Gerhard Richter
Gerhard Richter (Dresden, Alemania, 1932 -) alemaniar pintorea da.
Biografia
aldatuDresdengo Arte Akademian egin zituen ikasketak 1952-1956 bitartean, errealismo sozialean oinarrituta; laster, baina, joera modernoak baztertuta zeuden giro horretatik alde egin beharra ikusi zuen, eta 1961-1963 bitartean Düsseldorfeko Akademian ikasi zuen, abstrakzioaren eraginpean.
1962 arte bere obra figuratiboa izan zen batez ere, Giacometti, Bacon eta Dubuffeten eraginpean. 1960ko hamarraldiaren hasieran, koadroak egiteko metodo berriak erabiltzeko aukera ikusi zuen Lichtensteinen obran, eta margo-argazkiak egiten hasi zen, Rauschenbergen transposizioak baino argazki-itxura handiagokoak, baina Warholen lanak baino margolan-itxura handiagokoak, aldi berean. Handik aurrera masa-komunikabideetatik ateratako gaiak erabili zituen, eta egunkarietako argazkietan edo zaleenetan oinarritutako koadroak egin zituen.
Ikusleak gauza ezagunak pintura artean nola antzematen dituen aztertu zuen geroztik bere koadro askotan: Hiriko irudiak (1968-1969); Hodeiak (1968-1970-1971-1976); Mendiak (1968-1969). 1963an happening bat egin zuen Konradekin Manifestazio bat errealismo kapitalistarentzat, eta harrezkero Richterren obra poptzat hartu izan da, oker hartu bada ere. Palermorekin batera oihal arruntak erabili zituen, saltegi handietan erosiak, popari jarraituz, baina bere obra harago doa: aztergaia ez da masa-komunikabideen ikonografia, pintura bera baizik. 1960ko hamarraldiaren bukaeraz gero bere lana erabat abstraktu bihurtu zen. Koadro monokromoak egin zituen hasieran, Koadro grisak, Vietnamgo Gerran inspiratuak. 1980ko hamarraldian abstrakzio espresionista landu zuen gehienbat, kolore bizikoa, eta figurazioa beste sail osagarri baterako utzi zuen, fotomargoetarako. Koadro abstraktuetan margo-errepertorio handia erabili zuen, Alemaniako pintura modernoaren historia laburbiltzen zuena.
1968az gero Düsseldorfeko Arte Akademiako irakasle da. 1983an, Richter Düsseldorfetik Koloniara joan zen bizitzera, eta gaur egun ere hantxe bizi da.
1997an Praemium Imperiale saria irabazi zuen.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gerhard Richter |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.