Frantziska Astibia Etxegoien

euskal idazle eta militante abertzale errenteriarra
Frantziska Astibia» orritik birbideratua)

Frantziska Astibia Etxegoien (Errenteria, Gipuzkoa, 1900eko apirilaren 8a - ibid., 1987ko abuztuaren 15a) euskal militantea, idazlea eta itzultzailea izan zen, Onintze eta Astitxe ezizenak hartuta. 1920tik aurrera, Euzko Deya, Euzkerea, Jaungoyco-zale, Euzkadi eta Eguna kazetetan argitaratu zituen bere idazkiak, hala prosa nola olerkiak.[1]

Frantziska Astibia Etxegoien

Bizitza
JaiotzaErrenteria1900eko apirilaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaErrenteria1987ko abuztuaren 15a (87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitante politikoa eta poeta
KidetzaEmakume Abertzale Batza

Gaztaroa aldatu

Frantziska Astibia Errenterian jaio zen 1900. urtean. Jose Fructuoso Astibia Sarbide errenteriarra zuen aita, eta ama Sebastiana Etxegoien Aldako oiartzuarra. Bera 14 haurretatik 13.a izan zen. Fanderian jaio ziren senide guztiak, gurasoak bertako errotariak ziren eta. Hiru anai kaputxino sartu ziren Lekarotzen, baina 8 urte pasata Kepak (Pedro Nikolas) komentua utzi eta herrira itzuli zen. Senide guztietatik bakarra izan zen familia hazi zuena (zazpi seme-alaba izan zituen). Lekarozen bizi izan zen eta bertan hil zen anaietako bat Erraimun/Erramun, Errenderi Aba idazlea izan zen. Anaia honek —anaiaren heriotzak eta anaiak idatzitako lanek— Frantziskarengan eragin handia izan zuen. Ahizpa gazteena, Maria, maistra izan zela uste da. Gazterik hil zen.[1]

Oso gaztetatik, arropa denda bat izan zuen Errenterian, Maria Lezo eta Foru plazaren arteko kantoian baina 1919an Bilbora joan zen, dirudienez politikarako joerak bultzatuta; izan ere, Euzko Gaztediko idazkari egin zen bertan, eta hitzaldiak ematen hasi zen, halaber. Emakume Abertzale Batzako giroan bete-betean murgildu zen.[1]

Bilbon bizi zela harrapatu zuen gerrak eta Eusko Jaurlaritzarekin batean egin zuen bizibidea: Bartzelonara joan zen lehenbizi, eta Frantziara gero. Frantziska Astibiak idazkaritza lanetan eta kazetaritzan ez ezik bestela ere parte hartu zuen gerratean, horren lekuko Butroeko gazteluan propagandarako egin zuten argazkia, bera baita eskuinean ageri den emakume armaduna.[1]

Gerratea galduta, beste hamaikak bezala, Frantziskak ere erbesteratu behar izan zuen. 1939an Bartzelonatik iparraldera joan zen; Bidarten behintzat egon zen, eta handik Ameriketara joateko saioa ere egin zuen.1941ean Carcans-era joan zen, Koxme Etxegoien lehengusuarenera. Okindegi bat izan zuen han. 1948an Alberto de la Fuenterekin ezkondu zen.

1970ean Errenteriara etorri ziren bizitzera senar-emazteak bertan gelditzeko asmotan. Lehenbizi Gaztañon bizi izan ziren. Frantziska alargundu zenean ilobekin bizitzera joan zen. Mikel eta Inaxi ilobekin bizi izan zen azken urteetan eta Errenterian hil zen 1987ko abuztuaren 15ean.[1]

Onintze, Astitxe idazlea aldatu

Bi izengoiti erabili zituen Frantziska Astibia Etxegoienek euskal letretan. Hasieran (lehen olerkiak sinatzeko) Onintze, geroxeagao, aldi berean Onintze eta Astitxe, eta azkenean Astitxe besterik ez zuen erabili, argitalpenetan behintzat.

Bi indar nagusik agindu zuten Frantziska-Onintze-Astitxe-Pantzeskeren bizitzan eta langintzan: erlijioak, sinesmenak, eta abertzaletasunak. Bi indarrok etxean bizi izan zituen txiki-txikitatik. Aita Errenteriako lehen abertzaleetakoa izan zen, Euzkadi elkartea sortzen lagundu zuen eta zuzendaritzan ere egon zen. Erlijioak ere leku handia zuen Astibia-Etxegoiendarren etxean.[1]

Onintze, Astitxeren argitalpenak aldatu

Lan ia denak (bat ez beste guztiak) 1920 eta 1937 urteen bitartean argitaratu zituen. Denera,19 olerki, 13 artikulu, kontakizun bat eta itzulpen bat (Sabino Arana Goiriren Liberena!) argitaratu zituen. 19 olerkietatik 13 Onintzeren izenean argitaratu zituen, Euzkadi, Euzko Deya eta Euzkerea aldizkarietan batik bat (1920-1932), eta 6 Astitxeren izenean, Jaungoiko-zale aldizkarian (1929-1931).[1]

Onintze izengoitiz aldatu

  • Ama, azketsi, Euzkadi. 8 (1920, 2573.zk.)
  • Ama’ren ituna, Euzkadi. 8 (1920, 2587.zk.)
  • Sabin’en oroitz, Euzkadi. 8 1920, 2782.zk.)
  • Euzko-semiari, Euzko Deya. 5 (1920, 88.zk.)
  • Semearen negarra, Euzko Deya. 5 (1920, 90.zk.)
  • Illazkiyari begira, Euzkadi. 15 (1927, 4517.zk.)
  • Agur, eguzki! (Irigarai’tar Gotzon’eri), Euzkeria. (1929, 10.zk.) 203
  • Urdaga’ko latsa, Euzkeria. 1 (1929, 12.zk.) 243
  • Josu’ri, Euzkeria. 2 (1930, 13.zk.) 254
  • Txoriñua kayolan, Euzkeria. 2 (1930, 16.zk.) 343
  • Euzko-Gastedija, Euzkeria. 2 (1930, 21.zk.) 455
  • Aberri-eguna, Aberri Eguna. (1932 ) 39
  • Aberri-eguna, Egin. 3 (1979, 469.zk.) 16-17

Astitxe izengoitiz aldatu

  • Zetan zatoz, Jaun maitia?, Jaungoiko-zale. 18 (1929, 343.zk.) 56
  • Jesus maitatia, Jaungoiko-zale. 18 (1929, 348.zk.) 137
  • Ama mintsua, Jaungoiko-zale. 19 (1930, 371.zk.) 123
  • Jaun-goikua, Jaungoiko-zale. 19 (1930, 384.zk.) 327
  • Miren Ama’ri otoya, Jaungoiko-zale. 20 (1931, 403[bis].zk.) 259
  • Abesti-izkia, Jaungoiko-zale. 20 (1931, 405.zk.) 297

Prosa aldatu

Artikulu guztiak Astitxeren izenez sinatuta argitaratu zituen. 13 lan dira, denak ere aberriari eta erlijioari buruzkoak. Errepublikaren eta gerratearen hasierako urteetakoak dira (1931-1937).[1]

  • “Andoni Talo” Euzkadi, 1931-10-15
  • “Doibatz edo Elexa deuna” Euzkadi, 1934-06-21
  • “Euzkadi eta euzko-umia” Euzkadi, 1935-08-21
  • “Euzkadi ta euzko umia” Euzkadi, 1935-08-22
  • “Ume euzkotarra eta Euzkadi” Euzkadi,1935-08-23
  • “Ume euzkotarra eta Euzkadi” Euzkadi,1935-08-24
  • “Ume euzkotarra eta Euzkadi” Euzkadi, 1935-08-28
  • “Ume euzkotarra eta Euzkadi” Euzkadi,1935-08-29
  • “Uskurtza-gayak” Eguna,1937-03-20, 1
  • “Berbiztu-ete zan” Eguna,1937-03-28, 7
  • “Autortza...ja, ja, ja!...” Eguna,1937-04-18, 4
  • “Jaungoikua eta jakitunak” Eguna,1937-04-25, 6
  • “Jaungoikorik ez dago “ Euzkadi,1937-06-14

Kontakizuna aldatu

1929. “Ikopekua”, Euzkerea. Bilbao, 1. urtea, 4. zki. (1929ko jorraila 15), 84. or. Astitxek sinatua.

Itzulpen lana aldatu

1934-1935. Libe (1901). “Arana eta Goiri’tar Sabin’ak erderaz idatzi; Sota eta Aburto’tar Imanol’ak atondutako eres-antzezkija; Astitxe’k euzkeralduta”.[2]

Beste idazleen aipamenak aldatu

  • Jon Kortazarrek ere nolabaiteko modernismo iradokitzailea azpimarratu du haren lanean, eta Frantziska Astibia Onintzeren poesia existentzialista eta hizkera modernista ere ekarri ditu gogora, hainbat poema interesgarri argitaratu baitzituen Euzkerea (1929) aldizkarian, Kortazarrek berak berriz argitaratu eta iruzkindutakoak (1995).[3]
  • "Euskara errepublikan" lanean.[4]
  • Ane Labaka Maioz - Mari Arbeo Astigarraga | 2021eko martxoaren 28a egindako Kale izendagian jasoa, Euskal Herriko emakume esanguratsuen artean.[5]
  • "Ezabatutako kate begia". Modu kolektibo batean euskal letren historian bidea urratu zuten aurreneko emakumeak izan ziren, euren buruak inoiz idazletzat hartu ez bazituzten ere, oro har.[6]

Frantziako lanaren zilarrezko domina aldatu

1975eko apirilaren 14an Frantziako Laneko ministerioak lanaren zilarrezko domina eman zion.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i Perez Gaztelu, Elixabete. (2017). Frantziska Astibia Etxegoien, Onintze, Astitxe (Gerraurreko) emakume fededun militantea. , 22-28 or..
  2. «Bilbaopedia - Francisca Astibia» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-02-07).
  3. «Itzulpen 'modernismo' – Hiztegia espainiera-Euskara | Glosbe» eu.glosbe.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-07).
  4. «Bertan 24 - Euskara Capítulo 12: El euskera en la república» bertan.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2024-02-07).
  5. «Kale izendegia» www.berria.eus 2021-03-28 (Noiz kontsultatua: 2024-02-07).
  6. «Ezabatutako katebegia» Berria 2023-08-15 (Noiz kontsultatua: 2024-02-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu