Reinhard Tristan Eugen Heydrich (ˈʁaɪnhaʁt ˈtʁɪstan ˈɔʏɡn̩ ˈhaɪdʁɪç ahoskatua; Halle, Alemaniar Inperioa, 1904ko martxoaren 7a - Praga, Bohemia eta Moraviako protektoratua, 1942ko ekainaren 4a) Alemania Naziko militarra, gerra kriminala, Reicharen Segurtasuneko Bulego Nagusiko zuzendaria (1939-1942) eta Holokaustoaren arkitekto nagusietako bat izan zen. 1941eko irailaren 29tik, 1942ko maiatzaren 27an txekiar partisanoek hil zuten arte, Bohemia eta Moraviako protektoratuko babeslea (alemanez: Stellvertretender Reichsprotektor) izan zen[1].

Reinhard Heydrich

Interpolgo presidentea

1940ko abuztuaren 24a - 1942ko ekainaren 4a
Otto Steinhäusl (en) Itzuli - Arthur Nebe (en) Itzuli
Chef der Sicherheitspolizei und des SD (en) Itzuli

1939ko urriaren 1a - 1942ko ekainaren 4a

Alemania Naziko Reichstagko kidea

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakReinhard Tristan Eugen Heydrich
JaiotzaHalle1904ko martxoaren 7a
Herrialdea Alemaniar Inperioa
HeriotzaPraga1942ko ekainaren 4a (38 urte)
Hobiratze lekuaInvalids' Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
septizemia
HiltzaileaJan Kubiš (en) Itzuli
Jozef Gabčík (en) Itzuli
Familia
AitaRichard Bruno Heydrich
AmaElisabeth Krantz
Ezkontidea(k)Lina Heydrich  (1931 -  1942)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaMunicheko Teknologia Unibertsitatea
Hans-Dietrich-Genscher-Gymnasium (en) Itzuli
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, militarra, eskrimalaria, hegazkinlaria, soldadua eta Gestapo employee (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)Gestapo
Jasotako sariak
KidetzaSchutzstaffel
Deutschvölkischer Schutz und Trutzbund (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Adar militarraSchutzstaffel
GraduaSS-Oberst-Gruppenführer (en) Itzuli
Obergruppenführer (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista

IMDB: nm0382193 Find a Grave: 11953 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Reinhard Heydrich 1904an jaio zen, erdiko klaseko familia batean. Aita musikagilea, opera-abeslaria eta Halleko kontserbatorioko zuzendaria eta ama aktorea zituen, eta heziketa fina eman zioten: Reinhar biolin-jotzaile ona eta esgrimalari bikaina zen. Lehen Mundu Gerraren ostean familiak arazo ekonomikoak izan zituen. Oso gaztea zenetik alemaniar nazionalismo arrazistak (völkisch) liluratu zuen, eta 16 urte zituela Freikorpsen sartu zen[1]. Aitak musika ikasketak egitea nahi bazuen ere, 1922an itsas armadan sartu eta komunikazioetan espezializatu zen[2]. 1931n, ordea, IG Farben talde industrialeko zuzendariaren alaba haurdun utzi eta umea berea ez zela erran zuenez, armada uztera behartu zuten[1].

1931ko abenduan Lina von Osten, nazi suharrarekin, ezkondu zen. Honen familiaren bitartez Heinrich Himmler ezagutu zuen. Antza denez, Himmlerrek oso itxura ona hartu zion Heydrichi eta honen gain utzi zuen Alderdi Naziaren segurtasun zerbitzu berri baten sorrera. 1933ko urtarrilerako, Heydrich buru zuen Reichsführer SSen Segurtasun Zerbitzua (alemanez: Sicherheitsdienst edo SD) alderdi naziaren inteligentzia agentzia garrantzitsuena zen. Himmlerrek, 1933ko apirilaren 1ean Bavierako poliziaburu bilakatu zenean, Heydrich izendatu zuen polizia politikoaren buruzagi[2]. 1934ko apiriletik aurrera, biak Ernst Röhm, Sturmabteilung (SA) erakundeko buruzagiaren aurkako dosierra prestatzen hasi ziren. Ekainaren 30ean, Labana luzeen gauean, SS eta Gestapoko kideek Röhm eta SAko buru gehienak hil zituzten.

Denbora gutxian, Himmler eta Heydrichek Gestapo, Polizia kriminala (alemanez: Kriminalpolizei edo Kripo) eta SSen Segurtasun Zerbitzuaren (SD) kontrola lortu zuten[1]. SDk Reicharen etsaiak (mundu osoko juduak, marxistak, eliza kristauak, masoiak eta eskuineko aurkari nazionalistak) ikertzeko inteligentzia sailak eratu zituen. Gestapok aurkari politiko hauek atxilotu eta, zegokionean, kontzentrazio eremuetara eramaten zituen. Kriporen egitekoa zen "gaizkile ez politikoak", tartean ijitoak, homosexualak eta jokabide "asoziala" zuen jendea, atxilotzea. Erakunde hauek prestatu zuten 1938ko azaroaren 9ko Kristal hautsien gaua (Kristallnacht), juduen aurkako lehen pogrom nazia. Bestalde, 1938an Heydrichek Ekintza-taldeak (Einsatzgruppen) sortu zituen, handik aurrera Alemaniak inbaditu zituen Ekialdeko Europako herrialdeetan ehunka mila zibil (juduak gehienak) erail zituztenak[2]. 1939an, Bigarren Mundu Gerra hasi berria zela, Himmlerrek Reicharen Segurtasuneko Bulego Nagusian bateratu zituen erakunde polizial eta parapolizial guztiak, eta Heydrich jarri zuen buruzagitzan[1].

1941eko uztailaren 31n, Hermann Göringek Reicharen baliabide guztiak koordinatzeko baimena eman zion, "arazo juduari behin betiko konponbidea emateko". Urte bereko irailean Hitlerrek Bohemia eta Moraviako Babesle (Reichsprotektor) izendatu zuen. 1942ko urtarrilaren 20an, Heydrichek Wannseeko Konferentzia antolatu zuen; bertan Europako juduak deuseztatzeko plana, Azken Konponbidea deitutakoa, aurkeztu zuen[2].

1942ko maiatzaren 27an, Pragako Hradcanyn zeukan kuartier nagusira zihoala, bi txekiar abertzalek (Jozef Gabcik eta Jan Kubis) haren kontrako atentatua egin zuten. Zenbait egun geroago, ekainaren 4an, hil zen. Heydrich hiltzeko Antropoide operazioa Londresen zegoen Atzerriko Txekiar Gobernuak prestatua zen, Erresuma Batuko gobernuaren laguntzarekin. Mendekuz, Himmlerrek Lidice, partisanoak babesturik egonak ziren herria, suntsitzeko agindu zuen. Erresistentziako kide batek salaturik, Gestapok jakin zuen atentatuaren egileak Pragako Zirilo eta Metodio eliza ortodoxoan ezkutaturik zeudela. Ekainaren 18an SSek eliza eraso zuen eta, tiroaldi luze baten ostean, partisanoek beren burua hil zuten[1].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Casanova, Julián El genocida nazi que tocaba el violín, internacional.elpais.com
  2. a b c d Reinhard Heydrich: Biografia, United States Holocaust Memorial Museum, ushmm.org

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Reinhard Heydrich