dute eta gazteak ar dominantearengandik distantzia batera egoten dira beti[19]. Arren artean adar joka aritzea ohikoa izaten da ugalketa garaia inguratzen denean.
Harrapariak inguruan somatzen dituztenean talde itxia eratzen dute, kumeak erdian kokatzen dituztela. Ale isolaturen baten oihua entzuten dutenean hari lagundu eta arriskutik askatzera abiatzen dira[20]. Ikusi izan da bufaloak lehoiak jazartzen eta baita hiltzen ere haiek bufalo bat ehizatu badute.
Urtaro lehorrean arrak talde nagusitik banatzen dira eta haien taldea osatzen dute. Bi bufalo ar talde mota eratzen dira; 4-7 urte dituztenak eta 12 urte edo zaharragoak[21]. Zaharrenen taldeari dagga boys esaten diete (lokatzeztatuak) eta gizakientzat arriskutsuenak izaten dira.Tarteko adina duten bufalo arrak talde nagusian mantentzen dira haien kumeak babesten.
Soinu anitzak bokalizatzeko gai dira egoera desberdinak adierazteko; taldea mugitzen hasteko, norabidea aldaketa adierazteko, haien presentzia eta kokapena adierazteko, kumeak zaintzeko...[15]
Ugalketa
aldatuUrtaro euritsuan soilik elkartzen dira eta orduan izaten dituzte kumeak. Urtaroaren hasieran jaiotzen dira bufalo kumeak eta urtaroaren amaiera aldera izaten da bufaloen arteko elkarketa. Bost urteko adina dutenean hartzen dute sexu heldutasuna. Haurdunaldiak 11 hilabete eta erdi irauten ditu. Ama taldetik aldendu egiten da kumea izatera eta aste batzuetan landare artean gordeta zaindu ondoren ama eta kumea taldera itzultzen dira. Amaren eta kumearen arteko lotura gainerako bobidoetan baino luzeago mantentzen da, kume berri bat izan artean irauten du.
Gizakiarekiko harremana
aldatuIa galzoriko espezie kontsideratzen du IUCN erakundeak. Bufaloen populazioaren gorabeherak eragiten dituzten faktore bi daude; ehiza (negatiboa) eta turismoa (positiboa). Bufalo handienak trofeo gisa ehizatzen dira baina gainerakoan bufaloaren haragia lortzea izaten da helburua[22]. Bufaloen populazio handiena babesturiko parkeetan kokatzen da. Azkenengo egin zen erroldan sabanako hiru espezieen kopurua 513.000 ale ingurukoa zela ikusi zen.
Bufaloek izandako izurrite hilgarriena 1890. hamarkadako "bobidoen izurria" izan zen. Pleuro-pneumonia eragiten zien eta %95a hil zen[23].
Bufaloak erasotu izan dituzte gizakiak ere eta datu batzuen arabera urtero 200 pertsona inguru hiltzen dituzte. "Heriotza beltza" eta "Alarguntzailea" ezizenak eman izan zaizkio bufaloari. Esan izan da bufaloak direla gizaki gehien hiltzen dituzten sabanako animaliak, baina datuek erakusten dute hipopotamoek eta elefanteek jende gehiago hiltzen dutela[24]. Bestalde egia da bufalo zauritua oso arriskutsua dela, ehiztaria jazartzen baitu[25].
Era berean sinbolo gisa ere hartu izan da Afrikako hainbat tokitan. Hegoafrika iparraldeko Limpopo probintziaren armarrian bi bufalo agertzen dira esate baterako[26].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «African buffalo (Syncerus caffer) - Quick facts» web.archive.org 2012-03-19 (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Boitani, Luigi. (1983). Simon and Schuster's Guide to mammals. Simon and Schuster ISBN 0-671-42805-5. PMC 9830266. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) «Cape buffalo | mammal | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) «Ecology, Evolution and Behaviour of Wild Cattle | Animal behaviour» Cambridge University Press (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) «Bos caffer Sparrman, 1779» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ «Mammal Species of the World - Browse: Syncerus» www.departments.bucknell.edu (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ «Fossilworks: Syncerus acoelotus» www.fossilworks.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) Klein, Richard G.. (1994-11-01). «The Long-Horned African Buffalo (Pelorovis antiquus) is an Extinct Species» Journal of Archaeological Science 21 (6): 725–733. doi: . ISSN 0305-4403. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Cornélis, D., Melletti, M., Korte, L., Ryan, S. J., Mirabile, M., Prin, T., & Prins, H. H.. (2014). African buffalo Syncerus caffer (Sparrman, 1779) - Ecology, Evolution and Behaviour of Wild Cattle: Implications for Conservation. Cambridge University Press, Cambridge, 326-372 or..
- ↑ (Ingelesez) Korte, L. M.. (2008-07). «Variation of group size among African buffalo herds in a forest‐savanna mosaic landscape» Journal of Zoology 275 (3): 229–236. doi: . ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Agé, C.; Brown, W.. (1988). Age determination of the West African buffalo Syncerus caffer brachyceros and the constancy of tooth wear. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Handbook of the mammals of the world. [2009]-<[2019]> ISBN 978-84-96553-49-1. PMC 304148757. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ ondrej.zicha(at)gmail.com, Ondrej Zicha;. «BioLib: Biological library» www.biolib.cz (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) Hughes, Kristen; Fosgate, Geoffrey T.; Budke, Christine M.; Ward, Michael P.; Kerry, Ruth; Ingram, Ben. (2017 ira. 13). «Modeling the spatial distribution of African buffalo (Syncerus caffer) in the Kruger National Park, South Africa» PLOS ONE 12 (9): e0182903. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 28902858. PMC PMC5597095. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ a b Estes, Richard. (1991). The behavior guide to African mammals : including hoofed mammals, carnivores, primates. University of California Press ISBN 0-520-05831-3. PMC 19554262. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) «Learn and Explore» Canadian Museum of Nature (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) Ph. D., U. de V. Pienaar. (1969-05-25). «Predator-prey relationships amongst the larger mammals of the Kruger National Park» Koedoe 12 (1): 108–176. doi: . ISSN 2071-0771. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Wilson, David Sloan. (1997-07-01). «Altruism and Organism: Disentangling the Themes of Multilevel Selection Theory» The American Naturalist 150 (S1): S122–S134. doi: . ISSN 0003-0147. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) Turner, Wendy C.; Jolles, Anna E.; Owen‐Smith, Norman. (2005-11). «Alternating sexual segregation during the mating season by male African buffalo ( Syncerus caffer )» Journal of Zoology 267 (3): 291–299. doi: . ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Sinclair, A. R. E.. (1977). The African Buffalo. The University of Chicago Press.
- ↑ Ryan, Sadie J.; Knechtel, Christiane U.; Getz, Wayne M.. (2006-06). [764:RAHSOA2.0.CO;2.full «Range and Habitat Selection of African Buffalo in South Africa»] Journal of Wildlife Management 70 (3): 764–776. doi: . ISSN 0022-541X. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ «Discover The Serengeti - Wild Game - African Buffalo» web.archive.org 2012-03-30 (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ Txantiloi:En-ZA «Home» Sabinet (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ (Ingelesez) Treves, Adrian; Naughton-Treves, L.. (1999-03-01). «Risk and opportunity for humans coexisting with large carnivores» Journal of Human Evolution 36 (3): 275–282. doi: . ISSN 0047-2484. (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ «african Buffalo - Cape Buffalo hunting with safaribwana» web.archive.org 2013-07-08 (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).
- ↑ «Limpopo Province, 1998 | Arms | South Africa | OzOutback» ozoutback.com.au (Noiz kontsultatua: 2022-09-27).