De Stijl
De Stijl (estiloa) mugimendu artistiko bat izan zen, artea gizarteratzea helburutzat zuena. 1917an eratu zen Leidenen (Holandan), eta bertan parte hartu zutenen artean honako hauek zeuden: Vilmos Huszár, Cornelis Van Eesteren, Antony Kok, Piet Mondrian, Bart van der Leck, Gerrit Rietveld, Jacobus Johannes Pieter Oud eta Theo van Doesburg. 1931. urtera arte De Stijl izeneko aldizkari bat argitaratu zen, eta bertan ematen zen aditzera mugimendu hau.
Mugimendua
aldatu1915ean, Piet Mondrian eta Bart van der Leck margolariak Amsterdamen elkartu ziren J.J.P. Oud arkitektoa eta Theo van Doesburg-ekin, mugimendu berri bat sortzeko asmoz. Azken hau, mugimenduaren fundatzailea eta gida espirituala zen.
Kide guztien artetik, van der Leck izan zen lehenengoa marra beltz sinplezko diseinu grafikoak sortzen, espazioa antolatuz eta forma lauzko irudiak erabiliz. Horretarako, koloredun paleta bat erabiltzen zuen, eta honek gerora Mondrianengan eragin handia izan zuen. Izan ere, Mondrianen margoek zehazten dituzte, hein handi batean, De Stijl mugimenduaren filosofia eta forma bisualak.
Mugimendua sortu aurretik, Mondrianek 1910ean ikusi zituen lehen aldiz pintura kubistak. Ondorioz, paisaia tradizionalen pinturetatik, estilo sinboliko baterako bilakaera izan zuen. Hurrengo urteetan, elementuen aztarna guztia ezabatu zuen, eta abstrakzio geometriko pururantz eraldatu zuen kubismoa.
1917an, Mondrianen, Van Der Lecken eta Van Doesburgen pinturak nekez desberdindu zitezkeen. Mondrianek lerro diagonala formatua orientatzeko egokia zela uste zuen, baina ez zuen onartzen bere trazuetan. Van Doesburgek, ordea, trazu diagonalak onartu zituen. Bi artista hauen koadroak berdinak iruditu arren, xehetasun honetan arreta jartzen badugu, ziurtasun osoz jakingo dugu zein den egilea.
De Stijl mugimenduko artisten pinturetako ikus-hiztegia murritza zen. Hala ere, beraien koadroetan unibertsoaren egitura matematikoa eta naturaren harmonia unibertsala adierazten zuten. Bestalde, garai hartako giro espiritual eta intelektualarekin sakonki konprometituta zeuden, eta garaiko kontzientzia orokorra adieraztea zuten helburutzat. De Stijl mugimenduak errealitatea gidatzen zuten lege unibertsalak bilatzen zituen, objektuen kanpoko itxuraren atzean ezkutaturik zeudenak. 1924an, Van Doesburgek elementarismoaren teoria garatu zuen. Orduan, Mondrianek bere artikuluak aldizkarian kaleratzeari utzi zion. Garatutako elementarismoaren teoria hau eraikuntza diagonalaren alde zegoen.
XX. mendean zehar, Holandan eta Errusian hasitako mugimendu honek egonezina sortu zuen beste diziplina bisualetan (pintura, eskultura…). Esan bezala, Mondrianek marra forma eta kolore puruak erabiltzen zituen harmonikoki antolaturiko erlazio puruzko unibertsoa sortzeko. Beste diziplinek munduko antolaketa berri baten prototipo utopikotzat hartu zuten hau. Kritika horiei aurre eginez, Mondrianek honako hau idatzi zuen arteari buruz: “bizitzak oreka irabazten duen neurrian desagertuko litzateke”.
Arau arkitektonikoak
aldatuEspazioaren gaia De Stijl mugimenduaren kezka nagusia izan zen. Hori dela eta, De Stijl taldeak arkitektura metodo berria bat garatu zuen. Horren alderdi nagusiak jarraian azalduko ditugun puntu hauetan jasotzen dira. Pentsamendu hau “Arkitektura neoplastikoaren 17 puntuak” deituriko liburuan dago zehaztuta (Theo Van Doesburg, 1925):
1. Forma. Arkitektura modernoak a posterioriko kontzeptutzat hartzen du forma. Hau da, proiektu berri bakoitzean forma a priori moduan oinarritzea baztertzen du.
2. Elementuak. Arkitektura berria oinarrizko elementuak oinarri hartuz garatzen da: argia, funtzioa, materialak, bolumena, denbora, espazioa, kolorea. Hauek, era berean, sormenezko elementuak ere badira.
3. Ekonomia. Arkitektura berria ekonomikoa da; hau da, baliabide eta materialei dagokionez, oinarrizkoenak erabiltzen ditu.
4. Funtzioa. Arkitektura berria funtzionala da; hau da, arkitektoak plano argi eta irakurterrazak aurkezten ditu.
5. Informala. Arkitektura berria informala da, baina aldi berean ongi zehaztua.
6. Monumentala. Arkitektura berria monumentala izan ordez, arina eta gardena da. Bereizi egin dira monumentala eta “handia” izatearen ideiak.
7. Hutsa. Arkitektura berriak ez du inongo alderdi pasiborik ezagutzen; hutsuneari irabazi dio. Jada leihoa ez da zulo bat paretan. Zulo bat edo hutsa ez datoz inondik, dena haren inguruan sortutako kontrasteak zehazten du.
8. Solairu/planta. Arkitektura berriak paretak suntsitu ditu, barnekoaren eta kanpokoaren arteko dualismoa kenduz. Paretak euste-puntu bihurtu dira. Bertatik solairu berri ireki sortzen da. Klasizismotik erabat desberdina da, barruko eta kanpoko espazioak komunikatzen direlako.
9. Azpizatiketa. Arkitektura berria itxia ordez, irekia da, eta azpizatiketa plano bidez egiten da. Barruko planoek espazio funtzionalak banatzen dituzte, adibidez, altzariak edo holtz mugikorrak izan daitezke.
10. Denbora. Arkitektura berriak, espazioaz gain, denbora ere hartzen du arkitekturaren baliotzat. Denbora-unitate eta espazioak itxura berri eta plastikoki osoagoa ematen dio irudi arkitektonikoari.
11. Aspektu plastikoa. Espazio – denboraren laugarren dimentsioa.
12. Aspektu estatikoa. Arkitektura berria antikubista da; hots, espazio desberdinak ez daude kubo itxi batean konprimatuak. Aitzitik, zelula espazial desberdinak (balkoien bolumenak, etab.) eszentrikoki garatzen dira, kuboko zentrotik kanpoalderantz. Honela, etxe modernoak airean, grabitazio naturalaren kontra, egoteko inpresioa emango du.
13. Simetria eta errepikapena. Arkitektura modernoak errepikapen monotonoa alde batera utzi du, simetria ezeztatuz. Simetria ordez, arkitektura berriak honako hau proposatzen du: zati desberdinen arteko erlazio orekatua, zati horiek funtzionalki desberdinak izateagatik lortzen dena (posizioan, neurrian, proportzioan, etab.).
14. Frontala. Arkitektura berria espazio-denboran, garapen plastiko-poliedrikoaz aberastuko da eta ez frontaltasunaz.
15. Kolorea. Kolorea baliabideetako bat da, erlazio arkitektonikoen harmonia ikusgai egiteko. Kolorerik gabe, proportzio-erlazio hauek ez dira errealitate bizidunak. Arkitektura neutroan, elementu arkitektonikoen arteko erlazioen oreka ikusezina da. Baina, bizitza estetikoa eta bizitza erreala bananduta zeuden garaikoa den dualismoa beti egon da. Dualismo hau kentzea artista guztien misioa izan da, aspalditik.
16. Apainketa. Arkitektura berria apaingarrien kontrakoa da. Kolorea, gainazaleko apainketa izan ordez, argia bezalakoa da, oinarrizko adierazpen arkitektonikoa, besterik ez.
17. Adierazpen plastiko berriaren sintesi moduan arkitektura. Ikuskera arkitektoniko berrian, arte plastiko guztien kolaborazioaren bidez soilik osatzen da arkitektura. Artista neoplastikoa espazio - denboraren eremuan eraikitzeaz konbentzituta dago, eta honek lau dimentsioetara aldatzea eragozten du, arkitektura berriak irudimenik ez duelako baimentzen. Helburua denek batera harmonia bat sortzea da, beren berezko baliabideez baliatuz.
Bibliografia
aldatu- Arkitektura modernoaren historia, Leonardo Benévolo, (1996). ISBN 84-252-1641-9
- Arkitektura modernoaren idealak; bilakaera (1750-1950), Peter Collins. {{ISBN|84-252-0342-2}}
- XX. mendeko arkitektura, TASCHEN, (2001). ISBN 3-8228-1164-5
- Arkitekturaren ideia, Gustavo Gili, (1976). ISBN 84-252-0617-0
Kanpo estekak
aldatu1. ↑ Hatje Gerd. (1980) Arkitektura garaikidearen hiztegi ilustratua. Edit Gustavo Gili. Bartzelona. ISBN 84-252-0860-2
2. ↑ «Bart Van der Leck, neoplastizismoaren kolorea».
3. ↑ Peter Collins