Sindrome hemolitiko-uremiko
Sindrome hemolitiko-uremikoa (SHU) infekzio bakteriar baten ondorioz sortutako gaixotasun larria da, giltzurrun-gutxiegitasuna, besteak beste, eragiten duena. Haur txikiak jotzen ditu batik bat [1]
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Sindrome hemolitiko-uremiko | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | nefropatia eritasuna |
Espezialitatea | hematologia |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | eculizumab (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | D59.3 |
GNS-9-MK | 283.11 |
OMIM | 235400 |
DiseasesDB | 13052 |
MedlinePlus | 000510 |
eMedicine | 000510 |
MeSH | D006463 |
Disease Ontology ID | DOID:12554 |
Giltzurrunen odol-hodi txikiak kaltetu eta handitzen dira sindrome honen ondorioz. Anemia hemolitikoa, tronbozitopenia eta giltzurrun-gutxiegitasuna dira gaitzaren ondorio kliniko nagusiak.
Infekzioa
aldatuKasu gehienetan, sindrome hemolitiko-uremikoa Escherichia coli bakterioaren andui patogeno batek (E. Coli O157:H7) eragiten du. E. coliren andui honek exotoxina indartsu bat ekoizten du, Shigella dysenteriae bakterioak ekoizten duenaren antzekoa (vero toxina). Toxina hori odolaren bidez gorputz osora hedatzen da, eta kalte baskularrak eragiten ditu. Eritrozitoak ere apurtzen ditu.
Infekzioa bakterio patogenoekin kutsatutako janariak jatean harrapatzen da (batez ere, behi-okela eta esne kutsatua). Gutxi kozinatutako haragia edo pasteurizatuta ez dagoen esnea dira gaitzaren iturburu nagusiak. Ur kutsatua eta ez-kloratuta arriskutsua ere izan daiteke.
Irentsiak izan ondoren, bakterio patogenoak hesteetara iristen dira, eta kolonean ugaltzen dira. Heste-mukosa kaltetzen dute eta beherako bortitzak sortu gaixoengan. Beherako horiek odoltsuak izan ohi dira.
Aipatutako E. Coli 0157:H7 sindrome hemolitiko-uremikoaren kasu gehienen atzean bada ere, beste bakterio batzuek gaitz bera sor dezakete. Shigellak eta Salmonellak, esaterako. Bestalde, eta ohikoa ez izan arren, infekziosoak ez diren beste asaldura batzuek sindrome hemolitiko-uremikoa gara dezakete: minbizi mota batzuek, lupus eritematosoak, hainbat gaitz metabolikoek, mutazio baten ondoriozko konplementu sistemaren akatsek, ziklosporina bezalako botikek.... [2].
Sintoma klinikoak
aldatuGaitzaren ohiko sintomatologia beherako odoltsuekin hasten da, bakterio patogenoek hesteak kaltetu ondoren. Okadak ere agertu ohi dira.
Sukarra, ahulezia eta sabeleko mina ere hasierako sintomak dira.
Gastroenteritis baten sintomen ondoren, E. Coli patogenoaren exotoxinak beste sintomatologia bat eragiten du, odolaren bidez hedatzen denean: anemia hemolitikoa (zurbiltasuna eragiten duena), hematomak (tronbozitopeniaren ondorioz), oliguria (hots, gernu gutxi sortzea, giltzurrun-gutxiegitasunaren ondorioz), sintoma neurologikoak (kasurik larrienetan) [3]
Sindrome hemolitiko-uremikoak jatorri ez-infekziosoa duenean sintoma gastrointestinalak ez dira agertzen.
Giltzurrun-gutxiegitasunak ondorio oso gaiztoak ekar ditzake, heriotza barne. Horregatik, sindromea klinika eta ospitaleetan tratatu behar da beti.
Diagnostikoa
aldatuSintoma klinikoen ela laborategiko analisien bitartez egin ohi da.
Anemia hemolitikoa, tronbozitopenia eta giltzurrun-gutxiegitasuna sindromearen ohiko asaldurak direnez, laborategiko analisiek asaldura horiekin lotuta dauden parametro klinikoak bilatuko dituzte (eritrozito eta plaketen kontaketak, kreatinina eta urearen mailak odolean, gernuaren proteinak...). Escherichia coli patogenoaren presentzia koprokultibo baten bitartez baiezta daiteke, baina negatibo faltsuak ere egon daitezke. Toxina kaltegarriaren bilaketak gorozkietan diagnistikoan lagun dezake.
Sindromearen jatorria ez-infekziosoa denean konplementuaren analisia funtsezkoa da.
Tratamendua
aldatuSindrome hemolitiko-uremikoa duten gaixoak ospitale edo klinika batean artatuak izan behar dira beti.
Euste-tratamendu trinkoa ezartzen zaie sintomei aurre egiteko:
- dialisia, giltzurrun-gutxiegitasuna baldin bada
- ur eta gatz mineralen kontrola
- hemoderibatuen aplikazioa, odoleko asaldurak tratatzeko
Antibiotikoen erabilpena ez da gomendatzen, bakterio patogenoen lisiak toxinaren askapen masiboa eragin lezakeelako [4].
Ohiko sindrome hemolitiko-uremikoak, E. coli O157:H7 bakterioak sortutakoak, pronostiko ona du tratamenduarekin, eta gaixo gehienak (haurrak, batik bat) 1-2 asteetan sendatu ohi dira, haien immunitate-sistemak bakterioa eta bere toxina ezabatzen dituenean.
Jatorri ez-infekziosoko sindromea ekulizumab antigorputz monoklonalarekin tratatu ohi da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ síndrome urémico hemolítico MedlinePlus
- ↑ Hemolytic uremic syndrome (HUS) Mayo Clinic
- ↑ Camacho J., Camacho V.R., Milano, G. síndrome hemolítico urémico Anales de Pediatría Continuada (2023ko uztaila-abuztua)
- ↑ Cavero, T., Praga, M. síndrome hemolítico urémico Nefrología al día (2021-12-9an)