María Maeztu

pedagogoa
Maria Maeztu» orritik birbideratua)
Artikulu hau gasteiztar pedagogoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «María de Maeztu (argipena)».

María Maeztu Whitney (Gasteiz, 1881ko uztailaren 18a - Buenos Aires, 1948ko urtarrilaren 7a) pedagogoa eta hezitzailea izan zen, Institución Libre de Enseñanza delakoaren pentsamenduari jarraikiz, emakumeen hezkuntzari buruzko ekimen berritzaileak egin zituena. Besteak beste, Madrilen Residencia de Señoritas delakoa sortu zuen, emakumeen unibertsitate-ikasketak bultzatzeko. Ospetsuak dira Mariaren anaiak Ramiro idazlea eta Gustavo margolaria.[1]

María Maeztu


Kontsultarako Biltzar Nazionaleko kidea

1927ko urriaren 10a - 1930eko otsailaren 15a
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIker segovia valentino
JaiotzaGasteiz1881eko uztailaren 18a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaMar del Plata1949ko urtarrilaren 7a (67 urte)
Familia
AitaManuel de Maeztu Rodríguez
AmaJuana Whitney
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Marburgeko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
ingelesa
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpedagogoa, politikaria, humanista eta feminista
Lantokia(k)Madril
Enplegatzailea(k)Residencia de Señoritas (en) Itzuli
KidetzaLyceum Club Femenino
Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala
Asociación Española de Mujeres Universitarias (en) Itzuli

Bizitza aldatu

 
Juana Whitney bere seme-alabez inguratuta, ezkerretik eskuinera: Gustavo, Angela, Ramiro, Miguel eta María Maeztu.

Gurasoak Manuel de Maeztu Rodriguez eta Juana Whitney zituen, kubatar jatorriko ingeniaria bata eta diplomazialari ingeles baten alaba bestea, biak Parisen heziak. Gasteizen jarri ziren bizitzen. Manuel Maeztu Kuban hil zen 1898 urtean eta oinordetzarekin izan zituzten arazo administratiboek Juana Whitney eta bere bost seme-alabak oso egoera latzean utzi zituen.

María Maeztuk Gasteizko Escuela Normal delakoan ikasketak burutu ostean (1896-98), familia Bilbora joan zen bizitzera. Juana Whitneyk bertan Academia Anglo-Francesa deiturikoa ireki zuen, neskentzako egoitza moduko bat, eta bertan Maríak gogotsu hartu zuen parte.

1902an irakasle lanetan hasi zen Santanderreko eskola publiko batean. Bost hilabete beranduago Bilbora aldatu zuten; 1909an Madrilen bukatu zuen azkenik.

Bitarte honetan bere unibertsitate prestakuntzarekin jarraitu zuen. 1907an batxilergoa lortu zuen Gasteizko Institutuan eta bi urte beranduago Salamancako Unibertsitatean matrikulatu zen ikasle ez-ofizial bezala. Ikasketak Madrilen osatu zituen, Filosofia eta Letretan lizentziatuz 1915ean.

Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoen Hedakuntzarako Batzordearen pentsiodun izan zen 1908tik aurrera. Bere garaian ez-ohikoa zen hizkuntzen ezagutzak eta bere izaera aktiboak, hainbat proiektuetan parte hartzeko aukera eman zioten. Hori horrela, Ingalaterra, Belgika, Suitza eta Alemanian egonaldiak egin zituen. 1908an, Londresko pedagogia lehiaketarako, Gobernuak izendatutako batzordean parte hartu zuen behatzaile gisa. Horretaz gain, Marburgeko Unibertsitatean Natorp eta Hartmanen ikaslea izan zen 1912an.  Itzuleran, Centro de Estudios Históricos-en sartu zen, José Ortega y Gasseten zirkuluan.

Nazioarteko Andereñoen Egoitza eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxea aldatu

Nazioarteko Andereñoen Egoitza ((Gaztelaniaz) Residencia de Señoritas[2]), Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoen Hedakuntzarako Batzordeak ireki zuen Madrilen, eta María Maeztu izan zen berau antolatu eta zuzentzearen arduraduna 1915 eta 1936 bitartean. Bertan beste herrialdeetan hezkuntza eta pedagogia arloan  ematen ari ziren berrikuntzak aplikatu zituen. 1918an Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoen Hedakuntzarako Batzordeak martxan jarritako Bigarren Hezkuntzako ikastetxearen (Insituto-Escuela) sailetako baten zuzendaritzan ere lanean jardun zen aldi berean.

Smith College emakumezkoen unibertsitateak (Northhampton, Massachusetts) Honoris Causa doktore izendatu zuen 1919an. Hizlari bizia zen eta hainbat hitzaldi eman zituen bai Espainian, bai Espainiatik kanpo.

Lyceum Club Femenino aldatu

María Maeztuk 1926tik aurrera Lyceum Club Femenino delakoa sortu eta zuzendu zuen, Europan dagoeneko existitzen zirenen antzekoa. Elkarte mistoa sortu nahi bazuen ere, Europan indarrean zegoen nazioarteko araudia onartu behar izan zuen. Elkartearen helburua emakumeen talde espiritua bultzatzea eta emakume ezkonduei etxeko hormetatik haratago leku bat eskaintzea ere bazen. Joera guztietako 150 bazkiderekin inauguratu zen. Nazioarteko ereduari jarraiki, hainbat sail eratu ziren: Literatura, Zientziak, Arte Plastikoak eta Industrialak, Gizartea, Musika eta Nazioartekoa. María Maeztuk antolatzen zituen estatuko zein atzerriko intelektual, zientzialari eta artisten ikastaro, hitzaldi, kontzertu eta erakusketak;  García Lorca, Rafael Alberti, Jacinto Benavente eta Unamunorenak, besteak beste.

Presidenteordeak izan ziren: Isabel Oyarzábal eta Victoria Kent; idazkaria, Zenobia Camprubí; idazkariordea, Hel Phipps; diruzaina, Amalia Galinizoga; liburuzaina, María Martos de Baeza.

Primo de Riveraren diktaduran Kontsultarako Biltzar Nazionaleko kide aldatu

Primo de Riveraren diktaduran, beste 12 emakumerekin batera eta bere anaia Ramiroren babesarekin, Kontsultarako Biltzar Nazionaleko kide izatea onartu zuen, hezkuntzaren atalean. Beranduago, 30. hamarkadan, Hezkuntza Publikorako Batzordearen eta Kulturako Batzorde Nazionalaren kide izan zen. 1932an unibertsitate irakaskuntzari ere ekin zion, Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letretako Fakultateko Pedagogia Sail sortu berrian.

Erbestea Argentinan aldatu

1936an Espainiako Gerra Zibila hastean bere anaia Ramiro (nazionalismo eskuindarrekoa) errepublikaren aldekoek fusilatu zuten.  Andereñoen Egoitzaren zuzendaritzatik  baztertua (iturri batzuetan dimisioa aurkeztu zuela aipatzen da), Espainiatik Buenos Aireserea joan zen. Bertan jarri zen bizitzen eta hango Unibertsitatean Hezkuntzaren Historiako katedra eman zioten, hil zen arte bete zuena. Bere anaia Gustavoren hiletara itzuli zen Espainiara, 1947ko otsailean, baina ostera Buenos Airesera bueltatu zen eta bi urte beranduago hil zen bertan. Bere hilotza aberriratua izan zen Lizarrako familiaren mausoleora.

Lanak aldatu

  • Historia de la cultura europea. La edad moderna: grandeza y servidumbre. Intento de ligar la historia pretérita a las circunstancias del mundo presente, Buenos AIres: Juventud Argentina, Bibl. de la Esfinge. (Libros para la Mujer), 1941.
  • «La Pedagogía en Londres y las escuelas de párvulos». Egile Batzuk: Anales de la Junta para la Ampliación de Estudios e Investigaciones Científicas, Madril, Impr. y Encuadernación E. Raso, 1909, I. liburuki, 8.memoria.
  • El problema de la Ética: la enseñanza de la moral.
  • El trabajo de la mujer: nuevas perspectivas: conferencias pronunciada el día 8 de abril de 1933 Madril: Escuela de Enfermeras del Hospital Central de la Cruz Roja Española, 1933.
  • Antología. Siglo XX. Prosistas españoles. Semblanzas y comentarios. Madril: Espasa-Calpe, 1943.

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

  • FRUCTUOSO RUIZ DE ERENCHUN, María Cristina. María de Maeztu Whitney. Una Vitoriana Ilustre. Gasteiz: Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, 1999.
  • ALTUNA DE MARTINA, Angeles de Dios. María de Maeztu:tras sus pasos en la Argentina. In Zabala Agirre, Jose Ramon. Non zeuden emakumeak? La mujer vasca en el exilio de 1936. Donostia: Saturraran, 2007. 383-408 or. ISBN: 978-84-934455-2-2.
  • CUEVA, Almudena de la, MÁRQUEZ PADORNO, Margarita (eds.). Mujeres en vanguardia: la Residencia de Señoritas en su centenario (1915-1936). Madrid: Publicaciones de la Residencia de Estudiantes, 2015. ISBN 978-84-939988-6-8.
  • LASTAGARAY ROSALES, María Josefa. María de Maeztu Whitney: una vida entre la pedagogía y el feminismo. Madrid : La Ergástula, 2015. ISBN 978-84-16242-14-6.
  • MARTÍNEZ MARTÍN, María Ascensión. Transformando la sociedad: historia del Forum Feminista María de Maeztu. Vitoria-Gasteiz: Forum Feminista María de Maeztu, 2007.
  • PÉREZ VILLANUEVA TOVAR, Isabel. María de Maeztu: una mujer en el reformismo educativo español. Madrid : Universidad Nacional de Educación a Distancia, 1989. Aula Abierta, 44. ISBN 978-84-362-2438-2
  • RODRIGO, Antonina and ROIG, Montserrat. Mujeres para la historia: la España silenciada del sigloXX. Madrid: Compañía Literaria, 1996. ISBN 978-84-8213-030-9.

Kanpo estekak aldatu