Oiartzungo Emakumeen Taldea

Herriko emakumeen garapen sozial eta pertsonala bultzatzea helburu duen taldea da.

Oiartzungo Emakumeen Taldea (Gerora HELTA, Helduen Tailerrak), Herri ekimenez eta ikuspuntu feministatik, herriko emakumeen garapen sozial eta pertsonala bultzatzea helburu duen taldea da.

Oiartzungo Emakumeen Taldea
Datuak
Izen ofiziala
HELTA, Helduen Tailerra
Motagizarte-taldea eta elkartea
HerrialdeaOiartzun
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Historia
Sorrera1995eko iraila
webgune ofiziala
Urteko lanen erakusketa

Historia aldatu

 
Dirulaguntza dekretua

1995eko irailean sortu zen taldea.[1] Hasiera batean kezka feminista zuten herritar emakume pare baten ekimena izan zen. Oiartzunen zegoen hutsunea nabarmena zen. Emakumeei eskainitako espaziorik ez eta beharrezkoa ikusi zuten zer edo zer antolatzea euren ahalduntzeari begira. Auzoetako elkarte guztiekin jarri ziren harremanetan herri asanblada antolatzeko eta ondorioz zazpi lagunez osatutako talde eragilea jarri zen martxan.

Ekimenaren helburu nagusia Oiartzungo emakumeen garapen sozial eta pertsonala bultzatzea zen. Tailerren bitartez emakumeak etxetik ateratzeko aukera eskaini nahi zuten, bide batez kabi hutsaren sindromeari aurre egiten laguntzeko. Egoera ezagututa, garrantzizkoa jotzen zuten ikastaroak ahalik eta merkeenak izatea, garai hartako emakume askok ez baitzuen ekonomia autonomiarik. Sozializatzeko espazioak ireki nahi zituzten. Giro goxoan harreman sareak sortzeko aukerak eskaini eta ikasi nahi zituzten gaien bitartez, formatzeko aukera ematea bilatzen zuten[2]

Udalarekin jarri ziren harremanetan. Hasieran sinesmen gutxi sortu zuen proiektuak eta demostratu behar izan zuten gai zirela formazio tailerrak muntatu eta herritar emakumeak mobilizatzeko. Hala ere udalaren laguntza izan zuten aurrera egiteko.

Formaziorako irakasleak bilatzen hasita, herrian zeuden emakume trebe eta prestatu mordoxka hartu zituzten kontutan eta guztiei eskaini zitzaien tailerretan parte hartzeko aukera. Eskulangintza, gimnasia, Tai Chi eta lasaitzeko teknikak, sukaldaritza, irakurketa tailerrak, informatika, edota ehoziri edo bolillogintza bezalako ikastaroak emateko irakasleak bazituzten eta lokal bila hasi ziren. Herrian libre zeuden zoko guztiak miatu ondoren lortu zituzten hainbat leku eta lehenengo ikasturte horretan 60 ikasle inskribatu ziren. Horrela abiatu zen, 1996ko otsailean, gerora Helduen Tailerrak modura ezagutuko zen ekimena.

Militantzia lana aldatu

 
Lokalen erabilpen hitzarmen data

Militantziak bultzatuta, boluntario lana izan da ekimen honen ezaugarri garrantzitsuetako bat. Lan eskerga egitea tokatu zitzaien. Antolaketak eskatzen zuen publizitatea etxez etxeko buzoiak erabiliz egiten zuten, adibidez, horrela etxe guztietara iritsiz. Lokalak ekipatzeko gauza bera, auzolanean eta musu-truk, altzari eta apaingarriak prestatzen zituzten, baita lokalak margotu eta txukundu ere. Behar zen guztia. Eta lokal askotan eman zituzten ikastaroak. Aurre prestaketaren beste lan-zama inskripzio garaia izaten zen. Beste zeregin gehigarririk hartu gabe, iraila osoa horretara dedikatzen zuen sustapen talde txikiak.

Hasiera guztiak bezala, oso modu prekarioan eraman zuten aurrera proiektua. Sustapen taldea musu-truk eta ikastaroetako monitoreak halatsu. Baina, behintzat, ederki demostratu zuten proiektuaren beharra herrian eta horrek beste bideak irekitzeko balio izan zuen. Taldeari egitura juridikoa eman zioten: Estatutuak osatuta erregistroan inskribatu ziren 2007/06/28an[3] eta udalak emandako Karaez kaleko 2an lortu zuten lokal soziala edukitzea 2004. urtean. Udalak, halaber, bere egin zuen taldearen existentzia.[4]

Finantziazioa aldatu

Matrikula eta udalaren laguntzarekin finantzatzen zen. Ongizate sailaren bitartez eta lan-memoriaren truke, urtero jasotzen zuen taldeak udaleko diru-laguntza.

Tailerretako gaiak eta baldintzak aldatu

18 eta 65 urte bitarteko emakume oiartzuarrei eskainitako ikastaro modura planteatu zen ekimena.Tartean gizonak ere hasi ziren apuntatzen, baina kopuru txikian eta oso tailer espezifikoetan bilduta gehienak: tailla, pilates, dantza, argazkigintza... bereziki.

Oiartzuarra izatea eskatzen zen, ikastaroen emaileentzat bezala, baina egoeraren arabera, hori aldatzen joan zen. Tailer motaren demanda asko handitu zen eta irakasle espezifikoak herritik kanpo lortzea beste biderik ez zuten izan. Ikastaroen gaiak, erabiltzaileen eskutik zetozen batik bat.

Tailer mota eta kopuruak hedapen izugarria izan du. Urtez urte joan da demanda handitzen. Hasierako 60 ikasleak, 1000 inguru izatera iritsi dira 2022-23ko ikasturtean eta tailerrak berriz, 6-7 izatetik, 21 izatera, 52 taldeetan banaturik.[5] Pilates eta yoga dira demanda handiena duten ikastaroak.

Aurrera eramandako ekimenak aldatu

Tailerrez gain, ekimen asko eraman zituen aurrera Oiartzungo Emakumeen Taldeak. Hauetako batzuk eurak bideratuta eta beste batzuk herriko hainbat talderekin elkarlanean. Ekintzaile feministak ziren eta herri ekintzaileak. Martxoaren 8[6] eta Korrika bezalako ekimenak urtero presente zeuden ekitaldi eta parte-hartze egutegian.

Taldearen ekimenak aldatu

  • Zineforuma, merienda eta eztabaidaren inguruan.
  • Leiho eta balkoien lore-apainketa lehiaketak
  • Muxikoak
  • Gitarra kontzertuak, bai jaietan eta baita kurtso bukaeran ere.
  • Tailerretako lan-emaitzen erakusketak

Herriko beste elkarteekin elkarlanean aldatu

  • Martxoaren 8an herriko beste emakume taldeekin batera ekintzaz betetako astean: hitzaldiak, filmak, erakusketa, bazkaria, antzerkia... Azaroaren 25a ere elkarlanerako garaia izaten zen[6]
  • 2. eskuko merkatu txikia Maixabel Arbide moja oiartzuarraren proiektuan laguntzeko
  • Korrika ekimenean parte hartzea

HELTA, Helduen Tailerrak aldatu

 

Oiartzungo emakumeen taldea izenarekin sortu zena, ofizialki HELTA izatera pasa zen behin erregistro ofiziala egin eta gero.[7]

Lokalak erabiltzeko hitzarmen modura, 2014ko urtarrilaren 1ean lankidetza hitzarmena sinatu zuten udalarekin.

24 urtez antzeko egiturarekin funtzionatu zuen, baina 2019. urtean Udalak baldintzak aldatu zituen zeharo. Aurrerantzean CIFa aterata, irakasleen kontratuak etab. asumitu behar izan zituen HELTA taldeak.

Aldaketa gogorra izan zen baina lortu zuten aurrera egitea. Ekimenaren sortzaileak izan zirenak taldea utzi eta beste talde berri batek hartu zuen segida, HELTA, Irabazi Asmorik Gabeko Erakundea sortuta.[8]

Antolakuntza-taldea bost langile eta herriko beste bi boluntarioak osatzen dute. Dauden monitoreetatik, batzuk autonomoak dira baina gehienak elkarteak kontratatuak.

Ikastaroetan parte hartzeko lehentasuna 55 urtetik gorako oiartzuarrak dute, baina lekua izanda, herritik kanpoko ikasleak ere onartzen dituzte. Hauen kuota herrikoena baino handiagoa da. Monitore berriak euskaldunak izan behar dute eta klaseak, ahal den neurrian euskaraz ematen dira.[5]

Sareak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuz, matrikulazioa online egiten dute, nahiz eta behar duenarentzat aurrez aurrekoa ere mantendu.

Finantziazioan aldaketak izan dira. Lan baldintzak hobetzearekin kostuak handitu egin dira eta udalaren laguntza handia izan arren, kuota igo egin behar izan dute, ezinbestez.

Aurretik zuen antolakuntza mantentzen saiatu dira eta herri mailan eratzen diren hainbat ekimenetan parte hartzen jarraitzen dute, hara nola: Ikasturtean egindako lanen erakusketa antolatzen, bai Xanistebanetan eta baita Martxoaren 8aren bueltan ere. Gauza bera gitarra eta kantu emanaldiarekin edo bertsolaitza tarteko, Urtezahar-gaueko koplak kantatuz ateratzea.

Bestalde badituzte kolaborazio mota berriak: Udalak bultzatutako Zaintzadi programa[9] adibidez, edo jubilatuen gune berriko erabileraren ekarpenak eginez.[10] Adinekoei eskainitako ekintzen dinamizatzaile modura ere badabiltza.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Emakume helduen tailerrak. Oiartzungo udala, 162-163 or..
  2. Helduen Tailerra. Oiartzungo Udala, 161 or..
  3. «OIARTZUNGO EMAKUME TALDEA HELTA» www.euskadi.eus 2011-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  4. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  5. a b (Gaztelaniaz) Helduen Tailerrak – Oiartzungo Emakumeen Taldeak, Oiartzungo udalaren laguntzarekin.. (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  6. a b Helduen tailerrak (Helta). Oiartzungo Udala, 172-173 or..
  7. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. (2011-10-22). «OIARTZUNGO EMAKUME TALDEA HELTA» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  8. «Oiartzungo Emakume Taldea Helta - Cif G20949616» www.axesor.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  9. Erik, Gartzia(e)ko. (2022-07-22). «Zaintzadi, adinekoen bakardaderako traba» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  10. (Ingelesez) «Kultura eta sektore ekonomikoak by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).

Kanpo estekak aldatu

  • [1] Oiartzungo udalak 2008an egindako parekidetasun diagnostikoan Helduen Tailerrak kontutan hartuta
  • [2] Oiartzungo Irratiak Amaia Ibargureneri egindako elkarrizketa