Jessie Tarbox Beals

Argazkilari estatubatuarra

Jessie Richmond Tarbox, Jessie Tarbox Beals (Hamilton, Kanada, 1870eko abenduaren 23aNew York, AEB, 1942ko maiatzaren 30a) bezala ezaguna, Kanadan jaiotako argazkilari estatubatuarra, Estatu Batuetan argitaratu zuen lehen emakume erreportari grafikoa eta gaueko argazkilaritza egin zuen lehen emakumea izan zen. 1904ko San Luiseko Erakusketa Unibertsaleko argazkiengandik eta Greenwich Village bezalako tokietan ateratako erretratuengandik da gehienbat ezaguna. Bere berezitasunak "azkar mugitzeko trebetasuna" eta bere lanbideko genero-arrakala gainditzeko tinkotasuna ziren.[1]

Jessie Tarbox Beals

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJessie Richmond Tarbox
JaiotzaHamilton1870eko abenduaren 23a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1942ko maiatzaren 30a (71 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Alfred Tennyson Beals (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakargazkilaria, fotokazetaria eta kazetaria
Lantokia(k)Massachusetts eta New York


Jessie Tarbox Beals eta John Burroughs, 1908

Biografia aldatu

Beals, Jessie Richmond Tarbox bezala jaioa 1870eko abenduaren 23an Hamiltonen, Ontarion, John Nathaniel Tarbox eta Marie Antoinette Bassetten alaba txikia izan zen. John Tarbox josteko makinen fabrikatzailea zen, eta Kanadako josteko makinen konpainia handienarekin zuen loturak Tarbox familia aberastu zuen. Hala ere, Bealsek zazpi urte zituenean, bere aitak aurrezki guztiak galdu zituen inbertsio txar batean, eta edateari ekin zion erruz. Denborarekin, etxetik alde egin zuen, Bealsen amak behin eta berriz eskatuta. Diru-sarrerei eusteko, ama bordatzen eta familia-ondasun batzuk saltzen hasi zen.[1]

Beals neska argia eta goiztiarra izan zen, ondo joan zitzaion eskolan. Hamalau urterekin Ontarioko Ikastetxe Kolegiatuan sartu zen, eta 17 urterekin irakaskuntza-ziurtagiria jaso zuen. Beals eskolak ematen hasi zen Williamsburgeko (Massachusetts) eskola unitario batean, non bere anaia Paul bizi zen.[1]

1888an Bealsek kamera bat irabazi zuen Youth 's Companion aldizkariko harpidetza batengatik. Kamera txikia zen, baina Beals bere ikasleen eta inguruaren argazkiak ateratzeko erabiltzen hasi zen. Bealsek berehala erosi zuen kalitate handiagoko Kodak kamera eta Williamsburgen lehen argazki-estudioa jarri zuen etxe aurrean, argazkilaritza hobby bat besterik ez bazen ere.[2]

Ibilbidea aldatu

1893an Bealsek Greenfielden (Massachusetts) irakasle lan berri bat hasi zuen. Urte hartan, Chicagoko Munduko Erakusketa Kolonbiarrera egindako bisita batek bidaietan eta argazkigintzan interesa piztu zion. 1897an Beals Alfred Tennyson Bealsekin ezkondu zen, Amhersteko graduatua eta fabrika bateko langilea. 1899an Bealsek bere lehen enkargu profesionala jaso zuen Boston Post-ek Massachusetts estatuko espetxeari argazkiak ateratzeko eskatu zionean.[3] Bealsek argazkigintzari buruzko oinarrizko ezagutzak irakatsi zizkion Alfredi, eta bikotea argazkilari ibiltari gisa hasi zen lanean 1900ean, Alfred Bealsen laguntzailea izan zelarik gela ilunean. Urte hartan, Beals-ek bere argazkien lehen kreditu-lerroa ere jaso zuen argitalpen batean, Windham County Reformer-en.[1]

1901ean Bealsen funtsak urritu egin ziren eta Bufalon (New York) finkatu ziren. Urte horretan bertan, Buffalo Inquirer eta Courier taldeek argazkilari gisa kontratatu zuten Beals, eta han lan egin zuen 1904ra arte.[4] Fotokazetaritza fisikoki gogorra zen, batzuetan arriskutsua, baina Beals bere orkatiletarainoko soinekoekin eta kapela handiekin ateratzen zen lanera, 20 eta 25 zentimetro arteko kristalezko plakadun kamerarekin, eta 22 kg-ko ekipamenduarekin.[5] Hilketagatik epaiketa handi baterako lan batean, Beals apalategi batera igo zen aretoaren argazki bat ateratzeko, eta, horrela, argazkiak ateratzea debekatzen zuen arau bat hautsi zuen.[1][6]

 
Jessie Tarbox Beals Austriako Gobernuaren eraikinaren aurrean Louisianako Erosketa Erakusketan, 1904

1904an Beals Missouriko San Luisen Erakusketa Unibertsalaren inauguraziora bidali zuten. Bealsek funtzionarioak konbentzitu zituen prentsa-txartel bat eman ziezaioten aldez aurreko erakusketarako. Han eskaileratan gora igo eta globo aerostatiko batera salto egin zuen interesatzen zitzaizkion argazkiak lortzeko. Beste kazetariek ez bezalako estiloa zuen, gerora istorioak idazteko erabiliko zituen argazkiei erreparatuz, alderantziz izan beharrean. Bealsek New York Herald, Leslie 's Weekly eta Tribune egunkarien Erakusketako argazkilari ofizial postua lortu zuen, baita Erakusketako publizitate sailarentzat ere. Erakusketei argazkiak ateratzeaz gain, Bealsek Theodore Roosevelt presidentearen argazki informal bat ere hartu zuen. Hasierako topaketa honek Roosevelt eta Rough Riders taldeari 1905ean San Antonion (Texas) egindako bileran argazkiak ateratzeko aukera eman zion.[7]

1905ean Bealsek bere estudioa ireki zuen New Yorkeko Seigarren Etorbidean. Hainbat argazki-enkargu egiten jarraitu zuen, hala nola autoen lasterketak eta pertsona ezagunen erretratuak, baita ere Greenwich Villageren eta New Yorkeko aldirien argazki ezagunak. Urteekin Bealsek hainbat presidente eta ospetsuri argazkiak atera zizkien, tartean Coolidge, Hoover eta Taft presidenteei; Mark Twaini; Edna Sti. Vincent Millay; eta Emily Post.[8]

Bealsen karrera aireratzen ari zen bitartean, bere ezkontza arazoak izaten hasi zen. 1911n Beals bere alaba Nanette Tarbox Beals erditu zen, ziurrenik beste harreman batekoa. Azkenean, Bealsek 1917an utzi zuen senarra, Greenwich Villagera joan zen bizitzera eta 1920an argazki-estudio berri bat ireki zuen. Urte batzuetan malabareak egin zituen lanaren eta Nanetteren zaintzaren artean. Nanettek artritis erreumatoidea pairatzen zuen, eta sarritan ospitaleratzen zuten. Hainbat barnetegi pribatutara bidali zuten, eta azkenean Nanette ia etengabe bizi izan zen Bealsen aspaldiko lagun batzuekin.[9]

Azken urteak aldatu

1920ko hamarkadan emakume argazkilarien kopuruak gora egin zuen bitartean, Beals hitzaldi publikoak ematera bideratu zen eta Ekialdeko Kostako luxuzko lorategi eta urbanizazioen argazkigintzan espezializatu zen. 1928an Kaliforniara joan zen bizitzera Nanetterekin batera, eta Hollywoodeko jabetza batzuei argazkiak atera zizkien. Depresio Handiak Beals eta Nanette New Yorkera eraman zituen 1933an, non Beals Greenwich Villagen bizi eta lan egin zuen. Beals txirotasunean erori zen pixkanaka. 1942ko maiatzaren 31n hil zen Bellevue Ospitalean, 71 urte zituela.[2]

Bere argazkiak eta grabatuak Kongresuko Liburutegiko, Harvardeko Unibertsitateko, New-Yorkeko Elkarte Historikoko eta Historia Naturaleko American Museumeko bildumetan daude. 1982an, Radcliffeko Schlesinger Liburutegiak Bealsen paperak eta argazkiak jaso zituen Nanette Beals Brainerd alabaren eskutik.[10]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e «Women Photojournalists: Jessie Tarbox Beals - Biographical Essay(Prints and Photographs Reading Room, Library of Congress)» www.loc.gov (Noiz kontsultatua: 2022-08-15).
  2. a b (Ingelesez) «JESSIE BEALS DIES; :[ PHoTo H ERi_7I i; One of First Women' to Take Photos for Press Snapped 4' Presidents During Career» The New York Times 1942-05-31 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-08-15).
  3. Alland, Alexander. Jessie Tarbox Beals: First Woman News Photographer. , 22 or..
  4. (Ingelesez) «The St. Louis Star and Times from St. Louis, Missouri on September 28, 1927 · Page 17» Newspapers.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-16).
  5. Alland, Alexander. Jessie Tarbox Beals: First Woman News Photographer. , 36 or..
  6. (Ingelesez) «The Baltimore Sun from Baltimore, Maryland on February 23, 1997 · Page 56» Newspapers.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-16).
  7. (Ingelesez) «The St. Louis Star and Times from St. Louis, Missouri on February 27, 1910 · Page 32» Newspapers.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-16).
  8. (Ingelesez) Hagen, Charles. (1994-09-02). «PHOTOGRAPHY REVIEW; Village Bohemians From Another Era» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-08-15).
  9. Alland, Alexander. Jessie Tarbox Beals: First Woman News Photographer. , 71 or..
  10. (Ingelesez) «News and Ideas» Radcliffe Institute for Advanced Study at Harvard University (Noiz kontsultatua: 2022-08-16).

Bibliografia aldatu

  • Alland, Sr., Alexander (1978). Jessie Tarbox Beals, First Woman News Photographer. New York: Camera/Graphic Press. ISBN 0-918696-08-9
  • Breitbart, Eric. A World on Display: Photographs from the St. Louis World's Fair. Alburquerque: Mexiko Berriko Unibertsitatea, 1997

Kanpo estekak aldatu