Emakume Abertzale Batza
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an Bilbon sortutako EAJko emakumeen elkarte nazionalista da. Karmele Errazti izendatu zuten presidente, baina lehen aldi honetan 17 hilabete besterik ez zuen iraun[1], Miguel Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin baitzen. Elkarte hau sortzeko jadanik Irlandan zegoen Cumann na mBan elkartean oinarritu ziren.[2]
Emakume Abertzale Batza | |
---|---|
Buruzagia | Karmele Errazti |
Sorrera | 1922 |
Egoitza nagusia | Bilbo |
Ideologia politikoa | Eusko abertzaletasuna |
1931n berragertu zen, berezko autonomia lortu eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. "Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra" (JEL) eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren menpeko ikusten zuten beren egitekoa. Irakaskuntza eta heziketa alorrean egindako lanaz gain (ikastola eta haurtzaindegietan bereziki), propaganda eta gizarte-arazoak arintzen saiatu ziren. Jarduera honen emaitza, eta Euzko Gaztedijarekin (EGI) batera, Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza sortu ziren (1932).[2][3]
Elkartearen indarra eta eragina handiak zirenean, Espainiako Gerra Zibila piztu zen eta frankistek gogor zapaldu zituzten. Gerra ondoren, kide asko erbesteratu egin ziren eta euskal errefuxiatuei eman beharreko laguntza prestatu zuten.
EABko kide ospetsuak izan ziren Karmele Errazti, Polixene Trabudua, Haydée Agirre, Maria Teresa Zabala, Julene Urzelai, Sorne Unzueta, Robustiana Mujika Egaña eta Elbira Zipitria.
Historia
aldatuHasierak
aldatu1922ko martxoan, Ambrose Victor Martinek Irlandako independentziari buruzko hitzaldia eman zuen Bilbon, eta bertan Cumann na mBan elkartearen berri eman zuen.[4] Euzko Gaztedijako emakumeek haien erreferentea izango zen elkarteari jarraituz antolakuntza komisio bat sortu eta batzar batera deitu zituzten emakume bilbotarrak 1922ko maiatzaren 7an.[4] Batzarra amaitu eta gero sortu zen Emakume Abertzale Batza (EAB) baita haren helburuak idatzi ere: propaganda zabaltzea (gizonezkoenak ez ziren espazioetan), hezkuntza, zerbitzu afektiboak eta ongintza.[4] Egoitza Euzko Gaztedijaren lokaletan izan zuen[1], eta elkarte horrekin batera antolatu zituzten euskara, takigrafia eta mekanografia ikastaroak. Euskara taldeak gizonezkoek zuzendu zituzten gehienbat, baina emakume batzuk ere izan ziren zeregin horietan, adibidez Petra Gandarias eta Antonia Oxanguren.[4]
Hasierako EABren zuzendaritzan egon ziren hainbat emakumek Solokoetxeko Maistren Eskolan ikasi zuten, adibidez Petra Gandarias, María Jesús Ibaseta, Alike Aretxabaleta, Paulina Ramos eta Jesusa Fresnedo.[4][5] Ondoren, kideetako asko Foru Aldundiak antolaturiko "Auzo eskoletan" aritu ziren.[4]
Miguel Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi zuten eta desagertu egin zen, Euzko Gaztedija eta gainerako elkarte abertzaleak bezala.[6]
Birgaitzea
aldatu1931ko ekainean, II. Errepublikarekin batera, elkartea berriz sortu zen[6]. 1931ko maiatzaren 26an, Euzkadi egunkarian Emakume Abertzale Batza izandakoaren buruzagien deialdi bat argitaratu zen, emakumeei gonbidapena eginez izena eman zezaten Euzko Gaztedijaren zerrendetan, lehenbailehen bilera bat egin eta zuzendaritza batzordea hautatzeko. Ekainaren 23an elkartu zirenean, erregelamendua eta zuzendaritza berria onartu zituzten. Emakumeak elkarteko kide izatera bultzatzeko, manifestu bat plazaratu zuten, "emakume abertzaleari" zuzendua, non helburu nagusiak ezarri zituzten, arlo sozialean, erlijiosoan eta politikoan, besteak beste, Euskadin abertzaletasuna zabaltzea, kultur arloko jarduerak eta ekimenak egitea, eta ongintza eta gizarte gaietako lanak[1]
Loraldia
aldatuEABren aldirik emankorrena 1931. eta 1936. urteen artekoa izan zen.[7] Urte haietan gainerako euskal lurraldeetara hedatu zen eta EABko taldeak sortu ziren Euskal Herriko herri gehienetan.[7] 1936an 28.000 emakume baino gehiago ziren EABko kide.[7] Boto-eskubidea eskuratu zenerako, EABko emakume askok mitinlari jarduten zuten ekitaldi politikoetan.[7]
Gerran eta erbestean
aldatuEuzko Gexozañen Batza eratu zen eta frontean nahiz ospitaleetan aritu ziren.[7]
Gerra zibila bukatu zenean, besteak beste, preso zeuden gudariei laguntzeko sortu zen Alava sarea.[8] Taldekide nagusiak Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Delia Lauroba eta Tere Verdes euskal emakume eta espioiak izan ziren.[9][10] 2018an, Ane Azkue Zamalloak 'Alava Sarea: emakume espioi ikusezinak 1936-1947' dokumentala sortu zuen, emakume haien lana aitortuz.
Erbestealdian, biziki garrantzitsua izan zen EABren ekinbidea, erbestean zeuden agintari abertzaleak eta frankismoaren aurka aritzen ziren barruko erresistentziako kideak harremanetan jarriz, espetxeetan nahiz kalean.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Gaztelaniaz) de Larrañaga, Policarpo. (1978). Emakume Abertzale Batza. La mujer en el nacionalismo vasco.. Auñamendi ISBN 84-7025-137-6..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Emakume Abertzale Batza - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) Batzar, Euzkadi Buru. «Documentos» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Zuberogoitia, Aitor eta Pedro. (2011). Bertan Bilbo. La Villa y el euskera: historia social del siglo XX. Ayuntamiento de Bilbao. Departamento de Euskera, 87-93 or. ISBN 978-84-88714-45-9..
- ↑ (Gaztelaniaz) Borra, Carlos C.. (2023-11-12). «Emakume Abertzale Batza, patria y feminismo» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Meraki&ko. «Emakume Abertzale Batza, mujeres comprometidas con la acción política.» Sabino Arana Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ a b c d e Meraki&ko. «Emakume Aberria Eginez. Eibar» Museo del Nacionalismo Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ (Frantsesez) Meraki&ko. «Aniversario de la constitución de Emakume Abertzale Batza (EAB)» Sabino Arana Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «'Alava Sarea', historiak ahaztu dituen emakume adoretsuak» El Diario Vasco 2018-05-06 (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ «Alava Sarea, emakumeak protagonista izan zituen espioitza sarea izan zen» EITB (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
Bibliografia
aldatu- Bilbao Bilbao, Begoña; Ezkurdia Arteaga, Gurutze; Pérez Urraza, Karmele; Chueca Intxusta, Josu (koord.) (2012): Emakumeak, hitza eta bizitza, Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Garmendia Lasa, Elixabete (2012): "Pizkundeko lau emakume mitinlari", Euskonews, 634.
- Ugalde Solano, Mercedes (1993): Mujeres y nacionalismo vasco. Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza (1906-1936), Bilbo, Emakunde.
- Uruburu Totorikaguena, Laura (1997): Emakume Abertzale Batza (1922-1936), Bidegileak bilduma, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.