Parisko historia

Frantziako hiriburuaren bilakaera historikoa

Parisko historia 2.500 urtetan zehar hedatzen da, zeinetan hiria kokagune zelta txikia izatetik Europako estatu modernoko hiriburu kulturanitza eta munduko hiri global nagusietakoa izatera hazi zen.

Antzinaroa aldatu

 
Lutetia frankoen garaian (1705eko mapa)

Parisii galiar herriak menperatzen zuen gaur egungo Parisko eremua Julio Zesarren tropak Paris setiatu zutenean. Uste da Parisii herriak fundatu zuela hiria K. a. 250 eta 200 urteen bitartean, baina ezezaguna da hiriaren lehenengo kokapena.

K. a. 52. urtean, erromatarrek hiria bereganatzen dutenean, Lutezia izendatu eta Sena ibaiaren ezkerraldean berreraiki zuten I. mendean. Hurrengo mendeetan hiria aberastu eta handitu zen: foroa, jauregiak, bainuak, antzokiak eta abarreko eraikinak izan zituen. Erromatar Inperioaren gainbeherarekin eta III. mendeko germaniar inbasioekin hiria ere krisialdian sartu zen. K. o. 400erako, Lutezia, hein handi batean, biztanleek utzita zegoen, erdialdeko irlako gotorlekua baino handiagoa ez zen.

Erdi Aroa aldatu

 
1383 inguruan

Paris izena IV. mendean jaso zuen hiriak eta Klodoveok, frankoen buruzagiak, bihurtu zuen hiriburu 508. urtean. Hala ere, karolingiar garaietarako, (IX. mendean), Paris feudoko konderriko gotorlekua baino ez zen. Parisko kondeek, aldiz, emeki emeki boterea eta estatusa bereganatu zuten, eta, azkenean, mendebaldeko frankoen erregeak baino boteretsuagoak bilakatu ziren, batik bat Oto Parisko kondeari esker, bikingoen aurrean Parisko defentsan erakutsitako adorearengatik (885-886). Hurrengo mendean, 987an, Hughes Capet Parisko kondea Frantziako errege hautatu zuten, kapetar leinua sortuz eta Paris Frantziako hiriburu bihurtuz.

Filipe Augustoren erregealdian (1190-1220), harresi handiago bat eraiki zen, zeinek ibaiko bi ertzak ixten zituen. Berak ere unibertsitatea sortu zuen bertan. Gaur egun ere ikusgai den eremu banaketa sortu zen garai horretan: erdialdea (uhartea eta ingurukoa) gobernuari eta eliza-instituzioei dagokie, ezkerraldean unibertsitatea eta hezkuntza instituzioak daude, eta, eskuinaldean merkataritza eta salerosketarako gunea da. XIV. mendean, Karlos V.ak (1371-1380) beste harresi nagusiago bat eraikitzen du hiriaren defentsarako.

Aro Modernoa aldatu

 
1740 inguruan

XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera bitartean, Henrike IV.ak lehenengo multzo arkitektonikoak eraikitzen ditu, Place des Vosges bezalakoa. Bere oinordekoa Luis XIII-k harresia luzatzen du eta Luis XIV.ak aipatutako harresia bota eta bere ordez bulebar handiak eraikitzen ditu.

XVIII. mendearen amaieran Frantziako Iraultzak gogotsu jotzen du Frantzia osoa baina batez ere bere hiriburua, Paris; eta bertan jaso ziren lehenengo mugimendu herrikoiak, Bastillako kartzelan, esaterako.

Horren ondoren, Napoleon Bonaparte jeneralak bere burua enperadore autoproklamatu ostean, Paris bihurtzen du Inperioko hiriburu. Luis Filipen agintaldian, hiria inoiz baino lasterrago hasi zen.

Napoleon III.aren agintaldian hiriaren transformaziorik garrantzitsuena burutu zen. Enperadoreak Haussmann baroia bultzatu zuen Paris momentuko hiririk modernoena bihurtzeko. Hiri zaharra suntsitu eta bulebar handiak eta eraikin modernoak eraiki ziren, Garnier opera haien artean. Ur-hornikuntza berriak burutu ziren, baita beste lan publiko asko ere.

Paris, XIX. mendearen bigarren erdialdean, hainbat eta hainbat Erakustaldi Internazionalen egoitza izan zen, Haien artean garrantzitsuena 1889koa da, iraultzaren lehenengo mendeurrena ospatzeko burutu zena. Ekitaldi honetarako eraiki zen Eiffel Dorrea, hasiera baten denboraldi baterako eraiki zena eta oraindik ere zutik dirauena. XX. mendearen hasieran Parisko metroaren lanak hasi ziren eta 1900eko Udako Olinpiar Jokoak hirian antolatu zituzten, historiamodernoaren bigarren edizioa izan zena.

1940an, Wehrmacht-ak (Alemaniako armada) konkistatu zuen hiria; Bigarren Mundu Gerran, hain zuzen ere. Okupazio-ejertzitoak administratu zuen Paris, eta lau urteren buruan abandonatu zuten hiria, hondamendi handirik sortu gabe (beste hiri europar sufritutako horrenbeste ez, behintzat). 1944ko abuztuaren 26an aliatuak hirian sartu eta askapena ospatu zuten.

1968ko maiatzak, bestela, XX. mendearen ikur bat ekarri zuen, iraultza soziopolitikoa deitutakoa. Anarkistek eta komunistek bultzatutakoa, deskolonizazioa izan zen testuinguru nagusietakoa, Frantziak galdutako boterea Afrikako hainbat lurraldetan, alegia.

François Mitterrand presidentearen administraziopean, 1980ko eta 1990eko hamarkadaren hasieran, hiriaren hirigintzak eta azpiegiturek berrikuntza handia jaso zuten. Hiriko gune deprimituak berritu ziren (La Villette eta ezkerraldea, esaterako), eraikin esanguratsu ugari eraiki ziren (liburutegia, Arche de la Défense edota Musée d'Orsay), eta Louvreko Museoa guztiz eraberritu zen.

François Hollanderen agintaldian, bestela, hiriak jasan zituen historiako atentaturik lazgarrienak, Islamiar fundamentalismoak eraginda: 2015eko urtarrilean, Charlie Hebdoren aurkako atentatua izan zen, 12 hildako utzi zituena, eta urte bereko azaroan hiru erasotan 130 pertsona hil zituzten, bereziki antzoki batean. Urte hartan bertan, 2015eko NBEren Klima Aldaketari buruzko Konferentzia burutu zuten Parisen.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu