Karlos II.a Burusoila

Karlos II.a Frantziakoa» orritik birbideratua)

Karlos II.a Burusoila[1] (Frankfurt, 823ko ekainaren 13a - Avrieux, 877ko urriaren 6a) Mendebaldeko Frantziako errege izan zen 843tik 877 arte, eta Mendebaldeko enperadorea 875etik 877arte. Haren erreinaldian liskar ugari izan ziren, familia interesen, normandiarren erasoen eta aristokraziaren iskanbilen ondorioz. Irakaskuntza bultzatu zuen[2].

Karlos II.a Burusoila


Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea

875 - 877
Mendebaldeko Frantziako erregea

843ko abuztuaren 11 - 877ko urriaren 6a
Luis Errukitsua - Luis II.a Frantziakoa
Bizitza
JaiotzaFrankfurt am Main823ko ekainaren 13a
HerrialdeaMendebaldeko Frantzia
HeriotzaAvrieux877ko urriaren 6a (54 urte)
Hobiratze lekuaSaint-Denisko basilika
Heriotza modua: malaria
Familia
AitaLuis Errukitsua
AmaJudith of Bavaria
Ezkontidea(k)Ermentrude of Orléans (en) Itzuli  (846ko abenduaren 13a (egutegi gregorianoa) -
Richilde of Provence (en) Itzuli  (870eko urtarrilaren 22a (egutegi gregorianoa) -
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaKarolingiar leinua
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakmonarka eta idazlea
Lantokia(k)Mendebaldeko Frantzia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaBeneditar

Bizitza aldatu

Lehen urteak aldatu

Luis I.a Errukitsua enperadorearen eta honen bigarren emazte Judith Bavariakoaren seme-alabetatik gazteena zen eta, beraz, Karlomagnoren biloba. Karlos sortu zenerako aitak egina zuen inperioaren banaketa hiru seme zaharrenen artean: Lotario, Pepin eta Luis. Aita saiatu zen harentzako azpierresuma bat sortzen; beste hiru anaiak, ordea, aurka agertu ziren. Pepin hil ostean (838ko abenduak 13), Karlosek haren erresuma, Akitania, jaso zuen[3], baina horrek haserrerazi zituen Pepinen oinordekoak.

Inperioaren banaketa aldatu

840an, Luis Errukitsua hil zenean, haren semeen arteko guduak hasi ziren, Karlomagnok sortutako inperio zabalaren banaketa zela-eta. Karlos eta Luis Germaniarrak elkar hartu zuten Lotario eta Pepin II.aren aurka, eta Fontenoy-en-Puisayeko guduan, 841eko uztailean, garaitu zituten[3]. Estrasburgoko Zina izeneko agiriak, hizkuntza erromantze batean idatzitako lehen idazki ezagunak, aliantza hau jasotzen du.

Azkenik, 843ko Verdungo Hitzarmenak hiru zatitan banatu zuen inperioa. Lotariok Erdialdeko Frantzia eskuratu zuen: Italiar penintsula, Rodano, Saona, Meuse eta Mosela ibaien ibarrak eta Rhin ibaiaren beheko aldea. Enperadore titulua atxiki zuen (baina bere anaienganako autoritaterik izan gabe) eta kontrolpean zituen bi hiriburu inperialak: Akisgran eta Erroma. Luis Germaniarrari Ekialdeko Frantzia egokitu zitzaion (geroago Alemania izan zena), hau da, Rhin ibaiaren eskuinaldeko ibarreko lurraldea, eta Mainz, ezkerraldeko ibarrean. Karlos Burusoilak Mendebaldeko Frantzia jaso zuen (geroago Frantzia izan zena), hots, Eskalda, Sena, Loira eta Garonaren arroak[4]. Verdungo Hitzarmena, egundaino iraun duen Europako zatiketa politikoaren jatorria, anaien arteko gatazka honentzako behin-behineko konponbide bezala pentsatua izan zen; baina, handik gutxira, bere zehaztapenak aldatuz joan ziren.

Errege eta enperadore aldatu

845ean, Ragnar Lodbrok Danimarkako errege bikingoaren armadak Paris arpilatu zuen[4]. Bestalde, Akitaniako Pepin II.ak eta Bretainiako Nominoëk ez zuten erregearen aginpidea onartu eta Karlos Burusoilak haien independentzia ezagutu behar izan zuen. 851ean Bretainia inbaditu bazuen ere, Erispoëk, Nominoëren semeak, garaitu zuen Jenglandeko guduan (abuztuaren 22an)[4]. 852an, berriz, Pepin II.a atzitu eta preso sartu zuen, eta 855ean Karlos Umea koroatu zuen Akitaniako errege[3].

Hala ere, istiluak ez ziren amaitu: Salomon Bretainiakoak Mainetik egotzi zuen Luis Totela, Karlosen semea; bikingoek sarraldiak egin zituzten Loira, Sena eta Eskaldaren haranetan, eta baita Proventzan ere; eta Akitania zein Neustriako handikiak matxinatu zitzaizkion. 862an, Luis Totela aitaren kontra altxatu zen, eta Salomonek sendotu zuen bere aginpidea Bretainian, Karlos Burusoilari lagundu baitzion normandiarren aurkako borrokan. Hauen sarraldiak geldiarazteko asmoz, Roberto Azkarra izendatu zuen Loira eta Sena aldeko agintari; Robertok normandiarrak azpiratu zituen 866an, Brissarthen, baina gudu hartan galdu zuen bizia[3].

869an, Lotario I.aren seme Lotario II.a hil ondoren, Karlos Burusoilaren eta Luis Germaniarraren artean banatu zen Lotaringia. 875ean Luis II.a Italiakoa, hau ere Lotario I.aren semea, hil zen; horren ostean, Joan VIII.a aita santuak Karlos Burusoila koroatu zuen enperadore [4]. 876ko abuztuan, Luis Germaniarra hil eta gero, Ekialdeko Frantzia inbaditzen saiatu zen, baina Luis III.a Gazteak garaitu zuen Andernachen, Koblentzatik gertu[3].

877ko ekainaren 16an Quierzyko Kapitularra sinatu zuen; kapitular hau feudalismoaren hasieratzat hartu ohi da, erregeak emandako ohoreak jaraunsgarriak zirela finkatu baitzuen. Quierzytik Aita Santuari laguntzera joan behar izan zuen, sarrazenoek aurkako borrokan[3]. Italiatik itzultzean hil zen, pleuresiak jota.

Ezkontzak eta seme-alabak aldatu

842ko abenduaren 14an, Ermentrude Orleansekoarekin ezkondu zen Quierzyn; zortzi seme-alaba izan zituzten:

  • Judith Frantziakoa (843 aldean-870), Ethelwulf Wessexekoarekin (795-858), Ethelbald Wessexekoarekin (829-860) eta Balduin I.a Flandriakoarekin ezkondu zena.
  • Luis II.a Totela (846-879), 862an Ansgarda Burgundiakoarekin eta 875ean Adelaida Pariskoarekin ezkondu zena.
  • Karlos Umea (?-866).
  • Karloman (847 aldean-876).
  • Ermentrude (?-?).
  • Hildegarde (?-?).
  • Rotrude (?-?).
  • Lotario Maingua (850 aldean-866), Saint-Germain d'Auxerreko abadea.

Ermentrude 869an hil zen. Ondoren Karlos Richilde Proventzakoarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba bat izan zituzten:

  • Rothilde (871–929), Hugues, Bourgesko kondearekin eta Ragenold Neustriakoarekin ezkondu zena.
  • Drogo (872–873)
  • Pepin (873–874)
  • seme bat (875ean sortu eta hila)
  • Karlos (876–877)

Ehorzketa eta testamentua aldatu

San Bertin-en urte-liburuen arabera, Karlos ziztu bizian ehortzi zuten Nantuako Abadian, Borgoina, eramaileek ezin baitzuten jasan bere gorputz ustelduaren kiratsa. Urte batzuk beranduago, bere gorpuzkiak Saint-Deniseko Abadiara eraman zituzten, non lurperatua izatea nahi zuen denbora askoan[5], porfirozko tina batean, Dagoberto I.aren tina izenez ezagutzen dena izan daitekeena eta, gaur egun, Louvren dagoena[6]. Bertan, Iraultzan urtutako letoizko oroigarri bat zegoela erregistratu zen.

Karlosi bere seme Luisek hartu zion oinordekotza. Karlos hezkuntza eta letren printzea zen, Elizaren laguna ere bazen, eta, bere noble errebeldeen aurka (Guenelon Sens-ekoaren kasuan bezala, zeinak saldu baitzuen, eta Hincmaro Reims-ekoa)[7], gotzaindegian aurki zezakeen laguntzaren jakitun zen, bere aholkulariak goi kleroaren artean aukeratzen baitzituen.

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d e f Charles II le Chauve. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2016-05-26).
  4. a b c d Carolingian (Frankish) Empire. historyfiles.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-05-26).
  5. Frans Theuws, Janet Laughland Nelson, ed. Rituals of Powers: From Late Antiquity to the Early Middle Ages. , 164 or..
  6. «Cuve dite "de Dagobert "» Musée du Louvre.
  7. Chisholm 1911.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos II.a Burusoila  


Aurrekoa
Luis Errukitsua
Mendebaldeko Frantziako Erregea
843-877
Ondorengoa
Luis II.a Totela


Aurrekoa
Luis II.a Italiakoa
Mendebaldeko enperadorea
875-877
Ondorengoa
Karlos III.a Gizena