Maite Paisal Ugia
Maite Paisal Ugia (Pasaia, 1951ko ekainaren 25a) herri ekintzailea, sustatzailea eta kirolaria da. Norberaren jakintzak eta ahalak elkartrukean partekatzearen aldekoa. Elkarbizitza komunitarioa bultzatuz, taldean dinamizatu ditu auzoa eta herria.
Maite Paisal Ugia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Pasaia, 1951ko ekainaren 25a (73 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista, sustatzailea eta kirolaria |
Biografia
aldatuGurasoak galiziarrak ziren, Santa Uxia de Ribeirakoak, ezkondu eta berehala Euskal Herrira etorri ziren. Errenteriako alokairuko gela batean jarri ziren bizitzen hiru hilabetez, baina gerora Trintxerpen finkatu zuten bizilekua. Antonio aita, arrantzalea zen eta bizitza osoa eman zuen itsasoan, hilabete luzeko arrantza-kanpainetan. Ama, Angelita, Donostiako familia bateko haurrak zaintzen egiten zuen lan. Haurtzaroan zaildua da Maite. Etxean zituzten gastu handiei aurre egingo bazioten, guraso biak zeuden etxetik kanpo lanean eta oso umetatik hartu behar izan zuen bi anaia txikien ardura, tartean poliomielitisa jota zegoenarena. Egin zituen ikasketak jasotako bekei esker egin zituen eta behin beka bukatuta, lanean hasi behar izan zuen 16 urterekin.[1]
12 urte arteko ikasketak Trintxerpeko Virgen del Carmen eskola publikoan egin zituen eta ondoren 12-16 urte bitartean Altzako Joan XXIII.ean delineazio industriala ikasi zuen.[2]
Hamasei urtetatik hemezortzi urte arte marrazketa artistikoko irakasle aritu zen Irungo San Vicente de Paul ikastetxean. Hemezortzi urte bete zituenean Bidebietako Contadores fabrikan delineatzaile postuan aritu zen goizeko lansaioan eta arratsaldean Buenabistako bulego batean itsasontziak marrazten. Ezkondu eta familia zuela, arropa-denda ireki zuen auzoan.[1]
Donostiako Orthos zentroan lortu zuen Mat Pilates Instructor tituloa 2007/2008ko ikasturtean.
Kirol mundua
aldatuHamahiru urterekin hasi zen Pasaiako Alkartasuna eskubaloi taldean jokatzen, atezain postuan. Bertako kapitaina zen. 1967tik, Espainiako selekzioko atezaina izan zen 4 urtez, eta bitarte horretan Gipuzkoako selekziokoa eta Unibertsitateko selekzioko atezaina ere. Guztira 8 urte eman zituen eskubaloi atezain jokalari bezala. Kiroltasun saria jasoa du behin baino gehiagotan.[1]
Auzoaren alde lanean.
aldatu1978tik Oiartzunen bizi da, Altzibar auzoan. Lau urte lehenago ezkondu zen Jesus Puente Lahoyarekin eta bi seme-alaba izan zituzten: Igor eta Amaia.
Hogeita sei urtez aritu da auzoaren alde buru-belarri lanean.[3] Auzoan bazeuden premia nabarmenak, batez ere emakumeei begira eta bere aurreko prestaketa aprobetxatuz, doako gimnasia eskolak ematen hasi zen. Gerora etorriko zen beste auzokide batzuk antzeko zerbait egitera animatzea eta ikastaro eskaintza gehitzea: marrazketa, gorputz-expresio eskolak edota dantza latinoak ikasteko eskolak, kasu.[4] Maitek hiru lekutan ematen zituen gimansia eskolak; Altzibarren, Arraguan eta ikastolan. Beste auzoetan antzeko ekimenak ari ziren sortzen eta laister elkartu ziren guztiak proiektu amankomuna sortzeko. Hortik jaio zen “Oiartzungo EmakumeenTaldea“, gerora HELTA izenez ezagutuko zena. Sustatzaileen taldekoa izan zen Maite eta urte luzez partekatu du bertako ardura nagusia beste bi kiderekin batera. Aldi berean, bere ikastaroetako partehartzea handitu zuen, gimnasiako eskolei Pilatesekoak gehituta.[1]
Auzoari begira bere nahietako bat zen auzoa deszentralizatzea eta lokal bat lortzea jubilatuak gustura egon zitezen, “herrira” (Elizaldera) igo beharrik izan gabe. Auzotarren topagunea izango zen lokala nahi zuen lortu, giro ludiko batean trebetasunak edo jakintzak taldean partekatu ahal izateko, edo jolasean aritzeko, edo irakurtzeko. Bere lorpenen artean dago Altzibarko Kultur Elkartean liburutegia sortzea, lan pertsonal handiaren ondorioz martxan jartzea lortu zutena. 1995. urtetik aurrera auzoko jaiak antolatzen aritu da Maite, ardura nagusia beregain hartuta. 2017an jubilatu zen baina jarraitzen du Altzibarko Kultur Elkarteko partaide izaten. Bere ametsetako lokala jubilatu ondoren lortu zuen auzoak.
-
Korrikaren lekukoa hartu zain
-
Gimnasia saioa zuzentzen.2013
-
Altzibar auzoan haurren lanak dinamizatzen.2015
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2021» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
- ↑ «Altzari buruzko dokumentazio zentroa» www.altza.info (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
- ↑ adibide. (2012-06-21). «Xanistebanetako kartela Eneko Salaberriak egin du» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
- ↑ Elorsoro kiroldegiko jardueretan parte hartzeko plaza eskaera.. .