Patronimiko izen berezi batetik eratorritako substantiboa da, jatorria adierazten duena (adibidez, merovingiar eta akemenestar patronimikoak dira).[1] Herrialde askotan abizen moduan erabiltzen dute, Errusian adibidez ohiturazkoa da.

Euskal Herrian

aldatu
 
Enneco Garceanes, que fuit vulgariter vocas Areista. (Eneko Gartzeitz [Gartzearen semea], arruntean Aritza ezaguna). Gartzeitz izena errege honen patronimikoa da.

Euskal Herrian Trentoko Kontzilioa baino lehen patronimikoak ohikoak ziren eta hauek egungo Arabako eta Nafarroako abizen konposatuak sortu zituzten.

Araban eta Nafarroa Garaian, patronimikoaren eta toponimikoaren konbinazioak maiz denbora luzean iraun du abizenetan, (Otsoa de Alda, Gonzalez de Alaitza, Lopez de Bergara, Fernandez de Arroiabe...). Patxi Salaberriren ustez, denboran zehar eman diren bilakaerei so, ohikoagoa izan da ezkerreko patronimikoaren galera eskuineko toponimikoaren galera baino. Bere ustez, ezkerreko patronimikoa, arrunta izanik, eskuineko toponimikoak gehiago balio zuelako pertsonak bereizteko. "Perez asko egongo zen, baina, agian, Lazarraga ez horrenbeste".[2]

Gaztelaniazko patronimikoak aitaren izenetik datoz eta -ez, oz, iz edo az atzizkiak ‘noren semea’ esan nahi dute. Bada jatorri gotikoa dutela esaten dutenak baina baita euskal jatorriaren aldekoak ere. Izan ere euskarazko patronimikoak oso antzekoak dira.[3]

Naiarako monasterioan dauden X., XI. eta XII. mendeetako hainbat agiritan erdarazko patronimiko asko idatzi zituzten: Arabako Galindoz, Enecoz, Albaroz, Ordonioz, Munioz edo Bizkaiko Lopiz.[4][5] Hauek ikusita, gaztelaniazko patronimikoa Nafarroako Erresumatik ekarritako euskal mailegua dela diote.

Eneko Arista Leireko agiri batean Enneco... filius Simeonis (Eneko Ximenoren semea) agertzen da eta bestean, bere hileta-liburu antzekoa dena honelaxe dio: Enneco Garceanes, que fuit vulgariter vocas Areista (Eneko Gartzeitz [Gartzearen semea], arruntean Aritza ezaguna). Beraz patronimikoa erabiltzeko lehenengo monarka izan zen.[6][7]

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, 10 abizen arruntenak -García, Fernández, González, Rodríguez, López, Martínez, Pérez, Sánchez, Martín eta Gómez- patronimikoak dira eta patronimikoa ez den lehendabizikoa, Agirre, 20.a da.[8] Patronimiko horiek euskal jatorria ez ezik espainiarra ere badituzte, izan ere, Dueroko basamortua birpopulatu zenean -ez patronimikoa erabiltzen zuten euskaldunez birpopulatu zuten.[9] Hala ere, Euskal Herritar gehienek arbaso erdaldunak dituztelako daramatzate abizen hauek.

Alfonso Irigoienen esanetan, -o/-onis latinezko edutezko atzizkia euskarazko -iz/-itz sortu zuen eta, era berean, honek gaztelaniazko -ez sortu zuen.

Edonola ere, patronimiko bat izateak norbaiten semea izatea besterik ez zuen esan nahi. Berton ezaguna den norbaiten semea hain zuzen ere. Ez dugu Lopitz abizena erabiliko Lope bere aita ezezaguna bada. Sarritan, norbait berria zenean toponimikoa, --Bilbao, Bergara, Agirre, Elizondo--, antroponimikoa, --Beltza, Otxoa--, edo leku izen bati edo lanbide bati lotutako izena, --Olaberria, Salaberria, Salazar, Kortabarria, Kortazar-- erabiltzen zuen abizen moduan.[10][11]

Beste herrialdeetan

aldatu

Islandian ez dute abizenik eta patronimikoak erabiltzen dituzte, semeek son eta alabek dóttir atzizkiak erabiliz. Italian ini (Giacomini, Paolini) atzizkia erabiltzen dute eta Frantzian de aurrizkia aitaren izenaren aurrean (Desimone, Dejean). Germaniar hizkuntzetan son, sen atzizkia edo s genitiboa erabiltzen dute: sen (Jürgensen, Hansen, Erichsen) edo s (Peters, Jürgens, Martens) Alemanian, sen (Andersen, Nielsen) Danimarkan, son (Anderson, Johnson) Ingalaterran, son (Andersson, Svensson) Suedian edo zoon (Pieterszoon) Herbehereetan. Irlandako gaeleran bi atzizki erabiltzen dute: Mac ('semea') eta Nic ('alaba') eta baita Ó ('iloba') ere. Adibidez, Ó Dhòmhnaill egungo ingelesez O'Donnell bilakatu zen.

Hizkuntza semitikoetan, arabiera eta hebreera tartean, bin, ebn edo ibn (semea) hitza erabiltzen dute. Adibidez, Judah ben Hur, 'Judah Hur-ren semea' esan nahi du.

Eslaviar abizenetan ovitx, evitx, titx, , vić, ewicz, wiez, witsch, ski (polonieraz), ov eta ev bukaera patronimikoak ohikoak dira (Petrovitx, Ljubičić, Vodanović, Nikolaiev, Davidov, Nijinski). Emakumeek, gainera, abizenari a desinentzia gehitzen diote: ovna, evna, ova, eva, ska edota skaia (Pavlova, Dementieva). Errusian, pertsona baten antroponimoak hiru elementu ditu: bataio-izena, patronimikoa eta abizena.[12] Adibidez, Anton Pavlovitx Txekhov Anton Pavel Txekhoven semea da. Bulgarian errusiarren antzeko sistema dute baina patronimiko moduan ev, ov, eva edo ova erabiltzen dute (Petar Toshev Mladenov, Emiliya Ivanova Tsvetkova). Georgian bi bukaera patronimiko dituzte: mendebaldean -dze ("-ren semea") eta ekialdean -shvili ("-ren umea"). Azerbaijanen, berriz, tradizionala da aitaren ponte-izenari bukaera bat gehitzea: oğlu gizonezkoentzat (adib. Heydər Əlirza oğlu Əliyev) eta qızı emakumezkoentzat (adib. Aygün Ələsgər qızı Kazımova).

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Patronimiko. .
  2. Ikus, Interneten, 'III Congreso de la Cátedra Koldo Mitxelena: Patxi Salaberri Zaratiegi (NUP/UPNA)' Apellidos vascos liburuari buruzko hitzaldia. 2012. (Hitzaldiaren bideoa EHUk argitaratu zuen).
  3. Letamendia, J.A.. (2008). Bakarka método de aprendizaje individual del euskera. Donostia: Elkarlanean, 114 or. ISBN 978-84-9783-467-4..
  4. Montenegro, Margarita Cantera, ed. Fuentes documentales medievales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza ISBN 84-87471-32-3..
  5. Colección documental de Santa María de Nájera. .
  6. Clavería, Carlos. (1971). Historia del reino de Navarra. (3. argitaraldia) Iruñea: Imprenta Popular ISBN 978-8470810022..
  7. Sancho III el Mayor. .
  8. «Los apellidos más frecuentes de Euskadi» El Correo 2011-05-15.
  9. La presura. .
  10. Los apellidos más extendidos en España, apuntes onomásticos y genealógicos. .
  11. La heráldica de Javier Alonso. .
  12. Stakhnevitx, Julia. (2007). The Everything Learning Russian Book. Everything Books, 74 or. ISBN 9781598693874..

Kanpo estekak

aldatu