Pogroma (errusieraz: погром, "suntsipena") eraso bortitza da, hilketak eta ondasunen txikizioa eta arpilatzea barne, talde etniko, erlijioso edo dena delako baten aurkakoa, gehienetan gobernuaren baimenaz egiten dena. Historian zehar, judu-komunitatearen aurkako erasoak izendatzeko erabili izan da.[1]

Jekaterinoslaveko pogromaren biktima juduak, 1905ean

HistoriaAldatu

Pogrom deitutako lehenengo eraso oldea Errusiar Inperioan gertatu zen, 1881 eta 1884 artean. 1881ean Alexandro II.a Errusiakoa San Petersburgon eraila izan zelarik, errudunak juduak zirelako zurrumurrua zabaldu zen. Jarraian, inperioaren hego-mendebaldean (egungo Ukraina, Polonia eta Moldavian) juduen aurkako bortizkeria hedatu zen: hilketak eta bortxaketak gertatu ziren, eta milaka etxe suntsitu zituzten. Bitartean, agintariek ezer gutxi egin zuten erasoak geldiarazteko; are gehiago, pogromak juduen eskubideak murrizteko baliatu zituzten.

1903 eta 1906 artean beste pogrom olde bat izan zen, garrantzitsuena Chisinaun 1903ko apirilaren 6an. Jazarpen horien beste ondorio bat emigrazioa izan zen: 1880-1920 bitartean, Errusiar Inperioko bi miloi juduk Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zuten. 1917ko Errusiako Iraultzan eta ondoko Gerra Zibilean (1918-1921) ere hainbat pogrom izan ziren. Judu aberatsek boltxebikeen erasoak pairatu zituzten, eta iraultzaren aldekoek, berriz, Armada Zuriaren errepresioa.

Antisemitismoaren historian pogrom hitza judu-komunitatearen aurkako edozein eraso izendatzeko erabiltzen da. Errate baterako, 1938ko azaroaren 9an, Alemanian eta Austrian gertatu zen Kristal hautsien gaua, Kristallnacht edo Pogromnacht izenez ezagutzen da. Era berean, pogromtzat hartzen dira, Izurri Beltza sortzen zutela leporaturik, XIV. mendean juduek jasan zituzten erasoaldiak ere.

Bestalde, pogrom deitu izan zaie azken hamarkadetan gutxiengo erlijioso edo etnikoren aurka izan diren hainbat oldarraldiri.

ErreferentziakAldatu

  1. Pogrom. Encyclopaedia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-2-6).

Kanpo estekakAldatu