Exotoxina
Exotoxinak bakterio, protozoo eta onddo bezalako mikrobioek ekoizten dituzten toxinak dira, haien ostalariarentzat oso kaltegarriak direnak. Exotoxinen artean garrantzitsuenak eta gaitz gehien eragiten dituztenak bakterioek sortutakoak dira.
Bakteriar-toxina hauek nabarmen areagotzen dute bakterio ekoizlearen birulentzia. Bakterio batzuek (Clostridium tetani, esaterako, tetanosen eragilea) inbaditzeko ahalmena oso ahula dute, eta ez lirateke arriskutsuak izango toxinarik sortuko ez balute. Exotoxinak dira mota honetako bakterioei aparteko birulentzia ematen dietenak.
Hazi ahala jariatzen ditu bakterio ekoizleak exotoxinak. Behin askatuta, exotoxinak odolera heldu eta gorputz osora heda daitezke, urrutiko ehun eta organoak kaltetuz. Bakterio ekoizlea gutxi mugitu arren infekzio-puntutik gorputzeko toki urrunetara abia daitezke, beraz, exotoxinak.
Bakterio Gram positiboek zein Gram negatiboek ekoizten dituzte.
Egitura kimikoari dagokionez, exotoxinak proteinak dira. Proteina guztien antzera sentikorrak dira beroarekiko, 70 °C-tan desnaturalizazioa pairatuz. Ezaugarri honetaz baliatuz toxoideak lortzen dira, hots, toxinen aurkako txertoak: toxoidea bere toxizitatea galdu duen toxina da, bere antigenotasuna mantenduz (hots, antigorputzen ekoizpena eragiteko ahalmena). Toxoideak oso erabiliak dira toxinen aurkako babesa emateko.
Exotoxinak toxizitate handia dute eta batzuek (botulismoarena, tetanosena...) hilgarriak ere izan daitezke.
Exotoxina bakoitzak ostalariaren zelula batzuekiko afinitate berezia du. Batzuek, esaterako, neuronak erasotzeko joera dute (neurotoxinak); beste batzuek digestio-aparatuaren zelulak kaltetzen dituzte (enterotoxinak). Badaude ere eritrozitoak apurtzen dituztenak (hemolisinak), etab. Afinitate honen atzean zelula mota bakoitzak bere azalean dituen toxinarekiko errezeptoreak daude.
Jarduera
aldatuBere jarduera toxikoari dagokionez, exotoxinek modu desberdinetan kaltetzen dituzte ostalariaren zelulak:
- exotoxina zitolitikoak: zelula mintza kaltetzen dute, zelularen lisia eraginez (hemolisinak, esaterako)
- proteinen sintesia galarazten dutenak: erribosomen gainean jarduten dute
- superantigenoak: exotoxina hauek linfokinen gehiegizko sintesia eragiten dute, zelula hartzailea kaltetzen dituztenak
- jarduera proteolitikoa dutenak: zelularen funtsezko entzimak hidrolizatzen dituzte.
Exotoxina aipagarrienak
aldatuExotoxina garrantzitsuenen artean honako hauek aipa litezke:
- tetanosen toxina: neurotoxina da; azetilkolinaren askapena eta gihar-uzkurdura eragozten du, giharreko paralisia sortuz
- botulismoaren toxina: botulismoaren bakterioak (Clostridium botulinum) exotoxinarik pozoitsuena askatzen du, kobraren pozoia baino 20 aldiz indartsuagoa dena. Aurrekoaren antzera neurotoxina da, eta antzeko mekanismo baten bidez giharreko paralisia ere eragiten du.
- difteriaren toxina: Corynebacterium diphteriae bakterioak ekoizten du. Azpimagarria da lisogenian fago bat duten anduiek besterik ez dutela exotoxina sortzen. Antza, fagoaren genoma da toxina honen ekoizpena zuzentzen duena.
- koleraren toxina: enterotoxina hau Vibrio cholerae-k askatzen du. Heste mailan elektrolitoen xurgatzea aldatu egiten du toxina honek, deshidratazio bortitza eraginez.
- Staphylococcus aureus-en toxina: enterotoxina da, gaitz gastro-intestinalak sortuz. Bakterio horretaz kutsatutako janariak hartzean agertzen da patologia gastro-intestinala. Toxina honek superantigeno moduan jarduten du
- Streptococcus pyogenes-en toxina: bakterio horrek bi exotoxina mota ekoizten ditu: alde batetik hemolisinak (eritrozitoak apurtzen dituztenak) eta bestalde toxina eritrogeniko deritzona; azken hau fago bat lisogenian duten anduiek besterik ez dute ekoizten (difteriaren toxinaren antzera)
- Clostridium perfringens-en toxina: hemolisina da. Gangrena gaseosoaren eragilea.
Kasu gehienetan exotoxinak ekoizten dituzten bakterioek gorputzaren barruan daudenean jariatzen dituzte pozoi kaltegarri horiek. Salbuespena Clostridium botulinum da: bakterio horrek janari batean hazten denean askatzen du bere exotoxina hilgarria, janari-intoxikazioa sortuko duena.