Ludwig Mies van der Rohe
Ludwig Mies van der Rohe (Akisgran, 1886ko martxoaren 27 − Chicago, 1969ko abuztuaren 17) arkitekto alemaniarra zen.
Mies van der Rohek forma garbiak eta planoak erabiltzen zituen bere proiektuetan eta beira, altzairua eta hormigoia sarri agertzen dira. Bere lanak oraingo beirazko fatxadadun eraikin handien (etxe orratzen) oinarri izan dira. Berak zabaldu zuen Less is More (Gutxiago Gehiago da) goiburua.
Bizitza eta pentsamoldea
aldatuEgiazko izena Ludwig Mies zuen. 1921 urtean aitaren abizenari amaren ezkonaurreko abizena gehitu zion "van der" tarteko ipiniz, artistikoago bihurtzeko. Horrela bilakatu zen Ludwig Mies van der Rohe.
Akisgran sorterrian familiako enpresan hasi zen lanean, Berlinen Bruno Paul-en arkitektura agentziara joan zen arte. Urte batzuk geroago Peter Behrens arkitektoaren agentzian lan egin zuen 1908 eta 1912 artean. Azken honen eraginpean, eraikuntza teknika aurreratuetan eta prusiar klasizismoan oinarritutako arkitektura garatu zuen. Begiko zituen errusiar konstruktibismoaren eta holandar De Stijl taldearen estetika ere. Garai horretan hasi zen proiektu berritzaileak egiten, altzairua eta beira erabiliz eta, era berean, Karl Friedrich Schinkel arkitekto klasikoaren zenbait ideia mailegatuz. Behrensen lantegian ezagutu zuen Walter Gropius, Bauhaus eskolaren fundatzaile izango zena. 1912 eta 1914 artean Berlinen lan egin zuen, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen arte.
Miesek G aldizkarian parte hartu zuen 1923. urtean argitaratu zenean. 20ko eta 30eko hamarkadetako arkitektura-filosofian emari handikoa izan zen, Deutscher Werkbund delakoak babestutako Weissenhof proiektuaren eta Berlingo eta Dessauko Bauhaus eskolako zuzendari (1930-33) izan baitzen. Nazismoaren gorakada zela-eta, 1938. urtean Mies Estatu Batuetara erbesteratu zen.
Mies Chicagon kokatu eta Chicago's Armour Institute of Technologyko (orain Illinois Institute of Technology edo IIT) arkitektura sailean lan egin zuen, unibertsitateko kanpusaren berrantolatze diseinuaren truke. Bere lanik ezagunenetako batzuk bertan daude, hala nola Crown Hall arkitektura eskolako egoitza.
1958. urtean Nazioarteko estiloaren ikono den Seagram Eraikina eraiki zuen New Yorken. Forma garbiko paralelepipedo beltza da, Park Avenue hiribidean kokatua, baina aldameneko eraikinek osatzen duten lerrokaduratik zertxobait atzerago eraikia, trabertino zurizko sarrera-espazio handi bat utziz. Fatxada beirazko kortina-horma da, eta apaingarri gisa bertikaltasuna handitzeko altzairuzko profilak ditu kanpoaldean.
Less is More (Gutxiago Gehiago da), God is in the details (Jainkoa detaileetan dago) eta beinahe nichts (ia ezer ez) hainbatetan esan zuelako ezaguna, Mies espazio neutro eta kontenplaziozkoak egiten saiatu zen, ekaien (materialen) eta egituraren egiazkotasuna bilatuaz. Azken lanak arkitektura unibertsal sinplifikatuaren bila emandako bizitzaren emaitza dira.
Lan garrantzitsuak
aldatu- 1911: Wohnhaus Perls, Berlin-Zehlendorf
- 1926 : Monumentua Rosa Luxemburg und Karl Liebknecht-en omenez, Berlin
- 1927 : Etxebizitzak Weißenhof siedlung-ean, Stuttgart, Alemania
- 1928-30 : Villa Tugendhat, Brno, Txekia
- 1928-29 : Villa Lange eta Villa Dr. Esters, Krefeld, Alemania
- 1929 : Alemaniar Pabilioia Erakusketa Unibertsalean, Bartzelona (Europako maisulana)
- 1931 : Verseidag fabrika, Krefeld, Alemania
- 1946-50 : Farnsworth Etxea, Plano, Illinois, AEB
- 1932-33 : Lemke bungalowa, Berlin-Hohenschönhausen
- South Side unibertsitate eraikinak, Chicago, AEB
- 1946 : Alumni Memorial Hall
- 1950-51 : Lake Shore Drive Apartamentuak, Chicago
- 1954-58 : Seagram Eraikina, New York (AEBetako maisulana)
- 1956 : Crown Hall, Chicago
- 1959 : Federal Building
- 1966 : IBM Eraikina
- 1965-68 : Neue Nationalgalerie (galeria nazional berria), Berlin
Bibliografia
aldatu- Puente, Moisés (2008). Conversations with Mies Van Der Rohe. New York: Princeton Architectural Press. pp. 96. ISBN 978-1-56898-753-8.
- Schulze, Franz (1985). Mies Van Der Rohe, a Critical Biography. Chicago: University of Chicago Press. ISBN 0-226-74059-5.
- Sharp, Dennis (1991). The Illustrated Encyclopedia of Architects and Architecture. New York: Whitney Library of Design. p. 109. ISBN 0-8230-2539-X.
- Spaeth, David (1985). Mies Van Der Rohe. New York: Rizzoli International Publications, Inc.. ISBN 0-8478-0563-8.
Kanpo loturak
aldatu- (Ingelesez) Mies van der Rohe Elkartearen webgunea.
- (Gaztelaniaz) Mies van der Roheren lanen irudiak, YouTube.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ludwig Mies van der Rohe |