Olga Ivinskaia

editore eta idazlea

Olga Vsevolodovna Ivinskaia (errusieraz: О́льга Все́володовна Иви́нская) (Tambov, 1912ko ekainaren 16aMosku, 1995eko irailaren 8a) errusiar idazle eta poeta izan zen.

Olga Ivinskaia

Bizitza
JaiotzaTambov1912ko ekainaren 16a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
 Errusia  (1991 -
HeriotzaMosku1995eko irailaren 8a (83 urte)
Hobiratze lekuaPeredelkino hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: minbizia
Familia
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakeditorea eta kazetaria

Biografia aldatu

Lehen urteak aldatu

Olga Ivinskaia Tamboven jaio zen 1912ko ekainak 16an. Jatorri alemaniar-poloniarra zeukan.

Aita institutuko irakaslea zen Errusiako probintzia batean eta 1915ean familia Moskura joan zen bizitzera.

1936an graduatu zen Moskuko Langile Editorialen Institutuan eta editore lanak egin zituen hainbat aldizkari literariotan.

Boris Pasternak idazlea miretsi zuen gaztetatik eta hainbat bilera literariotan izan zen haren poesia entzutera joanda.

Bi aldiz ezkondu zen: 1936an Ivan Iemelianov-ekin (1939an bere buruaz beste egin zuen hurkatuta); zeinekin alaba bat izan zuen: Irina Iemelianova. 1941ean, bigarren aldiz, Alexander Vinogradovekin (Bigarren Mundu Gerran hil zena ekialdeko frentean); harekin semea izan zuen: Dimitri Vinogradov.[1]

Pasternakekin harremana aldatu

1946ko urrian Boris Pasternak ezagutu zuen, Novy Mir aldizkariaren argitalpen bulegoan, non egile berrien sailean lan egiten zuen Olga Ivinskaiak.[1]

Maitasun harremana izan zuten Boris Pasternaken heriotza arte, nahiz Pasternakek emaztearekin jarraitu zuen.[2]

1948ko hasieran, Boris Pasternakek Novy Mir aldizkaria uzteko eskatu zion Olga Ivinskaiari, zeren eta gero eta zailagoa bihurtu zen bere lana, Pasternakekin zeukan harremanagatik.[1]

Olga Ivinskaia Boris Pasternaken idazkari bihurtu zen[1] eta atzerritar poesia errusierara itzultzen lagundu zion. Rabindranath Tagore poeta bengalia itzultzen ari zela, Pasternakek aholku batzuk eman zizkion: poemaren ideia, gaia, argi uzteko; barne forma fluidoa manten zezala, barruko errima ez europarrari eutsiz eta asonantzei eta metrika irregular askea erabiltzeko.[3] Aurrerago, Vítězslav Nezval poeta txekiarra elkarrekin itzultzen ari zirela, Pasternaken aholkua izan zen itzulpen literala esanahiarekin bakarrik erabiltzeko, baina idazlerengandik urrunduko zioten hitzik erabili gabe, eta guztia itzuli gabe, bakarrik kudeatzeko gai zena eta ahalik eta zehatzen idazteko (jatorrizkoa nahasia zenez).[3]

Dirudienez, Boris Pasternakek inspirazio gisa erabili zuen Olga Ivinskaia, Zhivago doktorea bere laneko “Lara” pertsonaia protagonistarentzat.[2][4] Areago, eleberrian zehar Juri Zhivago pertsonaiak idatzitako hainbat poema, Pasternakek Ivinskaiarentzat idatzitakoak ziren.[2][4]

1949ko urrian, Olga Ivinskaia preso hartua izan zen espioitza konplizetzat akusatuta eta 1950eko uztailean,[1] gulag batean bost urte egiteko sententzia eman zuen NKVDaren kontseilu bereziak bere kontra.[1] Preso hartu zutenean, Olga Ivinskaia Pasternaken ume batez haurdun zegoen eta abortoa izan zuen.

Badirudi, Pasternak presionatzeko egin zutela, sobietar sistemari kritika egiteari utz ziezaion:[4] Pasternakek alemaniar lagun bati 1958ko gutun batean idatzi zionez, Ivinskaia mehatxatu eta interrogatu zuten Pasternak epaitzeko frogak lortu nahian, baina emakumeak ez zien ezer esan.[5]

1953an askatu zuten, Stalinen heriotzaren ostean.[4]

Zhivago doktorea Italian argitaratu zen 1957an, Giangiacomo Feltrinelli argitaratzailearen bidez, eta Olga Ivinskaia izan zen Pasternaken izenean negoziazioa egin zuena.[1]

Azken urteak aldatu

Pasternak 1960an hil ondoren, Olga Ivinskaia preso hartua izan zen berriro ere, bere alaba Irina Emelianovarekin batera. Pasternakentzat Mendebaldeko argitaletxeekin bitartekari lana egiteaz salatua izan zen. 1962an alaba askatu zuen gobernu sobietarrak eta 1964an Olga Ivinskaia bera ere bai,[1] zortzi urteko zigorra, lau urtera laburtuta.[4]

1978an bere memoriak argitaratu zituen Parisen errusieraz eta ingelesera itzuli zen A Captive of Time izenarekin.

Olga Ivinskaia errehabilitatua izan zen Mikhail Gorbatxoven gobernuaren garaian, 1988an.

Pasternakek bidalitako gutunak eta beste eskuizkribu eta dokumentuak kendu zizkion KGBk, preso egon zen azken aldian eta urteak pasa zituen epaitegietan haiek berreskuratu nahian. Errusiako Epaitegi Gorenak, ostera, Ivinskaiaren aurka erabaki zuen, ez zeukalako jabego probarik eta paperek estatuaren artxiboan jarraitu behar zutela argudiatu zuen.[1]

1995ean minibizigatik hil zen.[4]

Errusiako NTV telebistako kazetari batek Olga Ivinskaia beste idazle errusiarren musekin konparatu zuen (Puxkin eta Anna Kern; Sergei Esenin eta Isadora Duncan; etab.).[4]

Irina Emelianova alaba Frantziara joan zen bizitzera 1985ean eta han bere amaren eta Pasternaken arteko harremanez liburua idatzi zuen.[6]


Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i Vronskaya, Jeanne (1995-09-12). "Obituary: Olga Ivinskaya". The Independent. (kontsultatua 2024-01-15).
  2. a b c LA Times archives (1995-09-16) "Olga Ivinskaya; Inspiration for 'Dr. Zhivago's' Lara". Los Angeles Times.
  3. a b Ivinskaya, Olga (1978). A Captive of Time: My Years with Pasternak. Collins and Harvill Press. ISBN 0-00-262847-3, 28-29. or.
  4. a b c d e f g (1995-09-12) "Olga Ivinskaya, 83, Pasternak Muse for 'Zhivago'". Obituaries. The New York Times.
  5. Ivinskaia, Olga (1978). A Captive of Time: My Years with Pasternak. Collins and Harvill Press. ISBN 0-00-262847-3, 109.or.
  6. Emelianova, Irina (2000). Légendes de la rue Potapov. Paris: Fayard.

Kanpo estekak aldatu