Anton van Leeuwenhoek

Leeuwenhoek» orritik birbideratua)

Anton van Leeuwenhoek (Delft, Hego Holanda, 1632ko urriaren 24a- ibidem, 1723ko abuztuaren 26a) merkatari eta zientzialari herbeheretarra izan zen, lehenengo mikroskopio optiko modernoa asmatzeagatik eta lehenengo mikrobioak deskribatzeagatik ezaguna.

Anton van Leeuwenhoek

chamberkeeper (en) Itzuli

1660 - 1699
Bizitza
JaiotzaDelft1632ko urriaren 24a
Herrialdea Zazpi Herbehere Batuen Errepublika
BizilekuaHerbehereak
Lehen hizkuntzanederlandera
HeriotzaDelft1723ko abuztuaren 26a (90 urte)
Hobiratze lekuaOude Kerk (en) Itzuli
Familia
AitaPhilips Antonisz. van Leeuwenhoek
AmaMargaretha Bel van der Berch
Ezkontidea(k)Barbara de Mey (en) Itzuli  (1654ko uztailaren 29a -
Cornelia Swalmius (en) Itzuli  (1671ko uztailaren 25a -
Hezkuntza
Hizkuntzaknederlandera
Jarduerak
Jarduerakbiologoa, fisikaria, instrument maker (en) Itzuli, merkataria, mikrobiologoa, kontularia, diruzaina, lur-neurtzailea eta wine measurer (en) Itzuli
Lantokia(k)Delft eta Amsterdam
Jasotako sariak
InfluentziakRobert Hooke
KidetzaRoyal Society

Find a Grave: 6374199 Edit the value on Wikidata

Izaki zelulabakar biziak ikusi zituen lehen gizakia izan zen, eta haiek deskribapena Londresko Royal Society erakundera bidali zuen eskutitz kaotikoetan. Royal Societyk gerora hainbat eskutitz argitaratuko zituen Philosophical Transactions aldizkarian. Merkatari soila izatetik Herbehereetako gizon ezagunenetakoa izatera pasa zen eta Delfteko bere etxean filosofo, mediku, errege eta enperadoreak jaso zituen[1]. Ingelesez jakin ez arren[2] Royal Societyko kide izendatu zuten 1680. urtean[3].

Biografia aldatu

Familia eta gaztaroa aldatu

Anton van Leeuwenhoek Delft hirian jaio zen artisauen familia batean. Thonis izenarekin bataiatu bazuten ere hark beti erabili izan zuen Antonj aldaera. Philips Antonisz van Leeuwenhoek saski egilea zen eta Antonek bost urte zituela hil zen. Margaretha ama Jacob Jansz Molijn margolariarekin ezkondu zen ondoren eta familia Warmondera aldatu zen 1640an. Antonek la arreba zaharrago zituen, Margriet, Geertruyt, Neeltje eta Catharina[4]. 10 urte zituela aitaordea hil egin zen eta osabarekin bizitzera bidali zuten, abokatua zen hura. 16 urte zituela kontulari izateko ikasten hasi zen Amsterdamgo Warmoesstraat kaleko ehungile denda batean eta sei urte pasa zituen bertan[5].

Delfteko bizimodua aldatu

1654ko uztailean Barbara de Meyrekin ezkondu zen Delften. Bost hau izan zituzten baina lau haur zirela hil zitzaizkien, Maria soilik atera zen aurrera. 1655ean Hypolytusbuurt kalean erosi zuen etxean bizi izan zen bizitza guztian, eta bertan egin zituen ikerketak. Ehun denda bat ireki zuen, lihoa, hariak eta zintak saltzen zizkien hiriko jostunei[6].

Van Leeuwenhoeken estatuta igoz joan zen hurrengo urteetan. 1660an hiriko sheriffaren ganberazain bihurtu zen eta 40 urte egin zituen postu hartan. Bere eginkizunak honako hauek ziren: lokalak mantentzea, berotzea, garbitzea, bileretarako irekitzea, bildutakoei eginkizunak egitea eta bertan eztabaidatutako gai guztietan isiltasuna mantentzea.

1669an Holandako epaitegiko lur-neurtzaile izateko hautatu zuten eta beranduago hiriko ardo esportazioen eta tasazioaren arduradun ere izan zen[4].

1666an emaztea hil zitzaion eta 1671n Cornelia Swalmiusekin ezkondu zen. Harekin ez zuen seme-alabarik izan[4].

Vermeerrekin harremana aldatu

Van Leeuwenhoek eta Jan Vermeer margolaria garaikideak izan ziren orduan 24.000 biztanle zituen Delft hirian, eta merkatu nagusiaren plazan bizi ziren. Vermeer lau egun lehenago bataiatu zuten Van Leueuwenhoek baoni, beraz argi dago elkar ezagutzen zutela. Esan izan da Vermeerren bi margolanetan (Astronomoa eta Geografoa) irudikaturiko gizona Van Leeuwenhoek izan zitekeela, baina ez dago argi. Bestetik Van Leeuwenhoek Vermeerren testamenduaren exekutorea izan zen, margolaria 1675ean hil zenean[7].

Erlijioa aldatu

Gizon erlijiotsua zen Van Leeuwenhoek. Herbehereetako Eliza Erreformatuko kidea eta kalbinista zen[8]. Jainkoak izaki handi eta txikiak diseinatu zuela esaten zuen sarrita, eta haren animalkuluak Munduaren sorreraren froga zirela kontsideratzen zuen[9].

Ikerlanaren ibilbidea aldatu

Lente egilea aldatu

 
Van Leeuwenhoeken mikroskopioa.

Van Leeuwenhoekek ez zuen goi-mailako prestakuntzarik, baina bai ikasteko grina handia. Bere kabuz astronomia, matematika eta natur zientziak ikasi zituen, eta baita beiragintza ere, azken hau bere ehun dendan baliagarria izango zelakoan, izan ere garai hartan ehunen kalitatea zituzten hari eta korapilo kopuruaren arabera neurtzen[10] eta ehunak aztertzeko lupak erabiltzen ziren[11].

Lupak hobetu nahian asmatu zuen van Leeuwenhoekek lehenengo mikroskopio optikoa, irudiak 300 aldiz handiagotzeko ahalmenarekin. Horretarako kurbadura handia emateko bidea aurkitu zuen[10]. Galileok, Zacharias Janssenek eta Robert Hookek XVII.mendeko lehenengo urteetan antzeko tramankuluak sortu bazituzten ere, van Leeuwenhoekek asmatutakoa jotzen da benetako lehenengo mikroskopiotzat, izan ere gainerakoek gehienez ere 30 aldiz handiagotzen baitzuten irudia[12].

Bi aurpegi ganbil zituen lente txiki txikia letoizko xafla batean ezarri zuen. 5 cm inguruko luzera baino ez zuen xafla hark[13]. Enfokatzeko barratxo bat ere bazuen aparailuak. Begia lentearen ondoan jartzen zuen eta orratz batean paraturiko objetua aztertzen zen ordurarte ezagutu gabeko handitzearekin[14].

Bizitzan zehar 500 mikroskopiotik gora eraiki zituen Anton van Leeuwenhoekek, eta eraikitzeko teknika sekretupean gorde zuen[15]. Delfteko ikertzaile talde batek neutroi-tomografia erabiliz aztertu dute Leeuwenhoekek egindako mikroskopio bat. Puntako teknologia horri esker, mikroskopioari kalterik eragin gabe aztertu ahal izan dute haren lentea eta Leeuwenhoek beira-leuntzaile aparta zela azaldu dute[12][16].

Behaketak aldatu

 
Van Leeuwenhoekek marrazturiko animalkuluak.
 
Van Leeuwenhoekek marrazturiko espermatozoideak, saguarenak (1-4) eta txakurrarenak (5-8).

Anton van Leeuwenhoekek inguruan aurkitzen zituen gauza guztiak lente horiekin begiratzeari ekin zion. Regnier de Graaf zientzialari erakutsi zion aurkiturikoa eta egindako marrazkiak.

Londresko Royal Society erakundeak italiar lente egile baten mikroskopioarekin egindako behaketak Philosophical Transactions of the Royal Society bilduman argitaratu zituen 1665ean. Bertan mikroskopikoak ziren egituren marrazkiak ikus zitezkeen. Urte berean Robert Hookek argitaratu zuen Micrographia liburuan bazen kortxo xafla baten marrazkia ere, eta Hookek "zelula" hitza aurrenekoz erabili zuen[17].

Reinier de Graaf konturatu zen van Leeuwenhoeken lentea askoz potenteagoa zela eta 1673an haren behaketetatik ateratako marrazkiak eraman zituen Londresera, zehazki lizunaren egitura azaltzen zuen marrazkia, erle baten eztena[2] eta zorriak[18].

1674ko ekainaren 1ean gizakien, txerriaren, hegaztien eta arrainen odolaren globulu gorriak deskribatu zituen[2]. Hori soilik ez, haien tamaina ere kalkulatu zuen; hondar-ale baten diametroan gutxienez 100 odol-zelula sartzen zirela kalkulatu zuen, horrela, odol-zelulak 8,5 µm baino txikiagoak zirela ondorioztatu zuen (orain badakigu giza eritrozitoek 7,7 µm inguruko diametroa dutela)[2].

Ondoren Delft hiritik gertu zegoen Berkelsemeer aintzirako ur lagin bat hartu zuen eta haren mikroskopioarekin aztertu zuen ea ezer interesgarririk aurkitzen zuen. Protozooak aurkitu zituen eta haien mugimenduak marraztu zituen Royal Societyra bidali zituen eskutitz berrietan[19]. Animalkulu ("animalia txiki") izena eman zien izaki haiei[20]. Royel Societyko zientzilariek hasieran ez zuten aintzat hartu. Robert Hookek Tamesis ibaiko ur laginak hartu eta ez zuen ezer ikusi eta horrela esan zuen: "Agian Delfteko ura aproposagoa da animalkulu haiek bizitzeko edo agian van Leeuwenhoeken mikroskopioa askoz potenteagoa da"[21]. Saiakera berriak egin zituen eta azkenean 1677an piperrauts beltzezko infusio bat hainbat egunez eduki ondoren[2] lortu zuen van Leeuwenhoekek aipatzen zituen izaki haiek ikustea[21]. Orduan azkenik Royal Societyk egiazkotzat jo zituen herbeheretarraren behaketak[20].

1677an Royal Societyra bidalitako eskutitz batean espermatozoideak aipatu zituen aurreneko aldiz. Ugaztunen ernal-hazian animalkuluak ugariak zirela azaldu zuen eta marrazkiak egin zituen[22][23]. 1683an hortzetatik ateratako lagin batean animalkulu txikiago mordoa aurkitu zituen. Bakterioak ziren[2][24].

Royal Societyren onarpena aldatu

 
Royal Societyren eraikina, Londres.

Hurrengo urteetan eskutitz gehiago bidali zituen Royal Societyra, 1723an hil zen artean 190 inguru jaso zituzten Londresen. Behe-neerlanderaz idazten zituen, Delfteko dialektoan, hura baitzen hitzegiten zuen hizkuntza bakarra[2], eta Henry Oldenburgek latinera eta ingelesera itzultzen zituen[25]. 1680an Royal Societyko kide bihurtu zen Anton van Leeuwenhoek[3].

XVII. mendearen amaieran mikroskopio behaketa eta aurkikuntzen erreferente nagusia bihurtu zen eta Delfteko etxera zientzialari eta aristokrata ugari joan ziren haren animalkuluak ikusteko helburuaz. Han izan ziren besteak beste; Christiaan Huygens eta Leibniz (1676), John Locke (1678, 1685), Jakue II.a Ingalaterrakoa (1679), Gilen III.a Ingalaterrakoa eta Maria II.a Ingalaterrakoa eta Eskoziakoa (1685)... 1697an Petri I.a Errusiakoaren itsasontzian egon zen aingiraren odol zirkulazioa erakusten[26].

Aurkikuntzak aldatu

Leeuwenhoek aitzindaria izan zen bere buruarekin esperimentatzen. Bere odola atera zuen, hortz arteko lertzoa ikertu zuen, larruazala eta han ikusten ziren odol hodiak ere ikertu zuen[27]. Marcello Malpighi eta Jan Swammerdam zientzilariek eritrozitoak ikus bazituzten ere Leeuwenhoek izan zen aurrenekoa egitura haiek zer ziren konturatu zena[28].

Lagin bat azafraiarekin tindatu zuen, hau da mikroskopioz begiratzeko tindatu den lehen lagina. Behin baino ez zuen teknika hau erabili[29].

Urtez urte honakoak izan ziren egindako aurkikuntza nabarmenenak:

  • Infusoriak (gaur egun protozooak), 1674an.
  • Mineralak (batez ere gatzak) eta landare eta animalien atalak, 1675ean.
  • Zeluletako bakuoloak, 1676an.
  • Espermatozoideak, 1677an.
  • Giharretako zuntzen bandak, 1682an.
  • Bakterioak (gizakien ahoko bakterio handiak, Selenomonas generokoak), 1683an.
  • Obulutegiaren inguruko ikerketa argitaratu zuen, 1684an[30].
  • Kafe alearen inguruko ikerketa argitaratu zuen, 1687an[31].

Aintzatespena aldatu

1877tik aurrera Herbeheretako Arte eta Zientzien Erret Akademiak Leeuwenhoek domina ematen dio aurreko hamarkadan mikrobiologiaren inguruko ekarpen handiena egin duen zientzilariari[32]. 2023 artean 15 zientzilarik jaso dute domina, tartean Christian Gottfried Ehrenberg (1877), Louis Pasteur (1895), Martinus Beijerinck (1905), Sergei Vinogradski (1935)...

Astronomian ere izendatu dira objetuak haren omenez, ilargiko Leeuwenhoek kraterra[33] eta 2766 Leeuwenhoek asteroidea[34] hain zuzen ere.

Erreferentziak aldatu

  1. Porter, J. R.. (1976-06). «Antony van Leeuwenhoek: tercentenary of his discovery of bacteria» Bacteriological Reviews 40 (2): 260–269.  doi:10.1128/br.40.2.260-269.1976. ISSN 0005-3678. PMID 786250. (Noiz kontsultatua: 2024-05-04).
  2. a b c d e f g Egoitz, Etxebeste Aduriz. (2011-01-01). «Leeuwenhoek-en animalkuluak» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  3. a b (Ingelesez) Lane, Nick. (2015-04-19). «The unseen world: reflections on Leeuwenhoek (1677) ‘Concerning little animals’» Philosophical Transactions of the Royal Society B: Biological Sciences 370 (1666): 20140344.  doi:10.1098/rstb.2014.0344. ISSN 0962-8436. PMID 25750239. PMC PMC4360124. (Noiz kontsultatua: 2024-05-04).
  4. a b c Dobell, Clifford; Leeuwenhoek, Antoni van. (1932). Antony van Leeuwenhoek and his "Little animals"; being some account of the father of protozoology and bacteriology and his multifarious discoveries in these disciplines;. New York, Harcourt, Brace and company (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  5. «Overview: The Curious Observer | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  6. (Ingelesez) «Walking routes in Delft» In Delft (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  7. Van Berkel, K.. (1996). Vermeer, Van Leeuwenhoek en De Astronoom. Vrij Nederland, 62–67 or..
  8. «The religion of Antony van Leeuwenhoek, biologist» web.archive.org 2010-07-07 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  9. «The religion of Antony van Leeuwenhoek, biologist» web.archive.org 2006-05-04 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  10. a b «Mikroskopioaren historia laburra» eu.eferrit.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  11. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 24-25 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
  12. a b Egoitz, Etxebeste Aduriz. (2018-03-28). «Leeuwenhoeken mikroskopio iraultzaileen sekretua argitu dute» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  13. «Tiny Microscopes | Lens on Leeuwenhoek» web.archive.org 2015-05-02 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  14. What Van Leeuwenhoek observed | BBC 'The Cell'. (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  15. «Antonie van Leeuwenhoek Delft Biography. Impressive website about Antony van Leeuwenhoek» web.archive.org 2004-02-18 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  16. (Ingelesez) Technology, Delft University of. «Mystery of superior Leeuwenhoek microscope solved after 350 years» phys.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  17. Kaiera, Zientzia. (2015-09-24). «Zelulaz (eta II)» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  18. Porter, J. R.. (1976-06). «Antony van Leeuwenhoek: tercentenary of his discovery of bacteria» Bacteriological Reviews 40 (2): 260–269.  doi:10.1128/br.40.2.260-269.1976. ISSN 0005-3678. PMID 786250. (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  19. (Ingelesez) Robertson, Lesley A.. (2023-10-01). «Antoni van Leeuwenhoek 1723–2023: a review to commemorate Van Leeuwenhoek’s death, 300 years ago» Antonie van Leeuwenhoek 116 (10): 919–935.  doi:10.1007/s10482-023-01859-4. ISSN 1572-9699. PMID 37525002. PMC PMC10509104. (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  20. a b Dobell, Clifford; Leeuwenhoek, Antoni van. (1932). Antony van Leeuwenhoek and his "Little animals"; being some account of the father of protozoology and bacteriology and his multifarious discoveries in these disciplines;. New York, Harcourt, Brace and company (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  21. a b «Books and Films - The Cell (BBC documentary presented by Adam Rutherford)» www.infocobuild.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  22. Hamraoui, É.. (1999). «Van Leeuwenhoek Antonie, 1632-1723». Dictionnaire d'histoire et philosophie des sciences. París: Presses universitaires de France, 970 or..
  23. (Gaztelaniaz) «La sorprendente forma en que realmente nadan los espermatozoides» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  24. «Wrote Letter L-135 of 1683-09-17 to Francis Aston about saliva, nasal hairs and blackheads, skin, pores, calluses, and cleaning teeth; the discovery of bacteria in tartar | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  25. «"Animalcules" | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  26. Mesler, Bill; Cleaves, H. James. (2015). A Brief History of Creation: Science and the Search for the Origin of Life. W. W. Norton & Company, 45 or. ISBN 978-0-393-24854-8..
  27. «Levende Dierkens | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  28. «1674: Perhaps will to many seem incredible | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  29. «Specimen preparation | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  30. «Eyerstok | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  31. «Wrote Letter L-187 of 1687-05-09 to members of the Royal Society about the structure of 'stone' of the medlar and the coffee bean and acid in plants | Lens on Leeuwenhoek» lensonleeuwenhoek.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  32. (Nederlanderaz) Gedenkboek van het den 8sten September 1875 gevierde 200-jarig herinneringsfeest der ontdekking van de mikroskopische wezens, door Antony van Leeuwenhoek. Nijhoff 1876 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  33. «Planetary Names» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  34. «Small-Body Database Lookup» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anton van Leeuwenhoek