Islamiar fundamentalismo
Islamiar fundamentalismoa Mendebaldetik Islamean oinarritutako doktrina politiko anitzari ematen zaion izena da. Mundu islamiarrean doktrina hauei Islam politiko deritzaie, normalean. Horrela, Islamiar fundamentalismoa deritzoguna definitzen zaila bada ere, bere zutabeetako batzuk ondoko hauek izan daitezke:
- Islama -erlijioa- ideologia gisa hartzea,
- gizartea eta Estatua -banaketarik gabe- guztiz musulmanak izatea xede gisa izatea, eta
- ikuskera hauetan oinarrituz, boterearen borroka bat, edo borroka politiko bat, planteatzea.
Islamiar fundamentalismoa deritzoguna ulertzeko, ezinbestekoa da mugarri hauek kontuan hartzea:
- Anaiarte Musulmanaren fundazioa Egipton, 1960ko hamarkadan.
- Afganistango jihad-a edo guda santua, Sobietar Batasuna eta Afganistango erregimena (sobietarren aliatu eta jarraitzailea) gaindituz 1989an.
Islamiar fundamentalismoak bere burua Koranaren (islamaren liburu sakratua) betetzaile eta betearazletzat aurkezten du. Txikitatik buruz ikasi eta arretaz kopiatzen dute. Hura da irakurtzeko lehenengo liburua, kode bakarra eta bizitzarako araua.
Gobernu fundamentalistak ezarri diren herrialdeetan, islama da eremu publikoan ager daitekeen erlijio bakarra. Erlijiosoek gobernuan parte hartzen dute, eta Korana, modu kontserbadorean interpretatua, lege-iturri da.
Herrialde horietan sharia legea dago ezarrita. Lege horren arabera, Koranaren aurkako irainak, Hadd esaten zaienak, gogor zigortzen dira: besteak beste, adulterioa harrika hiltzerekin zigortzen da; harreman homosexualak burua moztearekin zigor daitezke; alkohola edatea publikoki azotez jota zigortzen da; eta lapurreta, lapurrari esku bat moztuta.
Izendapenari buruz
aldatuAipatu bezala, fundamentalismo terminoa ez da oso egokia (nahiz eta askotan Mendebaldean hala erabiltzen den), termino hau ez baita ez musulmana ezta arabiarra ere. Aitzitik, "fundamentalismoa" AEBetan sortutako kontzeptua dugu (1920 aldean) eta, beraz, kristautasunarekin lotutakoa. "Islamismo" kontzeptuarekin berdin gertatzen da, berau Frantzian asmatu baitzen XIX. mendean. Ildo honetan, arabiar zein musulmanek "Islam politikoaz" hitz egiten ohi dute.
Gaur egungo estereotipo zabaldua
aldatuGaur egun islamiar fundamentalismoaz hitz egiterakoan, Al-Qaedaz eta Osama bin Ladenez hitz egiten da. Hau sinplifikazio handiegia da, islam politikoaren barruan tendentzia eta korronte ugarri baitago.