Artritis erreumatoide
Artritis erreumatoide zenbait hezur loturetan, besoetako eta hanketako lotura txikietan azaltzen den hantura da. Ehun konjuntiboan agertzen da hantura hori. Hasieran min handia ematen du eta luzarora hezur loturen itxuraldaketa ekar dezake, hezur loturen gogortzea eta giharren atrofia. Sendatzen zaila da, eta askotan ez da lortzen eritasuna erabat desagertzea.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Jatorria ez da zehazki ezagutzen baina eragiten duten antigenoak aurkitu ez diren arren, autoinmunitateak berebiziko garrantzia hartzen du honetan. Organismo osasuntsu batean (AErik gabe) immunitate-sistema gai da ezberdintzeko norberaren berezko antigenoak eta arrotzak diren antigenoak. Aitzitik, gaixotasun autoinmuneetan tolerantzia immunitario hau kaltetzen da eta sistemak berak suntsitzen ditu organismoaren antigenoak. AEn ematen den tolerantzia immunologikoaren mekanismoen hausturak, etengabeko gehiegizko erantzuna eragiten du, non T linfozito autoerreaktiboak sortzen diren, gure egitura zelularrak kaltetzen dituzten antigorputzekin batera[1]
Kalte baten aurrean, gure immunitate sistemak hanturaren bitartez erantzuten du, hasierako, bitarteko eta amaierako bitartekari batzuen bitartez erregulatuz. Aldiz, Artritis Erreumatoidean bitartekari hauen balantze ezak, desoreka eragiten du hanturaren prozesuan eta gure zelulak kaltetzen dira. Honek, AEn mintz sinobialaren hantura dakar beste eremuetara zabalduz, hala nola, hezurretara, giltzadura kartilagoetara, lotailu eta zurdetara, epe luzean beren suntsipena eraginez.
AEn, halaber, hanturak beste organo batzuk kaltetu ditzake, nerbio sistema periferikoa, bihotza, birikak, larruazala edo begiak esaterako, pazientearen bizitza arriskuan jartzeraino[2].
Diagnostikoa normalean sintoma klinikoen eta behaketa fisikoaren bitartez egiten da, zenbait analisi kliniko eta erradiografiekin batera, erreumatologiako espezialistaren laguntzarekin.
Normalean tratamentu gabeko AE progresiboki garatzen da. Hala ere, sendatzeko tratamentu bat existitzen ez den arren, badira gaixotasuna kontrolatzeko gai diren tratamentuak. Horri esker, lortzen da minaren eta giltzadura zurruntasunaren kontrola, giltzaduretako mina eta itxuragabetasuna murriztea eta hondamen funtzionala saihestea, pazienteen bizi kalitatea hobetuz[3].
Zeinuak eta sintomak
aldatuGiltzaduretako mina izan ohi da Artritis Erreumatoidesean ematen den zeinurik adierazgarrienetakoa. Bestetik aurkitu dezakegu[4][5]:
- Mina, hipersentsibilitatea edota hantura giltzaduretan sei astez baino gehiago
- Giltzaduren gogortasuna (batez ere goizeetan)
- Anemia
- Odol analisietan AEarekin erlazionatutako antigorputzak
Honek guztiak gorputzaren alde bietan ematen ohi da simetrikoki eta giltzaduren hondamenaren seinale izan daiteke.
Bestetik, artritis mota honekin zuzenki erlazionatuta ez dauden arren, beste sintoma batzuk aipa ditzakegu, izan ere, honetan gorputz osoak inplikatuta ikusten da eta ondorengoak ager daitezke:
- Nekea
- Bizi kalitateko murrizketa
- Eguneroko lanak egiteko zailtasunak
- Janguraren galera
- Pisu galera
Gaixotasun hau giltzaduretako kaltearekin erlazionatuta dagoen arren, noizean behin ager daitezke beste motatako lesioak, gongoil erreumatoideak esaterako. Hauek, marruskadura guneetan azalaren azpian sortzen diren tontorrak dira (ukondoetan, orpoan, oinetan…). Gongoil hauek gorputzaren barruan ager daitezke ere, baina hauek ez dute suposatzen osasunaren kalterik[6].
Arrisku-faktoreak
aldatuArtritis erreumatoidea mundu osoan zehar oso zabaldua dagoen gaixotasun autoinmune bat da, esan bezala, giltzadurekiko zaletasuna duena bereziki. Kausak guztiz ezagunak ez diren arren, hainbat arrisku-faktore posible aurkitu dira gaixotasun honi erantzuna emateko. Aditu ugariren ustetan, gaixotasuna faktore genetiko eta ez-genetikoen baturaren ondorioz sortuko da[7].
Faktore genetikoa
aldatuArtritis erreumatoidearen kausaren %40-65 genetikoa dela uste da. Izan ere, senideen artean AE kasuren bat izateak gaixotasuna pairatzeko aukerak 1,5-3 bider areagotuko ditu. Horrez gain, biki monozigotikoen arteko konkordantzia-tasa nabarmenki handiagoa izango da biki dizigotikoena baino (%12-15 eta %3,5, hurrenez hurren)[8].
Faktore ez-genetikoa
aldatuAsko izango dira artritis erreumatoidea pairatzeko arriskua areagotu dezaketen faktore ez-genetikoak. Ondorengoak izango dira faktore nagusiak[9]:
- Epigenetika. DNA sekuentzia aldatu gabe, geneen espresioa aldatzen duten mekanismo multzoa izango da, kanpo-faktoreen eraginez agertzen direnak[10][11].
- Generoa. Estrogenoen eraginez, artritis erreumatoidea pairatzeko aukerak hirukoitzak izango dira emakumeengan gizonezkoekin konparatuta. Hala ere, esan beharra dago haurdunaldian AEren sintomak arindu egiten direla, haurdunaldiaren ondoren sintomak larriagotzea ere ohikoa den arren. Gizonezkoen kasuan, testosteronak AE pairatzeko probabilitatea murriztu egiten du[12].
- Adina. Nahiz eta adin guztietan eman daitekeen, gaixotasunaren hasiera 40 eta 60 urteen artean izango da ohikoen.
- Tabakismoa. Azken ikerkuntzek diotenez, tabakoa erretzeak eragin ikaragarria izango du artritis erreumatoidea garatzeko orduan, probabilitateak 3 bider areagotzera iritsiz. Hala ere, erretzen dugun zigarro-kopuruak ez du hainbesteko garrantzirik izango, ohituraren iraupenak baizik. Azkenik, esan behar da erretzeak, gaixotasunarekiko sentikortasuna areagotzeaz gain, gaixotasunaren egoera eta pronostikoa ere okertu egingo dituela.
- Gainpisua. Gainpisua pairatzen duten pertsonengan, AE pairatzeko probabilitatea normalean baino altuagoa izango da, bereziki 50 urtetik gorako emakumeengan.
- Bestelakoak. Silize eta amiantoarekiko esposizioak edota elektrizitatearekin eta egurrarekin lotutako lanbideek artritis erreumatoidea pairatzeko probabilitatea areagotzen duela uste da. Horrez gain, ikerlariek erakutsi ahal izan duten bezala, alkoholaren kontsumo moderatuak eta D bitamina-maila altuek AE pairatzeko aukerak murriztu egingo ditu.
Diagnostikoa
aldatuArtritis erreumatoidearen diagnostikorako odol-analisiak, giltzaduren eta organoen azterketak eta baita irudiak (erradiografiak eta ultrasoinu bidezko irudiak) baliatu ditzakegu. Ez dago proba bakar bat AE diagnostikatzeko eta askotan beharrezkoa da zenbaiten konbinazioa emaitza fidagarri bat lortzeko. Adibidez, odol-analisi batean, gaixotasunarekin erlazionaturiko antigorputzak bilatzen dira. Antigorputzak antigeno izeneko substantzia arrotzen aurka ekoizten diren molekulak dira eta patologia baten berri eman diezagukete askotan. Batzuetan, AE ez duten pertsonen odol-analisietan aurretik aipaturiko antigorputzak agertzen dira.[13]
Erreumatologo bat da artritis erreumatoidearen diagnostiko egoki bat egiteko gaitasuna daukan profesionala. Honek bi esparrutako probak erabiliko ditu normalean:[13]
Laborategiko probak
aldatuLaborategiko probek ezin dezakete gaitzaren diagnostiko zihur bat eskaini, baina asko laguntzen dute honen konfirmazioan. Pazienteari odol-lagin bat atera eta hau laborategian aztertu egiten da, faktore erreumatoide, antigorputzen eta ezhoiko eritrozitoen (globulu-gorrien) sedimentazio-abiaduraren bila.[14][15]
Artritis erreumatoidea pairatzen duten pazienteen %70-80 inguruk aurkezten dituzten antigorputzak dira. Hauen kopurua zuzenki proportzionala da gaitzaren larritasunarekin. Beste gaixotasun autoinmune erreumatikoekin ere erlazionaturik daude. Hala nola, Sjogren sindromearekin, lupus eritematoso sistemikoarekin, esklerodermiarekin, bakterioek eragindako infekzio kronikoekin, infekzio biralekin, hepatopatiekin...[14][15]
Antipeptido zikliko zitrulinatuen aurkako antigorputzak
Aurreko antigorputzek baino espezifitate handiagoa daukate artritis erreumatoidearen diagnostikoan.[16] Normalean, hasierako egoera batean dagoen artritisaren identifikazioan edo oso pronostiko okerreko AEren diagnostikoan erabiltzen dira.[15]
Ezhoiko eritrozitoen sedimentazio-abiadura
Hantura-erreakzioen adierazle inezpezifikoa da. Hantura -erreakzioak, artritis erreumatoidean ez ezik, infekzio eta neoplasietan ere azaltzen dira. Gaixotasunaren jarraipenean laguntzen du, baita tratamenduaren eraginkortasuna frogatzeko ere.[17][18]
Irudien bidezko diagnostikoa
aldatuErradiografia konbentzionala da erabiltzen den teknika. gaitzaren lehenengo seinaleak osteoporosi yuxtaartikularra eta gune ahulen agerpena dira. Horregatik, giltzadurako espazioaren murrizketa (giltzadurako kartilagoa galtzen delako) eta giltzadurako kartilagoaren ondoko higadura oseoak behatzen dira. Gaixotasunaren garapenean, 6 eta 12 hilabete artean itxaron behar da erradiografien bitartez diagnostikoa burutu ahal izateko. Ultrasoinua eta erresonantzia magnetikoa ere erabili daitezke iruadiak lortzeko.[15]
Tratamendua
aldatuArtritis erreumatiodea ezin da sendatu, hala ere, tratamendua asko hobetu da azkenengo 30 urteetan. Gaur egun, tratamenduek pazienteen sintoma gehienak apaltzen dituzte, hala nola, mina eta giltzaduretako hantura. Komenigarria da medikazioa ahalik eta lasterren hartzen hastea giltzaduretako lesio iraunkorrak prebenitzeko. Hala ere, tratamendu guztiek ez dituzte efektu berdinak pertsona guztiengan.[13]
Neurri orokorrak
aldatuAriketa fisikoa eta deskantsuaren bitartez indar muskularra mantentzen da . Hantura gutxiko garaietan komenigarria da ariketa fisikoa egitea, betiere kontu handiarekin giltzadurak ez kaltetzeko.[19]
Dieta ere garrantsitzua da. Izan ere, gehiegizko pisuak asko mintzen ditu gerriko, oineko eta belauneko giltzadurak.[19]
Erretzeari uztea ere utzi behar zaio, artritis erreumatoidea eta bereziki artritis erreumatoide larria pairatzeko arriskua handitzen baitu.[19]
Tratamendu farmakologikoak
aldatuFarmako erabilienak DMARD deiturikoak edo gaixotasunaren farmako eraldatzaile antierreumatikoak dira. Mina eta hantura gutxitzen dituzte, pazienteen bizi-kalitatean zuzenean eraginez. Askotan antiinflamatorio ez esteroideoekin errezetatzen dira. Honako hauek dira DMARD ohikoenak: metotrexato (Rheumatrex, Trexall, Otrexup, Rasuvo), leflunomida (Arava), hidroxicloroquina (Plaquenil) eta sulfasalazina (Azulfidine). [13]
Gaixotasun larriagoa duten pazienteek agente biologiko izeneko farmakoak hartzen dituzte, sistema inmunitarioaren seinale kimikoak inhibituz, giltzaduren hantura eta urradura sahiesteko.[13]
Tratamendu kirurgikoa
aldatuGehien kalteturiko giltzadurek (belauna eta gerria gehienetan), protesi artikular baten beharra izan ohi dute. Gaur, egun esku eta oinetako ebaketak ez dira ohikoak.[20]
Prebalentzia eta pronostikoa
aldatuArtritis erreumatoidea mundu osoan oso zabalduta dagoen gaixotasuna da, munduko biztanleria osoaren % 0,5 eta %1 artean kaltetzen duena. 25-50 urterekin agertzen hasten da, eta, etnia edota jatorriaren araberako prebalentzia areagotzen ez den arren, esan beharra dago emakumeengan ohikoagoa dela, proportzioa 3:1ekoa izanik[5]. Espainia mailan, 200.000 pertsonek pairatzen dute, eta egunero 20.000 kasu berri inguru diagnostikatzen dira. Honen eraginez, eta eritasun honek gaixoarengan izan dezakeen efektu murriztailea kontuan harturik, asko izan dira azken urteotan arlo honen inguruan egin diren ikerkuntzak.
Iraganean, artritis erreumatoideak gaixoen giltzaduretan eragindako deformitateak egunerokotasuneko oinarrizko ekintzak burutzea guztiz galarazi ohi zuen. Gaur egun, aurkitu diren tratamendu berriak direla eta, AE pairatzen duten gaixoen pronostikoak hobera egin duela esan dezakegu, kasu batzuetan bizimodu aktibo bat izatea ahalbideratuz. Hala ere, AEaren garapena oso aldakorra izan daiteke gaixoaren arabera. AE pairatzen dutenen %15-20k aldizkako garapena izango dute, sintomak arintzen eta larritzen joaten zaizkielarik. Hala ere, kasu gehienetan bilakaera progresiboa izango da, garapen hau faktore ezberdinen arabera azkarragoa edota motelagoa izan daitekeelarik[21].
Artritis erreumatoidea ezgaitasun-maila handiena eragiten duen gaixotasun muskulueskeletikoa da, gaixotasuna hasi eta 10 urtetara gaixoen erdia egun osoko lanpostuetan jarduteko gai ez direlarik[22]. Horrez gain, kasurik larrienetan, gaixotasuna aurrera doan heinean, gaixoen %10k ezin izango dute haien kabuz bizitza normala egin.
Artritis erreumatoideak eragin ditzakeen zailtasunak
aldatuArtritis erreumatoideak bestelako gaixotasun ugari garatzeko arriskua areagotu dezake, haien artean garrantzitsuenak ondorengoak izaki[9]:
- Osteoporosia. Bai gaixotasunak berak bai hari aurre egiteko hartutako tratamenduek hezurrak ahultzea eta haien hausteko aukerak areagotzea eragin dezakete.
- Nodulu erreumatoideak. Artitis erreumatoideko gaixoen %20-30k aurkezten duten nodulu subkutaneo espezifikoak dira, gorputz osoan era daitezkeenak.
- Sjögrenen sindromea. AEk gaixoen begi eta ahoko hezetasun-maila gutxitzea eragin dezake.
- Infekzioak. Bai gaixotasunak berak bai hari aurre egiteko hartutako tratamenduek inmunitate-sistema kalte dezakete, gaixotasun infekziosoen agerpena erraztuz.
- Arazo kardiobaskularrak. AEk arteriak gogortzea eta buxatzea eragin dezake, bestelako arazo larriagoak eraginez.
- Karporen sindromea. AEk eskumuturra kaltetuz gero, eskuko eta behatzetako giharrak inerbatzen dituen nerbioa estutzea eragin dezake.
- Arnas-aparatuaren gaixotasunak.
- Linfoma. AEk sistema linfatikoan garatzen den linfoma izeneko odol-minbizia pairatzeko aukerak areagotzen ditu.
Hilkortasuna
aldatuArtritis erreumatoideak gaixoen bizi-itxaropenean eragina izan dezakeen gaixotasun bat da, kasu gehienetan 3 eta 12 urte bitartean murriztuz, are gehiago kasu larrienetan[15][21][23][24]. Hala eta guztiz ere, kasuen %9,8n soilik eragiten du heriotza zuzenean, gehienetan lehenago aipatutako zailtasunen ondorioz, bereziki arazo kardiobaskularrengatik[25].
Pronostikoan eragingo duten faktoreak
aldatuPronostiko txarra adieraziko duten faktoreak honako hauek izan daitezke[15]:
- Giltzaduren kanpoko gorputzen agerpena; haien artean garrantzitsuenak nodulu erreumatoideak izanik.
- Giltzadura handien edota giltzadura ugariren kaltetzea.
- Gaitasun funtzionalen murrizketa goiztiarra.
- Mintz sinobialen hantura iraunkorra.
- Higadura-gaixotasunaren agerpena.
- Senideek AE aurrekariak izatea.
- Faktore sozioekonomikoak.
- Tratamenduaren hasiera berantiarra.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-2-6 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) Carreño Pérez, Luis; Monteagudo Sáez, Indalecio; González Fernández, Carlos Manuel; López Longo, Francisco Javier. (2002-03-15). «Autoanticuerpos en la artritis reumatoide» Revista Española de Reumatología 1: 27–35. ISSN 0304-4815. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) Olalla Herbosa, Raquel; Tercero Gutiérrez, María José. (2010-07-01). «Artritis reumatoide. Clínica y arsenal farmacoterapéutico» Offarm 29 (4): 48–57. ISSN 0212-047X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) Artritis reumatoide. 2019-02-17 (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ «¿Cuáles son los síntomas de la artritis?» espanol.arthritis.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ a b «Artritis reumatoide» espanol.arthritis.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Signos y síntomas de la Artritis reumatoide» Roche Pacientes 2016-12-08 (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Edwards, J. C.; Cambridge, G.; Abrahams, V. M.. (1999-6). «Do self-perpetuating B lymphocytes drive human autoimmune disease?» Immunology 97 (2): 188–196. doi: . ISSN 0019-2805. PMID 10447731. PMC PMCPMC2326840. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Primer on the rheumatic diseases. (13th ed. argitaraldia) Springer 2008 ISBN 9780387685663. PMC 233971264. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ a b «Artritis reumatoide - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Smolen, Josef S.; Aletaha, Daniel; McInnes, Iain B.. (2016-10-22). «Rheumatoid arthritis» Lancet (London, England) 388 (10055): 2023–2038. doi: . ISSN 1474-547X. PMID 27156434. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Firestein, Gary S.; McInnes, Iain B.. (02 21, 2017). «Immunopathogenesis of Rheumatoid Arthritis» Immunity 46 (2): 183–196. doi: . ISSN 1097-4180. PMID 28228278. PMC PMCPMC5385708. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Wolfe, F.; Mitchell, D. M.; Sibley, J. T.; Fries, J. F.; Bloch, D. A.; Williams, C. A.; Spitz, P. W.; Haga, M. et al.. (1994-4). «The mortality of rheumatoid arthritis» Arthritis and Rheumatism 37 (4): 481–494. ISSN 0004-3591. PMID 8147925. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ a b c d e «Artritis Reumatoide» www.rheumatology.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b Bonifacio., Álvarez Lario,. (2000). El libro de la artritis reumatoide.. Ediciones Díaz de Santos ISBN 9788479785819. PMC 928635481. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b c d e f Manual SER de las enfermedades reumáticas. (5a. ed. argitaraldia) Médica Panamericana 2008 ISBN 9788498351057. PMC 433684889. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ Avouac, J.; Gossec, L.; Dougados, M.. (2006-7). «Diagnostic and predictive value of anti-cyclic citrullinated protein antibodies in rheumatoid arthritis: a systematic literature review» Annals of the Rheumatic Diseases 65 (7): 845–851. doi: . ISSN 0003-4967. PMID 16606649. PMC PMCPMC1798205. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ Chandrashekara, S.; Sachin, S.. (2012-6). «Measures in rheumatoid arthritis: are we measuring too many parameters» International Journal of Rheumatic Diseases 15 (3): 239–248. doi: . ISSN 1756-185X. PMID 22709486. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ Anderson, Jaclyn; Caplan, Liron; Yazdany, Jinoos; Robbins, Mark L.; Neogi, Tuhina; Michaud, Kaleb; Saag, Kenneth G.; O'Dell, James R. et al.. (2012-5). «Rheumatoid arthritis disease activity measures: American College of Rheumatology recommendations for use in clinical practice» Arthritis Care & Research 64 (5): 640–647. doi: . ISSN 2151-4658. PMID 22473918. PMC PMCPMC4028066. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b c Saevarsdottir, Saedis; Rezaei, Hamed; Geborek, Pierre; Petersson, Ingemar; Ernestam, Sofia; Albertsson, Kristina; Forslind, Kristina; van Vollenhoven, Ronald F. et al.. (2015-8). «Current smoking status is a strong predictor of radiographic progression in early rheumatoid arthritis: results from the SWEFOT trial» Annals of the Rheumatic Diseases 74 (8): 1509–1514. doi: . ISSN 1468-2060. PMID 24706006. PMC PMCPMC4515990. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ Nikiphorou, Elena; Carpenter, Lewis; Morris, Stephen; Macgregor, Alex J.; Dixey, Josh; Kiely, Patrick; James, David W.; Walsh, David A. et al.. (2014-5). «Hand and foot surgery rates in rheumatoid arthritis have declined from 1986 to 2011, but large-joint replacement rates remain unchanged: results from two UK inception cohorts» Arthritis & Rheumatology (Hoboken, N.J.) 66 (5): 1081–1089. doi: . ISSN 2326-5205. PMID 24782174. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ a b (Ingelesez) «Smarter Decisions. Better Care.» UpToDate (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Chorus, A. M.; Miedema, H. S.; Wevers, C. J.; van Der Linden, S.. (2000-7). «Labour force participation among patients with rheumatoid arthritis» Annals of the Rheumatic Diseases 59 (7): 549–554. doi: . ISSN 0003-4967. PMID 10873966. PMC PMCPMC1753188. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Singh, Jasvinder A.; Furst, Daniel E.; Bharat, Aseem; Curtis, Jeffrey R.; Kavanaugh, Arthur F.; Kremer, Joel M.; Moreland, Larry W.; O'Dell, James et al.. (2012-5). «2012 update of the 2008 American College of Rheumatology recommendations for the use of disease-modifying antirheumatic drugs and biologic agents in the treatment of rheumatoid arthritis» Arthritis Care & Research 64 (5): 625–639. doi: . ISSN 2151-4658. PMID 22473917. PMC PMCPMC4081542. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ Wasserman, Amy M.. (2011-12-01). «Diagnosis and management of rheumatoid arthritis» American Family Physician 84 (11): 1245–1252. ISSN 1532-0650. PMID 22150658. (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).
- ↑ «Mayo Clinic - Rheumatoid Arthritis Patients Have Double the Risk of Heart Failure» web.archive.org 2005-03-06 (Noiz kontsultatua: 2019-03-16).