Txertaketa (botanika)

Mentu-oin» orritik birbideratua)

Txertaketa edo mentaketa[1] nekazaritzako teknika bat da, non landare baten zati bat beste landare batean ezartzean den, biak elkarrekin hazteko. Elkarketa hau arrakastatsua izateko, bi ehun baskularrek batera hazi behar dute (anastomosia). Teknika hau erabiltzen da batez ere helburu komertzialeko landareen ugalketa asexualean, nekazaritzan eta baratzezaintzan.

Gereziondoa txertatzen
Txerto-ondokoa, hazitako sagarrondo baten enborrean

Ezartzen den landare zatia txertoa (batzuetan txerto-zotza) edo mentua da, eta aukeratua izan da dituen hosto, lore edo fruituengatik. Berau jasotzen duen landarea txertagaia, txertaka edo mentu-oina, batez ere aukeratua dituen sustrai edo zurtoinagatik.

Txertatu gabeko fruitu-arbolari makatz deritzo[2].

Historia aldatu

Landareen txertaketa aspalditik erabili teknika da. K. a. 500an, Ilgora Emankorrean ondo ezarri eta erabilitako teknika zen, Mishnak jada deskribatzen baitu ohiko metodotzat mahatsondoak hazteko[3].

Antzinako Erroman, Katon Maior politikariak idatzi zuen latinezko testurik zaharrena K. a. 160 inguruan, De agri cultura ("Nekazaritzaz"), eta bertan hainbat txertaketa metodo agertzen dira.

Txinan ere aspalditik erabili izan da txertaketa. VI. mendeko Qimin Yaoshu nekazaritza tratatuan, Jie Sixie idazlearena, txertaketa teknika garatuak agertzen dira, eta liburu zaharragoei egiten dio erreferentzia, nahiz eta orain galduak izan. Bertan erakusten da nola ezarri udare mentuak jujuba edo mingrana mentu-oinetan.

XIX. mendea arte enpirikoki aztertu bazen ere, harrezkero zientifikoki hasi zen analizatzen, batez ere Lucien Daniel edo Hermann Vöchting botanisten eskutik.

Helburuak aldatu

Agronomiaren ikuspuntutik, txertaketaren helburua da mentu-oinaren eta mentuaren ezaugarriak bateratzea: mentu-oinarenak batez ere lurrari edo klimari egokitzea, eta mentuarenak, aukeratutako produktuenak (fruitu eta loreak esaterako).

Adibidez, mahatsondoaren kasuan, txertaketak ahalbidetu du Europako barietateak landatzen jarraitzea, amerikar mentu-oinetan, filoxerari aurre egiteko aukeratu zirenak.

Txertaketa sarri erabiltzen da fruitu arbolen barietateak ugaltzeko, batez ere sagarrak, udareak, garrazkiak, hala nola mahatsondoak, arrosak eta zenbait barazki, adibidez solanaceae familiakoak (tomateak, alberjinia...) edo cucurbitaceae familiakoak (angurriak, meloiak...)[4].

Teknikak aldatu

 
Ezkutu-txertaketa.

Txertaketa egiteko teknika ugari dago:

  • begi lokartuko txertaketa
  • begi iratzarriko txertaketa
  • hurbilduzko txertaketa
  • txapa-txertaketa: txapa-formako mentu bat mentu-oinaren azalean egindako lauki-formako hutsune batean ezarri
  • ezpal-txertaketa: mihi formako ebaki baten eta goitik beherako beste ebaki baten egindako zaurian ezarri
  • koroako txertaketa: mentu-oinaren adar bat zeharka moztu eta azala banandu ondoren, mentu puntaduna mentu-oinaren zur eta azal artean ezarri
  • txirula-txertaketa: egokia gaztain, intxaur, olibondo eta pikuarentzat
  • zotz-txertaketa: mentu-oinaren adarra edo mentua moztuz, erditik luzetara ebakiz eta mentu-zotzari punta atera ondoren mentu-oinarekin lotu.
  • begizko txertaketa edo begi-txertaketa
  • ezkutu-txertaketa edo T-formako txertaketa
  • txertaketa ingelesa: mentua eta mentu-oina alakatu ondoren, biei mihia sortu eta bata bestean ahokatu. Sinplea eta konplexua izan daiteke
  • alboko txertaketa
  • zubi-txertaketa

Erreferentziak aldatu

  1. Euskalterm
  2. Euskaltzaindia. (2018). "Makatz" Hiztegia. .
  3. «A History of Grafting» Horticultural Reviews 2009.
  4. (Frantsesez) Michel Javoy, Michel Pitrat , Jean-Daniel Arnaud. (2015). Le greffage des légumes : l’intérêt et la pratique. .

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu